Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Beste bultzada bat atungorria lehengoratzeko

atun_rojo_foto_inigo_onandia_AZTI.JPG

2019.eko uztailak 10

" AZTI ikerketa zentroak BFT Index kanpaina gauzatu du ekainean zehar, Bizkaiko golkoan atungorriaren ugaritasunaren adierazle bat lortzeko

" Ikertzaileek prospekzio akustiko aktiboan oinarritutako zunda zientifikoak baliatu dituzte, eta, horiei esker, orain arteko daturik fidagarrienak eta zehatzenak lortu ahal izango dira

" Espeziea lehengoratzeko prozesuan hobekuntza nabarmena sumatu bada ere, erakundeek neurriak hartzen jarraitzen dute, kudeaketa jasangarria bermatzeko

Atungorriak gehiegizko ustiapena izan zuen 1990. eta 2008. urte artean. Hala, espeziearen etorkizuna jokoan zegoela ikusita, erakundeak lanean hasi ziren. Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) lehengoratze plan bat jarri zuen abian 2008an. Planak oso emaitza onak lortu izan ditu orain arte, eta halaxe jarraitzen du.

Atungorria modu jasangarrian kudeatzeko ahaleginek, baina, ez dute etenik izan, eta AZTI ikerketa zentroak BFT Index kanpainaren bosgarren edizioa amaitu berri du. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak sustatutako ekimena da. Aurten, ekainaren 14tik 22ra bitarte egin da, Bizkaiko golkoan, Nuevo Horizonte Abierto (Hondarribia) itsasontzian. Kanpainaren helburua da atungorriaren ugaritasun indizea lortzea, tresna akustikoetan oinarritutako tekniken bitartez.

Atungorriaren stockaren ebaluazioa, orain arte, arrantzalekuen ahalegin unitateko harrapaketa datuetan oinarritzen zen. Horrenbestez, atunaren elikadura jardueraren araberako datu partzialak jasotzen ziren, eta horren menpekoa da beita bidezko arrantza tresna bidez harrapatzeko aukera. “Stockaren ebaluazioak ezinbestean eskatzen du elikadura eremuetan atungorriaren ugaritasunaren datu ez-partzialak ispilatuko dituzten adierazleak edukitzea”, ziurtatu du Nicolas Goñik, AZTIko BFT Index proiektuaren arduradun teknikoak.

Horrenbestez, BFT Index kanpainako ikertzaileek atungorriaren biomasa adierazlea (bereziki gaztea) lortzeko erabili duten metodoa tresna akustikoetan oinarritutakoa izan da. Tresna horiek prospekzio aktiboa egiten dute, bai eta neurrien laginketa ere. Horrenbestez, ikerketa honetan lortutako adierazlea stockaren ebaluaziorako erabili ahal izango da, eta, pixkanaka, gazteen ugaritasun indizea osatuz eta ordezkatuz joango da, Bizkaiko golkoan esfortzu unitatearen araberako harrapaketa datuetan oinarrituta. Aurreikuspenen arabera, kanpainaren datuen berri datozen hilabeteetan izango dugu.

Kanpainako teknika horiek arrakastaz erabiltzen ari dira 2003az geroztik, antxoa gaztearen biomasa kalkulatzeko, eta 2015ean hasi ziren erabiltzen atungorrirako. Hala, 2015ean martxan jarritako BFT Index kanpainaren bitartez, adierazle ez-partziala eskuratu ahal izango da, Ekialdeko Atlantikoko eta Mediterraneoko atungorriaren stockaren ebaluazioa egiteko.

Proiektu honen helburua da atungorriaren stockaren ebaluazioan aurrerapauso bat ematea. Horretarako, tresna berri bat eta arrantzalekukoak ez beste informazio batzuk txertatu ditugu, kudeatzaileei lagungarriak izan dakizkien erabakiak hartzeko”, adierazi du AZTIko ikertzaileak.

Arrantzalekuen kudeaketa hobearen bila

Kanpainaren bost edizioetan grabatutako datuak aztertu ondoren, eremuko atungorri gazteen banaketaren eta ugaritasunaren lehenengo indizea lortuko dugu.

Goñik zehaztu duenez, “adierazle horri esker, epe ertainean, arrantzalekuarekiko independentea den tresna bat izango dugu eskura, eta Bizkaiko golkoko atungorriaren ugaritasunean izango diren aldakuntzak aurreikusi ahal izango ditugu; tresna hori, gainera, ICCATen erabiltzen den baliabidea ebaluatzeko erabili ahal izango da”.

Espeziea pixkanaka lehengoratzen joatetik harago, beharrezkoa da arrantzalekuen kudeaketa hobea; beraz, ICCATek "alegia, ozeano Atlantikoko eta alboko itsasoetako tunidoen eta antzeko espezieen kontserbazioaz arduratzen den gobernuarteko arrantza erakundeak" hainbat urtetarako kudeaketa plan bat onartu zuen 2018an.

Plan horretan jasotako hobekuntzen artean, nabarmentzekoak dira harrapaketa sasoien malgutzea eta urteko arrantza planetan artisau ontziak txertatzeari jarritako mugak desagerraraztea.

AZTIri buruz

AZTI ikerketa zentroa espezialista da elikagaien eta itsaso-arrantzaren balio katean, eta ikerketa estrategiko eta aplikatuan dihardu, ezagutza berria sortzeko. Soluzio integralak eta berritzaileak eskaintzen ditu, negozio berriak dinamizatzeko.

AZTIren helburua Zientzia Garapen Jasangarri eta Osasungarri bihurtzea da. Horretarako, lantalde trebatu eta ilusionatu baten bidez, bezeroekin sinbiosian eta lotura estrategikoan oinarritzen den harremana lantzen du AZTIk. Hala, bezeroei balioa ematen die, eta lehiakortasunean hobera egiten laguntzen, garapen ekonomiko eta sozialaren mesedetan.

Egindako lan eta ikerketek munduko institutu onenen artean jarri dute AZTI, artikulu bakoitzeko aipamen indizearen arabera, bere hainbat ikerketa arlotan. Era berean, AZTIk arrantza kudeaketan diharduten nazioarteko erakundeetako batzorde zientifikoetan parte hartzen du, itsas ingurune desberdinetan kudeaketa neurriak eta arrantza kuotak zehazten, baliabideen erabilera jasangarria helburu.