Osasun Saila

Diabetesa - Diagnostikoa eta baheketa

Galderak Erantzun laburtua Erantzun osoa
Zenbaterainoko balioa du HbA1C-k diabetesa diagnostikatzeko irizpide gisa, eta zein da haren ebakitze-puntua?
Arriskua aurresateko arauak al dira 2 motako diabetesa izateko arrisku handia duten pazienteak hautemateko estrategiarik egokiena?

* Berrikuspen-data: 2013ko iraila

Nola diagnostikatzen da?

  • Susmo klinikoa.
  • Aurkikuntza oportunista.
  • Arrisku-multzoko pertsonen baheketa.

Zein dira diagnostiko-irizpideak?

  • Diabetesaren sintomak (poliuria, polidipsia eta pisu-galera) eta ausaz (eguneko edozein ordutan) neurtutako gluzemia plasmatikoa ≥200 mg/dl izatea.
  • Zain-odoleko plasman gluzemia basalaren (PGB) bi neurketa ≥126 mg/dl izatea. Azken 8 orduetan kaloriarik jan ez izana.
  • HbA1c-ren bi neurketa % 6,5etik gorakoak izatea. Ez dago zertan baraurik egon.
  • Zain-odoleko plasman gluzemiaren bi neurketa 200 mg/dl-tik gorakoak izatea glukosarekiko ahotiko tolerantziaren proba (GAT) 75 g-rekin egin eta 2 ordura. 2DMa dagoela susmatzen bada eta PGBarekin edo HbA1c-rekin egiaztatu ezin denean agintzen da kurba hori (GAT 75 g-rekin).
  • Proba batean atalase diagnostikotik gorako neurketa bat izanez gero (adibidez, plasmako gluzemia basalarekin), atalase diagnostikotik gorako beste proba batekin berrets daiteke neurketa hori (adibidez, HbA1c-rekin), betiere egun ezberdinetan eginda; baina nahiago izaten da diagnostikoa proba berarekin berretsi.
  • Ez da gomendatzen gluzemia kapilarra metodo diagnostiko gisa erabiltzea.

* Berrikuspen-data: 2013ko iraila

Baheketa

Zer populaziotan egin behar da baheketa, zer metodo erabili behar da eta zer maiztasunekin egin behar da?

Kalitate handiagoko ebidentzia emango duten ikerketa berriagoen emaitzak izan arte, bi baheketa-estrategia erabil daitezke, bien abantailak eta desabantailak aztertu ondoren:

  • Gaur egungo baheketa oportunista, beste arrisku-faktore batzuen baheketaren testuinguruan.
  • Bi etapako baheketa, Findrisc bidez.

Gaur egungo baheketa oportunista: arrisku kardiobaskularreko beste faktore batzuen baheketaren testuinguruan egiten da, honela:

  • 45 urtetik gorako pertsonetan, 2DMaren baheketa lau urtez behin, PGBarekin.
  • Hipertentsioa, hiperlipemia, obesitatea, haurdunaldiko diabetesa edo patologia obstetrikoa, gluzemia basal asaldatua edo glukosarekiko intolerantzia dutelako arriskua duten pertsonetan, 2DMaren baheketa urtero, PGBaren bidez.

Bi etapako baheketa, Findrisc bidez: 40 urtetik gorako pertsonetan eta, 2DMa izateko arrisku-faktorerik badute, 25-39 bitartekoetan 3-5 urtean behin Findrisc proba egitean datza. Findrisc proban lortutako puntuazioaren arabera, honela jokatu behar da:

  • ≤ 14p : Findrisc proba berriz egin bost urtera.
  • ≥ 15p: baraurik, gluzemia edo HbA1c egin:
    • a) 2DM eta aurrediabetesik ez badago: Findrisc proba hiru urtean behin.
    • b) Aurrediabetesa badago: bizi-ohiturak aldatzeko neurri intentsiboak eskaini, eta kontrola urtero egin (PGBarekin edo HbA1c-rekin).
    • c) Diabetesa badago: 2DMaren tratamendua eta segimendua.

* Berrikuspen-data: 2013ko iraila