Osasun Saila

Aurretiazko borondateak (AB)

Atarikoa

Nork bere bizitza kudeatzea errespetatzeak (bioetikako autonomia-printzipioa) esan nahi du gai den pertsona orok, hertsapenik gabe eta behar bezala informatuta dagoela, eskubidea duela tratamendu jakin bat onartzen duen ala ez erabakitzeko, hau da, erabakitzeko zer jotzen duen bere buruarentzat egokitzat, nahiz eta batzuetan medikuen iritziekin bat ez etorri.
 
Voluntades anticipadas EuskadiGaixoak gai ez denean bere iritzia adierazteko duen eskubidea babesteko modurik onena Aurretiazko Borondateak (AB) dira, aurretiazko jarraibideak, aurretiazko gidalerroak edo bizi-testamentuak ere deituak. ABak prozesu bat dira, non pertsonak planifikatzen duen (bereziki, bere kabuz erabakitzeko gai ez den unerako) etorkizunean zer nolako osasun-arreta jaso nahi duen edo jaso nahi ez duen. Mediku-paziente harremanaren emaitza izan behar litzateke, eta, ahal dela,  pazienteak izendatutako ordezkari edo ordezkarien parte-hartzearekin egindakoa.

Aurretiazko borondateek berebiziko garrantzia eta onura dute bizitzaren amaierako eskubideen  esparruan. Hori nabarmena da okerrera egin dezakeen gaixotasun kroniko bat aurrez ikus daitekeenean.
 
Paziente guztiek dute eskubidea zainketa-planean parte hartzeko, eta osasun-arloko profesionalek lanbide- eta lege-erantzukizuna dute parte hartze hori ziurtatzeko, kontuan hartuta jada ez dela medikuntzako praktika ona gaixoaren borondatea errespetatzen ez duena. Ez du esan nahi pazienteak adierazi behar duenik zein izango den tratamendua, baizik eta aukeratu egingo duela dauden aukerarik zentzuzkoenen artean.
 
Erabakietan parte hartzeko gaitasuna galdu duen pazientearen osasun-arreta aurrez adierazi zituen lehentasunen araberakoa izango dela ziurtatzea da ABen helburu nagusia.
 
Bigarren mailako helburuak dira osasun-arloko erabakiak hartzeko prozesua hobetzea, gaixoaren ongizatea optimizatzea eta haren hurbilekoen kargak arintzea. ABak tresna erabilgarria dira bai gaixoarentzat eta bere hurbilekoentzat, bai profesionalentzat, elkarrekin hobeto komunikatzen eta asistentzia-harremanak hobetzen laguntzeko.
 
Beraz, ABak zainketa-plangintza batean kokatzen dira, zeina izango baita prozesu positibo bat herritarrek beren osasunari buruzko erabakietan hausnar dezaten eta horietan inplika daitezen, beren balio pertsonalei jarraikiz, mediku-paziente-familia harremanaren esparruan.
 
Osasun-harremanaren testuinguruan, pazientearen borondatea ahoz adieraz daiteke, eta haren historia klinikoan jasota utziko da. Nolanahi ere, zeinahi egoeratan hori beteko dela ziurtatzeko modurik onena Aurretiazko Borondateen Dokumentuen bidez egitea da (ABD)

Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD)

Zer da ABDa?

Dokumentu bat, idatziz egina, eta ekipo medikoari zuzendua. Bertan, pertsona batek jasota uzten ditu jarraibide batzuk, etorkizunerako, une horretan bere borondatea adierazteko gai ez bada erabil daitezen. Dokumentu hori edozein momentutan aldatu edo atzera bota daiteke, erabakiak hartzeko gaitasunari eusten zaion bitartean. Une horretara arte, pertsonaren erabakiak izango du lehentasuna dokumentuan jasotakoaren gainetik.

Nork egin dezake?

Edonork, gai bada, judizialki ezgaitua ez badago, eta askatasunez ari bada.

Kontuan hartzea komeni dena:

  • Bizitzaren amaierari buruz dauzkan balio eta lehentasunei buruzko hausnarketa. Ideiak antolatzen laguntzeko, “Pentsatu, hausnartu...”, (Gastelaniaz, PDF, 706 KB) dokumentu laburra irakurtzea gomendatzen da.
  • Hurbileko familiarekin eta zure ordezkariekin hitz egin ABDan jaso nahi dituzun erabakiei buruz.
  • Kontsultatu eta komentatu zure osasun-etxean ABDak zer nolako edukia izan dezakeen. Izan ere, bertan informatuko zaituzte ondoen gaixotasun batek izan dezakeen bilakaeraz eta erabaki bat edo bestea hartzearen ondorioez.
  • Kontuan izan behar duzu, zuk hala adierazi arren, ez dela onartzen legez kontrako jokabiderik.
  • Zure dokumentua etorkizunean ezagutu dadin eta eraginkorra izan dadin, ABDa erregistratzea komeni da.

