Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

URAk Gernika eta Busturia artean eraikitzen ari den kolektorea aldatuko du Foruan atzeman dituen terma erromatar batzuen aztarna arkeologikoak babesteko

Argitalpen-data: 

Gernika-Busturiako kolektore-tartea

URAk Gernika eta Busturia artean eraikitzen ari den kolektorea —Mundakako itsasadarraren ezkerraldeko saneamendu-kolektorea—aldatuko du, Foruako Elejalde auzoan.

Kontuan izanda kolektorearen bideak Foruako Herri Erromatarreko  balizko arkeologia-gunea gurutzatu behar zuela, URAk zundaketak egin zituen eremuaren arkeologia-potentzialtasuna ezagutzeko, eta hasieran ireki behar ziren zangetan kontrol-neurriak ezarri zituen.

Zundaketa-emaitzen arabera, terma erromatar batzuen aztarna arkeologikoak dira, zonaldean orain arte aurkitu izan den eraikuntza publikorik nabarmenetakoa, eta horien babestea premiazkoa da. Hartara, kolektorea egiteko prozedura  tarte horretan aldatuko du URAK.

Hasierako proiektuak aurreikusten zuen kolektorea zanga irekien bitartez eraikitzea, 2-3 metroko sakoneran. Orain, aldiz, kolektorea eraikitzeko lurpeko tinkatzea erabiliko da, zangak ireki barik, 7-8 metro sakon, aurkitutako  aztarna arkeologiko horiek babesteko. Hots, trazadua gordetzen da, baina aurrena aurreikusitakoa baino 5 metro sakonago. Hori guzti, Ondare Kulturaleko buruek zehaztutakoari jarraiki.

Arkeologia-azterketa  eta –babes lan horiek Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailarekin lankidetzan egin dira, eta egindako zundaketen emaitza guztiak hari helarazi zitzaizkion.

Gernika-Busturiako kolektore-tartea

Esleitutako proeiktua itsasadarraren ezkerraldeko kolektore berria egiteko lanak barne hartzen ditu Gernikako ponpaketa-estaziotik (egun leku horretan dagoen araztegiaren eremuan) eta Busturiako ponpaketa-estazioaren arteko tartean.

Lan horien xedea: Gernikatik Busturiaraino hondakin urak jaso, abian diren edo eraikitzen ari diren kolektore tarteen bidez batu eta horiek guztiak (ezkerraldeko herriguneetakoak zein eskuinaldeko zati batetakoak) Lamiarango araztegira helaraztea bertan dagokion legez trata ditzaten, itsasora isuri aurretik.

Lanon barruan 6,5 km-ko kolektore-tarte berria egingo da (tartearen gehiengoan grabitateak bultzatuko ditu urak; baina, ia 2 kilometrotan, emarien bultzatzea beharrezkoa izango da); 2 kilometro eta erdi hodi eraiki beharko dira Gambe eta Muruetako hondakin urak kolektorera bideratzeko; eta, azkenik, 4 ponpatze eraikiko dira isuriak saneamendu-sistemara helarazteko.

Halaber, aurreko lanok egindako zuloak irekita direla baliatuz, hornidurarako 6,5 km hodi berri eraikiko da. Busturia eta Gernika arteko hornidura-hodia berriztatzea beharrezkoa da: bai gaur erabiltzen dena padura-gunean dagoelako, baita egoera makalean dagoelako ere.

Lan horiei esker, Gernika eta Lamiarango HUA arteko saneamendu-sarearen tarteak bukatuko dira, eta, hartara, Gernika, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi edota ezkerraldeko beste herriguneen hondakin-urak, behingoz, Bermeon dagoen HUAraino bideratuko dira, dagokion moduan tratatuak izan daitezen.

Proiektu hori URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako lankidetzarako hitzarmenean jasotzen da. Hitzarmen horrek xede du saneamendu-sarea eraiki eta hondakin-urak Bermeoko Lamiarango HUAra (Hondakin Uren Araztegira) bideratzea ahalbidetuko duten lanak egitea. Hitzarmen horrek zedarritutakoaren arabera, Uraren Euskal Agentziak 49 milioi inbertituko ditu 5 urteren buruan, 2003 geroztik Eusko Jaurlaritzak jadanik ordaindutako 35 milioi gehitzen zaiena; beste alde batetik, Busturialdeko Ur Partzuergoak konpromisoa hartu du kudeaketa plan bat zehazteko saneamendu-azpiegituren mantentze teknikoa eta ekonomikoa ahalbidetze aldera; hartara, etorkizunean ur-hornidura eta hondakin-uren kudeaketarako beste administrazioen laguntza-eske jotzea ekiditeko.