Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Online erosi eta gero itzultzen diren erosketak eta ingurumenari nola eragiten dioten

Argitalpen-data: 

Gabonak erosketak egiteko garaia dira, baina baita itzulketak egiteko garaia ere.

Gabonak erosketak egiteko garaia dira, baina baita itzulketak egiteko garaia ere. Oso ohiko joera da erostea, probatzea eta itzultzea: Cetelem 2021 Behatokiaren arabera, online egiten diren erosketen % 36 itzuli egiten dira. Itzulketa horietatik modarekin, oinetakoekin eta osagarriekin lotuta daude gehienak.

Produktu bat itzultzea ez da inoiz doakoa izaten; eragina du ingurumenean, ekonomian eta enpresentzako gastua eraman-ekarrian eta kudeaketan. Garraioa da CO2 emisio-bolumen handiena sortzen duen sektoreetako bat, eta eragin kaltegarria sortzen du airearen kalitatean eta ingurumenean. Kontuan izan behar da, gainera, bilgarria erabili ondoren, gehienetan baliaezin geratzen dela, eta hura ekoizteko erabili diren baliabide guztiek, hala nola ura edo energia, plastikoa edo kartoia, ez dutela ezertarako balio izan.

Kontsumo arduratsua

Pentsatu erosi aurretik erosi behar duzun hori egiaz behar duzun eta zure aurrekontuaren barruan ote dagoen. Begiratu, halaber, etxean ba ote duzun haren ordez erabil dezakezun antzeko zerbait, gero ez itzuli behar izateko, horrek dakarren guztiarekin.

“Gero itzultzeko ez erosteaz” gain, tokiko saltokietan erostea da aukera onenetako eta iraunkorrenetako bat. Zure auzoko liburu-dendan, arropa-dendan edo burdindegian lan egiten duten pertsonek hurbiltasuna eta konfiantza eskainiko dizkizute, saltoki handietan ez duzuna.

Beti itzuli al dezaket erosi dudana?

Ez. Oso garrantzitsua da erosi aurretik itzulketa-politikaren berri izatea. Saltokiek askatasun osoa dute beren itzulketa-politika ezartzeko: batzuetan, ordaindutakoaren zenbatekoa itzultzen dizute, eta beste batzuetan, beste produktu bat eramatea edo bale bat eskaintzen dizute (betiere erosketa-tiketa erakusten baduzu; beraz, ondo gorde ezazu).

Produktua denda fisiko batean erosi baduzu, erosi duzun horrek akatsen bat duenean bakarrik dute dendek itzulketak onartzeko obligazioa, eta ez, besterik gabe, erosi duzun berokia edo erlojua gustatu ez zaizulako edo aukera hobea aurkitu duzulako.

Erosketa Internet bidez egin baduzu, ez da horrelakorik gertatzen. 14 egun dituzu atzera egiteko eskubidea baliatzeko, hau da, produktua itzultzeko arrazoia justifikatu gabe eta inolako penalizaziorik gabe. Hala ere, ondo begiratu behar duzu zer erosten duzun, eskubide horren salbuespenak baitaude; besteak beste, neurrira egindako produktuak edo zigilua kenduta duten diskoak. Kontuan hartu behar duzu, halaber, itzultzean bidalketa-gastuak ordaindu beharko dituzula agian. Horretaz ere informa zaitez edozein produktu erosi aurretik.

Gabonetan, gogoratu zure eskubideak ez direla parrandan joaten:

  • Publizitatea loteslea da. Gorde esku-paper edo mezu elektroniko guztiak, iragartzen dena bete egin behar baita.
  • Prezioek BEZa barne izan behar dute beti.
  • Gorde erosketa-tiketa. Erreklamatu ahal izateko eta, behar izanez gero, produktua itzultzeko balioko dizu (establezimenduak arrazoirik gabeko itzulketak onartzen baditu).
  • Legezko bermea hiru urtekoa da produktu berrietan, eta gutxienez urtebetekoa enpresa edo profesional batek saldutako bigarren eskuko produktuetan.
  • Zure eskubideak urratu direla uste baduzu, egin erreklamazioa Kontsumobiden.

Tag-ak