Nola egiten eta formalizatzen da ABDa?

  • Bizitzako azken uneekiko eta ezintasun fisiko edo psikiko larriko egoerekiko dauzkazun balioak eta aukera pertsonalak jaso behar ditu ABDAk. Zehazki, mediku-jarduketekin lotutako jarraibideak eta mugak adierazi behar ditu. Organoak emateko eta abarrerako borondatea duzula ere adieraz dezake. Mugak: Borondateak ez dira aplikatuko legearen aurkakoak edo praktika kliniko zuzenaren aurkakoak badira, ezta agiria egin duenak adierazi ez duen ezertan ere.
  • Komeni da, halaber, ordezkari bat edo gehiago izendatzea, behar izanez gero dokumentua interpretatzen lagundu dezaten, ordezkaritza hori onartzen dutela jasota utziz. Inpartzialtasuna bermatze aldera, ezingo dira ordezkari izendatu ez lekukoa, ez notarioa, ez erregistroaren arduraduna, eta ezta interes-gatazka izan dezakeen inor ere.
  • Azkenik, ABDa ez baduzu notario aurrean edo zuzenean Aurretiazko Borondateen Erregistroan egiten, lekukoen deklarazioa gehitu behar duzu, haien identitatea argi zehaztuz.

Hiru apartatu horiek egiten laguntzeko, eskuragarri jarri dizugu ABDaren eredu orientagarri bat.

Nola egiten da baliozko ABDa? Bizi-testamentua egiteko hiru aukera:

  • Hiru lekukoren aurrean egin behar da. Adin nagusikoak izango dira, jarduteko gaitasun osoa dutenak, eta ez dute izango testamentu-egilearekiko bigarren gradura arteko ahaidetasunik (ikusi beheko taula), edo ezkontza, elkartze libre edo izatezko bikote bidezko harremanik, ezta ondare-harremanik ere. Hiruek jardungo dute testamentu-egilea aurrean dutela, zeinak dokumentuaren orri guztiak sinatuko baititu.

Mailak Titularra/Ezkontidea
1 - EZ Gurasoak Aitaginarrebak/Amaginarrebak Seme-alabak Suhia/Erraina
2 - EZ Aitona-amonak Anai-arrebak Koinatuak Bilonak
3 - BAI Birraitona-amonak Osaba-izebak Ilobak Birbilobak
4 - BAI Lehengusu-lehengusinak - - -
  • Notarioaren aurrean, zeinak tramite guztiak egingo baititu. Ez da lekukorik behar.
  • Aurretiazko Borondateen Erregistroko arduradunen aurrean, Osasun Sailaren egoitza batean; zehazki, testamentua egiten duenaren helbideari dagokionean. Ez da lekukorik behar.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa.

ABen Euskal Erregistroa tresna bat da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sortu duena, Aurretiazko Borondateen Dokumentuak erregistratzeko eta eraginkor egiteko.

Erregistroan eskaintzen diren zerbitzuei herritarren sarbidea errazteko, bere funtzioak Osasun Saileko (Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritza) eta lurraldeetako Ordezkaritzei esleitutako administrazio-unitateetako organo eskumendunen artean banatzen dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde esparruekin.

Euskal Erregistroa Estatuko Aurretiazko Jarraibideen Erregistroarekin (RNIP) konektatuta dago, erregistratzen diren deklarazio guztiak edozein autonomia-erkidegotatik kontsultatu ahal izateko.

Erregistroaren oinarrizko funtzioak.

  • ABDak erregistratzea eta zaintzea.
  • Medikuari horiek eskuratzen laguntzea, eta, hala badagokio, baita egileari berari eta/edo bere ordezkariei ere.
  • ABD bat Erregistroan inskribatu gabe badago, dokumentu horren egileek, horien ordezkariek, senitartekoek edo hurbilekoek eman behar dute horren berri, dokumentua eraginkorra izan dadin.

Zure ABDa Erregistroan inskribatzea

A) ABDa hiru lekukoren aurrean egin baduzu, honako hauek prestatu behar dituzu:

  • Erregistratzeko eskaera, hemendik deskarga daiteke; bestela, Osasun Sailaren edozein ordezkaritzatan daukazu eskuragarri.
  • Gutun-azal itxian, aurretiazko borondateen jatorrizko dokumentua, testamentu-egileak eta lekukoek sinatua, eta parte-hartzaileen NANaren kopiak (testamentu-egilea eta lekukoak). Ordezkaririk balego, bere NANa eta telefonoa.

Eta hori guztia posta ziurtatu bidez bidali behar da Erregistroaren helbidera, edo, bestela, beste administrazio batzuen bidez egin daiteke bidalketa (Sailaren lurralde-ordezkaritzak, Udalak, Gobernuaren Ordezkariordetzak, Osasun Zentroak...), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

B) Notarioaren edo Erregistroaren arduradunaren aurrean egin bada ABDa, horiek arduratuko dira erregistratzeko izapideak egiteaz.

  • Prozedura horietako edozein eginda, ABen Euskal Erregistroko arduradunak ebazpen bat emango du, zure ABDaren erregistroa baiesteko, eta zure bizilekura bidaliko zaizu.

ABDa aldatzea, ordeztea edo baliogabetzea

ABDa egiteko erabili den modu berean aldatu, ordeztu edo errebokatu daiteke: hiru lekukoren aurrean, notarioaren aurrean edo Erregistroaren arduradunaren aurrean.

  • Aldatzea: nahi baduzu, zure ABDaren xedapen edo zatiren bat alda dezakezu, eta gainerakoa indarrean utzi. Helbidearen edo telefonoaren aldaketa sinple bat izango balitz (zurea edo zure ordezkariarena), telefonoz jakinaraz diezagukezu.
  • Ordeztea: zure ABDaren edukiaren aldaketa garrantzitsuak dira, komenigarritzat jotzen dituzunak, eta praktikan, zure jatorrizko ABDa beste batek ordeztuko duela esan nahi du.
  • Errebokatzea: Erregistroko zure ABDa deuseztatzea da, eta beraz, eraginik gabe gelditzea.

Izapide hauetarako guztietarako, inprimaki hau erabil dezakezu, eta Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora bidali. Registro Vasco de Voluntades Anticipadas.

Zure ABDaren kopia bat eskatu

Zure ABDaren kopia bat eska diezaiokezu Euskal Erregistroari, inprimaki hau erabiliz.

ABen Erregistroan inskribatutako ABDa kontsultatzea

Zuk edo zure ordezkariak erregistratutako ABDa kontsulta dezakezu telematikoki, aurrez identifikatuta, hemendik (arazorik izanez gero, gidaliburu hau kontsulta dezakezu).

Osakidetzaren web orritik ere egin dezakezu, zure osasun-karpetaren bidez, baldin eta zerorrek sartu baduzu, eskuz, zure ABDa.

Informazio gehiago, kontsultak, hitzordua eskatzea eta harremanak

Voluntades anticipadas Euskadi

Zure osasun-zentroko osasun-langileek orienta zaitzakete aurretiazko borondateen inguruan.

ABDak behar bezala jaso behar ditu zure balioak eta lehentasunak, eta, beraz, lehen pauso gisa, horien inguruko hausnarketa bat egitea komeni da. Ideiak antolatzen laguntzeko, Pentsatu, hausnartu... ” (Gastelaniaz, PDF, 706 KB)  dokumentu laburra irakurtzea gomendatzen da.

Osasun Sailaren ordezkaritzetara atxikitutako Erregistroko administrazio-unitateetan informa zaitzakegu:

(Arreta-zerbitzua, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara)

  • Arabako Osasuneko Lurralde Ordezkaritza
    • Olagibel kalea, 38
    • 01004 Vitoria-Gasteiz
    • Telefono-zenbakia: 945 01 71 32
  • Bizkaiko Osasuneko Lurralde Ordezkaritza
    • Errekalde zumarkalea 39
    • 48008 Bilbao
    • Telefono-zenbakia: 944 03 15 00
  • Gipuzkoako Osasuneko Lurralde Ordezkaritza
    • Antso Jakitunaren kalea, 35
    • 20010 Donostia-San Sebastián
    • Telefono-zenbakia: 943 02 30 06

Edo, bestela, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko administrazio-unitate zentralean:

Aurretiko hitzordua ABDa kudeatu edo aldatzeko.

Zure ABDaren inguruko edozein gestio egiteko (erregistratzea, aldatzea, ordeztea edo errebokatzea), hitzordua eska dezakezu Erregistroaren helbide eta telefonoen bidez, edo telematikoki, hemendik (arazorik izanez gero, gidaliburu hau kontsulta dezakezu).

