Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2025eko abenduaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
5197

EBAZPENA, 2025eko azaroaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-arloan prestakuntza digitala finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta laguntza horien 2025-2026 ekitaldirako deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2025eko azaroaren 26ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-arloan prestakuntza digitala finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartu ditu, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta laguntza horien 2025-2026ko ekitaldirako deialdia ere bai.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-arloan prestakuntza digitala finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta laguntza horien 2025-2026ko ekitaldirako deialdia. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 2025eko azaroaren 26an egindako bileran onartu zituen, eta erabakia Ebazpen honen eranskinean agertzen da.

Bigarrena.– Aditzera ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak oinarri arautzaileak eta laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea, oinarri arautzaileak eta deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TURISMO-ARLOAN PRESTAKUNTZA DIGITALA FINANTZATZEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK, EUROPAR BATASUNAREN NEXTGENERATION EU FUNTSAK FINANTZATUTAKO SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN ESPARRUAN, ETA LAGUNTZA HORIEN 2025-2026KO EKITALDIRAKO DEIALDIA

Next Generation EU finantza-tresna 2020ko uztailaren 21ean onetsi zuen Europako Kontseiluak, eta tresna horren ardatza «Suspertze eta Erresilientzia Mekanismo» bat da: mekanismo haren helburua Batasuneko estatuetan inbertsioa eta erreformak bultzatzea da, hartara susperraldi jasangarri eta erresilientea lortzeko, eta, aldi berean, justizia sozialean oinarritutako hainbat erreforma ahalbidetzea, bai maila nazionalean, bai eskumenak transferituak dituzten autonomia-erkidegoekiko gobernantza partekatuan.

Euskadi Next, Euskal Autonomia Erkidegoaren suspertze, eraldatze eta erresilientziarako inbertsio-programan jasotzen denez, erronka nagusia Euskal Autonomia Erkidego berde, digital eta inklusibo bat eraikitzea da. Enplegua sortzen duen suspertze ekonomikoa bizkortzearen garrantzia planteatzen da, eraldaketa digitala produkzio-egituraren lehiakortasuna indartzeko aukeratzat jota.

Egungo gizartea, oro har, eraldaketa digital sakon, atzeraezin, dinamiko eta aldakorreko prozesu batean murgilduta dago, aurrekaririk gabeko eta oraindik zehaztu gabeko ondorioak dituen garapen teknologikoko testuinguru baten barruan. Digitalizazioak lan-merkatuan eta, zehatzago, turismo-sektorean dituen ondorioek, historiako eraldaketa handietan bezala, langileen gaitasunak berregituratzea dakarte, erakundeen maila guztietan. Enplegu berriak sortzea, beste batzuk suntsitzea eta ia guztiak birkonfiguratzea espero da.

Giza faktorea da, beste behin, ekonomia digitala erabat garatzeko funtsezko elementuetakoetako bat, eta eragina du sektore teknologikoaren hazkunde-ahalmenean, bai eta enpresa ez-teknologikoen konpetentzia digitaletan ere, hala nola turismo-sektorekoetan. Trebetasun digitalak dituen giza kapitalaren ikuspegitik, lan-merkatuan sartzen ari diren gazteak edo epe laburrean sartuko direnak hartu behar dira kontuan, baita gaur egun okupatuta dagoen eta bere lanbide-jarduera garatzen ari den lan-indarra ere, kasu askotan lan-merkatura sartzen eta lan-merkatutik ateratzen ari den aldizkako jarduera batekin. Aitortzen da giza faktorea prestakuntza faktore erabakigarria dela enpresen eta ekonomia osoaren lehiakortasunerako, enpresen produktibitatea ezin baita hazi biztanleria aktiboaren kualifikazioak handitzen ez badira. Turismo-sektorea ez dago errealitate horretatik kanpo, are gutxiago Euskal Autonomia Erkidegoan, sektorea enpresa txiki eta ertainek osatzen dute eta.

Halaber, ez da ahaztu behar ekonomiaren eta gizartearen digitalizazio-mailak eta teknologiaren erabilerak, produktibitatean, lehiakortasunean eta berrikuntzan ez ezik, ongizatearen eta gizarte- eta kultura-garapenaren mailetan ere eragina dutela, aldaketa teknologikoaz gain, aldaketa soziala eta kulturala ere gertatzen baita.

Turismo-sektoreak identifikatuta ditu egungo joera nagusiak trantsizio teknologiko-digitalari dagokionez, bai eta joera horiek bere jardueran eta lan-merkatuan bertan duten eragin izugarria ere.

Turismoko Estatu Idazkaritzaren 2023ko abenduaren 29ko Ebazpenaren bidez, Turismoko Konferentzia Sektorialaren 2023ko abenduaren 29ko Erabakia argitaratu zen (2024ko urtarrilaren 23ko BOE). Erabaki horren bidez, Turismo-arloko Konpetentzia Digitalen Planeko proiektuetarako finantzaketa-lerrora bideratutako kredituaren banaketa-irizpideak eta banaketa – 54 milioi euro guztira – ezartzen dira autonomia-erkidegoentzat eta hiri autonomoentzat, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 19. osagaiaren 3. Inbertsioaren esparruan. Ebazpen horren helburua da langileen konpetentzia digitalak indartzea, ETEen digitalizazioa bultzatuz sektore espezifikoei zuzendutako ekintzen bidez, eta, akordio horren kasu jakinean, sektore turistikoari zuzendutakoak dira, digitalizazioa izanik sektorea modernizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko elementu estrategikoetako bat.

Finantzatu nahi diren ekintzek bide eman behar dute turismo-sektoreari lotutako EAEko pertsonak konpetentzia digitaletan prestakuntza jaso dezaten, Turismoko Konpetentzia Digitalen Planaren bidez. Onuradunak ETEak, langile okupatuak eta langabeak eta Gizarte Segurantzan alta emanda eta sektorearekin lotuta dauden 29 urtera arteko gazteak dira.

Enplegurako lanbide-heziketa funtsezko tresna da lan-merkatuan laneratzen eta langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta okupatuen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7.1.d) artikuluari jarraikiz –Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen–, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, eginkizunen eta jardun-eremuen artean, enplegu-politika esleitua du, eta «enplegurako lanbide-heziketa ere bai, dekretu horren 12.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Zeregin horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoa Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enpleguko, lanerako prestakuntzako eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzen ditu, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako ente publikoaren estatutuen 4.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. Egitasmo nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa ematea da, askotariko prestakuntza-eskaintzekin.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak ente publiko horri esleitzen dio EAEn enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).

Enplegurako lanbide-heziketaren arloko ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari dagokio langile okupatuei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea eta erabaki honetan jasota daudenen moduko proposamenak egitea.

Proiektatutako jarduketa aurreikusita dago Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina sailburuaren 2024ko martxoaren 8ko Aginduaren bidez onartu baitzen. Plan horren barruan 5. Jarduketa-eremuan dago, zehazki 5.1. puntuan (40. Konpromisoa: Turismo Jasangarriaren Euskal Estrategia berria), eta zehatzago, 5.1.1 Turismoko Konpetentzia Digitalen Planean (Next-Generation EU Europako Funtsak). Hala, bada, ekimena aipatutako sailaren dirulaguntzen plangintza estrategiko gisa kokatzen da, baina Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak garatuko du SEEPen barruan, Euskadiko turismo-sektorerako konpetentzia digitalen programa garatzeko 2025-09-10ean biek formalizatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan.

Kontuan izanda Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak duela lanerako prestakuntza kudeatzeko eskumena, eta, orobat, esperientzia eta ezagutza zabala dituela kolektibo askorentzako programazioak eta prestakuntza-ekintzak diseinatzen eta egiten, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntza teknikoa izatea turismo-sektorerako konpetentzia digitalen prestakuntza-programa egiteko eta gauzatzeko. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat prestatu behar izan da Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren artean, 2025eko irailaren 10ean sinatua. Batetik, Javier Hurtado Domínguez jaunak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua izendatzeko lehendakariaren ekainaren 24ko 32/2024 Dekretuaren arabera izendatua (2024ko ekainaren 25eko EHAA, 124. zk.), lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) esleitutako eskumenak baliatuz, eta hitzarmen hau formalizatzeko baimendua Gobernu Kontseiluak 2025eko uztailaren 22an hartutako erabakiaren bidez. Bestetik, Francisco Pedraza Moreno jauna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia, haren izenean eta hura ordezkatuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Estatutuak onartzen dituen apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren 5. artikuluaren arabera (EHAA, 2025eko maiatzaren 15ekoa), zeinaren 1. apartatuan ezartzen baita «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendaritza arrunta eta ordezkaritza Zuzendaritza Nagusiari dagozkiola, Administrazio Kontseiluari eta haren presidenteari esleitutakoaren kalterik gabe».

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, zuzenbide pribatuko ente publiko horretako Administrazio Kontseiluak, 2025eko azaroaren 26ko bileran, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-arloan prestakuntza digitala finantzatzeko laguntzak arautzeko oinarriak onartu zituen, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta 2025eko ekitaldirako deialdia honela egitea erabaki zuen:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Oinarri honen xedea da 2025eko ekitaldian eman beharreko laguntzak arautzea, diruz laguntzeko EAEko «Prestakuntza digitala turismo-arloan» programako prestakuntza-planak. Ekintza hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 19. osagaiaren barruan dago («Konpetentzia digitalen plan nazionala – Digital Skills»); zehazki, 03 inbertsioaren barruan («Enplegurako konpetentzia digitalak»); eta CID 292a mugarri eta helburuari laguntzen dio («Prestakuntza digitala lan-ingurunean»). Horrek ekintzari lotutako helburuak betetzen lagunduko du, Europako eta Estatuko suspertze- eta erresilientzia-mekanismoa eta Suspertze Plana erregulatzen dituen araudiarekin bat etorriz.

2.– Oinarri hauen arabera emandako dirulaguntzak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatuko dira; mekanismo hori (EB) 2021/241 Erregelamenduak ezarria da ([EB] 2021/241 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena). Europako funtsekin finantza daitezkeen dirulaguntza horiek izapidetzeko eta emateko, honako hauek aplikatuko dira: 36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, zeinaren bidez presako neurriak onartzen baitira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko; Turismoko Estatu Idazkaritzaren 2023ko abenduaren 29ko Ebazpena, zeinaren bidez argitaratzen baita Turismoko Konferentzia Sektorialaren 2023ko abenduaren 29ko Erabakia, turismo-arloko konpetentzia digitalen planeko proiektuetarako finantzaketa-lerrora bideratutako kreditua banatzeko irizpideak ezartzen eta irizpide horien araberako banaketa egiten duena autonomia-erkidegoentzat eta hiri autonomoentzat, guztira 54 milioi euroko zenbatekoarekin, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 19. osagaiaren 3. Inbertsioaren esparruan; eta aplikatzekoa den gainerako araudi guztia.

2. artikulua.– Finantzaketa.

1.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 1.982.342,08 euro da. Horietatik 991.171,04 euro 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituaren kontura, eta 991.171,04 euro 2026ko konpromiso-kreditu baten kontura ordainduko dira, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari esker (Europar Batasunak – NextGenerationEUk finantzatuta). Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduak ezarri zuen mekanismo hori.

2.– Laguntza hauek ez dira estatu-laguntzatzat hartzen EBFT Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluetan ezarritakoaren arabera, laguntzak emateak ez baitu lehia faltsutzen, ez eta lehia faltsutzeko mehatxurik ekartzen ere zenbait enpresa edo ekoizpenen alde eginez, dirulaguntzen entitate onuradunak erkidegoko eta tokiko sektore publiko instituzionaleko administrazio publikoak eta organismoak eta entitateak direlako.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Arau orokor gisa, SEMak gastu hauek baino ez ditu finantzatuko: egiturazko aldaketa dakarten, erresilientzia ekonomiko eta sozialean, epe luzeko lehiakortasunean, jasangarritasunean eta digitalizazioan eta enpleguan eragin iraunkorra duten eta behin eta berriro egiten ez diren gastuak.

2.– Deialdi honetan araututako laguntzek abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 37. artikuluaren arabera finantzatuko dituzte jarduketak, SEEPen arau-esparruaren arabera hautatzeko modukoak diren jarduketak finantzatzeko.

3.– Ez dira diruz lagunduko Europar Batasunak klimaren eta ingurumenaren arloan dituen arauak eta lehentasunak eta «kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioa («do no significant harm – DNSH» printzipioa) erabat betetzen ez dituzten proiektuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko (EB) 2020/852 Erregelamenduaren 17. artikuluari jarraituz. Entitate onuradunek bermatu behar dute betetzen direla.

4.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin. Edonola ere, gastuen trazabilitatea argi identifikatuta geratu beharko da, eta laguntzen eta dirulaguntzen batura ezingo da izan diruz lagundutako gastuen kostua baino handiagoa.

(EB) 2021/241 Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera ([EB] 2021/241 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko otsailaren 12koa), Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuetatik jaso dezakete laguntza, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen programa honen dirulaguntzak dagoeneko finantzatzen duen kostu bera.

4. artikulua.– Prestakuntza-plana eta diruz lagun daitekeen jarduna.

1.– Prestakuntza-plana da parte hartzen duten pertsonek konpetentzia digitalen arloan dituzten premiei erantzuteko eskaintzen den prestakuntza-ekintzen multzoa.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira I. eranskinean jasota dauden eta turismo-arloan konpetentzia digitalak eskuratzearekin lotuta dauden espezialitateen inguruko prestakuntza-ekintzak dituzten prestakuntza-planak.

3.– Prestakuntza-ekintzak gutxienez 150 ordukoak izango dira.

4.– Prestakuntza emateko modalitatea.

Prestakuntza-ekintzak teleprestakuntza modalitatean eman beharko dira.

Teleprestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak ikaskuntzaren erritmoak bere denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutore/irakasleak izango ditu, zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.

4.1.– Prestakuntza-plataformen gutxieneko ezaugarriak.

1.– Prestakuntza gauzatzeko onuradunek erabiltzen duten teleprestakuntza-plataformak honako baldintza hauek bildu beharko ditu:

a) Prestakuntza-proiektu bat eduki behar du, ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztuta.

b) Lineako eskuliburu bat eduki behar du ikaslearentzat, plataformaren funtzionamenduari eta oinarrizko eragiketei buruzkoa, lineako prestakuntzaren jarraipena egiteko. Eskuliburua deskargatu eta off-line kontsultatzeko aukera egongo da.

c) «Online» edo lineako ikaskuntza-programa bat eduki behar du, ikasleentzako prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko ahalmen nahikoarekin; gainera, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

– Arau tekniko aplikagarrian adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta interaktibitate-mailak biltzea.

– Erabiltzaile posible guztiei aldi berean sartzeko aukera ematea, eta, halaber, bermatzea plataformaren banda-zabalera berdina izango dela ikastaldiaren etapa guztietan.

d) Plataforma erabiltzeko lizentzia egokiak eduki behar ditu.

e) Ez du inolako publizitaterik eduki behar. Logotipoa eta fabrikatzailearen copyrighta ez dira publizitatetzat hartuko.

f) Edukiak editatzeko aukera eduki behar du.

g) Eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan erabilgarri egon behar du.

2.– Honako komunikazio-tresna hauek ere eduki beharko ditu:

a) Foroak: foro anitzak eta aldiberekoak ireki, itxi eta kategorizatzeko aukera, eta gutxienez 4 Mb-ko fitxategiak igotzekoa.

b) Txatak: prestakuntza-ekintza bakoitzeko gutxienez txat-kanal bat irekitzeko aukera.

c) Mezu elektronikoak: tutoreak jasotako mezu guztiak antolatzeko eta etiketatzeko aukera, baita artxibo bat baino gehiago eransteko aukera ere.

d) Ekitaldi-egutegia: egutegi bat, ikastaldiak hartzen dituen hilabeteak bilduta, pertsonalizatua eta interaktiboa.

e) Informazio-gunea: tutore eta partaideen aukera editatzeko ikastaldiari buruzko informazioa, albisteekin eta webguneekin lotutakoa.

f) FAQak: galdera ohikoenei buruzko informazioa.

g) Lineako erabiltzaileak: konektatuta dauden partaideak etengabe ikusteko aukera.

h) Lantaldeak: egoki iritzitako lantalde guztiak sortzeko aukera.

i) Kalkulaturiko denborekin ebaluazio objektiboak sortzeko aukera ematea.

3.– Plataforma administratzeko, honako eskakizun hauek bete beharko dira:

a) Prestakuntza-ekintzaren interfazea edukitzea, non Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aditzera emango baitu jardueraren finantzaketak izaera publikoa duela.

b) Babeskopiak aldizkakotasun nahikoa izatea, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratuko direla bermatzeko.

c) Partaideen eta haiek egiten dituzten jarduera guztien erregistroa eramatea, eta txostenak prestatzea (jakiteko ikasleak nola ibili diren ikasturte bakoitzeko elementu eta jarduera bakoitzean, eta plataforman klik bat egin eta hurrengoa egin arte zenbat denbora pasa duen).

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari baimena ematea, dagokion klabearen bidez, prestakuntza-jarduera guztien kontrola eta jarraipena burutu ditzan.

e) Plataformaren kudeaketa-gida bat edukitzea.

f) Arazoak konpontzeko laguntza teknikoa izatea, 24 orduan erantzuteko ahalmenarekin.

g) Bideoko, audioko eta bit-mapen irudiko formatuei euskarria ematea, multimedia-formatuan edukiak eskaintzeko modua izateko ikaskuntza- eta ebaluazio-jardueretan.

4.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren programazioa garatzen duten prestatzaileen jardunaren plangintza izan beharko du erakunde onuradunak.

4.2.– Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileen betekizunak eta egitekoak:

Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileek prestakuntza edo esperientzia beharko dute izan modalitate horretan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendutakoak izango dira deialdi honetan diruz lagunduta dagoen prestakuntza emateko tutore-prestatzaileak, eta prestatzaileen fitxategian sartuko dira. Aurretik, tutoretzapeko ekintzaren lanbide-familian nahiz teleprestakuntza-modalitateak erabiltzen izandako prestakuntza edo esperientzia dutela egiaztatu beharko da.

Teleprestakuntzako modalitatearen jarraipena eta kalitatea ziurtatzeko, 150 ordutik gorako iraupena duten ekimen honetako prestakuntza-ekintzen kasuan, astean 10 orduko gutxieneko dedikazioa ezarriko zaio tutore-prestatzaileari 25 ikasleko, prestakuntza-ekintzaren plangintzan.

Parte hartzen duten 80 ikasleko tutore bat jarri beharko da gutxienez. Tutore-prestatzailearen funtzioak honako hauek izango dira gutxienez:

a) Prestakuntza-taldeko partaideen harrera-plana garatzea prestakuntza-ekintzaren ezaugarri espezifikoen arabera.

b) Ikasleak orientatzea eta gidatzea jarduerak egitean, materialak erabiltzean eta ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnak erabiltzean prestakuntza-ekintzetan aurreikusiriko ahalmenak eskuratzeko.

c) Ikasleen partaidetza sustatzea gogoeta- eta debate-jarduerak proposatuz, banakako zereginak eta talde-lana antolatuz eta ezarritako komunikazio-tresnak erabiliz.

d) Parte-hartzaileek egindako jardueren jarraipena eta balorazioa egitea, zalantzak argituz eta arazoak konponduz, ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnen bidez, aurreikusitako plangintzari atxikita.

e) Parte-hartzaileak ebaluatzea, ezarritako irizpideen arabera, eta dagozkion ebaluazio-proben antolamenduan eta garapenean parte hartzea.

f) Prestakuntza-ekintzak antolatzeko, kudeatzeko eta garatzeko ardura duten gainerako taldeekin jardutea, elkarrekiko koordinazioa behar duten ekintza guztietan.

5.– Prestakuntza-plan bakoitzean onartutako prestakuntza-ekintzetako bat gutxienez 2025ean hasi beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, eta 2026ko apirilaren 30a baino lehen amaitu.

6.– Teleprestakuntzako ekintzak gehienez 25 ikaslerentzat izango dira, eta gutxienez tutore bat izango dute.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duten prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.

2.– Prestakuntza-ekintzek orduko 2.792 euroko modulu ekonomikoa dute ekintza amaitu duen eta gai den ikasle bakoitzeko.

3.– Programatu beharreko prestakuntza-ekintzak jasoko dituen prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-entitateek. Nolanahi ere, prestakuntza-entitateek ezingo dute 402.048 euro baino gehiago jaso prestakuntza-planagatik.

6. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan ahalko dira prestakuntza-entitate pribatu edo publikoak, baldin eta dirulaguntzaren eskaera aurkezteko unean eskatzen dituzten prestakuntza-espezialitateak emateko inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen duen prestakuntza-entitateen erregistroan, autonomia-erkidegoko enplegurako prestakuntza-entitateen beste edozein erregistrotan edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan.

2.– Deialdi honetako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-entitateek dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak eduki beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza adjudikatu ondoren edukiko dituztela, prestakuntza-jarduerak hasten direnerako. Ez dago baimenduta prestakuntza-jarduera azpikontratatzea. Horren harira, ez da azpikontrataziotzat joko prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea. Instalazio eta baliabide horiek norberarenak edo beste entitate pribatu edo publiko batzuenak izan daitezke; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean eduki beharko dira.

Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskabide-orrian jasota dago). Nolanahi ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eskuratzeko moduan eduki beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzen duten agiriak.

3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:

a) Epai bidez kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea eta horren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana eta kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egotea.

c) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, eta suntsiarazpenaren arrazoiaren errudun deklaratu izana.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, baldin eta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko egoera batean badaude, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu betekizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak (2023ko otsailaren 17ko EHAA) 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu betekizun hori betetzen duela frogatzeko.

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita izatea, honako hauek barne:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, hauek barne:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez izatea ezarrita sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak ez hartzea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

o) Enpresa-deslokalizazioko kasuren batean egotea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

p) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. 3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.

Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da p) apartatuko eskakizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

5.– Entitate onuradunek proiektuak diseinatzeko eta aurrera eramateko fase guztietan eta jarduketa bakoitzean bermatu behar dute erabat betetzen dituztela «ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioa («do no significant harm–DNSH» printzipioa) eta etiketatze klimatiko eta digitala, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean, Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko exekuzio-erabakian (Council Implementing Decision-CID) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, baita hura garatzeko araudian ezarritakoarekin bat ere; batez ere, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikuluan ezarritakoarekin bat: artikulu horren arabera, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartutako erreforma eta inbertsioen exekuzio-neurri batek berak ere ez die kalte nabarmenik eragingo (DNSH) sei ingurumen-helburuei.

6.– Halaber, entitate onuradunek konpromisoa hartu beharko dute behar diren eskubideak eta sarbideak emateko hemen aipatzen diren erakundeek beren kontrol-eskumenak baliatzen dituztela bermatzeko, bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko (EB, Euratom) 2018/1046 Erregelamenduaren («Finantza Erregelamendua») 129.1 artikuluan ezarritakoarekin; hauek dira erakunde horiek: Batzordea, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoa, Europako Kontuen Auzitegia, Europako Fiskaltza eta Estatuko agintari eskudunak.

7. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Turismo-sektoreko enplegurako konpetentzia digitalen programaren azken hartzaileak ETEak, langile okupatuak eta langabeak eta Gizarte Segurantzan alta emanda dauden eta sektorearekin zerikusia duten 29 urtera arteko gazteak dira.

Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN) kode hauetako baten arabera sailkatutako jarduera duten enpresetan diharduten langileek parte hartu ahal izango dute:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Prestakuntzaren hartzaile izango dira, halaber, turismo bulegoetako langileak ere (EJSNrik ez dutenak).

Langabezian dauden langileek, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan edo beste Enplegu Zerbitzu Publiko batean enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta daudenek edo Gazte Bermearen Fitxategi Nazionalean inskribatuta daudenek, gehienez ere % 30eko parte-hartzea izan dezakete dena delako planarekiko, eta plan horren barruan prestakuntza hasten duten pertsona guztiekiko. Alde horretatik, parte-hartzaileak langabetzat hartuko dira, baldin eta prestakuntza-ekintza hastean egoera horretan badaude. Halaber, prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izateko, langabeak Lanbideko Orientazio Zerbitzuak proposatutakoak izatea gomendatzen da. EEE edo ABEEEn daudenek beti izango dute lehentasuna.

8. artikulua.– Eskabidek aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio, eta elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunearen bidez eskatu ahal izango dute: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan eskuratu ahal izango da: https: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1073806

2.– Eskabide-formularioa osorik bete beharko da, eta bertan, laguntzaren xede den prestakuntza-plana deskribatuko da, eta honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

2.1.– Oro har:

a) Onuradunaren benetako titulartasunaren identifikazioa. Identifikatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko maiatzaren 20ko (EB) 2015/849 Zuzentarauaren 3.6 artikuluan xedatutakoa beteko da, irailaren 29ko HFP/1031/2021 Aginduaren 10. artikuluan ezartzen denari jarraikiz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22. artikuluari lotuta.

b) b) Benetako titulartasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko maiatzaren 20ko (EB) 2015/849 Zuzentarauaren 3.6 artikuluaren arabera (XIII. eranskina).

c) Jarduera ekonomikoak dituzten entitate onuradunek, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluaren arabera, egiaztatu behar dute Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan edo Zergen Foru Administrazioaren errolda baliokidean inskribatuta daudela, eta inskripzio horrek laguntza eskatzen den egunean benetan duten jarduera ekonomikoa azaldu behar du.

d) «Kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioa («do no significant harm-DNSH» printzipioa) betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 2. artikuluko 6. apartatuan ezarritako moduan (Europako Parlamentuak eta Batzordeak 2021eko otsailaren 12an onetsi zuen erregelamendu hori) (XIV. eranskina).

e) Interes Gatazkarik Ezaren Adierazpena (IGEA) (XV. eranskina).

f) Iruzurraren aurkako politikara atxikitzeko eta hura ezagutzeko erantzukizunpeko adierazpena (XVI. eranskina).

g) Finantzaketa bikoitzik ez duela dioen erantzukizunpeko adierazpena (XVII. eranskina).

h) Tartean dauden administrazio publikoen artean datuak lagatzeko eta tratatzeko adierazpena, SEEPeko jarduketak aurrera eramatearekin lotua, aplikatu behar den Europako araudian xedatutakoa betetzeko, bat etorrita Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoarekin (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa) (XVIII. eranskina).

i) SEEP-NextGenerationEU planean ezarrita dauden eta kudeatu beharreko esparruari eragin diezaioketen zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (XIX. eranskina).

j) Batzordearen, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoaren (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiaren, Europako Fiskaltzaren eta Estatuko agintaritza eskudunen sarbiderako berariaz emandako baimena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Europako Parlamentuaren 2018ko uztailaren 18ko (EB, Euratom) 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluan xedatutako eskumenak balia ditzaten (XX. eranskina).

k) Irabazi-asmorik gabeko entitate juridikoek estatutuak aurkeztu beharko dituzte.

l) SEEPeko jarduketak egiteko konpromisoa hartzeko adierazpena (XXI. eranskina).

Aipatzen diren ereduak LanF aplikazioan egongo dira eskuragarri.

2.2.– Gainera, hala badagokio, balorazio-irizpideak egiaztatzeko:

– Irizpidearen balorazioa beste administrazio publiko edo enplegu-zerbitzu publiko batzuen deialdiei buruzkoa bada: LANF aplikaziotik atera daitezkeen argitaratutako ereduen arabera dagokion irizpidea bete dela egiaztatzen duen ziurtagiria. Ziurtagiri hori esandako eranskin horien eredura egokitu daiteke, edo beste formatu batekoa izan daiteke; edonola ere, argitaratutako ereduan jasotako eduki guztiak jaso beharko ditu.

– Aitorpen edo egiaztapen ofizialak badira, horien kopia erantsi beharko da eskabidearekin batera.

– Balorazio-irizpide batzuetan, adierazlea batez besteko haztatua dutenetan, erakunde eskatzaileak ez badu adierazitako aldietako baterako daturik ematen, egiaztatu beharko du aldi horrek hartzen dituen urteetan ez duela dirulaguntzarik jaso; bestela, 0 balioa duen batez besteko haztatua kalkulatzeko sartuko dira.

3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio bi egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ondorioztatuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

5.– Eskaerak aurkezteko epea bost egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

9. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura kudeatzeko organo eskuduna Enplegu eta Prestakuntzako zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitza banaka baloratuko da.

3.– Eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, batzorde tekniko bat osatuko da. Kide hauek osatuko dute batzorde hori: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak, eta Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko hiru teknikarik. Hauek dira balorazio-batzorde horretako kideen izenak:

Batzordeburua:

María Aránzazu Niño Núñez, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendaria.

Idazkaria: Amaia Alonso Bikuña, Enplegurako Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.

Batzordekide titularrak:

– Eduardo Campo Guillerna, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko koordinatzailea.

– Arantza Berrueta Iturri, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.

Ordezko batzordekideak:

– Martín García Serrano, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.

– Juan Carlos Ibarrola Saenz de Ugarte, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko koordinatzailea.

Ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat joko da batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, kideen erdiak bertaratzen direnean.

Batzordeburua ez badago, batzordekideetako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran.

Idazkaria ez badago, batzordekideetako batek beteko ditu haren eginkizunak, arestian aipatutako alderantzizko hurrenkeran.

Egitura bera izatekotan, aldatu daiteke ebaluazio-batzordeko kideen osaera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Ebazpen hori Lanbideren webgunean argitaratuko da: www.lanbide.euskadi.eus

4.– Eskaerak baloratu aurretik, interes-gatazkak izateko arriskua aztertuko da, Minerva aplikazioaren bidez. Azterketa hori urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan jasota dago, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazkaren arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoan.

Pertsona juridiko eskatzaileren baten benetako titulartasunari buruzko daturik ez badago Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren datu-baseetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bere benetako titulartasunari buruzko informazioa eskatuko dio, eta pertsona horrek informazio-eskaera egiten denetik bi egun baliodun igaro baino lehen aurkeztu beharko du. Informazio hori adierazitako epearen barruan ez aurkezteak eskatzailea prozeduratik baztertzea dakar.

5.– Behin egiaztaturik eskaerek deialdian parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela, ebaluazio-batzordeak 11. artikuluko irizpideen arabera baloratuko ditu, eta ebaluazioaren emaitza jasoko duen txostena idatziko du. Espedientea eta ebaluazio-batzordearen txostena ikusi eta gero, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan sartuko du zer ekintza onestea eta ezestea proposatzen den behin-behinean.

Behin-behineko ebazpen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), eta bi egun baliodun emango dira entitate interesdunek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabidean atzera egin dezaten, prestakuntza-planean behin-behinean onetsitako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.

Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa eskubiderik emango proposatutako entitateei.

6.– Ebaluazio-batzordeak alegazioak aztertu eta txostena egin ondoren, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.

7.– Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza jasoko duten prestakuntza-ekintzak eta haien zenbatekoa jasoko ditu, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, bai eta ukatzen direnak eta ukatzeko arrazoiak ere; hori guztia prestakuntza-entitate interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus).

8.– Prozedura ebazteko eta behin betiko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

10.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

10. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epealdia amaitutakoan, prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da 11. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta horrela eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da. Aurkeztutako ekintzen eskabideak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera ordenatuko dira.

2.– Prestakuntza-plan bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, honela jokatuko da: aurkeztutako prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen orduak biderkatuko dira parte-hartzaileen kopuruarekin eta 5. artikuluaren arabera dagokion modulu ekonomikoaren zenbatekoarekin.

3.– Entitate eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.

4.– Prozesuan, 5.3 artikuluan entitate eskatzaileentzat aurreikusitako dirulaguntza-muga hartuko da kontuan.

5.– Dirulaguntzak emateko, balorazio teknikoko fasearen ondoriozko ekintzen lehentasun-ordenari jarraituko zaio, aurrekontua agortu arte.

Inola ere ezin izango zaio lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskaera bati dirulaguntza hori eman, kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskabide bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.

7.– Aurreko arau horiek aplikatuta azkeneko dirulaguntza puntuazio berbera lortu duten prestakuntza-planetako ekintza biri edo gehiagori badagokie, 11. artikuluko a.2 atalean aurreikusitako irizpidean puntuaziorik handiena lortu duen ekintzari emango zaio dirulaguntza. Hala eta guztiz ere, berdinduta jarraitzen badute, 11 artikuluko a.1 atalean aurreikusitako irizpidean puntuazio handiena lortu duen ekintzari emango zaio dirulaguntza. Berdinketa hausteko hirugarren elementua zera izango da: b.2 irizpidearen araberako puntuaziorik altuena, eta gero hurrengoak, eta, hurrenkera horretan, puntuaziorik altuena b.1, b.3 eta b.3.4 irizpideetan. Oraindik ere berdinketa bada, lehendabizi sortutako ekintza lagunduko da diruz.

8.– Ez da finantzatuko balorazio ekonomikotik ateratzen den zenbatekoa baino gutxiagoko prestakuntza-ekintzarik.

11. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Eskatutako prestakuntza-planen balorazio teknikoa egiteko, jarraian araututako irizpideak hartuko dira kontuan, zeinak II. eranskinean zehazten baitira:

Prestakuntza-planen balorazio teknikoa egiteko, irizpide guztietan, onuraduntzat hartuko da haren titularra edo sozietate-taldea. Sozietate-talde batekoa dela ulertuko da, 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren arabera enpresa bakar batean integratuta dagoela uste denean, edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluko irizpideekin bat etorriz, sozietate-talde berekoa denean.

Eskatutako prestakuntza-ekintzak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Okupatuei edota langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaienean, okupatuei eta/edo langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorren berezko datuak hartzen dira kontuan; ez da beste deialdi espezifikoagorik aintzat hartuko, A.1 adierazlean mugatutakoak izan ezik.

Irizpide guztiak prestakuntza-entitatearen mailan hartzen dira aintzat, hau da, batera aztertzen dira IFK bereko prestakuntza-zentroen datuak. Eskatzailea sozietate-talde bateko kidea bada, taldeko erakundeen jarduna hartuko da kontuan, eta halakotzat joko da 2023/2831 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan enpresa bakarraren definizioarekin bat datorrena edo Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan ezarritako sozietate-taldearen definizioarekin bat datorrena.

Lanbideren deialdietatik kanpoko prestakuntza-ekintzei erreferentzia egiten zaienean, eta balorazio-irizpidea batez besteko haztatu bati buruzkoa bada, prestakuntza-erakunde eskatzaileak emandako datuak Lanbideren 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 deialdien egiturarekin parekatuko dira.

Horrela, Lanbiderekin zerikusirik ez duten deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien 2018ko eta 2019ko datuak batu eta unitate bat osatuko dute, Lanbideren 2018-2020 deialdiko datuen tratamendu bera jasotzeko.

Era berean, gauza bera egingo da Lanbiderekin zerikusirik ez duten 2020, 2021 eta 2022ko deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien datuen baturan, Lanbideren 2020-2022ko deialdiko datuei dagokienez, eta 2023 eta 2024ko deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien datuen baturan, Lanbideren 2022-2024ko deialdiko datuei dagokienez. Kalkulu hori egiteko, okupatuei edota langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdietako parte-hartzaileen kopurua hartuko da kontuan. Deialdi horiek 2018tik 2022ra bitartean (biak barne) argitaratu eta onartu dituzte enplegu-zerbitzu publikoek edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazio publikoek, eta likidatuta daude.

Likidatutako deialdi eta ekintzetan parte hartu dutenen datuak soilik hartuko dira kontuan adierazle guztietan.

Horretarako, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Prestakuntza-planaren onuradunak aurkeztutako prestakuntza-ekintzen adierazleak. Atal honetan, eta gehienez ere 100etik 30 puntu lortzeko aukerarekin, honako hauek hartuko dira kontuan:

a.1.– Onuradun gisa eta/edo irakasle gisa izandako esperientzia, 2012., 2013., 2014., 2016., 2017., 2018., 2020. eta 2022. urteetako deialdietan langile okupatuei lehentasunez zuzendutako eskaintza-prestakuntzarako administrazio publikoen laguntzen deialdietan, lanbide-arlo hauetan: Ostalaritza eta Turismoa (HOT), Merkataritza eta Marketina (COM) eta Informatika eta Komunikazioak (IFC) edota Teleprestakuntza modalitatea. Gehienez 20 puntu.

2012., 2013., 2014., 2016., 2017., 2018., 2020. eta 2022. urteetan, Ostalaritza eta Turismoa (HOT), Merkataritza eta Marketina (COM) eta Informatika eta Komunikazioak (IFC) lanbide-arloetan eta/edo Teleprestakuntza modalitatean, administrazio publikoek lehentasunez langile okupatuei zuzendutako eskaintza-prestakuntzarako laguntzen deialdietan onuradun eta/edo irakasle gisa esperientzia izandako urte kopurua.

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun edota irakasle izan diren erakundeek dagokion Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri horretan egiaztatu beharko dute zein urtetan izan diren onuradun edo irakasle, lehentasunez langile okupatuei zuzendutako prestakuntza-ekintzen dirulaguntza-deialdietan 2012., 2013., 2014., 2016., 2017., 2018., 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetan, onuradun gisa agertzen den lanbide-arloetan eta Ostalaritza eta Turismoa (HOT), Merkataritza eta Marketina (COM) eta Informatika eta Komunikazioak (IFC) lanbide-arloetan edota prestakuntza-planean aurkezten diren prestakuntza-ekintzak barne hartzen dituen Teleprestakuntza modalitatean, I. eranskinean ezarritako kodifikazioaren arabera.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

a.2.– Ikasleen gogobetetasunaren batez besteko haztatua, honako lanbide-arlo hauetan: Ostalaritza eta Turismoa (HOT), Merkataritza eta Marketina (COM) eta Informatika eta Komunikazioak (IFC), eta/edo Teleprestakuntza modalitatea, lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko eskaintza-prestakuntzako deialdietan, zeinetan onuradun gisa agertzen baita, eta Ostalaritza eta Turismoa (HOT), Merkataritza eta Marketina (COM) eta Informatika eta Komunikazioak (IFC) lanbide-arloa eta/edo Teleprestakuntza modalitatea, zeinei baitagozkie prestakuntza-planean I. eranskinean ezarritako kodifikazioaren arabera aurkezten diren prestakuntza-ekintzak. Gehienez 10 puntu.

Hau da, lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 urteetako eskaintza-deialdietako parte-hartzaileekin egindako kanpoko kontrastearen adierazlea, onuradunak deialdi horietako ikastaro horietan gogobetetze orokorraren batez besteko gisa adierazitako puntuazioak kontuan hartuta:

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino handiagoa bada, kanpoko kontrastearena hartuko da kontuan.

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino txikiagoa bada (aldea 2 puntukoa izanik gutxienez), puntuazioa honako hau izango da: 0,75* kanpoko kontrastearen batez bestekoa + 0,25* onuradunak adierazitako batez bestekoa.

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino txikiagoa bada (aldea 2,1 puntutik gorakoa izanik), kanpoko kontrastearena hartuko da kontuan.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri horretan, 2018-2020ko, 2020-2022ko eta 2022-2024ko eskaintza-deialdietan lortutako puntuazioak egiaztatuko dira, baldin eta lehentasunez langile okupatuei zuzenduta badaude, eta deialdi horietako ikastaro horietan onuradunak adierazitako puntuazioak, gogobetetze orokorraren batez besteko gisa, onuradun gisa agertzen den lanbide-arloetan eta Ostalaritza eta Turismoa (HOT), Merkataritza eta Marketina (COM) eta Informatika eta Komunikazioak (IFC) lanbide-arloetan eta/edo prestakuntza-planean aurkezten diren prestakuntza-ekintzak barne hartzen dituen Teleprestakuntza modalitatean, I. eranskinean ezarritako kodifikazioaren arabera.

2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 urteetako hiru laguntza-deialdietan onuradun izan ez diren edo aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiriak aurkeztu ez dituzten prestakuntza-erakundeen kasuan, 4 puntu aplikatuko dira.

b) Onuradunarekin lotutako jarduera-adierazleak. Atal honetan, eta gehienez ere 100etik 70 puntu lortzeko aukerarekin, honako hauek hartuko dira kontuan:

b.1.– Lehentasunez langile okupatuei zuzendutako eskaintza-prestakuntzaren 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 urteetako deialdietan ikasleek onuradunarekin duten asebetetze-mailaren batez besteko haztatua. Gehienez 10 puntu.

Hau da, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 urteetako eskaintza-deialdietako parte-hartzaileekin egindako kanpo-kontrastearen adierazletzat hartzen da, lehentasunez langile okupatuei zuzendutakoetan, eta onuradunak deialdi horietako ikastaroetan adierazitako puntuazioetan lortutakoa, gogobetetze orokorraren batez besteko gisa:

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino handiagoa bada, kanpoko kontrastearena hartuko da kontuan.

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino txikiagoa bada (aldea 2 puntukoa izanik gutxienez), puntuazioa honako hau izango da: 0,75* kanpoko kontrastearen batez bestekoa + 0,25* onuradunak adierazitako batez bestekoa.

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino txikiagoa bada (aldea 2,1 puntutik gorakoa izanik), kanpoko kontrastearena hartuko da kontuan.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri horretan, 2018-2020ko, 2020-2022ko eta 2022-2024ko eskaintza-deialdietan lortutako puntuazioak egiaztatuko dira, baldin eta lehentasunez langile okupatuei zuzenduta badaude, eta deialdi horietako ikastaro horietan onuradunak adierazitako puntuazioak, gogobetetze orokorraren batez besteko gisa. 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 urteetako hiru laguntza-deialdietan onuradun izan ez diren edo aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiriak aurkeztu ez dituzten prestakuntza-erakundeen kasuan, 4 puntu aplikatuko dira.

b.2.– Onuradunaren dirulaguntzen betetze-mailaren batez besteko haztatua, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024an lehentasunez langile okupatuei zuzendutako deialdietan. Gehienez 10 puntu.

Baldin eta emandako behin-behineko dirulaguntzaren eta azkenik likidatutakoaren arteko betetze-mailaren batez besteko haztatua honako hau bada 2018-2020ko, 2020-2022ko eta 2022-2024ko deialdietan:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo dagokion Administrazio Publiko eskudunaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, emandako behin-behineko dirulaguntzak eta titularrak azkenean justifikatu eta likidatutakoak ziurtatuz (lehentasunez langile okupatuei zuzendutako deialdietarako, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 urteetan).

2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 urteetako laguntza-deialdietan onuradun izan ez diren edo aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiriak aurkeztu ez dituzten prestakuntza-erakundeen kasuan, 2 puntu aplikatuko dira.

b.3.– Prestakuntza emateko gaitasun egiaztatua. Gehienez 40 puntu.

b.3.1.– 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024an lehentasunez langile okupatuei zuzendutako deialdietan prestakuntza jaso duten parte-hartzaile kopuruaren batez besteko haztatua. Gehienez 25 puntu.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Alegia, urteko prestakuntza jaso duten ikasleen batez besteko kopuru haztatua, baldin eta ikastaroak amaitu badituzte onuradunak titularizatutako planetan, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024an lehentasunez langile okupatuei zuzendutako eskaintza-deialdien esparruan.

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek kasuan kasuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, urte bakoitzean prestaturiko bertaratuen kopurua ziurtatuz, betiere ikastaroak amaitu badituzte lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko eskaintza-deialdietan onuradunak titularizatutako planetan.

b.3.2.– 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024an langabeei lehentasunez zuzendutako deialdietan prestakuntza jaso duten parte-hartzaile kopuruaren batez besteko haztatua. Gehienez 5 puntu.

Alegia, urteko prestakuntza jaso duten ikasleen batez besteko kopuru haztatua, baldin eta onuradunak titularizatutako planetan ikastaroren bat dagoeneko amaituta badute, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko ekitaldietan lehentasunez langabeei zuzendutako eskaintza-deialdien esparruan.

Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaien guztietan, kontuan hartzen dira langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorrari dagozkion datuak, eta ez da kontuan hartzen beste deialdi zehatzik, hala nola kontratazio-konpromisoa duen prestakuntza, proiektu bereziak, kualifikazio baxuko gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza, etab.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek kasuan kasuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, urte bakoitzean prestaturiko bertaratuen kopurua ziurtatuz, baldin eta ikastaroak amaitu badituzte lehentasunez langabeei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko eskaintza-deialdietan onuradunak titularizatutako planetan.

b.3.3.– Lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan azkenean likidatu den dirulaguntzaren batez besteko haztatua. Gehienez 20 puntu.

Alegia, onuradunari azkenean likidatu zaion dirulaguntzaren batez besteko haztatua, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko ekitaldietan lehentasunez langile okupatuei zuzendutako eskaintza-deialdien esparruan.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

EAEn onartutakoez bestelako laguntzen deialdietan onuradun izan diren erakundeek dagokion Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdien esparruan onuradunak azkenean likidatutako dirulaguntzak ziurtatu beharko dituzte.

b.3.4.– 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024an lehentasunez langabeei zuzendutako deialdietan azkenean likidatu den dirulaguntzaren batez besteko haztatua. Gehienez 5 puntu.

Alegia, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko ekitaldietan lehentasunez langabeei zuzendutako eskaintza-deialdien esparruan onuradunari azkenean likidatutako dirulaguntzaren batez besteko haztatua.

Langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaien guztietan, langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorrari dagozkion datuak hartzen dira kontuan, eta ez da beste deialdi espezifikorik aintzat hartzen.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta onuradunak lehentasunez langabeei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan likidatutako dirulaguntzak ziurtatu beharko dituzte.

b.4.– Langile okupatuen parte-hartzea. Gehienez 10 puntu.

b.4.1.– Onuradunak titularizatutako planetan parte hartu duten langile okupatuetatik amaitu dutenen batez besteko haztatua % 60tik gorakoa bada, lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan. Gehienez 5 puntu.

Baldin lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan onuradunak titularizatutako planetan parte hartu duten langile okupatuetatik amaitu dutenen batez besteko haztatua hau izan bada:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

EAEn onartutakoez besteko laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek ziurtagiria aurkeztu beharko dute, dagokion Enplegu Zerbitzu Publikoak edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoak emana, eta egiaztatu beharko dute langile okupatuetatik amaitu dutenen batez besteko haztatua % 60tik gora dela, lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan onuradunak titularizatutako planetan parte hartu duten langileen artetik.

2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 urteetako laguntza-deialdietan onuradun izan ez diren edo aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiriak aurkeztu ez dituzten prestakuntza-erakundeen kasuan, 1 puntu aplikatuko da.

b.4.2 – Plantillan 50 langile okupatu baino gutxiago dituzten enpresetan, lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan onuradunak titularizatutako planetan parte hartu duten langileen artetik prestakuntza amaitu duten langileen bataz besteko haztatua. Gehienez 5 puntu.

Baldin eta plantillan 50 langile okupatu baino gutxiago dituzten enpresetan, lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan onuradunak titularizatutako planetan parte hartu duten langileen artetik prestakuntza amaitu duten langileen bataz besteko haztatua.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek dagokion Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, egiaztatzeko plantillan 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetan parte hartu duten langileen artetik zenbatek amaitu duten prestakuntza, lehentasunez langile okupatuei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan onuradunak titularizatutako planetan.

Baldin eta prestakuntza-erakunderen batek ez badu parte hartu 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 urteetako inongo laguntza-deialdietan edo ez baditu aurkeztu aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiriak, 2 puntu aplikatuko zaizkio.

12. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

Deialdi honetako zazpigarren artikuluan aipatzen diren langile okupatuek eska diezaiekete erakunde onuradunei prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Horretarako, deialdi honetarako diseinatutako dokumentu normalizatua erabili beharko dute, hori baita, batetik, eskabide-orria eta, bestetik, konpromiso-agiria (eskabidearen T eranskina). Parte-hartzaileak eskabide-orriaren eta parte hartzeko konpromiso-agiriaren kopia bat jasoko du.

T eranskina, parte-hartzailearen jatorrizko sinadurarekin edo sinadura elektronikoarekin, erakunde onuradunaren esku egon beharko da prestakuntza-ekintza amaitzen den unean, eta erakunde onuradunak gorde beharko du Lanbidek edo beste kontrol-erakunde batzuek egiten dituzten egiaztapen-jardueren eskura.

Langabeek zerbitzu-eskatzaile gisa erregistratuta egon beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, eta zuzenean aurretiko izen-ematea egin ahal izango dute, zabaldutako zerbitzu-eskaintzaren bidez.

Parte hartzeko eskabide/konpromisoetan jasotako datuak Lanbideri jakinarazi beharko zaizkio ezarritako epeetan, LanF aplikazioaren bidez.

Erakunde eskatzaileak edo prestakuntza-ekintzak eskaintzeko ardura duenak aukeratuko du zein langilek hartuko duten parte, betiere hautapen-mekanismoen gardentasuna eta objektibotasuna ziurtatuz. Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan hautaketa-proba bat ere egingo da, ekintza baliagarria dela ziurtatzeko eta ekintzen helburuak lortzeko behar diren ezinbesteko ezagueren maila finkatzeko.

Prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak bete eta dagokien hautaketa-prozesua gainditu duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasuna ezarriko da, honako hurrenkera honi jarraituz:

Lehenik eta behin, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko, edo ezinbesteko kausen ondorioz, EEE-Enplegua Erregulatzeko espedienteen, ABEEE-Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak, ondorio horietarako langabetzat hartuko direnak.

Bigarrenik, eta lehentasun maila berean,

– Lan-merkatuan sartzeko zailtasun latzak dituztenak:

– Kualifikazio maila apala dutenak.

– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna dutenak.

– Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGDS) jasotzen dutenak, eta Langabezia Sorospen Berezia (LAS) jasotzen dutenak.

– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

Emakumeen ehunekoa langabeen artean duten pisuaren proportziozkoa izan behar da. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeak gutxienez % 55 izan behar dira, ahal dela.

Hirugarrenik, gainerako langabeak, oro har.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat.

2.– Ikasleek etekina atera beharko diete prestakuntza-ekintzei. Ondorio horietarako, erakunde onuraduna arduratuko da parte-hartzaile guztien jarraipen-kontrolak egiteaz.

14. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Prestakuntza-ekintzetara ez konektatzea edo ekintza horiek ez egitea erakundeak ezarritako denboren arabera.

b) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, hezkuntza-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-erakundeak ikusten badu parte-hartzaileak ez duela konektibitaterik edo ez duela aurrerapenik egiten prestakuntza-ekintza gauzatzean, bi abisu emango ditu teleprestakuntza-plataforman ezarritako komunikazio-sistemetako edozein erabilita. Abisu horien ondoren, ikaslearen aldetik ez bada lortzen ikastaroan aurrera egitea dakarren erantzun positiborik, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, baztertze-prozedura has dezan.

Ikasle batek jokabide desegokia badu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari jakinaraziko dio, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan.

15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Eskatu eta eman den xede jakinerako erabiliko da dirulaguntza, hots, prestakuntza-planak egikaritzeko.

2.– Deialdi honen bidez finantzatutako prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

3.– Dirulaguntzaren onuradun den erakundeak prestakuntza-ekintzak gauzatu beharko ditu, deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ematen dituen ereduen arabera, eta zuzenbide pribatuko ente publiko horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (Lan-F) baliatuko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasiera-eguna baino 5 egun baliodun lehenago, gutxienez), geroagoko edozein aldaketa gertatu dela (gertatzen den unean) eta prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu dela, ikastaroa amaitzen denetik hilabeteko epean gehienez ere.

4.– Era berean, beranduenez prestakuntzaren bigarren egunean, erakunde onuradunak berariaz jakinarazi beharko ditu prestakuntza-ekintzan parte hartzen dutenek betetako eskaera- eta konpromiso-agirien bidez bildutako datuak.

Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko ekintza amaitzen denetik hilabete igaro ondoren, eta horixe izango da haren justifikazio ekonomiko gisa kontuan hartuko den bakarra.

Jakinarazteko betebehar horiek ez badira betetzen, prestakuntza-ekintza egin gabetzat hartuko da, plana egikaritu izana justifikatzearen ondorioetarako.

5.– Teleprestakuntza-ekintzetan, berriz, titularrak prestatu beharko du parte-hartzaile bakoitzaren gainean egindako jarraipen-kontrolei buruzko dokumentazioa.

Egiaztapen-diploma bat eman beharko zaio aldeko ebaluazioarekin prestakuntza gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako ereduaren araberakoa, eta, hor, hauek agertuko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, emateko modalitatea, iraupena eta emate-aldia.

Entitate onuradunak diploma edo bertaratze-ziurtagiri horren kopia gordeko du, LanF-ra igoko duena ikaslearen hartu-agiriarekin batera, non eta ziurtagiriok ez diren Metapostaren edo antzeko beste entitate baten bidez kudeatu. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena eman ondoren, diploma eta/edo ziurtagiria teleprestakuntzako plataformatik deskargatzeko moduan izango da.

6.– Dirulaguntzaren onuradunak bitarteko propioak erabili beharko ditu finantzatzen den prestakuntza-planaren programazioa eta koordinazioa egiteko, eta, edozein kasutan, bere gain hartuko du lan horren erantzukizun osoa, betiere eskumena duten erakundeek jarraipen- eta kontrol-funtzioak burutzeko moduan. Gainera, zuzenean gauzatuko ditu prestakuntza-ekintzak, eta ezingo du hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da.

7.– Langileek prestakuntza-ekintza uzten badute, izango da beste langile batzuk sartzerik, haien ordez.

8.– Lanbidek prestakuntza-ekintza bat kautelaz eteterik izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen baditu.

16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

2.– Jarduketa-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, neurri zuzentzaile egokiak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta parte-hartzaileek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE), zeinak argitaratzen baititu enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak.

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jarduketen artean.

Nolanahi ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitate-galdetegia bete beharko dute. Galdetegi hori, oro har, ikastaroaren amaierako bi egunetan egingo da. Galdetegiak telematikoki beteko dituzte ikasleek.

Prestakuntza eman duen entitatearen erantzukizuna da kalitate-galdetegia betetzen dela ziurtatzea.

4.– Laguntzen onuradunek ondoren aipatzen diren erakundeen egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Enplegu eta Lan Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

Kontrol-jarduerak onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

Ekimen finantzatuak landu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa eman, eta jarraipena egiteko eskatzen zaizkion agiriak bete eta igorri. 10 egun balioduneko epea izango du egindako errekerimenduei erantzuteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea beste erakunde batzuei dirulaguntzak edo laguntzak eskatu dizkiela edo lortu dituela, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten badiete.

Parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei dagokien dokumentazioa gordetzea. Era berean, kontrola egiteko beharrezkoak diren informazioa eta bitartekoak eskainiko dira, eta diruz lagundutako prestakuntzari buruzko informaziorako sarbide telematikoa izateko beharrezko gakoak jakinaraziko zaizkio Lanbideri.

5.– Auditorien eta Ikuskaritzen Plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan egikaritu diren aztertzeko. Plan horretan sartuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera hautatzen dituen espedienteak. Ikuskatze Planean bilduko dira, halaber, behar bezala identifikatutako pertsonek egindako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jarduketak.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

a) Lehen ordainketa: planaren dirulaguntza osoaren % 50, lehen prestakuntza-ekintza hasi dela jakinarazi ostean.

b) Bigarren ordainketa: prestakuntza-planari dagokion dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitzean, 2026an diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.

Baldin ordainketa aurreratuen zenbatekoa, banaka edo aurreko ordainketekin batuta, 180.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak, dagokion ordainketaren aurretik, Lanbiden aurkeztu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian zenbateko aurreratua estaltzeko besteko bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria.

Bermeak ordainketa aurreratuaren nominala estali beharko du, gehi haren interesak.

2.– Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

Entitateak ez badu Lanbideren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du. Helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1073806

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Laguntzak prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen arabera likidatuko dira, deialdi honetan ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoa aintzat hartuta.

Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Behin prestakuntza eginda dirulaguntzaren zenbatekoa erabakitzeko, ikasleak prestakuntza amaitu duela ulertuko da baldin eta prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen % 75 egin baditu, konexio-orduak gorabehera.

Prestakuntza hasitakotzat joko da ekintzaren programazioan aurreikusitako aldizkako kontroletako bat gutxienez egin duen ikasle oro.

2.– Honela kalkulatuko da likidazioa:

Prestakuntza-ekintza gainditu duten parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da likidazioa.

«2.792 euro/prestakuntza amaitu duen eta gai den parte-hartzaileko x prestakuntza amaitu duen eta gai den parte-hartzaile kopurua».

3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak prestakuntza-ekintzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, LanF aplikazio telematikoaren bidez, Lanbidek prestakuntza-ekintza amaitzean ikasleen azken ebaluazioa baliozkotu eta gehienez ere 5 egun balioduneko epean.

4.– Planaren likidazio osoa egiteko, onuradunek LAN-F aplikazioaren bitartez bidali beharko dute 2026ko maiatzaren 3a baino lehen, eta digitalki sinatutako likidazio-eskabidean agertzen diren datuak egiaztatu eta onartu ondoren egingo da likidazioa.

a) Egindako prestakuntza-ekintza guztien amaierako ziurtagiria (betetze-ziurtagiria); aurretik horien justifikazio-memoria ekonomikoak aurkeztuta.

b) Plana amaitu dela ziurtatzen duen agiria, egindako prestakuntza-ekintza guztiak zehaztuta.

c) Diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean finantzatu duten bestelako sarrerei edo dirulaguntzei buruzko aitorpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo halakorik ez dagoela dioen adierazpena.

5.– Agiriok ez badira aurkezten horretarako ezarritako epeetan, eskumena duen organoak 5 egun balioduneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

6.– Aurkeztu dituen jarraipen-kontroletan informazioa behar bezala beteta duten parte-hartzaileak besterik ez dira hartuko kontuan, baldin eta parte-hartzaileen zerrendan badaude.

7.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, azken likidazioaren ebazpena emango da, eta erakunde onuradunei jakinaraziko zaie ebazpen hori.

Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, horri dagokion itzulketa-espedientea izapidetuko da.

19. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14, 27. eta 42. artikuluetan oro har ezarritakoak, eta, prestakuntza-ekintzen dirulaguntzei dagokienez, lanerako lanbide-heziketako sistema erregulatzen duen araudiak xedatutako betebeharrak.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak ea betetzen diren egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.

4.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, eskabidearekin batera, datu pertsonalen tratamenduari dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

5.– Prestakuntza eman duen erakundeak ikastaroa amaitzen duten ikasleen eskura jarri beharko du 16.3 artikuluan adierazitako inkesta telematikoa, eta erakundea bera arduratuko da inkesta hori behar bezala betetzen dela zaintzeaz.

20. artikulua.– Komunikazio eta publizitatearen arloko betebeharrak.

Deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketak behar bezala identifikatuta egon beharko dira, Estatuko araudiak eta Europar Batasunak Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen dituzten informazioaren, komunikazioaren eta publizitatearen arloko betebeharrekin bat etorrita.

Hala, dirulaguntza hauek jasotzen dituzten entitateek finantzaketa horren jatorriaren berri eman beharko dute jarduketen publizitatean, eta ikusteko moduan jarri beharko dute informazio hori. Hala dagokionean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren identifikazio grafikoaz eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logoaz gainera, Europar Batasunaren ikurra txertatuko dute, eta finantzaketari buruzko adierazpen egoki bat, honela dioena: «Europar Batasunak – NextGenerationEUk finantzatua». Helbide honetan eskuratu ahal dira elementu horiek: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual Ikusgarritasun hori, bereziki, material didaktiko guztietan eta bestelako materialetan bermatu behar da, eta prestakuntza-jarduerak eta emaitzak sustatzen direnean, askotariko hartzaileei (komunikabideak eta herritarrak barne) zuzendutako informazio koherentea, eraginkorra eta neurrizkoa emanez.

21. artikulua.– Entitate onuradunentzako betebehar bereziak, Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketari buruzkoak.

Entitate onuradunek, gainera, Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketari buruzko Europako eta Estatuko betebehar hauek bete beharko dituzte. Horretarako, betebehar hauek dituzte:

a) «DNSH – Do Not Significant Harm» printzipioa (ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa), klimaren arloko etiketatzearen baldintzak (01 etiketa – Konpetentzia eta enplegu berdeetarako ekarpena [100 %]) eta etiketatze digitalaren baldintzak (108 etiketa – Konpetentzia digitalak garatzeko laguntza [100 %]) erabat betetzen direla bermatzea, honako hauek ezarritakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana; Kontseiluaren Exekuzio Erabakia, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoa (Council Implementing Decision – CID); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamendua, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikulua (aginduak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eta hura garatzeko araudia eratzen ditu, proiektuen diseinuaren eta exekuzioaren fase guztietan eta jarduera bakoitzerako banaka). Entitate onuradunek, nolanahi ere, printzipio hori betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak eta aplikatzen dela ziurtatzeko neurri zuzentzaileak aurreikusiko dituzte, eta horren berri emango dute dirulaguntza justifikatzeko memorian.

b) Interes-gatazkarik, iruzurrik eta ustelkeriarik ez dagoela bermatzea, eta baldintzarik eta erreparorik gabe onartzea dirulaguntza eman duen administrazioak onartutako Iruzurraren Aurkako Neurrien Plana. Plan horren xedapenak erabat bete beharko dituzte, autonomia-erkidegoko, estatuko eta Europako araudia zeharo errespetatuz, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, atzemateari eta zuzentzeari dagokienez, eta Europar Batasuneko erakundeek beren finantza-interesak babesteari buruz hartzen dituzten erabakiekin bat etorriz. Urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Agindua indarrean jarri zenetik (HFP/55/2023 Agindua, urtarrilaren 24koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazken arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoa), Eusko Jaurlaritzaren neurrien plana aplikatu behar zaien entitateek haren prozedura espezifiko bat bete behar dute: SEEPek finantzatutako kontratazio- eta dirulaguntza-prozesuetan interes-gatazkarik ez izateko hark ezartzen duena.

c) Onuradunak dirulaguntzak ematen dituen administrazioari jakinarazi beharko dio helburu bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso dituela Estatuko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo ente publikotatik, baina kostu beraren gaineko finantzaketa bikoitzik izan gabe.

d) Europako Batzordeak, Iruzurraren Aurkako Europako Bulegoak, Europako Kontuen Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak ezarritako kontrolak onartzea. Horretarako, dirulaguntzari buruz eskatutako informazio guztia emango zaie organo horiei, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Entitateak bermatu behar du badakiela laguntza horren finantzaketa Europar Batasuneko SEMetik datorrela, eta, beraz, bere gain hartzen dituela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendutik (hau da, SEMa ezartzen duen erregelamendutik) eta finantzaketa horri aplikatu beharreko gainerako Europar Batasuneko arauetatik edo estatu-arauetatik eratorritako betebehar guztiak. Hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu behar da.

f) Batzordeari, Iruzurraren Aurkako Europako Bulegoari, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluaren 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko baimena ematea, eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartutako erreformak eta inbertsio-proiektuak aplikatzeko neurrietarako ordaindutako funtsen azken hartzaile guztiak behartzea, edo aplikazioan esku hartzen duten gainerako pertsona edo entitate guztiak, eta berariaz baimena ematea Batzordeari, Iruzurraren Aurkako Europako Bulegoari, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari, Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluaren 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko eta antzeko betebeharrak ezartzeko funtsen azken hartzaile guztiei.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak eta dokumentu elektronikoak bost urtez zaintzea eta gordetzea, edo hiru urtez, baldin eta finantzaketaren zenbatekoa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada, egiaztapen- eta kontrol-jarduerak egin ahal izateko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko (EB, Euratom) 2018/1046 Erregelamenduaren 132. artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

h) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema zehazten duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluak ezarritako komunikazio-betebeharrak betetzea. Bereziki, inbertsioen jarduerei buruzko informazio- eta komunikazio-neurrietan (informazio-kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak zein elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, webguneak, prentsako iragarkiak eta txertaketak, ziurtagiriak, eta abar), logotipo hauek sartu beharko dira: a) Europar Batasunaren ikurra; b) Batasunaren ikurrarekin batera, «Europar Batasunaren Next Generation EUk finantzatua» testua; c) 821/2014 Exekuzio Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako arau grafiko eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan.

i) Beren identifikazio-datuak datu-base batean sartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan adierazitakoaren arabera.

j) Diruz lagunduta egiten diren jarduketen fidagarritasunaren eta jarraipenaren erantzule izatea, une oro jakin ahal izateko jarduketa bakoitza zenbateraino bete den. Hirugarrenek egin beharreko jarduketen kasuan, mekanismoak ezartzea hirugarren horiek aurreikusi diren jarduketak aurrera eramaten laguntzen dutela ziurtatzeko eta –hala badagokio– behar diren suspertze-planaren adierazle, mugarri eta helburuen balioa zehazteko beharrezkoa den informazioa ematen dutela ziurtatzeko.

k) Tartean diren administrazio publikoen artean datuak lagatzea onartzea, aplikatzekoa den Europako araudia betetzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta funtsen azken hartzailearen identifikazioa arautzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikulu osoarekin bat etorriz. Informazio horrek eskuragarri egon behar du irailaren 29ko HFP/1031/2021 Aginduaren 10. artikuluaren arabera, eta hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.d) artikulua garatzeko.

Kasu orotan, deialdi honetan araututako dirulaguntzak Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planerako ezartzen diren jarraipen, kontrol eta ebaluazioaren mende egongo dira, bai eta, informazioaren eta publikotasunaren arloan, kontrol, egiaztapen, jarraipen eta ebaluazioaren arloan barne-araudiak eta Europar Batasunak Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen dituzten betebeharren mende ere, nahitaez betetzekoak badira.

22. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Inola ere ezin izango da aldatu dirulaguntzaren erabilera edo xedea, ez eta emandako laguntzarekin lortu nahi diren helburuak ere, eta ezin izango da aldatu dirulaguntzaren xede den jarduera, jarduketa edo jokabidea, ezta emakida-ebazpenean agertzen den eta lortu den dirulaguntzaren zenbatekoa handitu ere. Onuradunak proposatu edo eskaini dituen eta dirulaguntza emateko balio izan duten alderdiak ere ezin izango dira aldatu.

23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Dirulaguntza ordaintzerik ezingo da exijitu, eta, hala badagokio, dirulaguntzen arloan jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira, eta aplikatzekoak diren atzerapen-interesak ere bai, dirulaguntza ordaintzen den unetik dirulaguntza itzuli egin behar dela erabakitzen den datara arte, edo zordunak itzulketa egin duen datara arte, data hori erabakia baino lehenagokoa bada, baldin eta laguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak urratu badituzte, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausa batean badaude. Bereziki, hauetakoren bat:

a) Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean, edo lege honetan eta, hala badagokio, dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan ezarritako moduan justifikatzen ez denean.

b) Dirulaguntza baldintzak bete gabe edo baldintzak faltsutuz eskuratzen denean edo hura eskuratzea galaraziko luketen baldintzak ezkutatuz eskuratzen denean.

c) Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua betetzen ez denean edo dirulaguntzaren bidez hartu behar den jokabidea hartzen ez denean.

d) Dirulaguntza emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez direnean.

e) 20/2023 Legearen 12.5.d, 14.c eta 42. artikuluek ezartzen dituzten kontrol-jarduketei erresistentzia, aitzakiak edo oztopoak jartzen zaizkienean edo kontrol horiei uko egiten zaienean.

f) 20/2023 Legearen 27. artikuluan biltzen diren publikotasunerako neurriak betetzen ez direnean.

g) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107tik 109ra arteko artikuluetan ezarritakoaren arabera hartutako erabaki batek eragiten duenean dirua organo emaileari itzultzea.

h) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa, 20/2023 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

i) DNSH printzipioa betetzen ez bada, onuradunak ordura arte jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako moduan. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen da, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezartzen dira.

Jasotako zenbatekoak itzuli behar dira, halaber, mugarriak, helburuak edo egutegia betetzen ez direnean, interes-gatazken adierazpenak izaten direnean edo SEEP-NextGenerationEU arautegiarekin lotutako beste edozein alderdi betetzen ez denean, 2024ko Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 21/2023 Legean eta Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 37.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamendua ere kontuan hartu behar da, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.

2.– Irizpide hauen arabera zehaztuko da balizko ez-betetzeen maila:

a) Erabateko ez-betetzea: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.

Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, helburu horiek honela neurtuta: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua.

b) Ez-betetze partziala: dirulaguntzaren helburuaren edo justifikatzeko betebeharraren ez-betetze partziala gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu egingo da, edo dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da; zehazki, 18.2 artikuluan adierazitako moduan egindako dirulaguntzaren justifikazioak emandako dirulaguntza baino emaitza txikiagoa ematen badu, dirulaguntza hori murriztu egingo da justifikatutako zenbatekoraino.

3.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedurak bat etorri beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio enpresa edo entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

5.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

6.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean ondorioztatzen bada ez-betetzeren bat izan dela, bertan adieraziko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, bidezkoak diren kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli behar zaizkiola. Itzultzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

7.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

24. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendua eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean baitago argitaratuta.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

25. artikulua.– Aplikatu beharreko arauak.

1.– Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutakoa aplikatu behar zaio.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan ezarritako erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, bermeen araubideari dekretu hau aplikatuko zaio, lege horren kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren araubide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

2.– Laguntza hauek, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen dituenez, arau hauetan xedatutakoa ere bete behar dute:

a) EB 2021/241 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.

b) 36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, zeinaren bidez presako neurriak onartzen baitira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana egikaritzeko.

c) HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duena.

d) TES/897/2021 Agindua, abuztuaren 19koa, zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoarekin finantzatutako kredituak lurraldeka banatzen baitira, 2021eko ekitaldi ekonomikorako, lan-arloan eskumenak dauzkaten autonomia-erkidegoek kudea ditzaten; kreditu horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko «Konpetentzia Digitalen Plan Nazionala» eta «Lan-merkatua dinamikoa, erresilientea eta inklusiboa izateko politika publiko berriak» inbertsio-proiektuak gauzatzeko dira.

e) HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren ataletako neurrien mugarri eta helburuak zenbateraino betetzen diren jakiteko jarraipena egiteko eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitatea-betearazpenaren jarraipena egiteko.

f) 21/2023 Legearen II. tituluaren V. kapitulua (21/2023 Legea, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena).

g) 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

h) HFP/55/2023 Agindua, urtarrilaren 24koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazken arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoa.

3.– Halaber, honako hauek ere aplikatuko zaizkio deialdiari: irailaren 9ko 30/2015 Legea (Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena), lege hori garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua (zeinaren bitartez garatzen baita Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea) eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua (Lan-arloko Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duena).

4.– Hauek ere aplikatuko dira:

a) Gobernu Kontseiluaren Erabakia, 2022ko otsailaren 8koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako jardueren eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa, zeina argitara eman baitzen Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren martxoaren 1eko 30/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko martxoaren 4ko EHAA, 46. zk.).

b) Gobernu Kontseiluaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko iruzurraren aurkako neurrien plana onartzen duena, zeina argitara eman zen Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 6ko 40/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko apirilaren 13ko EHAA, 74. zk.).

5.– Era berean, entitate onuradunek nahitaez bete beharko dituzte laguntza ematen duen administrazioak eta Estatuko eta Europako gainerako agintari eskudunek xede horretarako ezarritako arauak, bai eta aipatutako finantzaketa-iturrien arabera laguntza hauen onuradun izateagatik ezarritako betebehar guztiak ere.

26. artikulua.– Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak izateko arriskua prebenitzea.

Balizko onuradunak hautatzeko prozesuan edo baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonek adierazi behar dute ezagutzen dituztela eta osorik eta inolako erreparorik gabe onartzen, 2022ko martxoaren 29ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez onetsitako planaren baldintzak; alegia, «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko eskakizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien planaren» baldintzak, agiri honetan ezarritakoarekin bat etorriz: «Eusko Jaurlaritzaren adierazpen instituzionala, iruzurraren aurkako borrokari buruz, Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa izeneko funtsekin finantzatutako ekimenak gauzatzeko esparruan».

Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, dirulaguntza emateko eskumena duen organoaren arduradunak, dirulaguntzaren oinarriak edo deialdia idazten dituzten langileek, eskaerak ebaluatzen dituzten aditu eta batzordekideek, baita jarduera horietan Administrazioari laguntza eta aholkularitza ematen dioten entitate pribatuetako pertsona fisiko guztiek ere, iruzurraren aurkako neurrien plana ezagutu eta onartu behar dute.

Urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan adierazitako ondorioetarako, agindu horretan ezarritako prozedurak aplikatuko dira. Gainera, agindu hori betetzeko, dirulaguntzak emateko organo eskudunak eta eskaerak aztertzeko kide anitzeko organoetako kideek interes-gatazkarik ezaren adierazpena sinatu behar dute, agindu horretan bereziki arautua eta XV. eranskinari atxikia, eskabideak aztertzeko eta erabakia hartzeko fasean. Horrez gain, eragiketaren arduradunak egon litekeen interes-gatazka egiaztatzeko prozesua gauzatu behar du, HFP/55/2023 Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Prozesu horretan bandera beltz bat edo batzuk detektatzen badira, HFP/55/2023 Aginduaren 7. artikuluan xedatutako prozedurari jarraitu behar diote. Horretarako, eskatzaileei benetako titulartasunari buruzko informazioa 5 egun baliodun igaro baino lehen aurkezteko eskatu behar diete, eta, epe horretan aurkeztu ezean, prozeduratik kanpo utziko dituzte.

Aurreko apartatuetan aipatutako pertsonek Interes-gatazkarik Ezaren Adierazpena ere beteko dute, oinarri hauen XV. eranskinean jasotako ereduarekin bat etorriz, hala egin behar dela ezartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko (EB, Euratom) 2018/1046 Erregelamenduko 61.3 artikuluan («Finantza Erregelamendua») eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 23. artikuluan.

Interes-gatazka eragin dezakeen kausaren batean dauden agintariek eta langileek ez dute parte hartuko prozeduretan. Norbaitek uste badu interes-gatazkaren bat egon daitekeela, hierarkian gorago dagoenari jakinaraziko dio, idatziz; zerbitzu juridikoek txostena egingo dute, eta hartu beharreko erabakia hartuko da. Horrek ez du eragozten HFP/55/2023 Aginduan ezarritako kasu zehatzetarako ezartzen den prozedura berezia betetzea.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, bere kabuz edo Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiarekin lankidetzan arituz (III. maila), auditoria espezifikoak egin ditzake interes-gatazkak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko neurri egokirik ote dagoen ikusteko.

Interes-gatazka bat hautematen denean, kasu bakoitzean aplikatu beharreko lege-arau eta barne-erregelamenduen araberako neurriak hartuko dira. Era berean, interes-gatazkaren egoeraren berri eman beharko da betiere, gardentasun-printzipioa betetzeko.

27. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako ehunekoren batean zenbaki dezimalik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, dezimalak alde batera utzita.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala