Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Gasteizek dispositibo handi bat jarri du abian Frantziako Tourraren bigarren etaparen irteera jasotzeko

  • Lasterketa 5 km-ko hiri-zirkuitu batetik igaroko da eta aparkatzeko eta zirkulatzeko murrizketak egingo dira.
  • Grande Boucle delakoarekin batera, herritarrentzako jarduera-egitarau oparoa egongo da.

Astelehenetik aurrera, Gasteiz Frantziako Tourraren bigarren etapako irteera jasotzeko prestatzen hasiko da. Irteera uztailaren 2an, igandean, egingo da. Grande Boucle delakoa mundu osoko txirrindularitzako izarrekin batera iritsiko da Arabako hiriburura. Planeta osoan zehar milioika pertsonak jarraitzen duten kirol-egitasmo erraldoi horrek milaka lagunen lana eskatzen du egunero etapa bakoitza antolatzeko. Olinpiaden eta Futboleko Munduko Koparen ostean, nazioartean oihartzun handiena duen hirugarren egitasmoa da.

Maider Etxebarria alkateak; Udaltzaingoko komisarioak, Roberto García Tobalinak; eta lasterketaren inguruan abian jarriko den udal-dispositiboaren koordinatzaileak, Estitxu Peredak, gaur goizean azaldu dituzte lasterketa entzutetsu horren inguruko xehetasunak. Horrekin lotuta, gainera, herritarren laguntza eskatu dute berekin ekarriko dituen zirkulazioko eta aparkatzeko murrizketak direla eta. Kirol-lasterketaz gain, egitasmoak herritarrentzako jardueren egitaraua ere izango du.

Etxebarriaren hitzetan, “Irteera Handia mugarri bihurtuko da gure hirirako. Lehen mailako egitasmo horri esker, Gasteizek txirrindularitzaren jai nagusia jasoko du. Horren bidez, Gasteiz kirolaren mundu mailako erdigunean kokatuko da. Hain zuzen ere, azken asteotan antolatutako jardueretan eta kaleetan ikus dezakegun moduan, Tourraren aurreko giroa nabaria da azken asteotan”.

Alkatea konbentzituta dago Gasteizek asmatuko duela “Tourrak merezi duen maila ematen. Izan ere, hiriak kirola bere DNAn sartuta du, bizikleta maite du eta honen moduko hitzordua izateko gogoa du. Halako ekimenek bizitza ematen diete gure kaleei eta nazioarteko erdigunean kokatzen gaituzte. Tourra erakusleihoa izango da eta aukera hau baliatu behar dugu gure hiria modu positiboan sustatzeko”.

Zirkulatzeko eta aparkatzeko murrizketak
Gasteiz-Donostia etaparen irteera dela eta, 5 kilometroko ibilbidea duen hiri-zirkuitua itxiko da zirkulaziorako uztailaren 2ko, igandeko, 06:00etatik aurrera.

Lasterketa Mendizabala aparkalekutik aterako da. Handik, ibilbide hau egingo du: Lasarteko Atea, Elvira Zulueta, Gaztelako Atea, Cadena y Eleta, Prado, Andre Maria Zuria, Mateo Moraza, Gernikako estatutua, Olagibel, Judimendi hiribidea, Hiru Probintzien plaza, Valladolid, Brusela hiribidea, Europar Batasunaren plaza, Brusela hiribidea eta N-104 Elorriagan.

Roberto García Tobalina komisarioak ohartarazi duenez, “tropela igaroko den bide horiek guztiek ibilgailurik gabe egon beharko dute. Hori dela eta, ezingo da horietan aparkatu ekainaren 29tik, ostegunetik, aurrera, eta aparkatuta dauden ibilgailuak kendu egingo dira. Astelehenetik aurrera emango zaie gidariei eta eragindako auzoei horren berri”.

Mendizabalako eta Mendizorrotzako aparkalekuak ekainaren 29an, 22:00etatik aurrera itxiko dira. Beraz, egun horietan Mendizorrotzako Kirol Guneko igerilekuetara oinez, bizikletaz edo garraio publikoan joatea gomendatzen da.

Zirkulazio arloan murrizketak egongo diren arren, hiria ez da itxita geratuko, baina bertan mugitzeko ohikoa baino denbora gehiago beharko da. Hori dela eta, joan-etorriak egiteko garaian aurreikuspenak egitea eta garraio publikoa erabiltzea edo oinez edo bizikletaz mugitzea eskatu dute.

Ekimenaz gozatzeko asmoz Gasteizera datozen pertsonen kasuan, disuasio-aparkalekuak erabiltzea gomendatu dute (Buesa Arenan, Lakua-Arriagan edo autobus-geltokian, besteak beste).

TUVISA eta tranbia
Lasterketaren egunean, TUVISAren lineek aldaketak jasango dituzte. Horrez gain, uztailaren 1etik, larunbatetik, hilaren 2ko, igandeko, gauean ez da irteera-zerbitzurik izango goizeko 06:00etan G1, G3, G4 eta G6 lineetan. Aldaketa horiek guztiak Udalaren webgunean egongo dira kontsultagai astelehenetik aurrera.

Tranbiari dagokionez, etenda egongo da Antso Jakituna eta Angulema kaleetako geltokien artean, eta Nikosia eta Salburua artean, uztailaren 2ko, igandeko, 08:30etik hasi eta ekitaldia amaitu arte. Gainerako lineek normaltasunez funtzionatuko dute.

Edukiontziak
Bestalde, eta segurtasun-arrazoiak direla eta, lasterketaren ibilbidean dauden edukiontzi guztiak kenduko dituzte. Hala, ekainaren 27tik, asteartetik, hilaren 30era, ostiralera, arte, edukiontzien 31 irla lekuz aldatuko dituzte. Plangintza ahalik eta eragin txikiena izateko asmoz egin dute.

Jarduera ludikoak
Extitxu Peredak, Grand Départeko udal-dispositiboko koordinatzaileak, azaldu duenez, “txirrindulariak Mendizabala esparrutik ateratzen direnean, Udalak, Arabako Foru Aldundiarekin batera, Tourraren festa handia ospatzeko animazio-jarduerak egingo ditu. Jarduerak bi tokitan egingo dira: Prado parkean eta erdigunean”.

Prado parkean 12:30etik aurrera gune ludikoa jarriko da eta adin guztietarako kaleko jolasak eta Gargantua egongo dira. Bestalde, Banda Molinarekin pop-rockeko omenaldi-kontzertua egingo da 13:30etik aurrera. Horrez gain, ostalaritzako gunea ere egongo da parkean.

Erdiguneari dagokionez, Andre Maria Zuriaren plazan pantaila erraldoi bat jarriko dute Gasteiz-Donostia etapa zuzenean ikusi ahal izateko. Gune horretan bertan, gainera, karikatura digitalen multzoa jarriko da. Hori guztia 11:30etik aurrera izango da.

Bestalde, erraldoi eta buruhandiek erdigunea zeharkatuko dute 12:30etik aurrera, eta Turukutupa konpainiak kalejira egingo du Reziklantes musika-ikuskizunarekin. Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu eta Arka plazan amaituko da. Konpainiak erabiltzen dituen musika-tresna guztiak hondakin-materialak berrerabilita eta birziklatuta sortutakoak dira.

Amaitzeko, fanfarre batzuek musikarekin girotuko dituzte erdiguneko kaleak eta irteera igaroko den guneak.

Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, klikatu ondoko ESTEKA (leiho berri batean irekitzen da)