Araudia

41/2002 Oinarrizko legea, Pazienteen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren alorreko eskubideak eta obligazioak arautzen dituena.
7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Eusko Legebiltzarrarena, osasun arloko Aurretiazko Borondateena.
66/2018 Dekretua, maiatzaren 2koa, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortzen eta arautzen duen Dekretua aldatzen duena.
270/2003 Dekretua azaroaren 4koa, Eusko Jaurlaritzarena, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortzen duena.
2003ko azaroaren 6ko Agindua Osasuneko sailburuarena, «Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa» datu pertsonalen fitxategi automatizatua sortzen duena.
Agindua, 2018ko maiatzaren 11koa, Osasuneko sailburuarena, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa kudeatzeko administrazio-unitateak zehazten dituena.
124/2007 Errege Dekretua, otsailaren 2koa, Aurretiazko Jarraibideen Erregistro Nazionala eta berorri dagokion datu pertsonalen fitxategi automatizatua arautzen dituena.
147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena.
11/2016 Legea, uztailaren 8koa, bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzkoa.

Osasun-arloko langileentzat

Aurretiazko borondateen deklarazioa sustatzea

Osasun-arloko langileak, jardunbide kliniko egokiaren barruan, funtsezkoak dira beren pazienteek ABen deklarazioa egin dezaten sustatzeko, autonomiaren printzipio etikoarekiko eta zainketen aurretiazko plangintzarekiko errespetuaren adierazpen gisa.

Eginkizun hori bereziki garrantzitsua da, batez ere, pertsonaren osasun-egoera eta izan lezakeen bilakaera kontuan izanda, aurreikusten denean etorkizun hurbilean edo ez hain hurbilean hil ala biziko erabakiak hartu behar izatera irits daitekeela, eta orduan pazientea ez dela gai izango bere iritzia emateko.

Osasun-arloko langileek honako hauei buruzko informazioa eman behar diete paziente hauei:

  • beren osasun-egoera, duten gaixotasunak izan dezakeen bilakaera eta etorkizunean izan ditzaketen konplikazioak.
  • Aukera terapeutikoak, bizi-euskarriko tratamenduak eta zainketa aringarriak barne, eta horietako bakoitzarekin dauden aukerak, bizirik irauteko eta osatzeko.
  • Hartutako erabakien ondorioak, inguruan.

Ulertu behar da ABak zainketak planifikatzeko laguntza bat direla, bai pazientearentzat, bai profesionalarentzat berarentzat, eta horiek kontuan hartzeko modurik hoberena dagokion ABDa egitea eta Erregistroan inskribatzea da.

Noiz kontsultatu behar da ABDa?

Profesionalek, arrisku handia eta/edo garrantzi berezia izan dezakeen prozedura bat aplikatu aurretik, horren berri eman behar diete pazienteei, eta dauden aukerak eta ondorioak zeintzuk diren adierazi behar diete, beren lehentasunak ezagutzeko eta dagokion baimen informatua lortzeko.

Pazienteak ezin badu bere kabuz erabakirik hartu eta/edo bere borondatea aditzera eman (bereziki, bizitzaren amaierako prozesuan), bera zaintzeko ardura duen osasun-arloko profesionalak, prozedura horiek aplikatu aurretik, legezko obligazio hauek ditu:

  • Egiaztatzea ea bere pazienteek ABDa egina duten edo aurretiazko beste jarraibide-motaren bat emana duten.
  • Hala izanez gero, horien edukia kontsultatzea.
  • Jarraibide horiek eta horietan adierazitako bizi-balioak errespetatzea. Zalantzaren bat izanez gero horiek interpretatzerakoan, pazienteak ABDan izendatutako ordezkariarengana jo dezake.
  • Pazientearen historian jasota uztea zer erabaki kliniko hartu den eta zergatik.

Nola eskuratu Erregistroan inskribatutako Aurretiazko Borondateen Agiri bat?

Konfidentzialtasun-baldintzak beti eta erabat errespetatuta, osasun-arloko profesionalek haien ardurapeko pazientearen ABA eskuratu dezakete, Osakidetzako webgunearen bidez, atal honetan sartuta: profesionalak/Internet bidezko zerbitzuak/aurretiazko borondateen erregistroa

Profesionalak bere burua behar bezala identifikatu eta pazientearen datuak sartu ondoren, sistemak Euskal Erregistroan bilatuko du eta, hor emaitzarik lortu ezean, Aurretiazko Jarraibideen Erregistro Nazionalean (RNIP) jarraituko du bilatzen, eta dagokion emaitza itzuliko dio profesionalari (edozein autonomia-erkidegotatik Erregistro Nazionalean inskribatutako ABA, hain zuzen ere, betiere halakorik baldin badago). Arazorik izanez gero, gidaliburu hau kontsulta dezakezu.

Eredu deskargagarriak

Deskargatu daitezkeen ABDen eta beste eskaera batzuen eredu orientagarriak dauzkagu:

Formulario horiek ondo eta zure behar eta nahietara behar bezala egokituta betetzeko, irakur ezazu orri honetan dagoen informazioa, bakoitzari dagokion erlaitzean sakatuta.

Azken aldaketako data: