Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
45 Zbk..
servicios

Baliabideak eskura

Artea eta natura Ur mara museoan

Ur mara museoa gune paregabea eta esperimentala da, non arteak eta naturak bat egiten duten modu naturalean.

urmara

Izenean Ur eta mara hitzak batzen dira, elementua eta horren mugimendu etengabe eta ferekatzailea, mara-mara, poliki-poliki aurrera doan zerbait. Presa eta hiriko zarata atzean uzteko propio prestatutako gunea da.

Alkiza herritik hurbil dago eta 11 hektarea baso hartzen ditu, batez ere haritzak, pagoak, lizarrak, garoak... Bertan, erabat doakoak diren askotariko jarduerak egiten dira, izan ere, Koldobika Jauregi sustatzailearen esanetan, kultura guztion eskura dagoen ondasuna izan behar da.

Erakusketak, sormenezko tailerrak, arte korporatiboa... helburu bakarrarekin eramaten dira aurrera: natura-ingurunearen kontserbazioa, eraldaketa iraunkorra eta lurraldearen antolaketa bultzatzea, eta era berean, jarduera intelektuala eta sortzailea eta pentsamendu kritikoa sustatzea.

urmara

Ur maran jarduera ugari daude aukeran, besteak beste, Alkizako txorien fitxak osatu eta esaera zaharrekin lotzea, txorimaloak egitea uzta hegaztiengandik babesteko, sagarrak bildu eta sagardoa egitea, birziklatutako arropekin tapizak egitea, kaleidoskopioak, etab.

Gune berri hori bisitatzean atzean utzi behar ditugu presak eta hiriko zaratak, naturan murgiltzeko.

Ur mara museoa
Helbidea: Garmendi-Azpi Baserria, Azaldegi 9. 20494 ALKIZA
Tel.: 943 694 210 - urmara.alkiza@gmail.com
www.urmara.com

Bideoak
Zabortegiaren harmonia

video orquesta

'Landfill harmonic - Zabortegiaren harmonia' Graham Townsley estatu batuarrak zuzendutako dokumentala da. Hamabi minutu eskasetan, Cateurako, Paraguayko, zabortegi handienetako bateko Musika-tresna Birziklatuen Orkestraren historia azaltzen du. 2006az geroztik, Cateuran zaborrak pilatzeaz gain, baliabide gutxi dituen gazte- eta haur-talde batek musika ikasi eta zabortegiko hondakinen artean bilatutako materialak birziklatzen eta berrerabiltzen ditu, kontzertuak eskaintzeko musika-tresnak sortzeko. Favio Chávez ingurumen-teknikari eta musikari amateurrak sortu zuen orkestra horrek familia askoren bizimodua aldatu du. Sortu zenetik hona nazioartean ospea lortu eta munduko hainbat herrialdetako agertokietan eman ditu musikaldiak.

Youtuben dagoen bideoak 400.000 bisita baino gehiago izan ditu eta, astebete eskasean, orkestrak 19.000 mezu elektronikotik gora jaso zituen, Londreseko Orkestra Sinfonikoarena barne. Horrek bisitatzera joateko gonbidapena igorri die. Gainera, pertsona batzuek musika-tresnak eman dizkiete.

Ikusi Bideoa


Energia iraunkorra bertsoetan

arte-sostenible

Hiru minutu eskaseko iraupena duen bideo horretan, Tolosako Ingurumen Zentroak antolatutako energia iraunkorrari buruzko seigarren topaketetan bildu ziren ikasleek egindako lana agertzen da. Bertan ikus daiteke edozein arte-adierazpide (kasu honetan bertsolaritza) balia daitekeela ingurumenaren zaintzari lotutako gaiak lantzeko. Ekimen horrek Tolosaldeko herrietako ikastetxeetako ikasleak bildu eta bakoitzak egindako lana azaltzeko topagunea eskaintzen die.

Ikusi Bideoa


'Zentzua eta iraunkortasuna': Arte galkorra Lagako hondartzan

arte-playa

"Zentzua eta iraunkortasuna" aurkezteko Euskal Telebistak egindako bideoa. Arte galkorra Lagako hondartzan (Urdaibain) "Euskadi 2012, Bakearen eta Askatasunaren Aldeko Kulturen Urtea" ekimenaren esparruan kokatuta zegoen proiektu horren helburua hauxe zen : artea pertsona guztien eskura jartzea eta hurbiltzea, eta kultura premiatzat sustatzea.

Lagako hondartza izan zen "Zentzua eta iraunkortasuna" lanaren lehen piezaren agertokia. Gunilla Kinberg artista suediar ospetsuak egin zuen artelan hori, zehazki, hondarretan marraztutako izar multzo handi bat.

Proiektuan lan egin zuten artistek aurretiaz Urdaibaiko ingurumen fisiko eta soziala aztertu zuten, norbanakoa bere izaera gizatiarrenarekin bilaraziz, elkarrizketa astinduko zuen esperientzia-komunitatea sortzeko.

THE PAPER SUTFF. ARTEA ETA IRAUNKORTASUNA
Expo RETHINK - Contemporary Art and Climate Change

Liburuak
Birziklatu zeure sukaldea

recicla tu cocina

Urtero, lagun bakoitzeko, 180 kilo elikagai botatzen ditugu zaborretara. Alferrik galtzen den janari guztiarekin, gose diren munduko 1.000 milioitik gora gizon-emakume hainbat aldiz elikatuko lirateke.

