Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko uztailaren 17koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako eta ikuskaritzako eskalako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 164
- Hurrenkera-zk.: 4015
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/07/17
- Argitaratze-data: 2024/08/23
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herrizaingoa; Lana eta enplegua; Funtzio publikoa
Testu legala
Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23. artikuluak xedatutakoan oinarriturik, eta Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Segurtasun Saileko Segurtasun Sailburuordetzak ezarritako helburuak ikusirik, Ikerketa Kriminaleko Ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egin da Ertzaintzaren oinarrizko eskalako eta ikuskaritzako eskalako funtzionarioentzat.
Hautaketa-prozedura honetarako deialdia honakoak kontuan hartuz egin da:
OINARRIAK
Lehenengoa. Deialdiaren xedea.
Ertzaintzaren oinarrizko eskalako eta ikuskaritzako eskalako karrerako funtzionarioentzako Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan oposizio-lehiaketaren sistema bitartez sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egin da.
Deitutako ikastaroak espezializazio-ikastaro izaera du, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 54. eta ondorengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Guztira 162 lanpostu eskainiko dira Ertzaintzaren oinarrizko eskalako eta ikuskaritzako eskalako funtzionarioentzat.
Guztira 150 plaza deitzen dira Ertzaintzaren oinarrizko eskalako funtzionarioentzat. Guzti horietatik:
100 plaza agentearen kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
50 plaza agente lehenaren kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
Ertzaintzaren ikuskaritzako eskalako funtzionarioentzat deitzen diren plazak 12 dira guztira, eta horietatik:
6 plaza ofizialordearen kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
6 plaza ofizialaren kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da, hautaketa-prozedura honen garapenean zehar gerta daitekeen edozein arrazoirengatik. Kopurua handituz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez argitaratuko da, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta, edozein kasutan ere, bederatzigarren oinarriko 4. puntuan aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.
Bigarrena. Betekizunak.
Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi duten pertsonek ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte:
Aldez aurretik eskabidea betetzea.
Ertzaintzaren oinarrizko eskalan edo ikuskaritzako eskalan karrerako funtzionario izendatuta egotea, hurrenez hurren.
Jarduneko administrazio-egoeran izatea.
Ebazpen hau argitaratzen denean, izangaia atxikitako lanpostuan gutxieneko iraunaldi baten menpe ez egotea, aldi hori beteta ez badago, edo eskudun organoak errenuntzia onartu ez badu, edo atxikipen bera eskatzen den beste lanpostu batean parte hartu nahi ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 97.3 artikuluan eta apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 6.4 artikuluko azken paragrafoan ezarritakoaren arabera.
Ikerketa Kriminaleko espezialitatea ez izatea.
Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko puntuan jasotako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik.
Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskaeran, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea; betiere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte. Egiaztatze horiek deitzen duen organoak burutuko ditu ofizioz; horretarako, Segurtasun Sailari dagokion eskudun organoaren beharrezko ziurtagiriak eskatuko zaizkio.
Aurrekoa hala bada ere, hautaketa-prozeduraren edo prestakuntza-ikastaroaren uneren batean onartuen eta baztertuen zerrenda egiten duen eskudun organoak jakingo balu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzaren bat falta zaiola, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko luke, eta hala badagokio, prestakuntza-ikastarotik baztertu egingo luke, betiere interesdunari entzun ondoren.
Hirugarrena. Eskaerak.
Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete beharko dute saileko Intranet Gurenet bitartez, helbide horretan eskuragarri dagoen eskabide-eredua betez.
Eskaerak aurkezteko epea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, 20 egun baliodunekoa izango da.
Eskabidea betetzeak berekin ekarriko du eskatzaileak berariaz adieraztea deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen amaiera-datari dagokionez.
Alega daitezkeen merezimenduak hautaketa-prozesuko izangaien espediente pertsonalean jaso behar direnez, ez da beharrezkoa izango horiek alegatzea edo egiaztatzea.
Ofizioz egiaztatu eta baloratuko dira, kontuan hartuta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean espediente pertsonalean aurkeztutako merezimenduak baloratuko direla.
Laugarrena. Izangaiak onartzea.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa-prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko du. Aipatutako zerrenda hamaikagarren oinarriko bigarren atalean ezarritako eran argitaratuko da.
Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaerak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epea izango dute interesdunek.
Hautaketa-prozedurarako aurkeztutako erreklamazioak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendari behin betikotasuna ematen dion Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenean bertan onartu edo ezetsiko dira. Zerrenda hori hamaikagarren oinarriko bigarren atalean ezarritako eran argitaratuko da.
Bosgarrena. Epaimahai kalifikatzailea.
Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren aurreikuspenen arabera, hautaketa-sistema osatzen duten probak eta merezimenduak zehaztu eta ebaluatzeko, epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek eta bi bokalek osatuko dute, eta bokaletako bat idazkaria izango da. Epaimahaia osatzen duten kideak inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioei atxikita izango dira, baita ere emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatuari.
Epaimahai kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta ordezkoen izendapena hamaikagarren oinarriko bigarren atalean ezarritako eran argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez.
Epaimahai kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.
Aipatutako epaimahai kalifikatzailean parte hartzen duenak legez aurreikusitako ordainsaria izango du.
Epaimahai kalifikatzaileak aholkulari adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa-proba guztietarako edo batzuetarako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte. Aholkulari horien jarduna ere objektibotasun-, inpartzialtasun- eta konfidentzialtasun-printzipioei lotuta izango da.
Epaimahai kalifikatzaileak autonomia osoz jokatuko du, prozeduraren objektibotasunaz arduratuko da, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Hautaketa-prozedura garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak, deialdi honetan finkatuta ez dauden alderdi guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta beren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.
Epaimahaiak ezin izango du hautatutzat jo deitutako plazen kopurua baino pertsona gehiago, eta muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.
Epaimahai Kalifikatzailearen akordioak hamaikagarren oinarriko bigarren atalean ezarritako eran argitaratuko dira.
Epaimahai kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara zuzenduko dira:
2024cic@seg.euskadi.eus
Epaimahaiak jasotzen dituen idazkiei bide hori erabiliz erantzungo die, eta Ertzaintzako funtzionarioen posta elektroniko korporatiboko norbanako helbidera zuzenduko ditu erantzunok.
Seigarrena. Hautaketa-sistema.
Hautaketa-sistema izangaien merezimenduak baloratzean datza, dagokion baremoaren arabera, haien gaitasuna zehazteko eta haien lehentasun-ordena finkatzeko.
Lehiaketaren guztirako puntuazioa merezimendu bakoitzetik lortutakoen batura izango da, eta, hala badagokio, euskara jakiteagatik merezimendu gisa egindako ebaluazioaren ondoriozkoa gehituko zaio, eta izangaien lehentasun-hurrenkera zehaztuko du.
Lehiaketa gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez da izango lehiaketan lor daitekeen gehienekoaren erdia baino txikiagoa.
Zazpigarrena. Lehiaketa.
Merezimenduak eskabideak aurkezteko epearen amaiera-dataren arabera baloratuko dira.
Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.
Administrazio jardulearen esku dauden merezimenduak ez dira egiaztatu beharko, ofizioz egingo baitu egiaztatze hori.
Horretan oinarriturik, epaimahai kalifikatzaileak Giza Baliabideen Zuzendaritzari eskatuko dio prozesurako onartu diren pertsonen merezimenduen balorazioa egiteko, oinarri honetako 5. atalean ezarritako parametroekin bat etorriz; izan ere, baloratzeko merezimenduak Zuzendaritza horretako datu-baseetan baitaude.
Merezimenduen balorazioa epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bidez argitaratuko da, hamaikagarren oinarriko bigarren atalean aurreikusitako moduan. Kategoria desberdinetako plazetara aurkezten diren pertsonen emaitzak bereiziko dira.
Lehiaketa-fasean merezimenduak guztira 100 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:
Lanbide-historiala gehienez 3 punturaino baloratuko da. Ondorio horietarako aintzat hartuko dira polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak.
Polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak gehienez 3 punturaino baloratuko dira. Hurrengo aitorpenak jaso izana baloratuko da; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduaren dominak, zorionak eta gainerako ohorezko kondekorazioak emateko araubideari buruzko 146/2022 Dekretuan araututako aintzatespenak ematea balioetsiko da, baremo honen arabera:
Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina: 3 puntu.
Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun domina: 2 puntu.
Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina: puntu 1.
Ikasketak, gaikuntza eta trebatze profesionalerako aktibitateak baloratuko dira, gehienez 57 puntu lortuz. Atal honetan daude titulazio eta diploma ofizialak eta ingelesa, frantsesa eta aleman hizkuntzen gaikuntzak.
1. Honako eran baloratuko dira titulu eta diploma ofizialak:
Titulazio eta diploma ofizialak baloratuko dira, eta horrelakotzat joko dira Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak onartutakoak. Gehienez 52 puntu balioko dute honako baremoaren arabera:
Batxilergoko titulua edo baliokidea; 15 puntu emango dira.
Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 1. mailan agertzen den titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 5. maila) 25 punturekin baloratuko da.
Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 2. mailan agertzen den titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 6. maila) 30 punturekin baloratuko da.
Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 3. mailan edo goi-mailan agertzen den titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 7. maila edo goi-maila) 35 punturekin baloratuko da.
Titulazio-maila bat goi-mailako beste maila batean sartzeko beharrezkoa den kasuetan, maila goreneko titulua baino ez da baloratuko.
2. Hizkuntzen ezagutza: ingelesa, frantsesa eta alemana. Aipatutako hizkuntzen ezagutzak agiri bidez egiaztatzen badira baloratuko dira. Eta balio hori izango dute akademia moduan legez gaitutako hezkuntza-zentroek luzatutako ziurtagiri ofizialak badira. Atal hau 5 punturekin baloratuko da honako xehetasun eta mailen arabera:
Tarteko maila (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko B2 edo baliokideak): 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.
Maila aurreratua (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko C1 edo goragokoak edo baliokideak): 3 puntu hizkuntza bakoitzeko.
Hizkuntza berberak ezingo du balorazio bat baino gehiago izan. Beraz, maila altuenekoa soilik hartuko da kontuan.
3. Ertzaintzako antzinatasuna. Atal honetan 40 puntu emango dira gehienez, bi puntu hilabete oso bakoitzeko, eta unitatea baino gutxiagoko zatikiak alde batera utziko dira.
Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko, pertsonak zerbitzu aktiboko eta bigarren jarduerako egoeretan igarotako denbora hartuko da kontuan, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barne. Era berean, honako egoera hauetan emandako denbora ere zenbatuko da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzia; ordezkaritza-organo publikoetarako hauteskundeetan hautagai gisa parte hartzeagatiko borondatezko eszedentzia; genero-indarkeriagatiko eszedentzia, nahitaezko eszedentzia, zerbitzu bereziak eta beste administrazio publiko batzuetako zerbitzuen administrazio-egoera.
Zerbitzu aktiboaren egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ere ez dute antzinatasunaren zenbaketa etengo.
Ertzaintzako antzinatasunaren kontzeptuaren zenbaketaren hasiera-data Ertzaintzan sartzeko prozeduraren praktiketako funtzionario izendapenaren ondorio-datari dagokiona izango da, izangaia Ertzaintzako karrerako funtzionario izatera iritsi denean.
Lehiaketa-faseko emaitzak hamaikagarren oinarriko bigarren atalean aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen akordioaren bitartez.
Zortzigarrena. Euskararen ezagutza-maila baloratzea.
Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da, baremo honen arabera:
8 puntu Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei, edo azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetzari eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeari buruzkoak (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.) ezarritakoaren arabera aitortu edo parekatu zaizkienei, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
10 puntu Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei, edo azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetzari eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeari buruzkoak (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.) ezarritakoaren arabera aitortu edo parekatu zaizkienei, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Hautaketa-prozesuaren garapenean ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.
Euskararen ezagutzaren balorazioari dagozkion emaitzak hamaikagarren oinarriko bigarren atalean aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen akordioaren bitartez.
Bederatzigarrena. Lehiaketako azken kalifikazioa.
Lehiaketako azken puntuazioa merezimendu bakoitzean lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena, eta horrexek zehaztuko du hautaketa-prozedurako parte-hartzaileen lehentasun-ordena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, lehiaketa gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez da 55 puntu baino gutxiagokoa izango, eta puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak baztertu egingo dira.
Sailkapen-hurrenkeran puntuazio-berdinketak ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren hurrenkeran:
Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerakoa.
Lanbide-historialaren atalean lortutako puntuaziorik altuena.
Ertzaintzako antzinatasunaren atalean lortutako puntuaziorik altuena.
Hautaketa-prozeduraren kalifikazioa burutu ondoren, hamaikagarren oinarriko bigarren atalean aurreikusitako eran onartuko eta argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen bitartez, eta hark Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari bidaliko dizkio honakoak:
Hautaketa-sistema gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.
Hautatutako pertsonen zerrenda, lehentasun-hurrenkera jarraituz hautaketa-sistema gainditu dutenak eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnak barne. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.
Hautatuta ez dauden pertsonen zerrenda, lehentasun-hurrenkera jarraituz hautaketa-sistema gainditu dutenak eta deitutako plaza-kopuruan sartzen ez direnak barne. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez bete ahal izango dira hautatutako pertsonen zerrendan edozein inguruabarrengatik sortu ahal diren lanpostu hutsak, eraginkortasunaren printzipioa aplikatuz. Lanpostu huts horiek ondorengo izangaiek beteko dituzte, aurreko puntuko c atalean ezarritako lehentasun-hurrenkera jarraituz, deitutako plazak bete arte. Ebazpen horiek hamaikagarren oinarriko bigarren atalean aurreikusitako eran argitaratuko dira.
Hamargarrena. Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa.
Hamaikagarren oinarriaren arabera hautatutakoei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez egingo zaie deia Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa egiteko. Ikastaroa txanda baten edo hainbat txandatan egin ahal izango da, Akademiaren antolaketaren arabera.
Ikastaro desberdinetan atxikitua izateari begira, 9.4. oinarrian ezarritako lehentasun-hurrenkera hartuko da kontuan.
Hautatutako pertsonei ikastarora etortzeko jakinarazpena, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bidez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak berak egingo die.
Prestakuntza-ikastaroa edo -ikastaroak horien Ikasketa Plangintzan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira.
Prestakuntza-ikastaroa edo -ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo horretarako zuzendari nagusiak izendatutako zentro edo egoitzetan izango dira.
Prestakuntza-ikastaroetarako atxikipena askotarikoa izan daiteke, Lana eta Familia Bateragarri Egiteari buruzko Legea aplikatuz; baita ezkontza, erditzea eta erditu aurreko edo osteko egoerak aplikatzearen ondorioz ere. Gorabehera horiek antzeman ahal izateko, eragindako pertsonek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren aurrean alegatu beharko dituzte gorabehera horiek, hamar egun naturaleko epean, 9.4 oinarrian aurreikusitako argitalpenetatik zenbatzen hasita.
Familia eta Lana Bateragarri egiteko Legea aplikatzetik, ezkontzatik eta erditzetik, nahiz erditze aurreko eta erditu ondoko egoeretatik eratorritako inguruabarrak aplikatzeagatik dagokien ikastaroa ez den beste ikastaro batean dauden pertsonei honako irizpide hauek aplikatuko zaizkie:
9.4 oinarrian xedatutako lehentasun-hurrenkeraren arabera egokitu zaion ikastaroari dagokionez, prestakuntzak aurrera egiten badu, dagokion ikastaroarekin batera argitaratuko da kalifikazioa. Era berean, 11.4 oinarrian jasotakoaren arabera, Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskainitako plazetarako balizko atxikipenak egiteko aukera 9.4 oinarrian jasotako lehentasun-ordenaren arabera egin beharreko ikastaroko kideekin egingo da.
Prestakuntza atzeratu egiten bada 9.4 oinarrian xedatutako lehentasun-ordenaren arabera egokitu zaion ikastaroarekiko, egin behar izan duen ikastarotik eratorritako eskubide berberak izango ditu, baina kalifikazioa benetan egindako ikastaroarekin batera argitaratuko da. Era berean, 11.4 oinarrian jasotakoaren arabera, Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskainitako plazetarako atxikipen posibleen aukera benetan egindako eta gainditutako ikastaroa osatzen duten pertsonekin egingo da.
Prestakuntza-ikastaroa egin bitartean, eskoletara joatetik salbu geratzeko edozein lizentzia edo baimen emateko eskudun organoa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da.
Prestakuntza-ikastaroan zehar emango diren eskoletarako asistentzia ezinbestekoa izango da, eta edozein baimen baloratzeko orduan zerbitzu-betebehartzat joko da.
Prestakuntza-ikastaro bakoitzeko azken kalifikazioa hamaikagarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du prestakuntza-ikastaroa gainditu ez dutenen baztertzea.
Prestakuntza-ikastaroaren edozein momentutan ikusiko balitz ikaslearen espedientetik prestakuntza-aldia ezin izango lukeela gainditu, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utzi ahal izango du prozesutik, betiere interesdunari entzun ondoren.
Ikastaroa amaitu aurretik prestakuntza-ikastaroa borondatez utziz gero, Administrazioak aukera izango du uko egin duenari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzul diezazkion eskatzeko.
Ondorio horietarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:
Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera).
Prestakuntza-ikastaroan emandako langile-taldearen zenbatekoa.
Hamaikagarrena. Azken xedapenak.
Hautatutako izangaia ikasle gisa dagoenean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Araudiaren Erregelamenduko barne-erregelamendu eta diziplinazkoaren arauen menpe izango da. Araudi horrek gehigarrizko izaera edukiko du, hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Kidegoen Diziplinazko Erregelamenduko Arauetan egintza ikasle-diziplina baino gehiago izan ahal den kasuetan.
Euskal Herriko Poliziaren hautapen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, dena dela, hautaketa-prozesutik baztertzeko arrazoia izango da aurreko azpiatalean adierazitako bi arauetako batean larritzat edo oso larritzat jotzen den arau-hauste bat egitea.
Bereziki kontra adierazi ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean aterako dira, korporazioko intranetaren Gurenet bitartez kontsultak egiteko kalterik gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean argitaratzen deneko datak epe-konputuak zehaztuko ditu.
Deialdi honetan parte hartzea borondatezkoa da. Beraz, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretua aplikatuz, deialdian parte hartzeagatik, azterketak egiteagatik, ebaluazio-probak egiteagatik edo proba praktikoak egiteagatik eta, deialdiaren garapena eta hautaketa prozedura direla-eta, parte hartzea beharrezkoak diren ekintza guztiak egiteagatik ez da kalte-ordainen eskubiderik jasoko.
Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak ikerketa kriminaleko espezialitatea eskatzen den lanpostuetara atxikituak izango dira Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez, Ertzaintzaren espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023 Dekretuarekin bat etorriz.
Era berean, ikastaroa gainditu duten pertsonek espezialitate-zortasuna bete beharko dute, Ertzaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta espezialitate horretarako gordetako lanpostuak eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta lanpostuak betetzeko prozedura guztietan eskaintzen badira, salbu eta behin betiko atxikita badaude espezialitate horretarako gordetako lanpostuetara edo beste espezialitate bateragarri batera. Horrela egin ezean, deitutako edozein lanpostutara atxikitua izan daiteke ezinbestean. Azken kasu honetan, ez da izango inolako diru-konpentsaziorik.
Ebazpen honen kontra, administrazio-bideari amaiera ematen diona, interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, edota zuzenean aurka egin administrazioarekiko auzietarako jurisdikzio-ordenari, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean. Azkeneko hau aukeratuz gero, Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegien lurralde-eskumenen arauak errespetatu beharko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasotakoak.
Deialdi honetatik, epaimahai kalifikatzailearen jardueratik eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideari buruzko arautegian ezarritako era eta kasuetan.
Arkauti, 2024ko uztailaren 17a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.