Osasun Saila

2018ko Gripearen Aurkako Txertaketa-Kanpainaren Aurkezpena

2018.eko urriak 20

Urriaren 24tik aurrera


  •  Txertoa da prebentzio-neurri nagusia, segurua eta eraginkorra delako, gripeari aurre egiteko eta arrisku-taldeetan oso larriak izan daitezkeen konplikazioak saihesteko. Arrikus-taldeetan sartzen dira 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta haurdun daudenak
  • ESI bakoitzak kontingentzia-plan berezia eta eguneratua du, beharrezko baliabideen bidez osasun-zentroetan jendetza gehien batzen den uneei erantzuteko, eta asistentzia-jardueraren jarraipena egingo da
  • 400.000 dosi eskuratu dira, eta kopuru hori handitu ahalko da, beharrezkoa bada. Biosegurtasuneko gailua duen txertoa erostea lehenetsi da
  • Aurten, Osasun Sailak eta Osakidetzak 30 urte betetzen dituzte Euskadin gripearen aurkako txertaketa-kanpainak hasi zirenetik


Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur, gripearen aurkako 2018ko txertaketa-kanpaina aurkeztu du, Bilbon; urriaren 24an, asteazkenean, hasiko da. Gaurtik aurrera eta kanpainak iraungo duen sei asteotan (abenduaren 5era arte), Euskadiko osasun-zentroek, anbulatorioek eta ospitaleek txertoa emango dute; guztira, 400.000 dosi eskuratu dira. Sailburuak gogorarazi du txertoa hartzea “erantzukizun-ekintza” bat dela, eta gripeari aurre egiteko prebentzio indibidualeko eta komunitarioko neurri nagusia”.

Hala esan du eman duen prentsaurrekoan; bertan, Osasun Publikoko Zuzendaria, Miren Dorronsoro doktorea, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendaria, Andoni Arcelay doktorea, eta Osakidetzako Osasun Publikoko Programen eta Pazientearen Segurtasunaren koordinatzaile Enrique Peiro, izan dira. Kanpainaren lema honako hau izango da: “Gripea, nolatan gripea? Txertoa hartu”. Kanpainak 30 urte betetzen ditu eta, urteotan, Osasun Sailak eta Osakidetzak gaixotasun horren aurrean nork bere burua babesteak, batik bat arrisku-taldeetan daudenek nolako garrantzia duen azpimarratzen dute.

Txertoa, nagusiki, 65 urtetik gorako pertsonei, gaixotasun kronikoren bat dutenei, haurdun dauden emakumeei –hala nahi badute– eta osasun-langileei zuzentzen zaie. Txertaketa-kanpainako helburuak, arrisku-taldeetako pertsonen banakako osasuna babesteaz gainera, osasun kolektiboa babestea ere bada, oinarrizko prebentzio-neurri errazen bidez.

Gripea, urtero errepikatzen den osasun publikoko arazoetako bat izateaz gainera, ondorio larriak ekar dakizkieke ahulenak direnei. Hori dela eta, Jon Darpón sailburuak gogora ekarri du txertoak arazoak eta konplikazioak saihesten dituela, eta jakinarazi du pasa den denboraldian ospitaleratu behar izan zituzten gripe-kasu larrien 446 kasu erregistratu zirela. Horietatik azaldu du “140 ZIUn geratu behar izan zirela eta, horietatik, % 84k arrisku-faktoreak zituela edo 64 urte baino gehiago zituela”. Azkenik, 96 pertsona hil ziren, eta hildako pertsonen % 35ek ez zeukan txertoa jarrita, nahiz eta gripearen aurkako txertaketa-kanpainan jaso diren arrisku-taldeetan egon.

Nahiz eta gripearen aurkako kanpainetan gero eta jende gehiagok parte hartzen duen –2017an 8.357 txerto gehiago eman ziren adinekoetan, aurreko urtean baino–, gogorarazi behar da 65 urtetik gorako hamarretik lauk dosia jarri gabe jarraitzen dutela. Hori dela eta, Osasun sailburuak nabarmendu du txertoa jartzea pertsonen erantzukizun-ekintza dela.

Osasun sailburuak argi utzi nahi izan du gripearen txertoa segurua eta eraginkorra dela. Halaber esan du konposizioa, urtero, Osasunaren Mundu Erakundeak iparraldeko hemisferiorako aurreikusitako anduietara egokitzen dela.

Aurtengo urterako 400.000 txerto daudela eta, beharrezkoa izanez gero, kopurua handitu daitekeela iragarri du; 1.200.000 milioi euro inbertitu dira txerto horiek erosteko. Txertoak doan emango dira eta, nobedade gisa, biosegurtasuneko orratza izango dute; horrela, txertoak ematen dituzten langileak babesteko segurtasun-eskakizunak betetzen dira.

Gainera, kanpaina honetan ESI guztiek dute beren kontingentzia-plan berezia eta eguneratua eta, horren bidez, osasun-zentroetan jendetza gehien batzen den uneei beharrezko baliabideen bitartez erantzun ahalko zaie. Gainera, asistentzia-jardueraren jarraipena egingo da. Osakidetzak, orokorrean, 5.000 ohe inguru izango ditu prest aurten ohe kopurua Urduliz eta Eibarreko ospitalen irekiarekin igo bait da.


Zer egin behar da txertoa hartzeko?

65 urteko edo gehiagoko pertsonek, gaixotasun kronikoa dutenek eta haurdun dauden emakumeek ohiko osasun-zentrora osasun-txartelarekin joan besterik ez dute, baina komeni da, hala ere, aurretik telefonoz deitzea, txertaketa-ordutegien berri izateko, eta malguak eta kanpainara egokituak izango diren jakiteko.


Osakidetzako kontingenzia-protokoloa gripeari aurre egiteko

Osakidetzak, dagoeneko, badu kontingentzia-plana; horren bidez, behar diren baliabideekin eta antolaketarekin aurre egin ahalko zaie gripearen epidemiari, batetik, eta neguan zentroetan izaten den maiztasunari, bestetik. Helburua paziente guztiei ahalik eta normaltasun gehienez arreta ematea da.

Aurreko urteetan bezala, gripearen eta eskuragarri dauden laguntza-baliabideen zaintza epidemiologiko zorrotza egingo da. Segimendu epidemiologikoa lau punturen koordinazioan oinarrituko da:

- “Mediku jagoleen sarea” medikuntza orokorreko medikuek eta lehen arretako pediatriako medikuek eratzen dute, eta gaixotasunaren eraginpean dagoen pertsona-kopuruaren berri emateko ardura du:
- Erreferentziazko mikrobiologiako laborategiak, diagnostikoak eta anduiak baieztatzeko arduradunak
- Paziente larrienen segimendua egiten duten ospitaleen informazio-sistemak
- Osasun Saileko Osasun Publikoko teknikariak, erregistratutako datuen azterlanaren eta analisi xehatuaren arduradunak.

Gainera, etengabeko koordinazioa izango da, egunero ia, zerbitzu-erakundeen laguntza-mailen artean, Larrialdiekin koordinazioan. Koordinazioaren buru Osakidetzaren Osasun Laguntzako Zuzendaritzako batzorde berezia izango da.

Batzorde hori ESI guztiek eta kronikoen ospitaleek osatuko dute, eta horiek izango dira egoeraren segimendua egiteko arduradunak, dela kontsultetan eta lehen arretako larrialdietan, dela ospitaleetako larrialdietan, eta oheen egoera egiteko arduradunak.


2018ko txertaketa-kanpainaren irudia eta estrategia


Kanpainarako, Osakidetzako ospitaleetako eta osasun-zentroetako fatxadetan eta autobus-geltokietan eta metroetan olanak jarriko dira, eta prentsa idatzian eta digitalean, telebistan, irrati-iragarkietan eta Sailaren web-orrialdeetan agertuko da.

Aurreko kanpainan egin zen bezala, ahalegina egingo da euskal gizarte osoarengana heltzeko, eta ez bakarrik arrisku-taldeetara. Horrela, kalean milaka liburuxka banatuko dira, gripearen aurrean geure burua babesteko eta pertsona ororentzat, arrisku-taldekoak izan ala ez izan, interesekoak diren neurri higienikoei buruzko informazio errazarekin eta oinarrizkoarekin. Mezu horiek irrati, egunkari, osasun-zentro eta anbulatorioetan, Osakidetzaren web-orrialdean eta Osasun Sailarenean eta beste hainbat tokitan ere errepikatuko dira.

Horrela, gizarte osoari gogoraraziko zaio garrantzitsua dela prebentzio-neurri gisa:

- Erabiltzeko eta botatzeko paperezko zapiak erabiltzea

- Eztula edo doministiku egitean, ahoa edo sudurra besoarekin estaltzea

- Eta eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea sarri

Informazio hau osatzeko, Osakidetzaren osasun-baliabideen erabilera arduratsua egiteko gomendioa hartu behar da aintzat; funtsezkoa da hori behar bakoitzera egokitzen den osasun-arreta eskaini ahal izateko. Horrela, liburuxka hauetan adieraziko da pertsona bakoitzak, bere osasun-egoeraren arabera, baloratu behar duela zein den osasun-zerbitzu egokiena norberaren arazoari arreta emateko eta konpontzeko. Horrela, ez dugu alperrik itxaron behar izango arreta jasotzeko eta ez da osasun-sistema saturatuko.

Gainera, Osasun Sailak eta Osakidetzak eskuragarri dituzten baliabideak jarriko dituzte erabilgarri, gripearen aurkako txertaketa-kanpainan parte hartzeak duen garrantziaz informatzeko eta kontzientziatzeko:

- Profesionalen osasun-batzordea indartuko da, lehen mailako arretan eta ospitale-eremuan.
- Txertoa hartu nahi duenak erraz eta modu eskuragarrian egiteko bide emango da.
- Telefonoz, gutunez eta Beti On laguntza-zerbitzuaren bidez jakinarazi eta gogoraraziko da txertoa hartzeko beharra.
- Gripearen aurkako txertaketari buruzko mezuak sartuko dira osasun-zentro eta anbulatorioetara egiten diren telefono-deien itxarote-moduetan.
- Kanpainaren irudia eta mezua sartuko dira alta-txostenetan, hitzordu-dokumentuetan, mezu elektronikoen oin-oharretan eta zentroetan ditugun informazio-monitoreetan.
- Eta arreta berezia eskainiko zaie haurdun dauden emakumeei.

Aurkezpenaren amaieran, Osasun sailburuak eskerrak eman dizkie foru-aldundi, udal, farmazialarien elkargo eta elkarteei, Kutxabanki eta Laboral Kutxari, aurten ere gripearen aurkako txertaketa-kanpaina zabaltzen laguntzeagatik. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie, azkenik, osasun-langile guztiei, ongi egiten jakiteagatik eta egunerokotasunean pazienteekin erakusten duten inplikazioagatik.