Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2025eko irailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
3960

EBAZPENA, 2025eko irailaren 5ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei lehentasunez zuzendutako 2025-2027 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartzen dira eta 2025eko ekitaldirako deialdia egiten da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2025eko irailaren 4ko bilkuran, erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei lehentasunez zuzendutako 2025-2027 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartzea, eta 2025-2027 ekitaldirako deialdia egitea, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako estatutuen 11.j) artikuluaren arabera.

Estatutu horien 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko ente publiko horren zuzendari nagusiari dagokio argitaratu daitezen agintzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren 2025eko irailaren 4ko Erabakia argitaratzea. Erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei lehentasunez zuzendutako 2025-2027 prestakuntza-eskaintza finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartzen dira eta 2025-2027 ekitaldirako deialdia egiten da (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Ezagutzera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Ohartaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakiokeela organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 5a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
LEHENTASUNEZ LANGABEEI ZUZENDUTAKO 2025-2027 URTEETARAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA FINANTZATZEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN LANERAKO PRESTAKUNTZA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ETA HAREN 2025EKO EKITALDIKO DEIALDIAREN ESPARRUAN

Euskal Autonomia Erkidegoan lanerako prestakuntza arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta landunen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar dira hainbat lanbidetan modu kualifikatuan jarduteko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

Laneratzea da langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren helburu nagusia. Horretarako, prestakuntza-eskaintzak bete beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen banakako beharrizanak: lan egiteko moduan dauden pertsonei konpetentziak eman behar dizkie, lan-proiektua gauzatzeko behar baitituzte, eta, halaber, haien enplegagarritasuna hobetu behar du. Prestakuntza egiaztagarria eta ez-egiaztagarria dira prestakuntza-eskaintza honen oinarri nagusia.

Era berean, 82/2016 Dekretuaren arabera, profesionaltasun-ziurtagiriak langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren oinarri nagusia dira eta, prestakuntza egiaztagarri horrekin batera, biztanleria lan-mundura hurbiltzen laguntzeko ekintza guztiak programatu behar dira, gizartean baztertuta egoteko arriskuan dauden kolektiboei bereziki erreparatuta. Halaber, egokitzat jotzen den prestakuntza ez-egiaztagarri kualifikatzaile eta zeharkakoa ere programatuko da.

Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko Legea (martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa) eta hori garatzen duten Errege Dekretuak (uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretua eta uztailaren 9ko 658/2024 Errege Dekretua) indarrean jarri ondoren, profesionaltasun-ziurtagiriak Lanbide Heziketaren sisteman integratu ziren, eta lanbide-ziurtagiri izendatu ziren. Lanbide Heziketaren Sistema berria, hala ere, ez da berehala ezarriko; aitzitik, 3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak lau urteko epea aurreikusten du horretarako. Hori horrela, sistema osatzen duten elementuak eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusten diren kudeaketa-tresnak arautu, antolatu eta garatzeke daude. 3/2022 Legean eta 659/2023 Errege Dekretuan aurreikusitako araubide iragankorraren arabera, errege-dekretuetan jasotako profesionaltasun-ziurtagirien antolaketak indarrean jarraituko du, arauz aldatzen ez den bitartean. Era berean, 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko antolaketak indarrean jarraituko du, konpetentzia profesionalen estandarraren katalogo nazionala arautzen ez den bitartean. Halaber, gaur egun enplegurako lanbide-heziketako ekintzak emateko baimena eta akreditazioa duten zentro eta entitateek lanbide-heziketako sistemako eskaintzak emateko baimen-baldintza berberak izango dituzte, Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Orokorrean inskribatzeko prozesua arauz arautzen den arte.

Lanbide Heziketako eskaintza modu bertikalean eta mailakatuan antolatzen da, bost gradutan (A, B, C, D eta E), guztiak Katalogo Modularreko moduluei buruzkoak (partzialki, A graduaren kasuan), eta Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionaleko konpetentzia-estandarrei lotuta. C gradua lanbide-ziurtagiriei buruzkoa da; A eta B graduak, berriz, eskaintza partzialak eta metagarriak dira, eta «konpetentzia baten egiaztapen partziala» eta «konpetentzia-ziurtagiri» bat eskuratzea dakarte, hurrenez hurren. D eta E graduak bat datoz hezkuntza-sistemako heziketa-zikloekin eta espezializazio-ikastaroekin.

3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak 4 urteko epea aurreikusi zuen lege organikoan bertan jasotako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko. Egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, horren arabera, 2023ko irailaren 1erako arautu, antolatu eta garatu behar ziren sistema osatzen duten elementuak, lehenago aipatuak, eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak. 2025. urtean, otsailaren 4ko 69/2025 Errege Dekretua argitaratu da, Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala osatzen duten elementuak eta kudeaketa-tresnak garatzen dituena eta Kualifikazioen Institutu Nazionala sortzen duen martxoaren 5eko 375/1999 Errege Dekretua aldatzen duena.

Enplegurako lanbide-heziketari dagokionez, 3/2022 Lege Organikoak partzialki indargabetu zuen sistema hori arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; izan ere, oso enuntziatu generikoa erabilita, aipatzen du indargabetuta geratzen direla lege organikoan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak, eta xedapen horien aldaketa iragartzen du, oso argigarria izango zena baina oraindik egin ez dena.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du ziurtagiri horiek arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua (IV. eranskina eta 62/2022 Errege Dekretuan bildutako erreferentziak izan ezik). Nolanahi ere, 659/2023 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean eta 3/2022 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, «Erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, lanbide-ziurtagiri izenarekin.» Antzera jasotzen da ezarpen-egutegia ezarri zuen 278/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean.

Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hirugarren xedapen iragankorrean eta 659/2023 Errege Dekretuaren laugarren xedapen iragankorrean xedatzen denez, indarrean jarraituko du irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak, harik eta erregelamendu bidez garatu arte Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz Legean aurreikusitakoa. Berdina aurreikusten da Katalogo Modularrerako. Ildo beretik, Lanbide Heziketako Sistema Nazionala osatzen duten elementuak eta kudeaketa-tresnak garatzen dituen otsailaren 4ko 69/2025 Errege Dekretuak lehenengo xedapen gehigarrian adierazten duenez, 1128/2003 Errege Dekretuaren babesean ezarritako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean jasotako konpetentzia-atalak automatikoki parekatzen dira, ondorio guztietarako, 3/2022 Legean aipatzen diren konpetentzia profesionalen estandarrekin.

Aintzat hartuta zer indarraldi duen erabaki honek, laguntza horiek arautzen dituzten oinarrietan islatzen da nola gauden, gaur egun, egoera iragankor batean, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7.1.d) artikuluari jarraikiz –Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen–, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, eginkizunen eta jardun-eremuen artean, enplegu-politika esleitua du, eta «enplegurako lanbide-heziketa ere bai, dekretu horren 12.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoa Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enpleguko, lanerako prestakuntzako eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzen ditu, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako ente publikoaren estatutuen 4.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. Egitasmo nagusietako bat lanbide-heziketa da, prestakuntza-eskaintzetan lan egiteko.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan lanerako prestakuntza arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak zuzenbide pribatuko erakunde publiko horri esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).

Enplegurako lanbide-heziketako ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari dagokio lanean ari diren langileei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea eta laguntza horien oinarri arautzaileetan jasotzen diren proposamenak egitea.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, Lanbideren mendeko kudeaketa duen prestakuntzan sartzen da prestakuntza egiaztagarria, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasotako gainerako prestakuntza ez-egiaztagarriaren kudeaketarekin batera. Prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, prestakuntza-espezialitate berriak sartu dira C, B eta A graduen garapena jasotzen duten errege-dekretuak argitaratu ondoren. Horrez gain, lehen ziurtagiri profesionalak ere sartu dira Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa argitaratu ondoren.

Langabeen enplegagarritasunean eragin handiagoa izatea ahalbidetuko duten lehentasuneko espezialitateak identifikatzeko ahaleginak egiten jarraituko da, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa garatu den neurrian egokituz, enpresa edo erakunde parekatuetan C eta B graduak, dauden ziurtagiri profesionalak eta prestakuntza-moduluen garapena ezarriz.

Ekimen honetan sartu dira oraintsu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatu dituen beste ekimen batzuk, eta, helburuen eta baliabideen erabileraren efizientzia xede hartuta, helburu horiek lortzeko deialdi eta aurrekontu bakar batean txertatu dira. Horrela, prestakuntza-proposamenen garapenean, teleprestakuntzaren metodologiarekin egiazta daitekeen prestakuntza ematea zabaltzen da, eta beste aurrekontu-lerro bat bezala sartzen da kolektibo kalteberak gaztelaniaz alfabetatzeko prestakuntza garatzeko aukera, gaztelaniaz hitz egiten ez duten herrialdeetako etorkinak izateagatik, beren egunerokotasunerako autonomia pertsonala lortu behar dutelako, bai eta Administrazioarekiko kudeaketak egiteko ere.

Osagarri gisa, ekimen honek aukera ematen du ekoizpen- eta zerbitzu-sektoreek berriki identifikatutako prestakuntza-espezialitateak garatzeko, sektoreko prestakuntza-premiei buruzko azterlanen bidez. Azterlan horiek Euskadiko hainbat sektore-elkarte garatu dituzte beren enpresentzat eta langileentzat. Lanean ari diren langileei zuzendutako ekimenaren barruan ere garatzen den ildo horrek, langabeen prestakuntza-konpetentziak hobetzeko ekimenean jarri nahi du arreta, pertsona kualifikatu eta gaitu berriak behar dituzten enpresentzako langile prestatuen eskaerei erantzuteko.

Bestalde, kostu erraztuen lehengo eskema mantentzen da, modulu ekonomikoen zenbatekoa 2024ko KPIaren arabera eguneratuta.

Ekimen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2025eko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, 2. helburu estrategikoan (Ekoizpen-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea) eta 2.2 gako estrategikoan (Prestakuntza eraginkorragoa eta gure produkzio-sarearen benetako beharrizanetatik hurbilagoa, eskumen profesionalak eta zeharkakoak garatzen dituena). Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 3ko Aginduaren bidez onartu zen, eta www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, 2025eko irailaren 4an hartutako erabaki baten bidez zuzenbide pribatuko ente publiko horren Administrazio Kontseiluak langabeei lehentasunez zuzendutako 2025-2027 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartu ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan lanerako prestakuntza arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, eta 2025eko ekitaldirako deialdia egin du. Hona deialdia:

I. KAPITULUA
HASIERAKO XEDAPENAK

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Oinarri hauen xedea da arautzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestakuntza-eskaintzan antzemandako beharrizanak asetzeko ezarritako prestakuntza-planak finantzatzeko 2025eko ekitaldian emango diren laguntzak. Prestakuntza-eskaintza Euskal Autonomia Erkidegoko langabeentzat izango da batez ere, eta planak 2025, 2026 eta 2027 bitarteko ekitaldietan burutuko dira, eta 2025eko ekitaldirako deialdia onartuko da.

Bi prozedura bereizten dira: alde batetik, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza orokorrera bideratutako prestakuntza planak diren (II. kapitulua), eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta lantokietarako eta horietan zerbitzuak ematen dituzten langileentzat sektoreko prestakuntza-premiak aztertu eta identifikatzeko azterlanetatik eratorritako prestakuntza-espezialitateei aurre egiteko prestakuntza planak diren (III. kapitulua). Prestakuntza-plan horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu ditu.

2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 88.500.000 euro da; horietatik 21.000.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, 45.000.000 euro 2026ko konpromiso-kredituari, eta 22.500.000 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

Baliabide horiek jarduketa-lerro hauen artean daude banatuta, prestakuntza-ekintzen tipologiaren eta dirulaguntzaren onuradunen arabera:

– A lerroa: 86.500.000 euro lehentasunez langile langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza orokorrera bideratutako prestakuntza-planak egiteko; horietatik 20.525.423 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, 43.983.051 euro 2026ko konpromiso-kredituari, eta 21.991.526 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

Prestakuntza-planak finantzatzeko aurrekontu-kreditua I. eranskinean zehazten den bezala banatuko da honako irizpide hauen araberako dirulaguntza-lerroen artean:

– Kreditua lurralde historikoen artean banatuko da, eta horietako bakoitzaren barruan prestakuntza-motaren arabera: egiaztagarria edo ez-egiaztagarria.

– Prestakuntza egiaztagarrira bideratutako kreditua aurrez aurreko prestakuntzaren eta teleprestakuntzaren artean banatzen da. Aurrez aurreko prestakuntzaren kasuan, lanbide-arloan eta lanbide-arloen taldeen artean banatuko da, eta horietako bakoitzaren barruan kualifikazio-mailaren arabera: 1, 2 eta 3.

– Prestakuntza ez-egiaztagarria finantzatzera bideratutako kreditua prestakuntza kualifikatzailea, ez-kualifikatzailea eta gaztelaniaz alfabetatzea finantzatzeko banatzen da. Kualifikatzailea ez den prestakuntzaren kasuan, honela banatzen da kreditua: alde batetik, laneratzeko eta gizarteratzeko prestakuntza-ekintzetara, eta, bestetik, zeharkako prestakuntza-ekintzen eta gako-konpetentzien prestakuntza-ekintzetara.

Dirulaguntza-lerroen araberako banaketa hau aurrekontu-kreditua agortzeko aldatu ahal izango da, 8. artikuluan dirulaguntzak esleitzeaz ezartzen denarekin bat etorriz.

– B lerroa: 2.000.000 euro, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko sektoreko prestakuntza-premiak aztertu eta detektatzeko azterlanetatik eratorritako prestakuntza-espezialitateei aurre egiteko prestakuntza-planak garatzeko; horietatik, 500.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, 1.000.000 euro 2026ko konpromiso-kredituari, eta 500.000 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

3.– Baldin dirulaguntza-lerroetako batean kreditua amaitzen ez bada, beste lerroko laguntzak finantzatzeko erabili ahal izango da gerakina.

4.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, osorik edo zati batean, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF+ 2021-2027 Programaren esparruan.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan ahalko dira prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren edo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendekoak edo atxiki gabekoak direnak, baldin eta dirulaguntza argitaratu baino lehen akreditatuta eta/edo inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen duen prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomia-erkidegoko enplegurako prestakuntza-erakundeen beste edozein erregistrotan edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan.

Deialdi hau argitaratu baino lehen, egiaztatu behar da prestakuntza-planaren parte diren prestakuntza-ekintza egiaztagarriak emateko baimena edo egiaztapena izatea, dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planaren barruan.

Gainerako prestakuntza-ekintzei dagokienez, entitateak izena emanda egon beharko du eskabidea aurkezten denean.

2.– Deialdi honetako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-entitateek dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak eduki beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza adjudikatu ondoren edukiko dituztela, prestakuntza-jarduerak hasten direnerako. Ez dago baimenduta prestakuntza-jarduera azpikontratatzea. Horren harira, ez da azpikontrataziotzat joko prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

Instalazio eta baliabide horiek entitatearenak edo hirugarren entitate pribatu edo publikoen titulartasunekoak izan ahalko dira, eta eskabidean aipatzen diren prestakuntza-ekintzak programatuta dauden lurralde historikoan eduki beharko dira.

Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, eta adierazpen horretan zehaztu beharko da zer instalazio dituen edo edukiko dituen entitateak prestakuntza-ekintza bakoitza egiteko, bai eta instalazio horiek zer eskualde eta lurraldetan dauden ere.

Nolanahi ere, entitate eskatzaileak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eskuratzeko moduan eduki beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzen duten agiriak.

3.– Teleprestakuntzaren modalitatean akredita daitezkeen prestakuntza-erakundeek, ikasleen presentzia eskatzen duten jardueretan (tutoretzak eta ebaluazio-probak), dagozkien errege-dekretuetan ezarritako beharrezko baliabide guztiak eta instalazioak eduki beharko dituzte, beren zentroan bertan, baldin eta ordurako aurrez aurreko eskolak emateko egiaztapena badute, edo, bestela, aurrez aurreko eskolak emateko behar bezala egiaztatuta dauden erakunde edo zentroekin sinatutako akordio edo hitzarmenen bidez.

Aurrez aurreko saioetarako zentro horiek EAEko lurralde-eremuan egon beharko dute, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagotik egon beharko dute baimenduta. Era berean, eskariaren unean altan egon beharko dute, eta, aurrez aurreko saioak egiteko, zenbat pertsonarentzako saioak egiteko akreditatuta dauden zehaztu beharko dute.

4.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean dauden entitateak:

a) Delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenaturik egotea: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea eta horren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana eta kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egotea.

c) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, eta suntsiarazpenaren arrazoiaren errudun deklaratu izana.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, baldin eta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko egoera batean badaude, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu betekizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita izatea, honako hauek barne:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, hauek barne:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez izatea ezarrita sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobian aritzea, hura bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak ez hartzea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

o) Enpresa-deslokalizazioko kasuren batean egotea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

p) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. 3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).

4.– Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.

Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da p) apartatuko eskakizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

II. KAPITULUA
LEHENTASUNEZ LANGABEEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA OROKORRERA BIDERATUTAKO PRESTAKUNTZA-PLANAK

3. artikulua.– Prestakuntza-plana eta diruz lagundu daitekeen jarduna.

1.– Aurrekontu-ildo honetako prestakuntza-plana da parte hartzen duten langabeen kualifikazio-beharrei erantzuteko antolatzen diren prestakuntza-ekintzen multzoa, azken helburua haien enplegagarritasuna hobetzea dela.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web orrian argitaratutako «2025-2027ko espezialitate programagarrietarako txostena» dokumentuaren II. eranskinaren A.1.b.2 apartatuko espezialitateetako «espezialitate programagarriak» prestakuntza-ekintzak dituzten prestakuntza-planetarako.

2025ean BOEn argitaratutako C gradu berriak ere programagarriak izan ahalko dira, baldin eta D graduei lotuta badaude eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagokion Lanbide Heziketako titulua ezartzen duen dekretu bat argitaratuta badago.

3.– Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:

a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak edo, hala badagokio, Lanbide Konpetentzien Estandarren Katalogo Nazionalari lotutakoak, helburu dutenak konpetentzia-egiaztapen partzialak, konpetentzia-ziurtagiriak eta ziurtagiri profesionalak lortzea. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

C gradua (ziurtagiri profesionala) lortzeko prestakuntza-ekintzak Hezkuntza Sailak D gradua emateko baimendutako prestakuntza-entitateek emango dituzte.

Profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzeko prestakuntza-ekintzak Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak egiaztatutako prestakuntza-erakundeek emango dituzte, eta aurrez aurreko edo teleprestakuntzako modalitatean eman ahal izango dira.

b) Prestakuntza ez-egiaztagarria: Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasota dauden eta eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko biderik ematen ez duten prestakuntza-ekintzak dira. Hiru motatakoak izan daitezke:

b.1.– Kualifikatzen ez dutenak; hauetan ere bi multzo daude:

b.1.1.– Baztertuta gelditzeko arrisku handian dauden pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko konpetentziak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak. Ekintza hauek aukera ematen dute konplexutasun handiagoko beste prestakuntza-prozesu batzuk arrakasta edukitzeko ziurtasunarekin hasteko beharrezkoak diren oinarrizko konpetentziak, jarrerak eta ezagutzak hobetzeko, eta horrela enplegagarritasuna eta lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzen dira. Ekintza hauetan laneratzeko proiektu integralen garapenean oinarritutako metodologia aktiboak aplikatzen dira. Deialdi honen ondorioetarako, 0 mailako prestakuntza-ekintza ez-egiaztagarriak izango dira.

b.1.1 apartatuan aipatzen diren ekintzak irabazteko asmorik gabeko prestakuntza-entitateek emango dituzte; entitate horien xede edo helburu sozial edo fundazionaletako bat gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzea izan behar da. Hori dela-eta, irabazteko asmorik gabekotzat joko dira eratze-eskrituretan edo estatutuetan ezartzen dutenak ekitaldi bakoitzean gertatzen diren mozkinak edo soberakinak entitatearen xede sozialerako edo beraren ekoizpen-egiturak edota gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko egiturak hobetzeko edo zabaltzeko erabili behar direla.

b.1.2.– Oinarrizko konpetentziak eta zeharkako konpetentziak eskuratzeko ekintzak, maila altuagoko beste ekintza batzuetan parte hartzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Hau da:

– Zeharkakoak: hizkuntzen, osasunaren, laneko arriskuen, ingurumenaren, kalitatearen, ekintzailetzaren, ofimatikaren, informazioaren teknologien eta komunikazioaren gaineko zeharkako ezagutza-eremuekin lotutako konpetentziak (arrakala digitala murrizten laguntzen dutenak) eta enplegu-eskatzaileentzat esanguratsuak izan daitezkeen bestelakoak eskuratzeko helburua izango dute.

– Gako-konpetentziak: ekintza hauen helburua izango da ezagutza instrumentalak eskuratzea titulazio akademikorik ez duten edo profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratzeko prestakuntza-baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek aukera eduki dezaten profesionaltasun-ziurtagiri bat edo horien moduluak ikasteko. Ekintza horiek bi motatakoak izango dira: batetik, 2. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak, eta, bestetik, kualifikazioko 3. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak.

b.2.– Prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotuta ez dauden prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak dira. Ekintza horien xedea produkzio-sistemaren kualifikazio-beharrak asetzea edota aurreikustea da, batez ere sektore berritzaileenak edota enplegu-aukera onenak dituztenak garatzeko kualifikazio-beharrak eta berariazko erregulazioak dituzten produkzio-sektoreekin lotutako beharrak (lanbide-txartelak).

b.3.– Gaztelaniaz alfabetatzeko ekintzak: gaztelaniaz alfabetatzeko prestakuntza-jarduerak dira, gaztelaniaz hitz egiten ez duten herrialdeetako etorkinek eguneroko harremanetan eta Administrazioarekiko kudeaketak egitean autonomia izan dezaten.

4.– Prestakuntza emateko modalitatea.

4.1.– Prestakuntza-ekintzak, egiaztagarriak eta ez-egiaztagarriak, aurrez aurreko modalitatean eman ahal izango dira.

Aurrez aurreko prestakuntza da ikasgela batean gertatzen dena, irakaslea bertan dela, honek ikasle-talde bati ezaguera berak aldi berean transmititzen dizkionean, erabiltzen diren baliabide didaktikoak nolakoak diren gorabehera.

4.2.– Prestakuntza-ekintza egiaztagarriak teleprestakuntzaren modalitatean ere eman ahal izango dira.

Teleprestakuntzatzat jotzen da prestakuntza-ekintzak osorik edo zati batean aurrez aurreko prestakuntzarekin konbinatuta garatzen direnean, modalitate horretarako ziurtagiri bakoitzean ezarritakoaren arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bitartez, leku desberdinetan kokatutako ikasleen, tutoreen eta prestatzaileen eta baliabideen elkarreragina ahalbidetuz; gainera, ikaskuntza-prozesuan zehar, etengabeko eta denbora errealeko jarraipena eta prozesu osoaren ebaluazioa ziurtatuko dira. Prestakuntza antolatzean, parte-hartzaileari ikaskuntza-prozesu sistematizatua egiteko aukera emango zaio, irakasteko modalitateari egokitutako metodologia batekin. Metodologia horrek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako irisgarritasun- eta diseinu-baldintzak bete beharko ditu, eta nahitaez tutoretza-laguntzarekin osatuko da.

Profesionaltasun-ziurtagiriei edo lanbide-ziurtagiriei lotutako prestakuntza teleprestakuntzaren modalitatearen bidez ematen bada, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendutako ikaskuntza-plataforma birtual baten bidez egin beharko da, edukien kudeaketa eta parte-hartzaileen jarraipena eta ebaluazioa ziurtatzeko.

Aurrez aurreko modalitatean eman beharreko aurrez aurreko saioak, ebaluazio-saioak eta, hala badagokio, tutoretzak dagokion profesionaltasun-ziurtagiria edo lanbide-ziurtagiria emateko aurrez aurreko modalitatean akreditatuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko lurralderen bateko prestakuntza-zentroetan egingo dira.

Online prestakuntza-orduen, aurrez aurreko tutoretzen eta azken ebaluazioaren baturak bat etorri behar du dagokion ziurtagiria arautzen duen errege-dekretuan ezarritako moduluaren guztizko iraupenarekin.

5.– Prestakuntza-planak dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 2027ko ekainaren 30a bitartean gauzatu beharko dira (enpresako edo pareko erakundeko prestakuntza-modulua barne, egonez gero).

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2025eko ekitaldian hasi beharko da, eta, beranduenez, dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabete igaro baino lehen.

6.– Teleprestakuntzako prestakuntza-ekintzak gutxienez 5 parte-hartzailerekin hasi ahal izango dira, eta, ondoren, parte-hartzaile berriak sartu ahal izango dira, egiaztapenean agertzen den mugara arte. Parte-hartzaile guztiek egun bererako amaitu beharko dituzte ekintzak.

Aurrez aurreko prestakuntza-ekintzak eta onesteko, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide kopurua 20 izango da, eta gutxienekoa, 10. Ezingo dira 10 partaide baino gutxiago dituzten prestakuntza-ekintzak hasi, prestakuntza egiaztagarriarekin lotutako ekintzen kasuan salbu, azken horiek gutxienez 8 partaiderekin hasi ahalko baitira, eta 24.4 artikuluko lehen paragrafoan ezarritakoaren arabera likidatuko baitira.

Hala eta guztiz ere, honako hauek onartuko dira:

a) Diruz lagundutako parte-hartzaileez gain, 2 pertsona gehitzea prestakuntza-ekintzetara parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria edo inskripzioa duten prestakuntza-zentroetan. Parte-hartzaile gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik jasoko.

b) Salbuespen gisa, eta Lanbidek aurretik baimena emanez gero, parte-hartzaileen kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten pertsonentzako prestakuntza-ekintzetan: ekintza horiek 8 parte-hartzailerekin hasi ahal izango dira. Prestakuntza-ekintza hauen likidazio ekonomikoa 24.3 artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.

7.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz. Ez dira diruz lagunduko enpresan edo pareko erakundean egingo den prestakuntza praktikoaren modulua (profesionaltasun-ziurtagirien kasuan) eta lanekoak ez diren enpresa-praktikak (gainerako espezialitateetan).

8.– Aurrez aurreko ekintzen kasuan, prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko du (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 24. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondore horietarako, prestakuntza hasi duten partaideen kopuru moduan ulertuko dira matrikulatuta dauden eta prestakuntza-ekintzaren lehen egunetan edo/eta hurrengoetan prestakuntza hasten duten pertsona guztiak, sartzeko muga-egunera arte. Edonola ere, edozein prestakuntza-motatan, prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 25ekoa izango da muga-eguna, eta bosgarren eskola-egunera artekoa, baldin eta espezialitate egiaztagarriekin lotutako ekintzak badira.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babespean, diruz laguntzen eta egiaztatzen diren prestakuntza-ekintzetan, parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langile langabeek, Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek edo beste Enplegu Zerbitzu Publiko autonomiko batean izena emanda daudenek, bai eta lanean ari diren langileek ere.

Prestakuntza-ekintza ez-egiaztagarrietan, lehentasunarekin parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langile langabeek ere parte hartu ahal izango dute.

Horrez gain, lehentasunik gabe, lanean ari diren langileek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza ez-egiaztagarri horietan, betiere prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien % 30 gainditu gabe. Hartara, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, kontuan hartuko da zer lan-egoeratan dauden pertsonak prestakuntza hasten duten unean. Aldizkako langile finkoen kasuan, lanik egiten ez duten aldietan, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean sartuta daudenen kasuan, ez dira landuntzat hartuko lehen aipatutako ehunekoa kalkulatzeko.

Ondorio horietarako, langabeen taldean sartuko dira hauek: lanaldi partzialeko kontratu batekin aritzen diren langileak, baldin eta haien lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duten prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.

2.– Aurrez aurreko prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoen arabera.

Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena –kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua–.

Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte inola ere gainditu uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak, eta, Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzen kasuan, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan aurreikusitakoak. Horrenbestez, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa baldin bada aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino (edo, hala badagokio, haien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino), azken horiek aplikatuko dira.

3.– Teleprestakuntzako prestakuntza-ekintza bakoitzaren finantzaketa parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da, eta 6 euroko modulu ekonomikoa aplikatuko da. Hau izango da eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzeko guztizkoa: 6 € x eskariko parte-hartzaileen kopurua x ekintzaren ordu-kopurua.

Dirulaguntzaren zenbatekoa = 6 € * ordua * partaidea.

4.– Programatu beharreko prestakuntza-ekintzak jasoko dituen prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-entitateek. Nolanahi ere, prestakuntza-entitate bakoitzari emango zaion dirulaguntzak honako muga hauek edukiko ditu:

4.1.– Muga orokorra.

Erakunde onuradunek ezin izango dute aurrez aurreko espezialitateen prestakuntza-planagatik 1.750.000 euro baino gehiago jaso, lurralde historiko bakar batean jarduten badute. Era berean, erakunde onuradun batek ere ezin izango du aurrez aurreko espezialitateen prestakuntza-planagatik 3.500.000 euro baino gehiago jaso, lurralde historiko batean baino gehiagotan jarduten badu. Erakundeek ezin izango dute teleprestakuntzako espezialitateen prestakuntza-planagatik 400.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso. Lurralde historiko bakoitzean ezin da lortu 1.750.000 eurotik gorako dirulaguntza.

4.2.– Parte hartzen den dirulaguntza-lerroen araberako muga.

Prestakuntza-plan bakoitzeko jarraian azalduko diren dirulaguntza-mugak aplikatuko dira, kasuan kasukoak entitate eskatzaileak parte hartzen duen dirulaguntza-lerroen kopuruaren arabera.

Hori dela-eta, prestakuntza egiaztagarriko dirulaguntza-lerro bat onartuko da arlo edo arlo-talde bakoitzeko (I. eranskina) eta lurralde historiko bakoitzeko, maila-zatiketa kontuan eduki gabe. Beraz, I. eranskineko 121 dirulaguntza-lerroak (108 egiaztagarri, 12 ez-egiaztagarri eta teleprestakuntzako bat) 49ra murrizten dira: 16 prestakuntza-lerro hiru lurralde historikoetako bakoitzeko (prestakuntza egiaztagarriko 12 lerro, prestakuntza egiaztaezineko lerro bat, kualifikatzen ez duen prestakuntza egiaztaezineko 2 lerro eta gaztelaniaz alfabetzateko lerro bat) eta teleprestakuntza-lerro bat.

(Ikus .PDF)

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio, eta elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunearen bidez eskatu ahal izango dute: https://www.lanbide.euskadi.eus/informazioa/erakundeen-erregistroa/weblan00-centrosformacion/eu/

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak hortxe daude) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1039908 eta bertara sartzeko esteka bat izango da Lanbideren web-orrian: www.lanbide.euskadi.eus,

2.– Irabazteko asmorik gabeko prestakuntza-entitateek, xede edo helburu sozial edo fundazionaletako bat gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzea dutenek, 3.3.b.1.1 artikuluan bildutako prestakuntza-espezialitateetako bat eskatu nahi badute, LanF sisteman halakoak direla adierazi beharko dute, eta horren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte (eratze-eskriturak, estatutu sozialak...), baldin eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak agiriok ez badauzka, aurreko batean aurkeztuta.

3.– Dirulaguntza-eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

3.1.– Oro har, laguntza aplikatuko den prestakuntza-plana, emango diren prestakuntza-ekintzak bereizita.

3.2.– Gainera, behar denean, 9. artikuluko balorazio-irizpideak egiaztatzeko:

a) B.3 eta B.4 apartatuetan ezarritako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: artikulu horretan aipatzen diren aitorpen edo akreditazio ofizialen kopia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak erregistratuta dituen prestakuntza-entitatearen datuetan badaude, ez dago aurkeztu beharrik, eta eskabidean adierazi behar da.

b) C.3.1, C.3.2, C.4.4, C.5, D.1, D.2, E.1.2 eta E.1.3 ataletan aurreikusitako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuen edo enplegu-zerbitzu publikoen deialdiei dagokienez: LanF aplikazioan irizpide bakoitzerako eskuragarri dauden ereduen araberako ziurtagiria. Ziurtagiri hori egokitu egin ahalko da dagokion eredura, edo beste formatu bat hartu. Azken kasu horretan, kontuan har dadin, ereduan jasotako eduki guztiak bildu beharko ditu.

C.3.1 eta C.3.2 ataletan aurreikusitako balorazio-irizpideei lotuta, baldin eta entitate eskatzaileak ez badu daturik aurkezten aipatutako bi aldietakoren baterako, ziurtagiriak berariaz aurreikusi beharko du ez dela dirulaguntzaren onuradun izan aldi horren barruko urteetan. Izan ere, bestela, horiek 0 balioarekin haztatutako batezbestekoa kalkulatzeko kontuan hartuko dira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak onartutako deialdiei dagokienez, eskabidean aipatutako irizpideei buruzko datuak beren datu-basetik aterako dira ofizioz.

Era berean, C.5 irizpideari lotuta, honako kasuren bat denean, datua Lanbidek eskuratuko du, ofizioz, eskabidean aipatzen bada:

– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko abenduaren 20ko Aginduaren babesean emandako dirulaguntzak. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan aurreikusitako 2024ko deialdia egiten da.

– 2024. urtean Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez emandako dirulaguntza izendunak, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren jarduera-eremuan, esku-hartze sozialeko jarduerak egiteko pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko 2023-2025eko laguntzen deialdiaren babesean emandako dirulaguntzak (2023-09-01eko EHAA), desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat lanbide-orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko laguntza-lerroan (III. kapitulua).

c) 9. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eskaera sozietate-talde bateko kide gisa aurkezten duten entitateek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, izaera hori ziurtatzen duena, bai eta sozietate bakoitzeko idazkariaren edo administratzailearen ziurtagiria ere, sozietateen kapitalaren osaerari buruzkoa, partaidetzen erregistro-liburuaren bidez, kasuan kasuko partizioen titulartasuna egiaztatzeko. Sozietate-talde batekoa dela ulertuko da, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren arabera enpresa bakar batean integratuta dagoela uste denean, edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluko irizpideekin bat etorriz, sozietate-talde berekoa denean.

4.– Prestakuntza-planak espezialitate egiaztagarri osoa ematea jasotzen duenean edo prestakuntza-ekintzak espezialitate horretako modulu bat baino gehiago dituenean, eta, diruz lagunduak badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak modulu profesional edo B gradu adina prestakuntza-ekintzatan bereiziko ditu, etengabeko ikaskuntza indartzeko, eta 19.3 artikuluan ezartzen den bezala.

5.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epealdian, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta, hutsunea edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, hala xedatzen duen ebazpena egin ondoren.

6.– Eskabideak aurkezteko epealdia hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura kudeatzeko organo eskuduna Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitza banan-banan baloratuko da, eta lehiaketa-prozesua I. eranskinean jasotako dirulaguntzen lerro bakoitzeko garatuko da (117 lerro).

3.– Eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, batzorde tekniko bat osatuko da. Kide hauek osatuko dute batzorde hori: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak, eta zerbitzu horretako hiru teknikarik. Hauek dira balorazio-batzorde horretako kideen izenak:

Batzordeburua:

– María Aránzazu Niño Núñez, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendaria.

Idazkaria:

– Ana Isabel García Ortega, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.

Bokal titularrak:

– Eduardo Campo Guillerna, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko koordinatzailea.

– Laura Lapeyra Lasa, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.

Ordezko bokalak:

– Amaia Alonso Bikuña, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.

– Juan Carlos Ibarrola Saenz de Ugarte, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko koordinatzailea.

Ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat joko da batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, kideen erdiak bertaratzen direnean.

Batzordeburua ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran.

Idazkaria ez badago, bokaletako batek beteko ditu haren eginkizunak, arestian aipatutako alderantzizko hurrenkeran.

Egitura bera izatekotan, aldatu daiteke ebaluazio-batzordeko kideen osaera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Ebazpen hori Lanbideren webgunean argitaratuko da: www.lanbide.euskadi.eus

4.– Behin eskabideek deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu denean, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluan ezartzen diren irizpideen arabera baloratuko ditu, eta, 8. artikuluan araututako laguntza zehazteko sistema kontuan hartuta, txosten bat egingo du emaitza adierazteko. Espedientea eta ebaluazio-batzordearen txostena ikusi eta gero, Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan sartuko du zer ekintza onestea eta ezestea proposatzen den behin-behinean; ekintza horiek dirulaguntza-lerroka multzokatuko dira.

Behin-behineko ebazpen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), eta 5 egun baliodun emango dira entitate interesdunek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabidean atzera egin dezaten, prestakuntza-planean behin-behinean onetsitako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.

Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa eskubiderik emango proposatutako entitateei.

5.– Ebaluazio-batzordeak alegazioak aztertu eta txostena egin ondoren, Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.