Hitz horiekin hasten da hondarrekin prestatutako irudimen handiko plater originalez osatutako errezeta-liburua, beste ezeren aurretik kontsumo arduratsua sustatzea xede duena. Horren orrialdeetan, nabarmentzen da janaria erosten den unetik bertatik pentsatu behar dugula sukaldeko birziklapenean. Aholku batzuk eman ondoren, eskuarki zaborretara botatzen ditugun janari-hondarrak berriz erabiltzen lagunduko diguten errezeta batzuk eskaintzen dizkigu errezeta-liburuak: errioxar erara egindako pataten kroketak, bildots erre birziklatua, amerikar krema, barazki-risottoa eta fruta-puddinga, besteak beste. Liburua gaztelaniaz eta euskaraz eskura daiteke.

Deskargatu "Recicla tu cocina"

Errezeta probetxua ateratzeko eta on egin deizun

recetas

Hemen duzu sukaldeko hondarrekin egiteko beste errezeta-liburu bat, hori ere euskaraz eta gaztelaniaz, oraingo honetan Artxandako Ostalaritza Eskolak egindakoa.

Deskargatu "Errezeta probetxua ateratzeko eta on egin deizun"

Material didaktikoa
Zure hondakinek bizitza luzea dute, birzikla itzazu

materialdidactico

Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroak (CRANA) iraunkortasunaren kultura ikuspegi askotatik lantzeko aukera ematen duten material didaktiko ugari eskaintzen die ikastetxeei. Oraingo honetan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako erakusketa ibiltaria aurkeztuko dizuegu. Herritarrak hondakinak prebenitzen eta birziklatzen inplikatzea eta jardun horretan partaide bihurtzea da asmoa. Euskaraz eta gaztelaniaz ikus daitekeen erakusketa horrek bederatzi panel eta pieza zentral bat ditu, hondakin motei, beraien jatorriari eta egoki kudeatzearen onurei buruzko azalpenak emateko. Era berean, lau gai multzo handitan banatuta dago, errazago ulertu ahal izateko: zuhaitzak, hirian sortutako hondakinak, birziklatzeko edukiontziak eta puzzle handi bat.

www.crana.org


Beste gauza batzuk
Industria iraunkortasun-faktorea Arte Garaikidean

conill

Luis Badosa Conillek Fabrikarten argitaratutako artikulua. Fabrikart diziplina-arteko urtekaria da, Arte Plastikoei lotutako industriaren, mekanikaren, teknologiaren eta espazioaren alorreko ideiak, kontzeptuak eta ikonografia biltzen dituena. Halatan, Fabrikartek pertsona ospetsuen ikerketa-lanak, argitalpen berriak, gertakizunak eta albisteak plazaratzen ditu, gaur egungo gizartean teknologiaren eta industriaren kultura aitortzen eta balioztatzen laguntzeko asmoz.

Badosa Conillen artikuluak azaltzen du industriak irudi negatiboa izan duela, esplotazio gunetzat, osasungarritasun-baldintza ezin txarragoak dituen eremutzat eta ingurumena kutsatzen duen esparrutzat hartu izan delako. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, industria duintzen lagundu duten balio berriak antzeman dira, eta gaur egun industriak arte garaikidearekin bat egiten du, haren espazio zabalei, material berriei, serieko ekoizpen-sistemei, mundu mailako merkatu lehiakorrei eta esperimentatzeko teknologia berriei esker, sorkuntza-lana errazteko.

Ikusi

Ikusi Bideoa

Webguneak
Arte Sostenible

arte-sostenible

Arte Sostenible irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Ingurumen- eta gizarte-narriaduragatik kezkatutako artearen eta kulturaren alorreko profesional talde batek sortu zuen 2008an; izan ere, beraien ustez, arteak, iraunkortasunaren esparruan, jendearen arteko komunikazioa erraztu eta eguneroko bizitza eraldatzeko ahalmena du. Horregatik, garapen iraunkorrarekin konprometitutako artistekin proiektuak lantzen dituzte, naturaren eta horrek gizakiarekin duen harremanaren esanahiaz kultura-hausnarketa bultzatzeko asmoz.

Elkartearen webgunean aurki ditzakezu proiektu guztiak, prestakuntza-ikastaroak, lantegiak eta abar.

Webera joatea


Cultura21

cultura21

Cultura 21 2005ean sortu zuen Davide Brocchik Alemanian. Gizarteak eta bizimoduak sustatu eta horien kultura-bilakaera bultzatzeko oinarritzat erabiltzeko plataforma da, eta gizarte-justiziaren, bakearen, demokraziaren, autodeterminazioaren eta ekologiaren artean dagoen lotura estuaren bidez iraunkortasuna sustatzea du xede. Arteen, hezkuntzaren eta komunikazioaren bidez gizarte iraunkorragoa sortzen laguntzea da horren asmoa. Horretaz gain, baina, kultura-aniztasuna ere sustatu nahi du eta, horretarako, nagusi den Amerikako kulturaren eraginaz kanpo dauden beste kultura batzuekin lan egiten du. Era berean, artistek gizarteari lotutako arte-eskulturak eta alegiazko espazioak sortzeko nahiz gizarteari lotutako arte-ekimenak garatzeko aukerak eskaintzen ditu.

Gaur egun, sare horrek Alemanian, Txilen, Danimarkan, Estatu Batuetan, Frantzian, Ingalaterran, Italian, Mexikon eta Hegoafrikan ditu kideak. Guztiek ere informazioa eta ideia inspiratzaileak trukatu eta elkarrekin jarduerak antolatzen dituzte.

Webera joatea