Osasun Saila

Okondoko udalerriko ibai-zona batean bainatu zen talde baten artean leptospira kasu bat egiaztatu da

2018.eko abuztuak 22

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak leptospirosia daukan kasu bat egiaztatu dute eta beste lau kasu ikertzen ari dira. Kasu horiek guztiak Okondo udalerriko ibai-zona batean bainatu izanarekin lotuta egon daitezke.  

Une honetan Galdakao Ospitalean pertsona bat dago ospitaleratuta. Honetaz gain, badira ospitaleratu ondoren alta jaso duten beste hiru pertsona eta ospitaleratu beharrik izan ez duen eta Basurtoko Larrialdien zerbitzuan artatu duten bosgarren kasu bat. Sintomak abuztuaren 13aren eta 20aren artean agertzen hasi ziren.

Une honetan ospitaleratutako pertsona egonkor dago eta bere eboluzioa ona da. Inkesta epidemiologikoan egiaztatu ahal izan da pertsona horiek Okondo udalerriko ibai-ingurune batean bainatu ziren lagun-talde bateko kideak direla.  

Arabako Osasun Publikoko zuzendariordetza Okendoko Udalarekin jarri da harremanetan, gertatutakoaren berri emateko eta adierazitako bainu-ingurune horretan behar diren prebentzio-neurriak hartzeko. Bertan ez bainatzea gomendatzen da.

Leptospirosia gaixotasun infekzioso bat da, eta espiroketa patogenoen taldeko Leptospira generoko bakteriek eragiten dute.

Infektatutako animalien txizarekin zuzenean edo zeharka kontaktuan jarriz gertatzen da kutsapena. Mukosetatik sartzen da, batez ere ahoko, begietako eta sudurreko mukosetatik; bestela, larruazalean egindako ebakien edo urratzeen bitartez ere sar daiteke.  Tarteka inhalazio bidez ere kutsa daiteke. Pertsona batek beste bat kutsatzea arraroa da.

Lan jakin batzuei (albaitariak, abeltzainak, artzainak, abere-hiltzaileak, etab.) lotutako arrisku-faktoreez gain, kutsatuta egon daitezkeen uretan aisia- edo kirol-ekintzak egitearekin ere lotzen da.

5-14 eguneko inkubazio-aldia dauka, 2 eta 30 egun arteko tartearekin. Halaber, mota askotako adierazpen klinikoak izan ditzake. Arruntenak gripe antzeko sintomak izan daitezke (sukarra, hotzikarak, mialgiak, zefalea, konjuntibako injekzioa).

Honen inguruko bestelako berririk badago unean-unean informatzen jarraituko dugu.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 22a