Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azukre-kontsumoa: ez da gauza bera laranja jatea edo laranja-zukua edatea

Azukrea

Harritu egingo zinateke zuk horren susmorik izan gabe azukrea duten zenbat produktu dauden jakingo bazenu. Erraz asko gozo bezala identifikatzen ditugun produktuez gain, hala nola opilak, izozkiak, zukuak edo irabiatuak beste hainbat produktu ere osagai horrez lepo daude. Azukrea elikagai askotan ezkutatuta dago, hala nola pizzak, ogiak edo saltsak. Produktu batek azukrea duen edo ez eta zer azukre kantitate zehatz duen jakiteko, erreparatu iezaiozu osagaien zerrendari eta etiketari. Ontziratuta saltzen diren elikagai guztiek funtsezko informazioa adierazi behar dute nahitaez, zer erosten duzun jakin ahal izan dezazun. Elikagaiaren etiketan aurkituko duzu informazio hori, non produktuak dituen osagai jakin batzuen kantitateak erakusten diren, azukrea haien artean. 

Etiketan azukrea ez da beti erraz identifikatzen, zenbaitetan izen desberdinekin aurkezten da, hala nola fruktosa, sakarosa, maltodextrina, maltosa, edo arto-xarabea, eta horrek zaildu egiten du interpretazioa. Merezi du denbora hartzea eta gure ahosabaia janarien zapore naturalekin heztea osasun-arazoak saihesteko. 

Aurkitu ditzakegun bi azukre motak bereizten ere jakin behar dugu: 

  • Berezkoak (naturalak): Fruta eta barazkietan daude.
  • Libreak (gehituak): Prozesatutako produktuetan daude (gailetak, zuku industrialak, freskagarriak, zerealak, pizzak edo saltsak...). Produktuaren elaborazioan gehitzen dira eta ez dute nutrizio-baliorik ematen. Libreak dira halaber berez eztian, xarabeetan edo fruta-zuku naturaletan daudenak. 

Eta zure buruari galdetuko diozu, laranja-zuku natural bat ez da laranja bat jatea bezain osasungarria? Erantzunak hori baieztatzen du. Laranja osorik jan behar da bere azukreak bere zuntzari esker modu osasungarrian xurgatzen direlako. Zukua egitean, zuntza kendu egiten da eta azukre zuriaren antzera jokatzen dute zuntzaren azukreek, eta horrek azukre libre bihurtzen ditu inolako nutrizio-ekarpenik gabe. Kontuan izan, gainera, ezein kasutan ere ez zenituela aldi bakar batean jango zuku naturalaren edalontzi bat lortzeko zukutuko dituzun hiru laranja horiek. 

Freskagarria eta adingabeak: azukre-enpatxua 

AESAN Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak egindako txostenaren arabera, 3 urtetik 10 urtera bitarteko lau adingabetik batek (% 26) eta hiru nerabetik ia bik (% 62) edari energetikoak kontsumitzen dituzte. Datuak kezkagarriak dira eta zerbait egin behar dela erakusten dute, jendea horrelako produktuak kontsumitzea osasunarentzat benetan kaltegarria dela jabetu dadin nolabait ere. 

AESANek ohartarazten digu freskagarri estimulatzaileen lata batek 75 gramo azukre ere izan ditzakeela, hau da, 15 azukre-koxkorren baliokidea den kantitatea. Azukrearen eragin kaltegarriari kafeinarena gehitu behar zaio, lata bakoitzean 32 miligramo kafeina ere izan baititzake 100 mililitroko. Hortaz, 330 mililitroko ontzi bat lau kaferen baliokidea da. 

Gogoan izan kafeina gehiegi kontsumitzearen ondorioz loezina, arrisku kardiobaskularrak eta hematologikoak izan ditzakezula. Gainera, azukrea neurrigabe kontsumitzea zenbait gaixotasunekin lotuta dago, hala nola gehiegizko pisuarekin, diabetesarekin eta arazo kardiobaskularrekin.

Gaiak