2023ko EKAINAREN 11n, TXIRRINDULARITZA ZALEEK FRANTZIAKO TOURREKO LEHEN ETAPAKO IBILBIDE BERA EGIN AHAL IZANGO DUTE EDIZIO BAKAR ETA ERREPIKAEZIN BATEAN
- Ekainaren 11n, Frantziako Tourreko lehenengo etaparen ibilbide berbera egingo duen “L'ÉTAPE BILBAO BY TOUR DE FRANCE” bizikleta martxa egingo da Bizkaian. Probak 185 kilometro izango ditu eta Bilbon hasi eta amaituko da.
- Grand Départ Pays Basqueren ospakizun handiaren testuinguruan antolatutako proba honek edizio bakarra izango du eta helburu bikoitza: zaleak ekitaldira erakarri eta honen parte bilakatzea, eta herritarren artean Frantziako Tourraren irteera handiaren berri ematea.
- Dagoeneko letour.euskadi.eus webgunean lehentasunezko erreserba egin daiteke izen-emateak irekitzen direnerako, urtarrilaren erdialderako aurreikusita dagoena
Grand Départ Pays Basque 2023 mugarri historikoa da euskal erakundeek nazioarteko ekitaldiak erakartzeko eta antolatzeko duten gaitasuna erakusteko. Frantziako Tourraren etorrera Euskadin txirrindularitzarekiko sentitzen den grina erakusteko aukera paregabea da. Eta berotasun hori erakusteko moduetako bat 120. urteurrena ospatuko duen ‘Grande Boucle'aren lehen etapan nazioarteko tropela osatzen duten idoloek egingo duten bide berbera burutzea izan daiteke.
2023ko Frantziako Tourraren irteera handiaren inguruan antolatzen ari diren jardueren artean, eta herritarrak oro har zein txirrindularitza zaleak ospakizun erraldoi horretan parte har dezaten, Grand Départ Pays Basque 2023k "L'ÉTAPE BILBAO BY TOUR DE FRANCE" izeneko edizio esklusibo bat antolatzea erabaki du. Hau da, 2023ko Frantziako Tourraren lehen etaparen ibilbide bera egingo duen martxa zikloturista errepikaezina, ekainaren 11an egingo dena.
Euskadik eta bere txirrindulari zaletu multzo zabalak hamarkadak daramatzate Frantziako Tourraren etorrera berriaren zain. Donostia 1992an hasiera puntua izan zen bezala, Bilbo gizonezkoen ‘Grande Boucle'aren historian inoiz ikusi gabeko hiria da. Gizonezkoen Frantziako Tourrak ez du inoiz Bizkaiko errepideak zeharkatu. 2023koa estreinaldi handia izango da. Eta "L'ÉTAPE BILBAO BY TOUR DE FRANCE" martxa berezi honek aitzindari izateko aukera paregabea eskainiko du, edizio esklusiboa izango baita, lehenengo etaparen erreplika. 185 kilometro eta 3.300 metrotik gorako desnibela, uztailaren 1ean Mikel Landak, Ion Izagirrek, Pello Bilbaok, Jonas Vingegaardek, Tadej Pogaçarrek, Wout Van Aertek edo Julian Alaphillipke, besteak beste, egingo dituzten berberak.

Ibilbide alternatibo bat ere eskainiko da, hain sasoitsu edota gorputza hainbeste estutu nahi ez duten zikloturistentzat, motzagoa eta desnibel apalagoarekin. Azken finean, partaideei aukerarik zabalena eskaini nahi zaie, mundu guztiak 2023ko Frantziako Tourreko protagonista izatearen ametsa bizi ahal izan dezan.
Martxa ekainaren 11n egingo da, Tour giro aparta arnastuko den unean. Horrela, zaleek euren oroitzapenak bizi eta sortu ahal izango dituzte. Ez da faltako proba honetarako esklusiboki diseinatutako maillota.
Grand Départ Pays Basqueren webgune ofizialean (www.letour.euskadi.eus) dagoeneko lehentasunezko erreserba egin daiteke izen-emateak irekitzen direnerako, urtarrilaren erdialderako aurreikusita dagoena. Martxaren webgune espezifikoa prest egon arte, ekimenaren informazioa Grand Départ Pays Basque 2023ko sare sozialetan eguneratuko da.
Lehentasunezko erreserba egiteko esteka
Sustatze bideoa