6.– Prozeduraren ebazpenean dirulaguntza emango zaien prestakuntza-ekintzak eta horien zenbatekoa zehaztuko dira, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, dirulaguntza-lerroka multzokatuta, bai eta ukatzen direnak eta ukatzeko arrazoiak ere. Hori guztia prestakuntza-entitate interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus).

7.– Behin betiko ebazpenean aurrekontu-kreditua falta delako ezetsi diren dirulaguntza-eskaerak dirulaguntza-lerroen arabera ordenatuta agertuko dira, balorazio-irizpideak aplikatuz ateratzen den hurrenkeran. Hartara, prestakuntza-entitate onuradun batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza hurrengoari emango zaio, laguntza zehazteko ezarritako irizpideen arabera, baldin eta kreditu nahikoa liberatu bada horri erantzuteko eta, sortzen den unean, zilegi bada hura gauzatzea, deialdian ezarritakoarekin bat etorriz eta aurrekontua gauzatzeko arauen arabera. Ukoen bitartez liberatutako kredituarekin laguntzak emateko proposamenak jakinaraziko zaizkie prestakuntza-entitate interesdunei, eta 5 egun balioduneko epealdian onartu beharko dira; bestela, uko egiten diotela ulertuko da.

Lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskaera bati ezin izango zaio dirulaguntza hori eman, kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskabide bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.

8.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

10.– Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean berariaz adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsetik datorrela, 2021-2027 Euskal Autonomia Erkidegoko EGIF+ Programaren esparruan.

11.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Ebazpenean adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsak ipini duela.

8. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak 6.5 artikuluan ezarritakoaren arabera zuzentzeko epealdia amaitutakoan prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da 9. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta horrela eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da. Aurkeztutako ekintzen eskabideak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera ordenatuko dira.

2.– Ez dira finantzatuko balorazioan 30 puntu baino gutxiago lortzen dituzten prestakuntza-planetako prestakuntza-ekintzak.

3.– 30 puntu edo gehiago lortzen dituen prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzeko emango den dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoak aplikatuko dira.

4.– Dirulaguntzak balorazio-fasearen ondoriozko ekintzen arteko lehentasun-hurrenkeran emango dira, honako arau hauek aplikatuz:

4.1.– Prestakuntza-ekintzak lortutako balorazio teknikoaren arabera sailkatuko dira, EAEko hiru lurraldeak bereizita.

4.2.– Lurralde bakoitzeko ekintzak prestakuntza-motaren arabera sailkatuko dira (egiaztagarria edo ez-egiaztagarria).

– Aurrez aurreko prestakuntza-ekintza egiaztagarriak lanbide-arloen edo arlo-taldeen arabera eta kualifikazio-mailen arabera (1, 2, 3) sailkatuko dira.

– Prestakuntza-ekintza ez-egiaztagarriak kualifikatzaileak izatearen edo ez izatearen arabera sailkatuko dira.

– Kualifikatzaileak ez direnak bi multzotan bereiziko dira: batetik, laneratzeko eta gizarteratzeko prestakuntza-ekintzak; bestetik, zeharkako prestakuntza-ekintzak eta gako-konpetentzien prestakuntza-ekintzak.

4.3.– Teleprestakuntzan eman beharreko prestakuntza ekintza egiaztagarriak lortutako balorazio teknikoaren arabera ordenatuko dira.

5.– Lehenbizi I. eranskineko dirulaguntza-lerro bakoitzerako ezarritako aurrekontua banatuko da prestakuntza-ekintzek balorazio teknikoan lortutako puntuazioen arabera aurrekontua agortu arte.

6.– Dirulaguntza-lerro bateko aurrekontua agortzen ez bada, soberakina honela banatuko da:

6.1.– Soberakina prestakuntza ez-egiaztagarriko dirulaguntza-lerro batean gertatzen bada, lurralde historiko bakoitzean, hasieran finantzaketa lortu ez duten prestakuntza-ekintza egiaztagarrietatik puntuazio handiena lortu dutenen artean banatuko da, lanbide-arloa eta maila kontuan eduki gabe.

6.2.– Soberakina prestakuntza egiaztagarriko dirulaguntza-lerrokoa bada, hasieran finantzaketa lortu ez duten lanbide-arlo bereko mailetan puntuazio handiena izan duten eta teleprestakuntzakoak ez diren ekintza egiaztagarrien artean banatuko da. Horren ondoren soberakinik egonez gero, aurretik finantzaketa lortu ez duten ekintza egiaztagarrietatik puntuazio handiena izan duten eta teleprestakuntzakoak ez direnen artean banatuko da, lanbide-arloa eta maila kontuan eduki gabe.

6.3.– Prestakuntza-ekintza egiaztagarrietarako eta ez-egiaztagarrietarako aurrekontuan soberakina egonez gero, lehentasun-hurrenkeraren arabera banatuko da, lurraldeak kontuan eduki gabe.

7.– Berdinketa gertatuz gero, 9. artikuluan ezarritako B.2 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, C.4 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, B.1 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, C.4.1 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketa hausteko azken irizpide gisa, C.3.1, C.3.2, B.1, B.2 eta C.4 balorazio-irizpideen artean batez besteko puntuazio handiena duena aplikatuko da, eta, hala ere berdinketak jarraitzen badu, balorazio-irizpide hauen balio absolutua aplikatuko da, ordena honetan: C.3.1, C.3.2, B.1, B.2 eta C.4.

8.– Prozesuan, 5.3 artikuluan ezartzen diren dirulaguntza-mugak hartuko dira kontuan, orokorra eta dirulaguntza-lerroen araberakoa.

9.– Entitate eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.

9. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Eskatutako prestakuntza-ekintzak baloratzeko, jarraian araututako irizpideak hartuko dira kontuan (II. eranskinean zehazten dira).

Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaien guztietan, langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorrari dagozkion datuak hartzen dira kontuan, eta ez da beste deialdi zehatzagorik kontuan hartzen, hala nola kontratazio-konpromisoarena, proiektu bereziena, kualifikazio baxuko gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntzarena, etab.

B, C eta D apartatuetako balorazio-irizpideen bitartez entitate eskatzaileen prestakuntza-jarduna eta konpromiso soziala neurtzen dira kaudimena, kudeaketa, kalitatea eta eragina kontuan hartuz. E apartatuko irizpidearen bidez baloratzen da prestakuntza-entitateen jarduna bateragarria denez enpleguaren aldeko beste politika batzuekin, horien bidez langabezian dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzeko prozesuarekin jarraitu ahal izateko.

B, C, D eta E apartatuetako irizpide guztiak prestakuntza-entitate bakoitzeko (IFZ) aplikatzen dira, hau da, IFZ bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira. Sozietate-talde bateko kide izanez gero, taldean bildutako entitateek garatutako jarduera hartuko da kontuan.

A) Prestakuntza-ekintza prestakuntza-beharretarako egokia izatea.

Irizpide honen arabera 10 puntu lortu daitezke gehienez.

A.1.– Lanbide-arloen pisua beren lan-aukeren arabera: 7 puntuazio-tarte daude, 7 puntu gehienez, lanbide-arloetako laneratzearen araberakoak.

A.2.– Espezialitate kualifikatzaileen kualifikazio-mailak: 3 tarte daude, eta gehienez ere 3 puntu lortu daitezke.

A.3.– Prestakuntza-espezialitateen laneratze-tasa: gehienez 3 puntu.

Prestakuntza-ekintza guztiak: Euskal Autonomia Erkidegoan Lanerako Prestakuntza arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 15. artikuluaren itzalpean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako prestakuntza-beharren diagnostikoan lortutako puntuazioa (dekretu hori zuzenbide pribatuko ente publiko honen webgunean argitaratu da).

Horretarako, hiru puntuazio-tarte ezarri dira, eta gehienez ere 3 puntu lortu daitezke, «Laneratzearen puntuazioa» zutabean jasotako prestakuntza-espezialitate programagarrien taulan jasotzen den bezala.

Irakatsi gabeko espezialitateek dagokien lanbide-arloak lortutako puntuazioa jasoko dute.

B) Prestakuntzaren kalitatearen eta eraginaren adierazleak langabeentzako 2020-2022 eta 2022-2024 aldietako enplegurako lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan, eta entitateak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa. Gehienez ere 47 puntu emango dira.

Horren xedea da baloratzea enplegurako lanbide-heziketako 2020-2022 eta 2022-2024 aldietako ekitaldietan langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortutako kalitatea eta enplegagarritasunaren eta laneratzearen aldetik lortutako eragina, eta entitateak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa.

B.1.– Ikasleen gogobetetze-tasa: gehienez ere 15 puntu.

Prestakuntza-entitate batek langabeentzako 2020-2022 eta 2022-2024 aldietako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan ikasleek betetako gogobetetze-galdetegian oinarrituta lanbide-arlo bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batezbesteko haztatua.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ofizioz lortuko du adierazle hori bere datu-baseetatik. Prestakuntza-entitate batek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren deialdian parte hartu ez badu, 4 puntu emango zaizkio.

Adierazle hori ezin izan bada lortu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, erreferentziako deialdian lanbide-arloaren adierazleen batezbesteko globala hartuko da ikasleen gogobetetze-tasa gisa, hartan parte hartzen duten prestakuntza-entitate guztiek emandako ekintza guztietatik abiatuta.

B.2.– Enplegagarritasunaren indizea: Gehienez 25 puntu.

2020-2022 eta 2022-2024 urteetan langabeei eskainitako prestakuntza-deialdietan emandako prestakuntza-ekintzek prestakuntza-espezialitate bakoitzean lortutako enplegagarritasun-indizearen batezbesteko haztatua, gehienez 25 puntu.

Enplegagarritasun-indizea tasa hauek osatzen dute:

Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzaren arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzaren tasa x p3),

non:

– Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: Prestakuntza arrakastarekin (gai) amaitzen duten pertsonen kopuruaren eta prestakuntza-ekintza amaitzen duten parte-hartzaile guztien (gai zein ez gai) kopuruaren arteko zatiketaren emaitza.

Prestakuntza-ekintzak bereizita egonez gero, prestakuntzaren emaitza positiboa izango da profesionaltasun-ziurtagiri osoa lortzen bada, bai eta prestakuntza-moduluetako bat egiten bada eta horrela profesionaltasun-ziurtagiria lortzen bada ere. Ziurtagiri osoa egiten ez dutenek egindako moduluak gainditzen badituzte, «ama» ekintzan «Amaituta, ez-gai» egoeran izango dira, zeren eta prestakuntza moduluka egin ahal baita eta ez baitu modulurik batere bertan behar utzi («Amaituta, gai» gainditutako moduluetan eta «Amaituta, ez-gai» «ama» ekintzan, ez baitu profesionaltasun-ziurtagiri osoa gainditu eta ez baitu modulurik batere bertan behera utzi).

– Besteren konturako laneratzearen tasa: Prestakuntza-jarduera amaitu eta sei hilabeteren barruan besteren konturako kontraturen bat lortu duten pertsonen kopurua.

– Parte-hartze anitzaren tasa: Prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, ikastaroa amaitu ondoko sei hilabeteetan enplegurako bigarren prestakuntza-ekintza bat hasten duten pertsonen kopurua.

– p1, p2 eta p3, tasa bakoitzari emandako pisuak dira, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik.

Tasak haztatu egiten dira espezialitate-motaren eta horien kualifikazio-mailaren arabera. Hartara, zenbat eta handiagoa izan espezialitatearen kualifikazio-maila, orduan eta pisu handiagoa du laneratzearen tasak, lanean aritzeko eta, horrenbestez, lan-merkatuan sartzeko behar den konpetentzia ematen baitute. Gako-konpetentzien edo zeharkako edo gizarteratzeko eta laneratzeko konpetentzien espezialitateen kasuan, parte-hartze anitzaren tasak pisu handiagoa hartzen du, kualifikazioa ematen duen prestakuntzaren aurreko prestakuntzatzat hartzen baita, prestakuntza-ibilbide luzeago baten esparruan; edo, bestela, zeharkako espezialitateen kasuan, prestakuntza arautuaren, hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza osagarri gisa.

(Ikus .PDF)

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ofizioz ateratzen du adierazle hori bere datu-baseetatik.

Prestakuntza-erakundeek ez badute eman dirulaguntzaren xede den prestakuntza-espezialitaterik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2020-2022 eta 2022-2024 urteetako deialdien babesean, 11 puntu aplikatuko dira.

Aurreko deialdi horietan prestakuntza-ekintza bereiziren bat eman duten entitateek 11 puntu lortuko dituzte, adierazlearen puntuazioa handiagoa ez bada.

B.3.– Kalitatearekiko konpromisoa: Gehienez 5 puntu.

Gehienez 5 puntu emango dira hauek edukitzeagatik:

1.– Kudeaketa aurreratuaren aitorpenak, soilik baloratuta azken hamar urteetan honako hauen artean aitorpen altuena duena:

– Urrezko A edo EFQM +500 eta altuagoa: 4 puntu.

– Zilarrezko A edo EFQM +400: 3 puntu.

– Brontzezko A edo EFQM +300: 2 puntu.

– Kudeaketa aurreratuaren diploma indarrean: puntu 1.

2.– Ziurtagiriak indarrean:

– ISO 9001 ziurtagiria: 2 puntu.

– ISO 14001 ziurtagiria, ISO 45001 ziurtagiria edo UNE 166002 berrikuntzaren kudeaketa, indarrean: puntu 1.

3.– Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria, QIA-Quality Innovation Award saria-Nazioarteko fasea

Award edo Prize Winner azken 10 urteetan: puntu 1.

B.4.– Euskararekiko konpromisoa: Gehienez 2 puntu.

Bikain eta Bai Euskarari ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.

C) – Prestakuntza-jarduketen ondoriozko kudeaketa-emaitzen adierazleak. Gehienez 33 puntu.

C.1.– 2022-2024 deialdian dirulaguntza lortutako prestakuntza-ekintzen betearazpen-maila: Honek adierazten du zenbatekoa den 2022-2024ko deialdian Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan erregistratutako langabeentzako prestakuntza-deialdian onartutako prestakuntza-ekintzetatik amaitu eta likidatu direnen ehunekoa.

Gehienez -10 puntu (negatibo).

C.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren 2022-2024ko deialdian emandako profesionaltasun-ziurtagiri osoen lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua bete ez den gradua.

Honen bidez neurtzen da zenbateraino bete den profesionaltasun-ziurtagiri osoaren prestakuntza gainditu duten langabeei lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua eskaini beharra.

Gehienez -10 puntu (negatibo).

C.3.– Prestakuntza emateko gaitasun egiaztatua. 15 puntu gehienez.

C.3.1.– 2020 eta 2024 arteko urteetako langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan prestakuntza jaso duten pertsonen batezbesteko haztatua: 10 puntu gehienez.

Kontuan hartuko da langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdietako parte-hartzaileen kopurua, baldin eta beste enplegu-zerbitzu publiko batzuek edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazio publikoek 2020tik 2024ra bitartean (biak barne) argitaratu eta onartu badituzte eta dagoeneko likidatuta badaude.

Batezbesteko haztatua kalkulatzeko, prestakuntza-entitate eskatzaileak emandako datuak Lanbideren bi urteko deialdien egiturarekin parekatuko dira (2020-2022 eta 2022-2024). Horrela, Lanbiderekin zerikusirik ez duten deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien 2020ko eta 2021eko datuak batu eta unitate bat osatuko dute, Lanbideren 2020-2022 deialdiko datuen tratamendu bera jasotzeko. Era berean, gauza bera egingo da Lanbiderekin zerikusirik ez duten 2022ko, 2023ko eta 2024ko deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien datuen baturan, Lanbideren 2022-2024ko deialdiko datuei dagokienez.

6.3.2.b) artikuluan adierazten den bezala, baldin eta entitate eskatzaileak ez badu daturik aurkezten aipatutako bi aldietakoren baterako, ziurtagiriak berariaz aurreikusi beharko du ez dela dirulaguntzaren onuradun izan aldi horren barruko urteetan. Izan ere, bestela, horiek 0 balioarekin haztatutako batezbestekoa kalkulatzeko kontuan hartuko dira.

C.3.2.– 2020 eta 2024 bitartean, langile okupatuei zuzendutako eskaintza-deialdietako parte-hartzaileen batezbesteko haztatua: gehienez ere, 5 puntu.

Kontuan hartuko da langile okupatuei zuzendutako enplegurako prestakuntza-eskaintzaren deialdietako parte-hartzaileen kopurua (prestakuntza amaitu duten guztiak), baldin eta beste enplegu-zerbitzu publiko batzuek edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazio publikoek 2020tik 2024ra bitartean (biak barne) argitaratu eta onartu badituzte eta dagoeneko likidatuta badaude.

Batezbesteko haztatua kalkulatzeko, prestakuntza-entitate eskatzaileak emandako datuak Lanbideren bi urteko deialdien egiturarekin parekatuko dira (2020-2022 eta 2022-2024). Horrela, Lanbiderekin zerikusirik ez duten deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien 2020ko eta 2021eko datuak batu eta unitate bat osatuko dute, Lanbideren 2020-2022 deialdiko datuen tratamendu bera jasotzeko. Era berean, gauza bera egingo da Lanbiderekin zerikusirik ez duten 2022ko, 2023ko eta 2024ko deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien datuen baturan, Lanbideren 2022-2024ko deialdiko datuei dagokienez.

6.3.2.b) artikuluan adierazten den bezala, baldin eta entitate eskatzaileak ez badu daturik aurkezten aipatutako bi aldietakoren baterako, ziurtagiriak berariaz aurreikusi beharko du ez dela dirulaguntzaren onuradun izan aldi horren barruko urteetan. Izan ere, bestela, horiek 0 balioarekin haztatutako batezbestekoa kalkulatzeko kontuan hartuko dira.

C.4.– Enplegurako lanbide-heziketako beste programa eta deialdi batzuetan eta hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan parte hartzea. 15 puntu gehienez.

C.4.1.– 2020, 2021, 2022 eta 2023an profesionaltasun-ziurtagiriak aldatu ondoren Hezibi proiektuan parte hartu duten pertsonen kopurua: 3 puntu gehienez.

Honako hauek hartuko dira kontuan: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2020, 2021, 2022 eta 2023ko deialdi bateko profesionaltasun-ziurtagiri batekin lotutako prestakuntza-ekintza bat aldatu ondoren Hezibi proiektu batean aritu diren ikasleak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gazteentzako ikas-ekinezko Hezibi programaren oinarri arautzaileak onartzeko emandako 2012ko urriaren 3ko Agindu bateratuarekin bat etorriz.

C.4.2.– 2020, 2021, 2022 eta 2023ko deialdietan dirulaguntza jaso duten proiektu berezietan parte hartu duten pertsonen batezbesteko haztatua: 3 puntu gehienez.

C.4.3.– 2019, 2020, 2021 eta 2022ko kualifikazio baxuko gazte langabeak gizarteratzeko eta laneratzeko deialdian parte hartu duten pertsonen batezbesteko haztatua: 3 puntu gehienez.

C.4.4.– 2020, 2021, 2022 eta 2023ko kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzen bitartez kontratatu diren pertsonen kopurua: 3 puntu gehienez.

C.4.5.– 2024-2025 ikasturtean hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren gaineko administrazio publiko eskudunak programatutako Lanbide Heziketan (oinarrizkoa, ertaina eta goi-mailakoa) aritu diren ikasleen kopurua: 3 puntu gehienez.

C.4.6.– 2021, 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan, honako deialdi hauetan parte hartu duten pertsonen kopurua: lehentasunez langabeei zuzendutako teleprestakuntzaren modalitatean prestakuntza-eskaintza egiaztagarria finantzatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntzen deialdiak; enplegu-nitxo berrien eremuan konpetentzia profesionalen prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia; langile kualifikatuen eskari altuko sektoreetan prestakuntza-jarduerak egiteko dirulaguntzen deialdia; eta gaztelaniaz alfabetatzeko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia. 3 puntu gehienez.

C.5.– Ebazpen baten bidez edo sektore publikoko entitate batekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez 2024ko ekitaldian dirulaguntza jaso izana: 3 puntu.

Ez dira kontuan edukiko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak proiektu bereziak egiteko emandako dirulaguntzak.

Ebazpen baten bidez edo sektore publikoko entitateekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez eragozpen handiak dauzkaten pertsonen beharrizanak asetzeko asmoarekin pertsona horiek gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu baterako dirulaguntza lortu izana baloratuko da. Irizpide hori dirulaguntza horien onuradun izan diren prestakuntza-entitate eskatzaileekin lotuta baloratuko da.

D) Emakumeak eta desgaitasuna duten pertsonentzako eskabideak. 10 puntu gehienez.

D.1.– Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan parte hartu duten emakumeak, C.3.1. Irizpidean aipatutakoak, emakume gutxi dauden lanbide-arlo batzuetan. 6 puntu gehienez.

Emakume gutxi dauden lanbide-arloetan, zenbat eta handiagoa emakumeen ehunekoa, positiboagoa balorazioa. Honako lanbide-arlo hauetan emango da balorazio positiboa emakumeen ehunekoa handia izateagatik: AFD, AGA, ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, QUI, SAN, SEA, TMV.

D.2.– Desgaitasunen bat duten pertsonentzat soilik diren prestakuntza-ekintzak: 4 puntu.

4 puntu jasoko dituzte desgaitasunen bat duten pertsonentzat soilik diren prestakuntza-ekintzen eskabideek.

E) Osagarritasuna beste enplegu-politika aktibo batzuekin. 18 puntu gehienez.

E.1.– Enpleguaren sustapenarekin. 9 puntu gehienez.

E.1.1.– Prestakuntza-entitateek kudeatu eta hartu dituzten pertsonen kopurua, zeinen kontratua Lehen Aukera programaren deialdietan diruz lagundu baita: 3 puntu gehienez.

Deialdi honetan, entitate bakoitzak hartutako pertsonen kopurua eta kudeatutako pertsonen kopurua batuko dira, hain zuzen ere Lehen Aukera programaren 2020, 2021, 2022 eta 2023ko deialdietako dirulaguntzei esker kontratatu direnen kopurua.

E.1.2.– Prestakuntza-entitateek sustatutako laneratze-enpresetan 2024ko abenduaren 31n laneratze-prozesuan egon diren pertsonen kopurua. 3 puntu gehienez.

E.1.3.– Desgaitasuna duten pertsonen kopurua, 2024ko abenduaren 31n, prestakuntza-entitate eskatzaileek sustatutako edo prestakuntza-entitate eskatzaileetan kontratatutako eta enplegu-zentro berezi gisa kalifikatutako eta erregistratutako gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezietan. 3 puntu gehienez.

E.2.– Laneratzearekin: 9 puntu gehienez.

E.2.1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak egiteko 2023-2025 aldiko laguntzen deialdian onuradunak izan diren prestakuntza-entitateak (deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren 2023ko uztailaren 27ko ebazpen baten bidez argitaratu zen 2023ko irailaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian). 3 puntu.

E.2.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera egiteko 2023-2025 aldiko laguntzen deialdian onuradunak izan diren prestakuntza-entitateak (deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren 2022ko abenduaren 21eko ebazpen baten bidez argitaratu zen 2022ko abenduaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian). 3 puntu.

E.2.3.– Enplegu-agentzia diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez lantoki bat duten prestakuntza-entitateak, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean. 3 puntu gehienez.

10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintzaren bat egitea agindu badiete beren prestakuntza-ibilbidearen barruan.

b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, haien prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza batean esku hartzeko.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena eman gabe dauden langile landunak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren sareko bulego batean aurrez aurre aurkeztu badute eskabidea, edo eskabidea zuzenbide pribatuko ente publiko horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus); webgune horretan argitara emango dira prestakuntza-ekintzak, izena emateko epea eta eskatzaileek haietan sartzeko eskakizunak, eta, orobat, prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak.

2.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, indarreko araudian ezarritako eskakizunak bete beharko dira.

3.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa prestakuntza zentroak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Ondorio horietarako, prestakuntza emango duen zentroak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez (LanF), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, behar besteko aurrerapenarekin eta behar diren bermeekin.

Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan hautaproba bat ere egingo da aurretik, ekintza baliagarria dela ziurtatzeko eta ekintza kualifikatzaileen helburuak lortzeko behar diren ezinbesteko ezagueren maila finkatzeko, honako printzipio hauekin bat etorriz:

– Aurretik Lanbideko teknikariekin adostu behar da.

– Beraren xedea izango da prestakuntzari etekina ateratzeko behar diren gutxieneko ezagutzak modu objektiboan ebaluatzea.

– Prestakuntza-zentroko instalazioetan egingo da. Ez da inolaz ere onartuko ezagutza-probatzat telefono bidezko elkarrizketa edo bestelako prozedura telematiko baten bidez egindakoa.

– Hautaketaren aurreko hautaproba ez da berez hautaketako prozedura. Izan ere, gainditzen duten parte-hartzaileak artikulu honen 5. puntuan ezartzen den lehentasunen hurrenkeran hautatuko dira.

– Proba hori LanF aplikazioaren atal egokian erantsiko da, prestakuntza-ekintzak burutzeko ematen diren jarraibideen arabera.

4.– Langabetuen artetik, kolektibo batzuek lehentasuna izango dute, honako hurrenkera honi jarraituz:

1. Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsona hauek:

– Kualifikazio-maila baxua dutenak.

– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabezia-egoeran daudenak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna dutenak.

– Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (BGDS) onuradun diren langabeak.

– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

– Langabetzat joko dira, ondorio horietarako, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko, edo ezinbesteko kausen ondorioz, enplegu-erregulazioko espedienteen (EEE), aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak.

– Lan-esperientziaren eta EAEko prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen edo parte hartu dutenak.

Emakumeen ehunekoa langabeen artean duten pisuaren proportziozkoa izan behar da. Beraz, emakumeak langabeen % 57 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeak gutxienez % 57 izan behar dira, ahal dela.

2. Bigarrenik, gainerako langile langabeak, oro har.

5.– Lehentasunez langile langabeei zuzendutako ekintza ez-egiaztagarrietan, langile landunek, ez direnez lehentasunezkoak, soilik parte hartu ahal izango dute baldin eta ikastaroan plaza hutsik badago sartzeko eskakizunak betetzen duen langabetu nahikorik ez dagoelako.

6.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituen beste norbaiten eskaera jaso bada.

7.– Hautaketa bukatu ondoren, prestakuntza-zentroek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, LanF prestakuntza kudeatzeko aplikazio informatikoaren bidez, eta aintzat hartuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak berariaz emandako jarraibideak.

8.– Prestakuntza-entitateak bere instalazioetan erakutsiko ditu hautatuak izan direnen eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

III. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA PLANAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESA ETA LANTOKIETARAKO ETA HORIETAN ZERBITZUAK EMAN DITZAKETEN LANGILEENTZAT SEKTOREKO PRESTAKUNTZA-PREMIAK AZTERTU ETA IDENTIFIKATZEKO AZTERLANETATIK ERATORRITAKO PRESTAKUNTZA-ESPEZIALITATEEI AURRE EGITEKO. PRESTAKUNTZA-PLAN HORIEK LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAK FINANTZATU DITU

11. artikulua.– Prestakuntza-planka eta diruz lagundu daitekeen jarduna.

1.– Aurrekontu-lerro honetako prestakuntza-plana zera da: Euskal Autonomia Erkidegorako egindako eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatutako sektoreko-azterketetan hautemandako eta identifikatutako prestakuntza-beharrei erantzuteko prestakuntza-ekintzen multzoa, haren bidez planaren onuradunen, enpresa eta langile landunen eta langabeen gaitasunak nabarmen hobetuko direlakoan, ekintzak zuzentzen diren kolektiboaren tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo bestelako ezaugarri garrantzitsu batzuengatik.

2.– Bete beharreko helburuen eta erakunde onuradunen prestakuntza-esparruaren edo -izaeraren arabera, prestakuntza-planetan langileak sektore produktibo jakin baterako hautemandako eta identifikatutako gaitasunen eta/edo gaitasun horizontal eta zeharkakoen prestakuntzara bideratutako ekintzak landuko dira, beharren azterketa bakoitzean adierazten den moduan.

3.– Prestakuntza-ekintzak.

3.1.– Deialdi honetako aurrekontu-lerro honen ondorioetarako, prestakuntza-ekintzatzat hartuko da helburu, eduki eta iraupen propioak dituen irakaste- eta ikaste-prozesua, eta jarduera-sektore bateko langileen gaitasuna eta kualifikazioak hobetzera bideratuta dago, jarduera-sektore batekoak izan ala ez, pertsona gaituak izatera irits daitezen prestakuntza, eguneratze eta espezializazio profesionalarekin lotutako jarduera-sektorean sartzeko.

Diruz lagundu ahal izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2023ko eta 2024ko deialdietan diruz lagundutako sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta detektatzeko azterlanetan jasotako prestakuntza-ekintzak, administrazio-prozeduraren informazio-fitxarekin batera identifikatuak. Fitxa horretan, izapidetze elektronikorako jarraibideak daude, eta helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1039909

3.2.– Prestakuntza-ekintzek gutxienez 6 orduko eta gehienez 270 orduko iraupena izango dute parte-hartzaile bakoitzeko, eta sektoreko azterlanen prestakuntza-pleguen artean identifikatu ahal izan diren helburuak, edukiak eta irakasteko modalitatea jasoko dituzte.

3.3.– Prestakuntza-ekintza programagarriek alta emanda egon beharko dute prestakuntza-espezialitateen katalogoan, eskatzen diren unean.

Modalitate hauetako batean eman behar dira prestakuntza-ekintzak: aurrez aurrekoa edo teleprestakuntza. Prestakuntzako jarduerek egunean gehienez 7,5 ordu iraungo dute.

4.– Prestakuntza-planak, justifikazio-memoria aurkeztea barne, betetzeko epea hauxe izango da: dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik, 2027ko ekainaren 30era bitartean.

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2025ean hasiko da, eta gehienez ere bi hilabeteko epearen barruan, dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi ondoren.

5.– Prestakuntza-planei dagozkien betekizunak: Prestakuntza-planek honako hauek bildu behar dituzte:

a) Garatuko diren prestakuntza-ekintzak, horretarako prestatutako formulario eta aplikazioetan adierazitako banakapena eginez.

b) Prestakuntza-ekintzek bakoitzaren lehentasunaren arabera zenbakituta egon beharko dute, 1. zenbakitik hasita eta dagokion azken zenbakian amaituta.

c) Prestakuntza-ekintzak gauzatzeko aurreikusitako egutegia.

d) Prestakuntza-ekintzak onestean, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide kopurua 20 izango da, eta gutxienekoa 10. Ezingo dira 10 partaide baino gutxiago dituzten prestakuntza-ekintzak hasi, prestakuntza egiaztagarriarekin lotutako ekintzen kasuan salbu, azken horiek gutxienez 8 partaiderekin hasi ahalko baitira, eta 24.4 artikuluko lehen paragrafoan ezarritakoaren arabera likidatuko baitira.

Hala ere, laguntza jasoko dutenez gain, prestakuntza-ekintzetan beste 2 ikasle ere onartzeko aukerarik izango da, prestakuntza-zentroak hainbesterentzako egiaztapen eta inskripzio baldin baditu. Parte-hartzaile gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik jasoko.

12. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Diruz lagundutako ekintzetan langile guztiek parte hartu ahal izango dute, lehentasunez enplegu-erregulazioko espedienteen (EEE) eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen (ABEEE) eraginpean daudenek, eta, ondoren, gainerako langile langabeek.

Prestakuntza-ekintza horietan ezin izango dute parte hartu administrazio publikoetako langileek, ez eta prestakuntza-planen titularrak diren erakundeetako langile-zerrendako langileek ere.

Langabezian dauden langileen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan edo beste Enplegu Zerbitzu Publiko batean enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta daudenen, edo Gazte Bermearen Fitxategi Nazionalean inskribatuta daudenen parte-hartzea gutxienez % 70ekoa izango da prestakuntza-ekintza bakoitzean. Ildo horretan, parte-hartzaileak langabetzat hartuko dira, baldin eta prestakuntza-ekintza hastean egoera horretan badaude. Halaber, komeni da Lanbidek preskribatuta egotea prestakuntza-jardueretan parte hartzeko moduan egoteko.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duten prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoen arabera.

3.– Prestakuntza-erakundeek prestakuntza-plan bakarra eskatu ahal izango dute aipatutako jarduera- eta ikasketa-sektore bakoitzeko, eta onartutako eskabide guztietan ezin izango dute gainditu 1. artikuluko aurrekontu-lerro horretarako aurrekontuaren % 10eko gehieneko zenbatekoa, kontuan hartuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Prestakuntza Espezialitateen Erregistroan jasota dauden modulu ekonomikoen esleipenean ezarritako pertsona eta prestakuntza-ordu bakoitzeko modulu ekonomikoak.

14. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunearen bidez eskatu ahal izango dute:

https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1039909

2.– Prestakuntza-plan bakoitzaren dirulaguntza-eskaerarekin batera, berariaz aurkeztuko da aipatutako sektoreko prestakuntza-beharren azterketaren erreferentzia, bai eta azterketan hautemandako prestakuntza-beharrei erantzuteko garatu beharreko prestakuntza-plana azaldu eta zehaztuko duen memoria bat ere.

3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabideak baldintza guztiak bete ezean, entitate interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, hala xedatzen duen ebazpena egin ondoren.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2025eko urriaren 30ean amaituko da.

6.– Prestakuntza-planak betetzeko epea hauxe izango da: dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik, 2027ko ekainaren 30era bitartean. Justifikazio-memoria 2027ko uztailaren 15era arte aurkeztu ahal izango da.

15. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura kudeatzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria izango da; eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehiarik gabekoa izango da.

Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn argitaratuko da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteke dauden eskabideak.

3.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta ebazpena banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez.

Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera; epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat hartu beharko da dirulaguntzaren eskaera.

4.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatuta.

5.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Ebazpenean adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsak ipini duela.

16. artikulua.– Kapitulu honetan arautu ez diren alderdi guztietan, II. kapituluan adierazitakoa beteko da.

IV. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

17. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Europako Gizarte Funtsak diruz lagunduko dituzte.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan dituzten arriskuetarako.

Lanekoak ez diren enpresa-praktiken kasuan, prestakuntza ez-egiaztagarrian, egonaldiak eta enpresetarako joan-etorriak ere estalita ditu, Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripuetarako eta erantzukizun zibilerako polizaren bidez.

Enpresan edo pareko erakundean prestakuntza-modulua eginez gero, prestakuntza egiaztagarrian, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 52. xedapen gehigarrian ezarritakoa beteko da.

3.– Parte-hartzaileek, lehen eskola-egunean, ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko agiria jasoko dituzte, eta jaso izanaren agiria sinatuko dute.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei etekina atera beharko diete. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

Erakundeek txartel grafikoko periferikoak erabili ahal izango dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemarako konexioa duen sinadura digitala jasotzeko, STU 430 modeloari edo baliokideari dagokion WACOM gailuarekin bateragarria dena eta haren zehaztapen teknikoei erantzuten diena, ezarritako prozeduraren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak dagokion instrukzioa argitaratzen duen unetik.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, honako kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo behar bezala justifikatutako bat-bateko egoera pertsonal edo familiar larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

18. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea hilabetean.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gorako hutsegiteak biltzea, arrazoia edozein dela ere, justifikatuta egon zein ez.

c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako dagoen eredua erabiliz. Lanbidek arrazoi hori ontzat ematen badu, Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia argitara emango du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura.

Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak hartu daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkez daitekeen.

Aste batean ikasle baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotzea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta hutsegiteen % 25eko muga gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

19. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak prestakuntza-ekintzak gauzatu beharko ditu, deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ematen dituen ereduen arabera, eta zuzenbide pribatuko ente publiko horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) baliatuko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasiera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago, gutxienez), geroagoko edozein aldaketa gertatu dela (gertatzen den unean) eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren amaiera, baita parte-hartzaileen bertaratzearen kontrola ere. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epearen barruan egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aurretik Lanbidek ez badu LanF aplikazioan Hasierako komunikazioa baimentzen.

2.– Beharrezkoa da deialdi honetan onartutako prestakuntza-plana benetan gauzatzea. Ildo horretan, prestakuntza-ekintza bat gutxienez 15 egunez iragarri bada, eta prestakuntza hasteko gutxieneko talde bat osatzeko interesdun nahikorik ez badago, entitateak eskatu ahal izango du ekintza hura aldatzeko, 5.3.2 artikuluan adierazitako I. eranskineko dirulaguntza-lerro handi bakoitzeko arlo bereko edo arlo-talde bereko espezialitate bateko prestakuntza-ekintza baten bidez, hau da, arloek/arlo-taldeek eta lurraldeek osatutako 49 lerroak, mailen araberako banaketa kontuan hartu gabe. Prestakuntza-ekintza berriak ordezten duen ekintzaren kostu bera edo txikiagoa eduki beharko du.

Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak gehienez 10 egun balioduneko epealdiaren barruan ebatziko du prozedura. Epealdi horretan ebazpenik ematen ez bada, eskabidea baietsitzat jo ahal izango da.

Arrazoi horrengatik ordeztu daitezkeen prestakuntza-ekintzak inolaz ere ezin dira izan entitateari onartutako prestakuntza-ekintzen % 30 baino gehiago.

3.– Langile langabeen ekimenaren kasuan, profesionaltasun-ziurtagiri edo lanbide-ziurtagiri bati edo C gradu bati lotutako prestakuntza-ekintzak honela programatu daitezke: ziurtagiri osoen arabera, lanbide-moduluen arabera eta C gradu osoen edo B graduen arabera.

Prestakuntza-planak profesionaltasun-ziurtagiri edo C gradu osoa ematea jasotzen duenean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak dagokion lanbide-ziurtagiria edo C gradua duten lanbide modulu edo B gradu adina prestakuntza-ekintzatan bereiziko ditu.

Ikastetxe batek C gradu bat edo B gradu guztiak edo horiek osatzen dituzten lanbide-modulu guztiak jasotzen dituen lanbide-ziurtagiri bat programatzen badu, ikastetxeak nahitaez eskaini beharko du enpresa edo pareko erakunde batean 80 orduko prestakuntza-aldi bat egitea, B graduak metatzeagatik C gradua edo lanbide-moduluak metatzeagatik lanbide-ziurtagiria lortu nahi duten pertsona guztientzat, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 60.2 artikuluan adierazitakoaren arabera.

Prestakuntza-ekintzek lotuta jarraituko dute, eta, ekintza horiek gauzatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

– Zati bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.

– Lanbide-moduluak dagokion lanbide-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.

Horietaz gain, entitateak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu lanbide-modulu bakoitzean, baldin eta haietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte, araututako hautaketa-prozesuaren arabera.

– Erakundeak enpresan edo pareko erakundean prestakuntza eskaini beharko die prestakuntza egiaztagarria amaitzen duten pertsonei, prestakuntza-ekintza horrekin lanbide-ziurtagiri edo gradu hori amaitzen dutenean.

4.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza ematen duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren baimena eduki beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunen arabera.

5.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara –dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe–, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztiek baldintza berak edukitzea bermatzen bada. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatu ondoren emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

6.– Langile langabeek ezingo dituzte egunean 7,5 ordu baino gehiago igaro prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira izango 37,5 ordu baino gehiago. Muga horien barruan sartuko dira, hala dagokionean, lanbide-ziurtagiri bakoitzari edo ziurtagiri horiei ez dagozkien ekintzen praktikei dagokien enpresako prestakuntza-aldiko orduak.

7.– Prestakuntza-entitateak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, batez ere pertsona kalteberentzat direnak, prestakuntza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera eduki dezaten.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-entitateak ezin izango du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbidek onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

8.– Ikastaroaren hasieran, erakunde onuradunek gutxienez material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

– Espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan.

– Ikastaroa zuzen gauzatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala.

– Beharrezkoak diren babes-elementuak.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 17. eta 18. artikuluetan araututako baztertzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

9.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta prestakuntza egiaztagarriari loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.

Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa izan beharko dute, hartara ikastaroari jarraitzeko eta etekina ateratzeko gai izan daitezen, hura normaltasunez gauzatzea oztopatu gabe. Ildo horretan, prestakuntza-ekintzari probetxua ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eska daitekeen gutxieneko maila dutela bermatze aldera.

10.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten erakunde onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, egoera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.

11.– Egiaztapen-diploma bat eman beharko zaio aldeko ebaluazioarekin prestakuntza gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako ereduaren araberakoa, eta, hor, hauek agertuko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, emateko modalitatea, iraupena eta emate-aldia. Halaber, prestakuntza-ekintza aldeko ebaluaziorik gabe amaitu duten parte-hartzaileei ikastaroan parte hartu dutela ziurtatzeko bertaratze-ziurtagiri bat emango zaie. Diploma eta bertaratze-ziurtagiria entregatzeko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, amaitzen dutenetik aurrera.

Erakunde onuradunak diploma edo bertaratze-ziurtagiri horren kopia bat gordeko du, eta kopia hori LanF aplikazio informatikora igoko da, bertan parte hartzen duen pertsonaren hartze-agiriarekin batera, ziurtagiriak Metapostaren edo antzeko erakunderen baten bidez eman diren kasuetan izan ezik. Teleprestakuntzako modalitatean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena eman ondoren, teleprestakuntzako plataformatik jaitsi ahal izango da diploma eta/edo ziurtagiria.

12.– Prestakuntza egiaztagarria denean, ikasleen ebaluazioak plangintza bat jaso beharko du, eta, bertan, aurreikusitako datak, erabili beharreko espazioak eta tresnak eta iraupena adierazi beharko dira (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako lanbide-moduluak edo B Graduak, «gai» direla adierazita.

Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte ikasleek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak jasota (LanF aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da, LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez-egiaztagarria» edo «ez gai» lanbide-ziurtagirien kasuan eta «gainditua» edo «ez gainditua» Graduen kasuan.

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitartean, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa enpresak edo haren pareko entitateak izendatutako tutoreak egingo du.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen entitateak honako datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren LanF aplikazioan:

• Ikastaroa hasi aurreko zazpi egun balioduneko epean:

– Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoan eskuratu ahal izango da).

– Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

• Ikastaroa amaitu ondorengo zazpi egun baliodunetan:

– Ikasleen emaitzak biltzen dituzten dokumentuak LanF aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoan eskuratu ahal izango da).

– Ebaluazio-aktak betetzea.

13.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da hartuko irakasleak kontratatzetzat.

20. artikulua.– Enpresako edo pareko organismo bateko prestakuntza eta lanekoak ez diren lanbide-praktikak.

1.– Prestakuntza ez-egiaztagarrian, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko 2 hilabeteko gehieneko epean hasi beharko dira.

2.– Prestakuntza egiaztagarrian, enpresako edo pareko entitate bateko prestakuntza uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 60.2 artikuluaren arabera garatuko da; hala, zentro batek C Gradu bat osatzen duten B Gradu guztiak proposatzen dituenean, aurreikusi beharko du, nahitaez, enpresako edo pareko organismo bateko 80 orduko prestakuntza-aldi bat eskaintzea beren prestakuntzaren barruan C Gradu bat lortu nahi dutenei B graduen metaketaz.

Nolanahi ere, enpresako edo pareko organismo bateko egonaldia hasi baino lehen, bermatu beharko da ikasleek dagokion prestakuntza-ikastaroa egin dutela laneko arriskuen prebentzioaren arloko lehen mailako eginkizunak –Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 35. artikuluan ezartzen direnak– egiteko behar diren konpetentziak lortzeko, hargatik eragotzi gabe uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 153.2.d) artikuluan ezarritakoa.

Horretarako, antolatu zirenean laneko arriskuen arloko lanbide-modulu edo prestakuntza-blokerik izan ez zuten lanbide-ziurtagirien kasuan, Lanbidek ofizioz sartuko du, azken lanbide-moduluan, Ikaskuntzaren Emaitzak 2, 659/2023 Errege Dekretuaren V. eranskinekoa eta FCOS02–Laneko Arriskuen Prebentziorako Oinarrizko Ikastaroa espezialitatean jasoa, arau-betekizuna betetzeko.

3.– Prestakuntza-entitateek enpresan prestakuntza-modulua egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat (salbuespenak: prestakuntza egiaztagarriaren kasuan araudian aurreikusitako salbuespen-egoera batean dauden ikasleak).

4 – Inork ezin izango du prestakuntza-modulua enpresan edo pareko entitatean egin, ez eta prestakuntza-praktika ere, prestakuntza amaitu eta azken ebaluazioa izan gabe.

5.– Era berean, prestakuntza egiaztagarriko enpresan edo pareko erakundean prestakuntza modulua egitean, bete egin beharko dira Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarrian ezarritakoak.

Ondorio horietarako, prestakuntza teorikoa amaitzean legez Espainian bizi ez diren ikasleei Lanbideren Administrazio Kontseiluak 2024ko martxoaren 19ko bileran hartutako erabakian xedatutakoa aplikatuko zaie. Erabaki horren bidez, Lanbidek finantzatutako prestakuntza-ekintzak egiteko bigarren neurriak onartzen dira, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko, prestakuntza-praktikak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren Sisteman sartzearen eragina jasan duten kasuetan, erabakiak indarra duen bitartean (Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratua). Hori horrela, neurri hauek aplikatuko dira:

a) Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua egiteko aldia lau hilabete luzatzea.

a.1.– Prestakuntza-entitateek Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariari eskatu ahalko diote enpresan edo pareko entitatean prestakuntza modulua hasteko lau hilabeteko epea luzatu dadila, Espainian legez bizi ez diren ikasleen kasuan, honako baldintza hauen arabera:

– Eskabidea prestakuntza praktikoaren modulua hasteko araudian aurreikusitako lau hilabeteko epea amaitu baino lehen aurkeztu beharko da.

– Eskabidearekin batera, berariaz egiaztatu beharko da ikasleak bizileku-baimena edo horren luzapena edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen dion beste egoera edo inguruabarren baten aitorpena eskatu duela.

a.2.– Prestakuntza-ekintzak amaitzeko epea, pertsona horien lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne, deialdi honetan adierazitako gauzatzea bukatzeko datan amaituko da.

a.3.– a) atal honetan (hasierako epearen luzapena) araututako neurria lehentasunez aplikatuko da hurrengo b) eta c) ataletan aurreikusitakoen gainean.

b) Prestakuntza-zentroan prestakuntza-praktikak egitea.

b.1.– Prestakuntza-entitateak Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariari baimena eskatu ahalko dio lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua prestakuntza-zentroan bertan egiteko, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen errege-dekretuan aurreikusitako orduen kopuruan, baldin eta prestakuntza-entitateak inguruabar hauetakoren bat egiaztatzen badu:

– Ez dela posible a) atalean aurreikusitako neurria aplikatzea (hasierako epearen luzapena), bizileku-baimena eskatu edo eskuratu ezin delako (edo luzapena, edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen duen beste edozein egoera edo baldintzaren aitorpena), ikasleak baldintzak betetzen ez dituelako.

– Bizileku-baimena eskatu arren (edo luzapena, edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen duen beste edozein egoera edo baldintzaren aitorpena), berau ukatu dela edo garaiz eskuratu ez dela, praktikak a.2 atalean aipatutako datetan hasi eta amaitzeko.

b.2.– Neurri hori aplikatzeko baimena emateko, prestakuntza-zentroak praktiketako gela, tailer-gela edo espazio bat eduki edo prestatu beharko du, lantokiaren pareko ingurua simulatuz. Gela horrek ekipamendu egokia eduki beharko du kasuan kasuko profesionaltasun-ziurtagiriarekin lotutako lanpostuaren edo okupazioaren berezko eginkizun eta zereginak egin ahal izateko eta ziurtagiri hori onartzen duen errege-dekretuan jasota dauden konpetentziak lantzeko.

b.3.– Lanak profesional edo irakasle baten ikuskaritzapean egingo dira. Profesional hori enpresako tutorea izango da, aurreikusitako ikaskuntzaren emaitzen araberako profila eduki beharko du, eta ezingo da izan kasuan kasuko prestakuntza-eskaintzako gainerako prestakuntza-moduluak eman dituen irakasle-taldearen parte.

b.4.– Horretarako, prestakuntza-entitateak hauek aurkeztu beharko ditu, prestakuntza kudeatzeko LanF aplikazioaren bidez:

– Eskabidearekin batera, b.1 atalean aurreikusitako inguruabarren bat betetzen dela egiaztatzen duen justifikazioaz gain, txosten bat, bertan adieraziz lekua, datak eta egunak jasotzen dituen egutegia, egun bakoitzeko ordu-kopuruaren zehaztasunak, haietan landuko diren prestakuntza-edukiak, benetako lan-inguru bati lotutako jardueren proposamen bat, jarduera horien jarraipena egiteko ikasleen eskura egongo den tutorearen datu pertsonalak, eta tutorearekin ariko diren ikasleek eskuratu beharreko ikaskuntza-lorpenen balorazioa.

– Lantokiko prestakuntza-moduluaren amaieran, memoria bat, tutoreak sinatuta, parte-hartzaile bakoitzak lortu dituen emaitzak azalduz, gai edo ez-gai moldea erabiliz.

c) Prestakuntza-ekintzak amaitzea, lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua osatu gabe.

Prestakuntza-entitateak egiaztatzen badu ez dela posible a) atalean (prestakuntza-praktiken hasieraren luzapena) eta b) atalean (prestakuntzaren barruko praktikak) deskribatutako neurriak aplikatzea, ikasleak prestakuntza amaitu duten partaidetzat joko dira, 20. artikuluan deskribatutako baldintzetan. Prestakuntza-ekintza amaitu duen ikasletzat jotzeak ez du eraginik izango ikaslearen egoera akademikoan; hau da, enpresan edo pareko entitatean prestakuntza modulua egin ez badu, lanbide-ziurtagiria edo gradua ezingo da amaitutzat jo.

6.– Enpresako prestakuntza egiteko, enpresaren eta prestakuntza-zentroaren arteko akordio bat sinatuko da, eta praktikak egingo dituen pertsonari emango zaio horren berri; gainera, hauek azaldu beharko dira hartan: praktiken edukiaren deskribapena, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.

7 – Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak daudenean izan ezik, eta aldez aurretik Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak baimendu behar du.

8.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo entitate publiko edo pribatuarekin, Lanbidek horretarako baimena eman ezean.

9.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 7,5 ordutik gorakoa izan.

10.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta enpresan edo pareko entitatean prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

21. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

2.– Jarduketa-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

3.– Batasunaren arautegian ezartzen den moduan, eta prestakuntza-entitateak egiaztatzea arautzen duen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

22. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE), zeinak argitaratzen baititu enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak.

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jarduketen artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

Galdetegiak telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 24.3 artikuluan aurreikusitako baldintzetan egingo da.

23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Onartutako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da; honela:

a) Lehen ordainketa, 2025eko ordainketa-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 23,72, lehen prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.

b) Bigarren ordainketa, 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 25,42, prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzen % 40 gutxienez hasitakoan. Hau 2026ko ekitaldian eskatu beharko da.

c) Hirugarren ordainketa, 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 25,42, prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzen % 60 gutxienez hasitakoan. Hau 2026ko ekitaldian eskatu beharko da.

d) Laugarren ordainketa, 2027ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitutakoan, enpresan edo pareko entitatean prestakuntza edo lanekoak ez diren praktikak barne, jarduerak justifikatu ondoren.

Ordainketa aurreratuen zenbatekoa, banaka edo aurreko ordainketekin batuta, 180.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak Lanbiden aurkeztu beharko du, ordainketa egin aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian zenbateko aurreratua estaltzeko bermea, abala edo fidantza eratu delako frogagiria.

Bermeak ordainketa aurreratuaren nominala estali beharko du, baita haren interesak ere.

2.– Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

Entitateak ez badu Lanbideren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du, helbide honetan eskuragarri egongo dena:

https://www.euskadi.eus/servicios/1234602

24. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-planak gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.

Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Likidatzea dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko dagokion enpresan edo pareko entitatean prestakuntza modulua ezarritako epeen barruan amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza, 20.3 artikuluan deskribatutako administrazio-egoera irregularrean dauden eta prestakuntza-ekintza prestakuntza praktikoko modulua osatu gabe amaitu duten parte-hartzaileen kasuan izan ezik.

3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

– A modulua 15 ikaslez biderkatuko da –prestakuntza egiten hasi ziren ikasleen kopurua 3.6 artikuluan ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugen artean badago, aipatutako artikuluko b) apartatuan aurreikusitako kasua ere kontuan hartuz–, eta emandako prestakuntza-orduez ere biderkatuko da.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-ekintzaren % 25 egin badute–; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru batentzat onartutakoa da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbateko osoa, hain zuzen ere ez zaio gehituko betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

– Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da zeharkako gastuengatik.

Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez duten prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleetatik ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute. Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbateko osoa, hain zuzen ere ez zaio gehituko betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

4.– Egiaztatu daitekeen prestakuntza-ekintza 10 partaide baino gutxiagoarekin hasi bada, A, B eta C modulu ekonomikoa aplikatuko da prestakuntza-ekintza amaitzen duten pertsona bakoitzeko (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne), kontuan hartu gabe laneratzea, gaixotasuna edo istripua ez diren arrazoien ondorioz bertan behera utzi duten pertsonen bertaratze-orduak.

4. atal honetan adierazitakoa ez da aplikatuko Lanbidek baimendutako 3.6 artikuluaren b) atalean aurreikusitako kasuetan, aurreko 3. atalean xedatutakoaren arabera likidatuko baita.

5.– Dirulaguntza jasotzen duen entitateak prestakuntza-ekintza bakoitzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitutakoan prestakuntza-entitateak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baliozkotu eta 15 egun balioduneko epealdian, gehienez.

Diruz lagundutako planeko prestakuntza-ekintza guztien justifikazio ekonomikoa aurkezteko epealdia azken prestakuntza-ekintza amaitu ondoren 15 egun baliodun igarotakoan amaituko da, gehienez.

Artikulu honetan jasotako irizpideetan eta modulu ekonomikoetan oinarritutako justifikazio ekonomikoaz gain, prestakuntza-entitate onuradunak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Halakorik balego, prestakuntza-plana egikaritzea osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo, bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da 22. artikuluan xedatutakoaren arabera deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

– Ikasleei eta entitate onuradunaren titularrei eta plantillari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.

Ezarritako epealdietan beharrezko justifikazioa aurkezten ez badu, organo eskudunak 15 egun balioduneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

25. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14, 27. eta 42. artikuluetan oro har ezarritakoak, eta, prestakuntza-ekintzen dirulaguntzei dagokienez, enplegurako lanbide-heziketako sistema erregulatzen duen araudiak xedatutako betebeharrak.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

EGFrekin batera finantzatutako prestakuntza-ekintzek Europar Batasuneko araudiaren ondorioz Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduketak onartu beharko dituzte.

3.– Kontrol-jarduketak onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaizkion jarraipen-agiriak bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea beste erakunde batzuei dirulaguntzak edo laguntzak eskatu dizkiela edo lortu dituela, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten badiete.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak ea betetzen diren egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko. Horretarako, honako hauetara behartuta egongo dira erakunde onuradunak:

a) Bereizitako kontabilitate bat erabiliz edo kontabilitateko kodeketa egoki eta bereizia erabiliz erregistratzea dirulaguntza honen eraginpeko mugimendu guztiak. Europako Gizarte Funtsak finantzaketan parte hartu duela adierazi beharko da. Horrez gain, bermatu beharko da kontabilitate-egozketa kontabilitate orokorraren arloan eta merkataritzako legeriaren arloan indarrean dauden araudiekin bat datorrela.

b) Ekintza gauzatu dela, gastuak egon direla eta ordainketak benetan egiten direla egiaztatzeko dokumentazio moduan balio dezaketen jatorrizko agiri kualitatibo eta kuantitatiboak gordeko dituzte, bost urtez, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.

Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.

6.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak datu pertsonalen tratamenduari dagokion konpromisoa sinatu beharko du, dirulaguntza onartzeko unean, datu horien tratamendu-eragilea den aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legedian ezarritako baldintzen arabera.

7.– Entitateak gela bat jarri beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleak adina ordenagailu dituena, 16. artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izateko. Halaber, entitatearen ardura izango da inkesta hori betetzen dela bermatzea.

26. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta EGF+ 21-27ren finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.

Diruz lagundutako jarduera guztietan eta horien ondorio diren ekintzetan, entitateek berariaz eman beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikotik jasotzen duten finantzaketaren berri, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte horretarako (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez entitate onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

Halaber, dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.

Onuradunek eta finantza-tresnak gauzatzen dituzten erakundeek funtsek eragiketari emandako laguntza aintzatetsiko dute, eta horretarako:

a) Onuradunaren webgune ofizialean, webgune hori dagoenean, eta hedabide sozialetako kontuetan eragiketaren deskribapen labur bat egingo dute, laguntzaren mailaren, helburuen eta emaitzen araberakoa, eta Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko dute.

b) Adierazpen bat egingo dute, Batasunaren laguntza nabarmentzeko, eta ageriko tokian jarriko dute eragiketa gauzatzearekin zerikusia duten komunikazioaren arloko agiri eta materialetan, jendeari edo partikularrei zuzendutakoetan.

c) Jendeak ongi ikusteko moduko toki batean, A3 neurriko kartel bat gutxienez edo pantaila elektroniko baliokide bat jarriko dute, eragiketari buruzko informazioa jasota, eta Funtsen laguntza nabarmenduko dute bertan; onuraduna pertsona fisikoa bada, onuradun horrek, ahal den neurrian, funtsen laguntza nabarmentzeko informazio egokia izango duela bermatuko du, publikoak ikusteko moduko leku batean edo pantaila elektroniko baten bidez.

27. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura abiatuko da.

28. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

29. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira eta aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte (data hori dirulaguntza baino lehenagokoa bada), baldin eta laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan berariaz aurreikusten diren baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat egiten badute. Eta, bereziki, kasu hauetan:

a) Ez justifikatzea jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta eskakizunak bete izana.

b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 26. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Irizpide hauen arabera zehaztuko da balizko ez-betetzeen maila:

a) Erabateko ez-betetzea gertatu bada: dirulaguntza emateko xedearen edo hori justifikatzeko betebeharraren erabateko ez-betetzeak, emandako dirulaguntzaren % 100 itzuli behar izatea ekarriko du.

Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, horiek honela neurtuta: prestakuntzaren ordu-kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua gehi ordaindu duen partaide bakoitzak egindako bertaratze-orduak. Ikasleek ikastaroa amaitu dutela joko da ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan badira. Ondorio horietarako, ikastaroa amaitu dutela joko da, halaber, enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeen kasua, bai eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileena ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-jarduera gutxienez % 25ean egin badute, eta 20.3 artikuluan deskribatutako administrazio-egoera irregularrean dauden partaideena, baldin eta prestakuntza-ekintza amaitu badute, prestakuntza praktikoaren modulua amaitu gabe (20.5 artikuluaren c) atala).

3.6 artikuluaren b) atalean aipatzen diren prestakuntza-ekintzen kasuan, 10 partaideren orduen arabera kalkulatuko da adierazlea.

b) Ez-betetze partziala: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean ez betetzeak emandako dirulaguntza aldatzea edo hein batean itzultzea ekarriko du.

Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:

– Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxituko da bete gabe utzi den ehuneko berberean, B moduluak eragiten duen zenbatekoaren gainean.

– Deialdiaren 5.4.2 artikuluan aipatutako 49 dirulaguntza-lerro handietako batean aipatutako adierazlea helburuen % 25era iristen ez bada, lerro horretan emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da.

– Titulu egiaztagarria lortzea xede duten prestakuntza-ekintzetan, praktiketan hasi ez diren ikasleak praktikak egin behar dituzten ikasle guztien % 30 baino gehiago badira, prestakuntza-ekintza horretarako emandako dirulaguntza itzuli beharko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak abiaraziko du prozedura, II. kapituluan jasotako laguntzen kasuan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak, III. kapituluan jasotako laguntzen kasuan, eta idazkia bidaliko dio enpresa edo entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazioak egiteko epea igaro ondoren, prozedurari amaiera emango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, II. kapituluan jasotako laguntzen kasuan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren bidez, III. kapituluan jasotako laguntzen kasuan. Itzulketa-prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean ondorioztatzen bada ez-betetzeren bat izan dela, bertan adieraziko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, bidezkoak diren kopuruak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli behar zaizkiola. Itzultzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

6.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

30. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendua eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean baitago argitaratuta.

Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

31. artikulua.– Aplikatu beharreko arauak.

1.– Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutakoa aplikatu behar zaio.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan ezarritako erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, bermeen araubideari dekretu hau aplikatuko zaio, lege horren kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

2.– EGF+k kofinantzatuta egonda, onuradunak erregelamendu komunitario hauetan xedatutakoa bete beharko du:

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamendua. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere.

– 2021/1057 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duena eta 1296/2013 Erregelamendua (EB) indargabetzen duena.

3.– Prestakuntzaren arloan, deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, aplikagarri izango dira 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren aurka ez doan horretan.

Prestakuntza egiaztagarriari dagokionez:

– EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko lanbide-heziketako sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, arautzen duena, eta haren oinarri arautzaileak eta finantzaketa-baldintzak ezartzen dituena.

– 3/2022 Legea, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzekoa.

– 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak arautzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duena.

– 658/2024 Errege Dekretua, uztailaren 9koa, errege-dekretu hauek aldatzen dituena: 132/2010 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituena, eta 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duena.

32. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala