Amets Txurruka: "Logelan Marino Lejarretaren posterra genuen"
Amets Txurruka txirrindulari profesionala izan zen 2006tik 2016ra biratean. Lau taldetan aritu zen (Barloworld, Euskaltel Euskadi, Caja Rural eta Orica GreenEdge) eta bost garaipen eskuratu zituen: Asturiaseko Itzuliaren sailkapen orokorra eta etapa bat, Tour de Guevaudan Languedoc-Rousillon lasterketaren sailkapen nagusia, eta etapa bana Noruegako eta Beauceko Tourretan. Baina txirrindularitza zaleok buruan dugun irudi nagusia Amets Txurruka ihesaldian da. Frantziako Tourraren lehiakortasunaren sari handia irabazi duen euskaldun bakarra da, 2007 urtean.
- Sei urte igaro dira txirrindulari profesional izateari utzi zenionetik… Zer egin du denbora honetan Amets Txurrukak? Zertan zabiltza orain?
Irakaskuntza munduan nabil. Txirrindularitza profesionalan hasi baino lehen horretan ibili nintzen eta orain berriro bueltan. Heziketa fisikoko irakaslea naiz eta bi ume ditut. Lanean eta umeen zaintzan ematen dut eguna.
- 11 urte egin dituzu profesionaletan lau talde desberdinetan… Une edota unerik onenak?
Lau momentu gogoratzen ditut bereziki. Alde batetik Frantziako Tourrean lehiakortasunaren saria irabazi nuenekoa. Eliseo Zelaietako podiora igotzea ahaztezina da. Nire lehen garaipen profesionala ere hunkigarria izan zen, Asturiaseko Itzulian lortutakoa. Lurralde honetan ere beste gogorapen bikaina dut, Espainiako Vueltan Cotobello mendatean lortu genuen garaipena, nolako talde lan ona egin genuen. Eta azkenik, garai polita izan zen Esteban Chavesekin Italiako Giroa irabazteko zorian egon ginenean. Egun zirraragarriak izan ziren horiek, ‘maglia rosa’ babesten.
- Eta txarrena edo txarrenak?
Lesioak eta erorikoak, erorikoak eta lesioak. Zorte txarra izan nuen hainbat lepauztai apurketekin. Eta batez ere Tourrean, gainera. Oso gogorra da lasterketa bat prestatzeko bidea, eta hainbeste gogoz landutako helburua segundu bakar batetan zapuztua geratzea oso penagarria da. Eta zer esan behin esfortzu hori eginda dagoenean, lesioa atzean utzi duzula, berriro ere erorikoa izatea, denboraldi berberan… Horiek dira une txarrenak.
- Txirrindularitzan erreferenterik izan duzu? Zergatik?
Logelan Marino Lejarretaren posterra genuen. Gertukoa, atsegin dudan izaerakoa, bai pertsonalki bai kirolari moduan. Lasaia eta humila, kirol maila handikoa. Eredugarria beti.

- Gaur egun, ze txirrindulari duzu gustukoen?
Txirrindularitza jarraitzen dut, noski, baina ez nago mundo horretan oso murgidua. Bizikletan ere gutxi irtetzen naiz, ez dut denbora handirik. Tartea badut, buelta bat ematea gustatzen zait, baina lasai. Pello Bilbao gustoko dut, harreman estua dugu eta asko pozten nau bere eboluzioa. Amateur zenetik ezagutzen dut eta anai txikia balitz bezala hartzen dut. Taldekideak izan gara… Estima handia diot eta bere kirol ibilbidearekin gozatzen dut.
- Tourreko lehen oroitzapenak, gazte zinela? Eta profesional moduan, ze gogoratzen duzu?
Gurasoekin Pirineotara joaten ginen, giroa gogoratzen dut, txirrindulariak baino gehiago. Miguel Indurainen irudia dut buruan, Tourra Donostian hasi zenean. Baina batez ere Pirineotako giroa gogoratzen dut aintzin urte horietatik.
Profesional moduan Tourraren handitasuna gogoratzen dut. Ustez, beste karrera baten parekoa da, pedalei eragin behar zaie, baina lasterketa inguratzen duena erraldoia da. Komunikabideak, oihartzuna, jendetza… Tentsioa uneoro dago, taldeetan presioa bestelakoa da… Karrera berezia da, dudarik gabe.

- Zer suposatu dezake Grand Départa Euskadira heltzeak?
Zaletuei oparia da. Euskadin beti zaletu onak izan ditugu, kirol hau adi jarraitzen dutenak, errepidera bizikletarekin irtetzen direnak, neurri haundi batetan adituak, hurbiltasunez baina errespetuz jokatzen dutenak… Grand Départa keinua da euskal zalegoari.
Ondo dago Tourra ekartzea, eta ea honek ere bultzada ematen dion etxeko lasterketei eta harrobi lana bultzatzeari. Harrobia zaindu behar dugu holako ekitaldien parte izaten jarraitzeko asmoa badugu.
- Zaletuei mezuren bat?
Orain arte bezala jarraitzea, txirrindulari denak animatzea, gertutasunez, begirunez… Azken finean, beti egin duten moduan.