Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Espainiako Gobernuak ikuskizun publikoetako artistek gizarte- eta lan-arloetan duten babesa 2022an biribiltzeko bide-orria ezarri du

  • Espainiako Gobernuak ikuskizun publikoetako artistek gizarte- eta lan-arloetan duten babesa 2022an biribiltzeko bide-orria ezarri du

  • DataAbenduak 23
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua

Lan ministroak eta Kultura ministroak gehiago sakondu dute Artistaren Estatutuan jasotako legeria-aldaketetan, eta horri esker, sektorearen egonkortasuna, segurtasun juridikoa, prestakuntza espezifikoa eta langabeziagatiko prestazioak bermatuko dira

Urtarrilean abiatuko da elkarrizketa-mahaia, eta orduan aurkeztuko da kulturaren arloko langileek duten gizarte-babesa hobetzeko proposamena

Lan eta Ekonomia sozialeko ministro Yolanda Díaz eta Kultura eta Kirol ministro Miquel Iceta buru dituen Artistaren Estatutua garatzeko Ministerio arteko Batzordeak gaur egin du urteko azken bilera, eta bertan erabaki dute 2022rako jarduketa-orria, datorren urtean bukatuko baitira mahaiaren egitekoak.

Batzordea 2018an onetsitako parlamentuko txosten baten ondorioz sortu zen, eta Artistaren Estatutuaren manuak garatzeko helburua du. Bigarren topaketa honetan, jarduera artistikoak egituratzen dituen 1435/1985 Errege Dekretuari eragiten dioten neurriei eta araudi-aldaketei heldu die batzordeak. Yolanda Díazen hitzetan “araudia zaharkituta dago eta beharrizan eta errealitate kultural berriak jasoko dituzten araudi-aldaketak egin behar dira”. “Kultura-arloko lanek ezaugarri bereizgarri batzuk dituzte, adibidez, aldizkakotasuna, eta, neurri batean, baita iraunkortasuna ere. Aldiz, gure legeak ikuspegi orokor eta unibertsal batean daude oinarrituta”, zehaztu du Icetak.

Bilera eta gero egindako prentsaurrekoan, honako hau adierazi du Díazek: “ikuskizun publikoen kontzeptuak egokitu eta sare sozialetan, streaming formatuan, bideo-plataformetan eta online edukien bidez beren burua adierazten duten artisten lanak egiteko, ekoizteko eta aurkezteko modu berriak txertatu behar dira”.

Landutako araudi-aldaketak Estatutuaren hainbat erregulazio-esparruri dagozkie. Horien artean, bereziki aipagarria da “ikuskizun publikoetako langilearen kontzeptuari segurtasun juridiko handiagoa ematea”. Horren harira, erronketako bat da artistak izan gabe, baldintza berberetan, hau da, aldizka eta aldi baterako lan egiten duten langileak identifikatzea, antzeko tratamendua jaso beharko luketelako.

Halaber, batzordeak aurrerapenak egin ditu “mugaketa argi bat egiteko, autonomo faltsuak ugaritzea saihesteko eta enplegatzailearen kontzeptua hobetzeko lan-arloko harremanaren ondoreei begira, administrazio publikoek artisten kontratazioan duten rola beren-beregi aipatuta”. Behin-behinekotasuna gehiegi erabiltzeko modu ezberdinak geldiaraztea eta negoziazio kolektiboaren esparruan malgutasun-mekanismoak txertatzea izan dira bileran jorratutako gaietako batzuk. Bertan, Enplegu eta Hezkuntzako Estatuko idazkariak egon dira, Batzordea osatzen duten idazkariordetzetako eta zuzendaritza nagusietako ordezkariez gain.

Urtarrilean abiatuko da elkarrizketa-mahaia, eta orduan aurkeztuko da kulturaren arloko langileek duten gizarte-babesa hobetzeko proposamena.

Sektorerako prestazioak eta prestakuntza espezifikoa Lan ministroak gogorarazi du kultura dela sarritan krisialdi sozial eta ekonomikoetan kaltetu handiena. “Pandemia bete-betean ezarri zituen ministerio honek gizarte-babeserako ezohiko neurriak hizpide dugun sektorean. Zehazki, langabeziagatiko babeserako sarbidea malgutu zuen eta ezohiko prestazioak ezarri zituen 17/2020 Errege Dekretuaren bidez egin zen hori, eta neurriok 2022ko otsailaren 28ra arte egongo dira indarrean”.

Gainera, kolektiboaren langabeziagatiko prestazioen kudeaketarako arreta espezifikoa arbitratzen ari da Lan Ministerioa SEPErekin batera, kolektiboaren eskaera eta beharrizanei modu eraginkorragoan erantzute aldera. Gainera, SEPE Prestakuntzako Espezialitateen Katalogoa sektoreak eskatzen dituen diziplinekin zabaltzea planteatzen ari da, “Ministerio honek prestakuntzari ematen dion funtsezko rolarekin bat” –Díazen hitzetan–, enplegagarritasuna sustatu eta artisten trantsizio profesionalak errazteko helburuarekin.

Profesionalekiko solaskidetza Icetak Artistaren Estatutuaren garapenean inplikatuta dauden zazpi ministerioen arteko lankidetza eta kultura-arloko sektoreekin duten etengabeko solaskidetza azpimarratu ditu. “Kultura eta Kirol Ministerioaren zeregina da horretarako lanak koordinatzea eta emaitza bultzatzea. Arrakasta parte hartzen ari diren ministerio guztiena izango da”. Díazek iragarritako lan-arloko erreformez gain, ministroak aipatu du badagoela “Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak irakaskuntza artistikoak erreformatzeko prozesuan txosten oso garrantzitsu bat”.

Profesionalei dagokienez, “asko laguntzen ari dira, ez bakarrik edukiak zehazteko garaian, baita erritmo eta lehentasunak zehazteko garaian ere”, aitortu du. Azaldu duenari jarraikiz, Batzordea irailean lehen aldiz bildu zenetik orain arte iragan diren hiru hilabeteetan, 14 bilera egin dira, eta horietatik 5 bileratan kultura-arloko hainbat sektorek hartu dute parte.

Icetak esandakoaren arabera, “25 elkartek hartu dute parte bilerotan: zuzendariak, gidoilariak, ikus-entzunezkoen arloko langileak, publizistak, ilustratzaileak, komikiaren eta magiaren sektoreetako langileak, aktoreen sindikatuak, antzerkiaren arloko enpresariak, musika-jaialdien antolatzaileak, zirkuaren arloko enpresari eta profesionalak, dantza-konpainia eta -enpresak, abeslari lirikoak, ikuskizunetako langileak, toreatzaileak, pikatzaileak eta banderilleroak, eta artista plastikoak”. Ministroaren hitzetan “lanari ekiteko unea noiz iritsiko irrikatan zeuden sektoreek ikusi dute oraingoan lan hori burutu egingo dela”.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri