
178. zk., 2026ko irailaren 17a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 9 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3921
EBAZPENA, 2026ko irailaren 9koa, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita udalentzako eta gainerako toki-erakundeentzako laguntzen deialdia, 2026rako giza eskubideen, bakearen eta bizikidetza demokratikoaren arloko proiektuak, programak edo jarduerak egiteko.
Giza eskubideen, bakearen eta bizikidetza demokratikoaren arloko proiektuak, programak edo jarduerak diruz laguntzeko laguntzak arautzen dituen ekainaren 30eko 107/2026 Dekretuaren 5. artikuluak adierazten duenez, laguntza horien deialdia egingo da giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularraren urteko ebazpenaren bidez. Deialdi hori bi ebazpenen bidez egin beharko da: bata, entitate pribatuen proiektuetarako, eta, bestea, udalen eta gainerako toki-erakundeen, toki-organismo autonomoen, tokiko enpresa-entitate publikoen eta tokiko merkataritza-sozietateen proiektuetarako, baldin eta haien kapital soziala titulartasun publikokoa bada.
Urteko ebazpenean honako hauek zehaztuko dira: deialdiaren xedea, laguntzen zuzkidura ekonomikoa, diruz lagundu daitekeen proiektu, programa edo jarduera bakoitzeko gehieneko zenbatekoa, entitate onuradun bakoitzak jaso dezakeen gehieneko zenbatekoa, balorazio-batzordeko kideak izendatuko dira, eskabideak aurkezteko lekua, modua eta epea, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, kudeatzeko eta ebazteko organo eskudunak, ebazteko eta jakinarazteko epea, ebazpena jakinarazteko edo argitaratzeko modua, ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dion ala ez eta, hala badagokio, dagozkion errekurtsoak, dirulaguntza justifikatzeko lekua, modua eta epea eta gauzatzeko epea.
Deialdiaren ebazpen hau Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da. Plan hori sailburuaren 2025eko otsailaren 5eko Aginduaren bidez onartu zen, eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren 2026ko otsailaren 10eko Aginduaren bidez eguneratu zen.
Deialdi hau Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 33. artikuluan aurreikusitako urgentziazko prozeduraren bidez izapidetuko da, aurreikusitako laguntzak eskuragarri dagoen denbora-epearen barruan deitu, izapidetu eta ebatzi ahal izatea bermatu behar delako, entitate hartzaileek laguntza horiek benetan baliatu ahal izan ditzaten eta deialdiaren helburuak aurreikusitako epeetan lortu ahal izan daitezen.
Prozedura-epeak metatu egingo direnez, eta laguntzak gauzatzeko eta ordaintzeko egutegitik eratorritako denbora-mugak daudenez, ezinezkoa da deialdia prozedura arruntaren bidez izapidetzea, haren eraginkortasuna arriskuan jarri gabe.
Ondorioz, badira arrazoiak prozedura arintzea eskatzen dutenak, eta, beraz, justifikatutzat jotzen da presako izapidetzea aplikatzea, eskabideak eraginkortasunez eta epearen barruan ebazten direla eta deialdiaren helburuak behar bezala lortzen direla bermatzeko.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247 zk.) deialdi hau aipatutako legean xedatutakoari egokituta dago.
Ondorioz,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Udalei eta gainerako toki-erakundeei giza eskubideen, bakearen eta bizikidetza demokratikoaren arloko proiektuak, programak edo jarduerak egiteko 2026rako laguntzen deialdia onartzea, eranskinean agertzen diren baldintzetan.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesa.
Ematen diren datu pertsonalak «bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
– Arduraduna: Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritza, Justizia eta Giza Eskubideen Saila.
– Helburua: bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
– Hartzaileak: ez da aurreikusten daturik komunikatzea.
– Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/144400-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Administrazio-isiltasunaren esanahia.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoaren arabera, laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, prozedura horretarako ezarritako gehieneko epea ebazpena jakinarazi gabe amaitzen bada, interesdunek dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertu ahal izango dute. Era berean, isiltasunak, alde batetik, ez du administrazioa salbuesten dagokion prozedura berariaz ebaztetik, eta, bestetik, isiltasunaren aurreko legitimazioa administrazio-errekurtsoa jartzeko aukeraren ondorioetarako gertatzen da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Deialdiaren xede diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: 107/2026 Dekretua, ekainaren 30ekoa, Giza eskubideen, bakearen eta bizikidetza demokratikoaren arloko proiektuak, programak edo jarduerak diruz laguntzeko laguntzak arautzen dituena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 9a.
Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendaria,
AINHOA ZUGASTI BILBAO.
ERANSKINA
UDALENTZAKO ETA GAINERAKO TOKI-ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA, GIZA ESKUBIDEEN, BAKEAREN ETA BIZIKIDETZA DEMOKRATIKOAREN ARLOKO PROIEKTUAK, PROGRAMAK EDO JARDUERAK EGITEKO 2026RAKO
1. artikulua.– Xedea.
1.– Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta gainerako toki-erakundeek bakearen eta bizikidetza demokratikoaren aldeko kultura eta giza eskubideen eta balio demokratikoen errespetua gizartean sustatzera bideratutako proiektuak, programak edo jarduerak finantzatzeko laguntzen deialdia egitea. Proiektu horiek 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko irailaren 1era garatu ahal izango dira.
2.– Deialdi hau Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 33. artikuluan aurreikusitako presako prozeduraren bidez izapidetuko da.
3.– Ematen diren laguntzak proiektu, programa edo jarduera mota hauek finantzatzeko izango dira:
a) Hitzaldiak, eztabaidak, mahai-inguruak, jardunaldiak edo mintegiak antolatzea.
b) Informazio-, sentsibilizazio- edo eragin-kanpainak garatzea.
c) Informazio- edo dibulgazio-materiala sortzea, diseinatzea eta editatzea.
d) Prestakuntza-programak edo ikastaroak, artikulu honetako 3. tartekian ezarritako edozein eremutan.
e) Edozein esparrutako ikasleei zuzendutako hezkuntza-proiektuak.
f) Herritarrek parte hartzeko ekimenak.
g) Antzeko beste batzuk, baldin eta hurrengo tartekian ezarritako eremuak zabaltzen eta ezagutzen laguntzen badute eta kolektibo hartzaileetan gizarte-laguntzako edo esku-hartze zuzeneko ekintzak ez badira.
4.– Aurreko atalean zehaztutako programa edo jardueraren bat egiteko izango dira laguntzak, betiere honako jardun-eremu hauetakoren batean garatzen badira:
a) Bakea eta bizikidetza demokratikoa:
1.– Giza duintasunarekiko, giza eskubideekiko eta bizikidetza demokratikoarekiko konpromisoa sustatzeko parte-hartze, dibulgazio edo gizarte-hezkuntzako jarduerak.
2.– Gizartean kontzientzia kritikoa eta deslegitimatzailea sustatzera bideratutako ekimenak, indarkeria, terrorismo edo giza eskubideen urraketa mota orori dagokionez.
3.– Iraganean gertatutako indarkeria-mota orori dagokionez, hausnarketa kritikoko eta justizia leheneratzaileko prozesuak babestea ahalbidetzen duten programak.
4.– Gizarte-partaidetzako eta desberdinen arteko elkarrizketako esperientziak, bizikidetza demokratikoaren erronkei heltzen dietenak eta aniztasuna eta gizartea elkartzea sustatzen dutenak.
5.– Bake justua eta iraunkorra eraikitzearen aldeko apustua egiten duten proiektuak, bakearekiko, multilateralismoarekiko eta arintze militarrarekiko konpromisoari balioa ematen diotenak.
b) Biktimak eta gizartea:
1.– Terrorismoaren biktimei laguntzeko jarduerak.
2.– Motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzeko jarduerak.
3.– Biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzen duten programak, biktimek gizarte-eraldaketako prozesuan parte hartzen dutela sentitzeko eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzeko bitartekoak erraztuz.
c) Giza eskubideak.
1.– Giza eskubideak, arrazakeriaren eta xenofobiaren prebentzioa eta gorroto-diskurtsoak eta -delituak sustatzen dituzten proiektuak.
2.– Desberdintasunaren, diskriminazioaren, bidegabekeriaren edo marjinazioaren modu kritikoenen aurrean balio demokratikoak eta gizarte-inplikazioa sustatzen dituzten esperientziak.
3.– Indarkeriaren, nazioarteko terrorismoaren, gerraren eta genozidioaren adierazpen berriei aurre egiteko elkartasun-, inplikazio- eta mobilizazio-ekintzak.
4.– Justizia klimatikoa eta ingurumen garbi, osasungarri eta jasangarrirako eskubidea defendatzeko ekintzak.
2. artikulua.– Entitate onuradunak.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta gainerako toki-erakundeek, toki-organismo autonomoek, enpresa-entitate publikoek eta tokiko merkataritza-sozietateek eskatu ahal izango dituzte ebazpen honen xede diren laguntzak, baldin eta haien kapital soziala titulartasun publikokoa bada.
3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, ebazpen honetan ezartzen den dokumentazioarekin batera, eta bertan kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetarako behar diren izapide guztiak, egoitza horretan horretarako dagoen eredua erabiliz. Eredu hori nahitaez erabili beharko da kasu guztietan.
2.– Eskabidea eta dagokion dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke, entitate eskatzaileak aukeratzen duen moduan. Prozedura osoan zehar, hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0041313
4.– Eskabidea bide elektronikoz aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta.
3.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimakian beteko da.
2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren, programaren edo jardueraren memoria aurkeztuko da, bai eta proiektua gauzatzeko behar den aurrekontua ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan gaitutako ereduak erabiliz.
3.– Era berean, 2. artikuluan aurreikusitako erakundeek bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko txostenak aurkeztu beharko dituzte, aplikatu beharreko araudian eta 107/2026 Dekretuaren 3.3.d) artikuluan eskatutakoak.
4.– Entitate eskatzaileak ez du aurkeztu beharko jada administrazio eskudunaren esku dagoen dokumentazioa, edo beste administrazio publiko batek egindakoa. Laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazio hori kontsultatu edo eskatu ahal izango du ezarritako elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez, salbu eta entitate interesdunak berariaz adierazten badu aurka dagoela.
5.– Entitate eskatzaile bakoitzak hiru eskabide aurkeztu ahal izango ditu gehienez, hiru proiektu, programa edo jarduerari dagozkienak.
6.– Giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzak espedientea osatzeko behar diren dokumentuak eta argibideak eskatu ahal izango dizkio entitate eskatzaileari, eta hark emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.
6. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo deialdi-ebazpenean eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez badu, giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzak entitate interesdunari eskatuko dio bost eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.
7. artikulua.– Diru-zuzkidura.
1.– Dirulaguntzen programa honetara berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euro bideratuko dira.
2.– Proiektu, programa edo jarduera bakoitzeko eska daitekeen gehieneko zenbatekoa hamabost mila (15.000) eurokoa izango da. Deialdi honen esparruan entitate onuradun batek lor ditzakeen laguntzen gehieneko zenbateko osoak ezin izango du gainditu hiru proiektu, programa edo jardueratarako aurreikusitako gehieneko zenbatekoen batura, hau da, ezin izango du berrogeita bost mila (45.000) euroko zenbatekoa gainditu.
8. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu:
Batzordeburua:
Verónica Domingo Marino andrea, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzako teknikari arduraduna.
Batzordekideak:
Maria Victoria Fernández Garcia andrea, Zerbitzu Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren teknikari arduraduna.
Joana Arakistain Barinagarrementeria andrea, Justizia Administrazioko Zuzendaritzako berdintasun-teknikaria.
Nagore Fradejas Corral andrea, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzako teknikaria.
Laura Pérez Recio andrea, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzako teknikaria, batzordeko idazkari-lanak egingo dituena.
9. artikulua.– Behin-behineko ebazpenaren proposamena.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 20ko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskabideak baloratu ondoren, eta ezarritako irizpideak aplikatuta, balorazio-batzordeak ebaluazioaren emaitzari buruzko txostena egingo du. Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendariak, kudeaketaz arduratzen den organoak, espedientea eta aipatutako txostena ikusi ondoren, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori entitate interesdunei jakinarazi beharko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan. Bost eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.
2.– Interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, ez da entzunaldiaren izapidea egin beharrik izango; kasu horretan, organo kudeatzaileak egindako ebazpen-proposamena behin betikotzat hartuko da.
10. artikulua.– Behin betiko ebazpenaren proposamena.
1.– Alegazioak aztertu ondoren, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendariak behin betiko ebazpenaren proposamena egingo du. Bertan, onuradun gisa proposatutako eskatzaileen zerrenda, onartutako aurrekontua, esleitutako zenbatekoa, egindako ebaluazioa eta balorazioan aplikatutako irizpideak jasoko dira.
2.– Behin betiko ebazpenaren proposamena kudeaketa-fasean onuradun gisa proposatu direnei jakinaraziko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, bost egun balioduneko epean proposatutako dirulaguntza onartzen dutela adieraz dezaten. Onartzen ez badute, onuradun gisa proposatutako entitateak eskaerari uko egiten diotela ulertuko da.
11. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako behin betiko ebazpenaren proposamena onartu ondoren, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordeak dirulaguntza emateko ebazpena emango du. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko zaie eskatzaileei.
2.– Behin betiko ebazpenak, gutxienez, honako hauek jasoko ditu: dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, laguntzaren xedea, emandako zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, dirulaguntza justifikatzeko prozedura eta epeak, eta laguntza emateko arau-xedapena. Ebazpenean, halaber, ezetsi edo ukatu diren eskabideen zerrenda jasoko da.
3.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.
4.– Dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
12. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunek eman zaien dirulaguntzaren erabilera justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, jarduera egin eta gehienez ere hilabeteko epean, eta betiere 2027ko urriaren 1a baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden eredu normalizatuak erabiliz.
2.– Ezarritako baldintzak bete direla eta diruz lagunduko den programan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, egindako gastuaren justifikazio-kontu arrunta erabiliko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Onartutako aurrekontu osoa justifikatu beharko da, eta ez emandako zenbatekoa bakarrik.
Diruz lagundutako jardueraren egiaztagiriak honako hauek jaso beharko ditu:
a) Jarduketa-memoria bat, garatutako proiektu, programa edo jarduera bete dela justifikatzeko; bertan, genero-ikuspegia nola txertatu den deskribatuko da, bai tratu-desberdinkeriako edo diskriminazioko egoeran dauden kolektiboen arteko intersekzionalitatea ere.
Era berean, memorian, diruz lagundutako prestazioen erabiltzaileen edo onuradunen kopuruari buruzko adierazleekin eta datuekin lortutako emaitzak jaso behar dira, bai eta proiektua, programa edo jarduera gauzatu duen plantillari buruzkoak ere, sexuaren arabera banakatuta, salbu eta, aparteko kasuetan entitate onuradunak, garatutako proiektuaren izaeragatik, datu horiek edukitzeko ezintasuna justifikatzen badu.
b) Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa.
1.– Gastuen zerrenda sailkatua, honako hauek adierazita: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data. Gastuen eta fakturen zerrenda Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzak normalizatutako formulario eta txantiloietan aurkeztuko da.
2.– Hala badagokio, hasieran onartutako aurrekontuarekiko izandako desbideratzeak adieraziko dira.
c) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jardueraren diru-sarreren eta gastuen balantzea; bertan, proiektua, programa edo jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza jaso beharko da, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
Justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu den gastua hartuko da kontuan.
d) Diruz lagundutako proiektua edo programa gauzatzeko egindako gastuen jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak. Era berean, gastuak benetan ordaindu direla egiaztatu beharko da. Dokumentazio hori zenbakituta eta ordenatuta emango da.
3.– Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
RSS