Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Gobernantzaren, Berrikuntza Publikoaren eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoa, ARDATZ 2030

Ezagutu ARDATZ 2030

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoa eta Gobernu Digitalaren Estrategia, ARDATZ 2030, XII. legegintzaldirako plan estrategikoetako bat da eta XII. legegintzaldirako Gobernu Programaren (pdf, 800 Kb) Gobernu Digitalaren Euskal Estrategia abian jartzeko konpromisoa gauzatzen du.

ARDATZ planari buruzko azalpen-bideoa (MP4, 9 MB) (leiho berri batean irekitzen da)

ARDATZ 2030 inspiratzen duten oinarriak

Gobernu ona balio publikoa sortzen duena da: gizartearen arazo garrantzitsuei erantzuna ematen diena, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzako aukerak sortzen dituena, eta deliberazio demokratikoa sustatzen duena, herritargoa, komunitatea eta demokrazia sortzeko; honako oinarri hauek ditu gobernu onak:

  • Legezkotasun-printzipioa.
  • Langileen eta kargu publikodunen integritatea eta etika.
  • Adostasuna, gizartean dauden interesen arteko bitartekaritza behar duena, giza garapen jasangarria lortzeko.
  • Kudeaketaren efikazia eta efizientzia, alegia, erabilitako prozedurek lortu nahi diren emaitza eta inpaktuetara eramatea, horretarako eskuragarri dauden baliabideak ahalik eta ondoen erabiliz.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, ekitatea eta diskriminaziorik eza, kide guztiek komunitatearen parte direla sentitzea eta beren ongizatea hobetzeko edo horri eusteko aukerak izatea bermatzen duena.
  • Gobernu irekiaren printzipioak:
    • Gardentasuna: Herritarren aurrean kontuak ematea sustatzen eta bultzatzen duen gobernua, eta egiten ari denari eta jarduketa-planei buruzko informazioa ematen duena. Horri esker, kontrola daiteke, eta balio ekonomikoa edo soziala sor daiteke, administrazioak edonoren eskura jarritako datu publikoetatik abiatuta.
    • Elkarlana: Administrazioaren lanean herritarrak inplikatzen eta konprometitzen dituen gobernua.
    • Parte-hartzea: Herritarrek politika publikoak eratzerakoan parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duen gobernua.

Gobernu on batek administrazio on bat behar du, honako tresna hauek dituena:

  • Herritarrei arreta emateko sistema integral eta kanal anitzekoa.
  • Kudeaketa publiko aurreratuko sistemak.
  • Datuen eta informazioaren gobernantzarako tresnak.
  • Politika eta zerbitzu publikoen plangintza eta ebaluaziorako mekanismoak.
  • Arauak, prozesuak eta administrazio - prozedurak sinplifikatzeko, arrazionalizatzeko eta haien kalitatea hobetzeko berrikuspen-tresnak.
  • Lana antolatzeko eredu malguak, unean uneko beharretara egokitutako egiturak eta lanpostuen profilak.
  • Enplegatu publikoen eta zerbitzu publikoen erabiltzaileen inplikazio-ereduak.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, prozesuak automatizatzeko eta informazio publikoa egoki erabiltzeko.
  • Herritarrentzako plataformak, informazioa jaso, elkarlanean aritu eta parte hartzeko, proposamenak eta iradokizunak egiteko, kontrastatzeko eta aktiboki entzuteko aukera ematen dutenak.

Balio publikoa sortzea...

Gobernantza publikoa

Erabakiak hartzeko eta ezartzeko prozesuak demokratikoki –eragindako eragileen artean– gauzatzen dira, eta efizienteak dira; hau da, lortu nahi diren helburuen araberako baliabide orekatuak erabiltzen dituzte. Administrazio publikoaz gain, herritarrak ere badira gobernantza publikoaren eragile, zentzurik zabalenean: herritar antolatuak eta antolatu gabeak, eragile ekonomiko eta sozialak, etab. Gobernantza publiko ona garapen-faktore erabakigarria da, eta komunitate politiko aurreratu eta oparoak bereizteko irizpide fidagarria.

Europako Batzordearen Gobernantzaren Liburu Zuriak bost printzipio aipatzen ditu administrazioaren funtzionamendua antolatzeko:

  • Efizientzia
  • Kudeaketa publiko koherentea
  • Gardentasuna
  • Kontu-ematea
  • Herritarren parte-hartzea

Berrikuntza publikoa

Kudeaketa publikoaren esparruan ideia eta jardunbide berritzaileak aplikatzea, lehendik dauden elementuak hobetuz eta/edo berriak ezarriz, gizarte-balioa sortzeko eta, beraz, gizarte-premiak eta kalitatezko zerbitzu publikoak behar bezala beteko dituzten politika publikoak lortzeko, baliabide publikoak esleituta eta modu efizientean erabilita. Administrazio publiko moderno, bizkor eta efizientea ezinbestekoa da ongizatearen eta bizi-kalitatearen maila handiagoak dituen gizarte bat lortzeko.

Gobernu digitala

Teknologia eta tresna informatikoak erabiliz balio publikoa sortzea, administrazio erabat digitala lortzeko. Administrazio horrek, gaitasun analitiko eta prediktibo handia izango du, aldez aurretik datuetan oinarritutako erabaki arinak hartu ahal izateko eta zerbitzu digital sinpleak garatzeko. Hala, unean uneko benetako beharrei erantzungo die, gizarte-ongizatea eta hazkunde ekonomikoa indartuko du eta barne-kudeaketaren efizientzia eta politika publikoen efikazia hobetuko ditu.

ARDATZ 2030 planak erantzun nahi dien erronkak

ARDATZ 2030 planaren helburua da ezaugarri hauek dituen administrazio publiko baterantz aurrera egiten laguntzea:

  • Kudeaketaren eta antolaketaren kultura edukitzea, eta horren balio eta estandar etikoek, eta integritatekoek, eta kontuak emateak, bide ematea herritarrek kudeatzaile publikoengan berriz ere konfiantza izateko.
  • Berdinzalea izatea.
  • Euskara laneko eta zerbitzurako hizkuntza izan dadin sustatzea.
  • Kudeaketa publiko aurreratuko sistemak izatea eta berrikuntza eta etengabeko ikaskuntza lortu nahi izatea.
  • Enplegatu publikoak eta talentuaren kudeaketa integrala kudeatzeko bide berriak aztertu eta erabiltzea, erakundea eta pertsonak unean uneko lan- eta kudeaketa-moduetara egokitzen direla bermatzeko.
  • Unean-unean planteatzen diren erronkei egokitutako tresnak izatea.
  • Gobernantza publikoaren eta gobernu onaren betekizunekin bat datorren egitura, antolaketa eta funtzionamendua izatea, etengabe herritarrak erdigunean jartzen dituena, unean uneko beharretara arin egokitzeko eta epe laburreko zein luzeko erronkei erantzuteko gai dena ziurgabetasun-testuinguruan.
  • Herritarrei kalitatezkoa, integrala eta kanal anitzekoa den arreta eskaintzea.
  • Zerbitzu publiko modu proaktiboan eta pertsonalizatuan eskaintzea herritarrei; kalitatezkoak,sinpleak, irisgarriak eta erabilgarriak; efikazak eta efizienteak.
  • Era instituzionalizatuan planifikatu eta ebaluatuko diren politika eta zerbitzu publikoak garatzea, eta horien emaitzen kontu ematea aldian-aldian.
  • Datuen gobernantza, eta informazioarena, segurua izatea, datu pertsonalak babesten dituena eta balio sozial eta ekonomikoa sortzen duena.
  • Maila anitzeko gobernantza-ereduan oinarritutako harremanak ezartzea administrazio publikoen artean, hainbat eragile publikori eragiten dieten politiken diseinuan eta ezarpenean adostasuna lortzeko eta datuak eta informazioa trukatzeko.
  • Herritarrei administrazioaren jarduketa zuzenean kontrolatzeko aukera ematea, eta politika zein zerbitzu publikoak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzerakoan rol erantzunkidea izatekoa.