Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

EAE-ko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala

AURKEZPENA

Esku artean duzuen Isatserta babestu eta antolatzeko Lurraldearen Arloko plana helburu nagusi baterako landu da: Ondare natural ikaragarria den EAEko itsasertzaren blindaje handiagoa lortzea, ingurumenaren eta ekologiaren aldetik.

Hala bada, tresna erabakiorra izango da euskal itsasertza bere osotasunean hartu, eta bertan eragiten duten jardueren ondoriozko kalteak gutxitzeko neurri eraginkorrak zehazteko.

Azken batean, ez da itsasertza babestu eta antolatzea bakarrik; horrez gain, itsasertzean eta lehorreko bere ingurunean lurralde eta hirigintza jardueretan diharduten administrazio desberdinen arteko koordinazioa optimizatu nahi da, ahalik eta modu eraginkorrenean ingurumen aldetik osasuntsu dauden eremuak zaintzeko eta ahul dauden eremuak, berriz, hobetu edo birsortzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko martxoaren 13an behin betiko onartu aurretik, administrazio desberdinek eta gizarte eragileek eta elkarteek lau hilabeteko epean, jendaurreko informazioaren izapidearen barruan euren ekarpenak egiteko aukera izan zuten.

Itsasertzeko Lurraldearen Arloko Plana, aurretik behin betiko onartutako Hezeguneetako Lurraldearen Arloko Plana eta Ibaien eta Erreken ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana osatzera dator, itsasertzaren babes maila bizkortu eta sendotuz.

Antolamenduko esparrua itsas-erriberaren barne mugatik hasi eta 500 metroko tartea da; Kostaldeari buruzko Legean zehaztutako eragin-esparrua, hain zuzen. Esparrua ibaiertzetaraino zabal daiteke, itsasaldien eragina iristen deneraino.

Antolamendurako eremu horretan, natur baliabideak babestu, hobetu eta zaintzeko irizpideak ezartzen ditu eta bestalde, itsasertzaren erabilera publikoa arautzeko gidalerroak ezartzen ditu. Horrekin batera, babes bereziko guneak adierazteko irizpideak proposatzen ditu, Kostaldeei buruzko Legeari jarraituz, eta baita euskal itsasertzeko hainbat eremu ingurumen aldetik sentikorrak diren guneen katalogoan sartzeko irizpideak ere, Euskal Herriko Ingurumena babesteko Lege Orokorra betez.

Gure itsasertza babesteko asmoz, babes-kategoria desberdinak ezartzen ditu eta aldi berean kategoria horietako bakoitzean onar daitezkeen erabilerak proposatzen ditu, betiere itsasertzeko gune jakin batzuetarako ingurumen eta lurraldearen antolamendurako beste tresnatan araututakoa kontuan hartuz (Urdaibai, Parke Naturalak, Biotopo Babestuak, Natura 2000 Europako Sare Ekologikoan daudenak, portuak, eta abar. )

Guztia, hasieran esan dudan moduan, gu guztion altxorra den kostaldea zaindu eta babesteko; horrela bada, Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat eman du iraunkortasunaren aldeko bere apustuan.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua

Esther Larrañaga Galdos

Dekretua

43/2007 DEKRETUA, martxoaren 13koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta AntolatzekoLurraldearen Arloko Plana behin betiko onartzen duena.