Departamento de Industria, Transición Energética y Sostenibilidad

Hautespen genetikoak eta elikadurak esne behien metano isurpenak %20 murrizten lagundu dezakete

Argitalpen-data: 

? NEIKERek METALGEN proiektuan lortu ditu emaitza horiek, zeinean parte hartu dute baitute, halaber, Nekazaritza eta Elikadura Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionalak (INIA), Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak eta Espainiako Frisiarraren Konfederazio Nazionalak (CONAFE)

NEIKER_proyecto_METALGEN.jpg

• 1.500 behiren genetika aztertu da eta saiakuntza nutrizionalak egin dira, hainbat gehigarri nutrizionalek metano isurpenetan duten eragina ebaluatzeko

Hautespen genetikoak esne behien metano isurpenak %20 murriztu ditzake, NEIKERek, INIAk eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak garatutako ikerketa baten arabera, METALGEN proiektuaren baitan, zeinean Espainiako Frisiar Konfederazio Nazionalak ere parte hartu baitu (CONAFE). Gainera, elikadurak ere oso rol garrantzitsua jokatu dezake. Proiektutik ondorioztatzen denez, omega 3an aberatsa den liho irinaren formulazioan sartzen diren dietek %20tik gorako murrizketa lortu zuten digestio jatorriko metano isurpenetan.

METALGEn proiektuan 1.500 behiren informazio genetikoa erabili da -4.500 parametro baino gehiago-. Halaber, 1.500 behiren genetika aztertu da eta saiakuntza nutrizionalak egin dira, hainbat gehigarri nutrizionalek metano isurpenetan duten eragina ebaluatzeko

Elikaduraren efizientzia eta berotegi efektuko gasen isurpenak arintzea dira Europar Batasuneko abeltzaintza sektorearen kezka berri eta nagusietakoak, eta, horregatik, genetikari eta nutrizioari buruzko ikerketak funtsezko faktorea da berotegi efektuko gasen isurpena murrizteko -klima aldaketaren eragile nagusiak dira- eta EBk 2030erako markatu duen helburua berme guztiekin lantzeko.

Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Panelaren (IPCC) bosgarren ebaluazio txostenaren arabera, energia sortzeak eragiten du berotegi efektuko gasen isurpenen %80,7. Nekazaritzatik datozen berotegi efektuko gasen isurpenek, berriz, %10,1eko ekarpena egiten dute, prozesu industrialek eta produktuen erabilerak %8,72, eta hondakinen kudeaketak %2,75.

Esparru horretan, Metalgen proiektua elkarrekin zerikusia duten bi arazo konpontzeko sortu da, hau da: elikaduraren efizientzia eta hausnarkarien hartzidura enterikoaren ondoriozko metano isurpenak. Digestio prozesu hori soilik animalia mota horietan gertatzen da. Hautespen genetikoa erabiltzeko lehen urratsak ezarri dira, mikrobioma erruminala modulatzeko helburuarekin.

Urdailetako batean (errumenean) elikagaia hartzitzearen ondorioz sortutako metanoa da hausnarkariengandik datorren berotegi efektuko gas nagusia. Karbono aztarnan duen eraginari eragin ekonomikoa gehitu behar zaio, izan ere, sortutako metano horrek animaliek hartutako energia gordinaren %5-7 galtzea eragiten du. Hausnarkariaren flora mikrobianoak eragin handia du elikagaiaren digestioan eta, beraz, metanoaren ekoizpenean, eta, halaber, animaliaren elikadurak eta genetikak zehazten dituzte floraren ezaugarriak.

METALGEN proiektua

METALGEN Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatutako ikerketa proiektu bat da, RTA2015-00022-c03 erreferentzia zenbakia duena.

Proiektuaren bazkideak Nekazaritza eta Elikadurako Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionala (INIA), NEIKER eta Espainiako Frisiarraren Konfederazio Nazionala (CONAFE) izan dira.

Informazio gehiago: www.metalgen.es

NEIKERi buruz

NEIKER, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatutako zentro teknologiko bat da. NEIKERen lan ildo nagusiak dira ustiategien jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatzea, klima larrialdiak nekazaritzan dituen ondorioak arintzeko aukerak bilatzea, bioekonomia bultzatzea, lehengai ez berriztagarriekiko menpekotasuna murrizteko eta jarduera ekonomiko berriak sortzeko, eta abeltzaintzan antibiotikoen erabilera murriztea, antibiotikoekiko erresistentzia handitzearen inpaktua minimizatzeko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakundea den heinean, NEIKERen jardueraren helburua da Eusko Jaurlaritzak diseinatzen dituen estrategiei erantzutea eta horiek bultzatzea, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzaren sektorea sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko.