
39. zk., 2025eko otsailaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (252 KB - 23 orri.)
- EPUB (132 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
913
EBAZPENA, 2025eko otsailaren 18koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez 2025. urtean enpresei, entitate pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko entitateei dirulaguntzak emateko deialdia egiten baitzaie aholkularitza-enpresa homologatu bat kontrata dezaten emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai eta berdintasunerako planetan jasotako neurriak ezartzeko ere, minimis laguntzen araubidea baliatuta, eta zeinaren bidez dirulaguntza horien oinarriak arautzen baitira.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra– Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea, eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.
Helburu horiek lan-eremuan lortu ahal izateko, enpresek eta entitate pribatuek modu aktiboan parte hartu behar dute; alde batetik, emakumeek eta gizonek enplegua berdintasunez lortuko dutela eta lan-baldintza egokietan lan egingo dutela bermatzeari dagokionez, eta, bestetik, euren produktuek eta zerbitzuek emakumeen zein gizonen beharrei eta interesei erantzuten dietela bermatzeari dagokionez.
Horrek duen garrantziaz jabeturik, eta ikusirik beharrezkoa dela enpresei –diagnostikoak egiteko eta barneko berdintasun-planak ezartzeko– laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa espezializatuak egotea, 2002. urteaz geroztik, Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundea aholkularitza-enpresei prestakuntza ematen eta horiek egiaztatzen hasi zen, Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin. Eta, hori guztia burutzeko, homologazio-prozesu bat hasi zen, jarduteko planteamenduetan gutxienez eduki beharreko kalitate-maila eta homogeneotasuna bermatzeko. Une honetan, zenbait aholkularitza-enpresa homologatuk jada laguntza teknikoa eskain diezaiekete hala eskatzen duten enpresa eta erakunde pribatuei.
Ebazpen honen oinarri juridikoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortu zuen otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.j) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2 m) artikuluan dago. Azken artikulu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitekoa da, besteak beste, enpresa eta erakundeentzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurri batzuk ezartzea, horiek baliabide material eta ekonomikoz eta giza baliabidez hornitzeko, eta, hartara, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko planak, programak eta jarduerak egiteko, bat etorriz martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 54. artikuluan ezarritakoarekin.
Ebazpen hau enpresa edo entitate pribatuek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten sustatu eta laguntzeko sortu da, horrela enpresek laguntza teknikoa jasoko baitute emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai barne antolamendurako bai eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetarako. Eta ebazpen honen bidez, hain justu ere, xede horretarako dirulaguntzak arautzen dira. Era berean, dirulaguntza honen helburua da enpresa eta erakunde pribatuen planetan jasotako berdintasun-neurriak ezartzen laguntzea.
Deialdi hau argitaratzea guztiz justifikatuta dago Euskadin soldata-arrakala murrizteko ekintzaren Estrategia eta Plan Operatiboaren barruan, eta, bereziki, Euskadin soldata-arrakala murrizteko gidalerroen 4. ardatzean, zeinetan 52. neurria agertzen baita: zuzkidura ekonomikoa handitzea, enpresa txiki eta ertainetan berdintasun-planak egiteko.
Ildo beretik, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiak antolamendu-aldaketari eta politika berriak bultzatzeari lotutako hainbat neurri jasotzen ditu bere ardatzen artean: II. ardatza (Emakumeen ahalduntzea), III. ardatza (Bidezko gizarte-antolaketa, berdintasunezkoa eta iraunkorra) eta IV. ardatza (Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak).
Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginak, halaber, enpresa eta erakunde pribatuen kulturan eta politiketan berdintasuna integratzera bideratutako neurriak bultzatzeko betebeharra ezartzen du. Neurri horiek legearen 27., 44., 47., 48., 50. eta abar artikuluetan jasota daude.
Deialdia bat dator urtero atzemandako premiekin eta lege-aldaketekin; batez ere, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua indarrean jartzeak izan duen eraginarekin (6/2019 Errege Lege Dekretua, enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu –eta aukera– berdintasuna bermatzeko presako neurriena). Izan ere, 50 langiletik gorako antolakundeetan berdintasun-planak ezartzeko betebeharra pixkanaka zabaltzen du. Era berean, enpresei berdintasunerako neurriak ezartzen laguntzeko.
901/2020 Errege Dekretua eta 902/2020 Errege Dekretua indarrean jartzeak betebehar berriak ezartzen dizkie enpresei (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua moldatzen duena, eta 902/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzkoa). Alde batetik, enpresaren barruan berdintasun-politikak negoziatzeko beharra berretsi da. Bestalde, berdintasun-planen edukia erregelamendu bidez garatzen dute eta enpresak nahitaez bete beharreko tresnak sartzen dituzte: ordainsari-auditoria, lanpostuak baloratzeko prozedura, eta sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloak planen edukian behin betiko sartzea.
Horri jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, 2025. urtean enpresei, entitate pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko entitateei dirulaguntzak emateko deialdi honen oinarriak arautu eta onartzen dira, aholkularitza-enpresa homologatu bat kontrata dezaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai eta berdintasunerako planetan jasotako neurriak ezartzeko ere, minimis laguntzen araubidea baliatuta, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenean aurreikusitakoaren arabera. Ebazpen honen eranskinean dago deialdia.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz jasotzen diren dirulaguntzei honako hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Erregimena arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea. Bi hauen oinarrizko erregulazioa ere aplikatuko zaie: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, zeinaz azken lege horren erregelamendua onartzen baita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aurka egiteko, pertsona edo entitate interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera).
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 18a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
ERANSKINA
2025. URTEAN ENPRESEI, ENTITATE PRIBATUEI, KOOPERATIBEI ETA IRABAZI ASMORIK GABEKO ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK, AHOLKULARITZA-ENPRESA HOMOLOGATU BAT KONTRATA DEZATEN, EMAKUME ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNARI BURUZKO DIAGNOSTIKOAK ETA BERDINTASUN-PLANAK EGITEKO, BAI ETA BERDINTASUNERAKO PLANETAN JASOTAKO NEURRIAK EZARTZEKO ERE, MINIMIS LAGUNTZEN ARAUBIDEA BALIATUTA
I. KAPITULUA
OINARRI KOMUNAK
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen bidez, enpresei, erakunde pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen oinarriak arautzen dira, eta dirulaguntzetarako deia egiten da, 2025. urtean aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten. Aholkularitza-enpresek laguntza teknikoa emango dute emakume eta gizonen arteko berdintasunerako diagnostikoak egiteko eta berdintasun-planak diseinatzeko, bai barne-antolamendurako, bai ematen dituzten zerbitzu edo produktuetarako, bai eta berdintasunerako planetan jasotako neurriak ezartzeko ere.
Deialdiak ebazpen honen 2. eta 3. kapituluetan garatutako dirulaguntzen bi lerro jaso eta arautzen ditu. Laguntza-lerro horiek bateraezinak dira elkarren artean, eta erakunde eskatzaileak bata edo bestea aukeratu beharko du.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, (OJ L, 2023/2831, 15.12.2023, ELI: http://data.europa.eu/eli/reg/2023/2831/oj) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatuko zaie laguntza hauei.
2. artikulua.– Hautaketa eta diru-hornidura.
1.– Deialdi hau norgehiagokaren prozeduraren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, norgehiagoka esango zaio honako prozedura honi: dirulaguntzak nori eman erabaki baino lehen, aurkeztu diren eskaerak alderatzea eskaeren artean lehentasunak ezartzeko, betiere 21 eta 27. artikuluetan finkatutako esleipen-irizpideei jarraituz eskaera horien zerrenda bat egiteko eta dirulaguntza emateko soilik irizpide horien arabera balioespenik onena lortu duten eskaerei.
2.– Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako helburuak lortzen laguntzeko diru-zuzkidura, eta laurehun mila (400.000) eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean jasotzen den bezala.
Dirulaguntzen lehen lerrorako 250.000 euro bideratuko dira, 2025ean zehar aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzera bideratuak. Aholkularitza-enpresa horiek laguntza teknikoa emango dute emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa egiteko eta berdintasunerako plana diseinatzeko, bai barne-antolaketarako, bai zerbitzuak edo produktuak emateko.
Bigarren dirulaguntza lerrorako, 2025ean zehar berdintasunerako planetan jasotako neurriak ezartzeko laguntza teknikoa ematen duten aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzera bideratua, 150.000 euro bideratuko dira.
3. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak eta konpromisoak.
1.– Dirulaguntzen Erregimena arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen eta debekurik ez dituzten enpresek, entitate pribatuek, kooperatibek eta irabazi asmorik gabeko entitateek eska ditzakete laguntzak. Besteak beste, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteta eduki behar dituzte, eta, bereziki, honako betebehar hauek:
a) Enpresa eta entitate pribatuek nortasun juridiko propioa eta independentea izan behar dute. Nortasun juridiko bereizia duten taldeetakoak diren enpresek edo entitateek euren aldetik aurkeztu behar dituzte eskabideak.
b) Zuzenean edo zeharka enpresaren partaidetzarik edo kontrolik handiena inolako administrazio publikok ez izatea.
c) Entitatearen zuzendaritza eta administrazio-kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Horretarako, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egon behar da.
d) Lehen eta bigarren diagnostikoak eta berdintasun-planak egin nahi dituzten enpresa eta entitate pribatuek 10 eta 150 langile arteko plantilla izan beharko dute. Beren diagnostikoak eta planak egokitu behar dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateek, gutxienez, 10 langile eduki beharko dituzte.
e) Sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala duten entitateek, zehapenean adierazten den aldian, ez dute izango ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak jasotzerik, ez eta Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzetarako legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera debeku horrekin zehatutakoek ere.
f) Laguntzen deialdi honetan, entitate hauek ere ez dute parte hartzerik izango: dirulaguntza edo bestelako laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dien zehapena dutenek eta laguntza horiek jasotzeko gaitasunik gabe uzten dituen lege-debekuren bat dutenek.
g) Aurreko urteetan eta xede berarekin (hau da, lehen diagnostikoak eta planak finantzatzeko helburuarekin) edozein administrazio publikotatik dirulaguntzaren bat jaso duten eta 10-150 langile bitartean dituzten enpresa eta entitate pribatuek ere ezin izango dituzte eskuratu laguntza horiek. Salbuespen bakarra irabazi asmorik gabeko entitateak izango dira.
h) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Baldintza horiek automatikoki egiaztatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.); artikulu horretan ezartzen denez, dirulaguntzarako eskabidea aurkezten denean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari errege-dekretu honen 18. eta 19. artikuluetan ezartzen diren baldintzen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bitartez zuzenean eskuratzeko, eta horrelako kasuetan eskatzaileak ez du dagokion egiaztapena aurkeztu beharko, salbu eta eskatzaileak espresuki adierazten badu ez duela horretarako baimenik ematen.
Betebehar horiek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan daude araututa. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.
i) Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3 c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hizkera ez-sexista erabili beharko da dirulaguntza eskatzen duten entitateek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainerako testuetan. Era berean, genero-estereotipoak ez errepikatzea eta emakumeen eta gizonen berdintasuna aktiboki sustatzea egiten diren irudi, komunikazio, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan.
j) Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3 d) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, emakumeen eta gizonen egoeran nolako inpaktua izan dezaketen jakiteko, entitate onuradunei eskatuko diete dirulaguntzak jasotzeko betebeharrak betetzen dituztela justifikatzeko memorietan sexuaren arabera banakatuta aurkez dezatela honako hauei buruzko informazioa: emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak, pertsona titularrak eta langileak, eta dirulaguntza eragin duen zerbitzua emateko entitateak kontratatu dituen langileak.
2.– Dirulaguntzen Erregimena arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak beren gain hartzen dituzten enpresa eta entitate pribatuek lor ditzakete laguntzak, eta, bereziki, betebehar hauek hartzen dituztenek:
a) Enpresei eta entitateei emakume eta gizonen berdintasunaren arloko laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-enpresen homologazioa arautzen duen ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera homologatutako aholkularitza-enpresa baten laguntza teknikoa kontratatu edo kontratatzeko konpromisoa hartu izana. Dirulaguntzen 2 lerroetako bakoitzaren zehaztapen zehatzak deialdi honetako 2. eta 3. kapituluetan jasotzen dira.
b) Zuzendaritzak prozesua dinamizatuko duen arduraduna izendatzea –entitateko langileen artean–, deialdi honen I. eranskinean jasotako moduan.
3.– Dirulaguntza eman ondoren, onuradunentzat beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta aipatzen diren datuak aldatu ez diren. Alta emateko esteka hau da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, azpimarratu behar dugu azkenean betebeharrak beteak baditu soilik emango dela dirulaguntza.
Alderdi horiek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasota daude.
4.– Aurkeztutako eskabide baten helburua bat ez badator dirulaguntzen lerro honekin, baina organo kudeatzaileak uste badu sar daitekeela administrazio-ebazpena eman aurreko fasean dagoen Emakunderen beste laguntza-lerro batean, organo horrek erabaki dezake eskabide hori beste laguntza-lerro batean sartzea, hots, bere helburura gehien gerturatzen den laguntza-lerroan. Eskabidea aurrena jaso duen lerroaren organo kudeatzaileak eskabide hori bidaliko dio azkenean hura hartuko duen lerroaren organo kudeatzaileari, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari, jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Epe hori igarota, entitate eskatzaileak aurka egin ez badu, lerro-aldaketa hori onartu duela pentsatuko da.
4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2025eko apirilaren 9an amaituko da.
2.– Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, eskabide-ereduari jarraikiz, eta datu guztiak eman beharko dira, hurrengo artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezartzen duen eran. Horrela, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/0039212
3.– Halaber, prozedura honen izapide guztiak egin eta kontsultatzeko entitate interesdunek bide elektronikoak erabili ditzakete: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan onartutako sinadura elektroniko bat eta egiaztagiri elektroniko bat izan behar dituzte, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Izapidetzeari buruzko zehaztapenak, deialdian ezarritakoak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen webgunean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere eskuragarri egongo dira: https://www.euskadi.eus/servicios/0039212
Eskabideak ordezkari baten bidez ere aurkeztu ahal izango dira elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistroan eman beharko du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, nire karpetaren bidez egingo dira (URL): https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Eskabideak, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, EAEko hizkuntza ofizial bietako edozeinetan aurkez daitezke. Eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, entitateak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.
1.– Erakunde eskatzaileak ereduaren araberako eskabidea aurkeztu behar du, non honako erantzukizunpeko adierazpen eta adostasun hauek jasoko diren:
– Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea zehapen irmo baten bidez horrelakorik ezartzen duen edozein legeren arabera. Zehazki, sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso izana, zehapenean ezarritako epea oraindik gainditu ez bada.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoa ez izatea edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoa.
– Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotakoa ez izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratutakoa ez izatea –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta ez egotea, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
– Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko bidea ez ematea eta horren errudun deklaratutakoa ez izatea.
– Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari izatea eta egoera hauetakoren batean ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean egotea arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
– Zerga-egoitza zerga-paradisutzat hartutako herrialde edo lurralde batean ez izatea.
– Estatuko araudiaren arabera indarrean berdintasun-plan bat izateko betebeharra betetzea, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezartzeko betebeharra ere emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legediak ezarritako eran (50 langiletik gorako enpresak).
– LGTBIfobia erakutsi, bultzatu edo sustatu ez izana, barnean dela bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
– Zigortuta ez egotea apirilaren 8ko 7/2022 Legeak (Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeari buruzkoa) aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak bete eta zehapena ordaindu arte.
– Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota betetzea, edo hori betetzeko ordezko neurriak abian jarri izana egiaztatzea.
– Enpresaren deslokalizazio-deklaraziorik jaso ez izana Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 51. artikuluan ezarritako ondorioekin.
– Aurreko hiru ekitaldietan jasotako minimis laguntzek guztira 300.000 euroko muga ez gainditzea laguntza hau eman aurreko hiru urteetan, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritako muga –erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–, edo erregelamenduaren gainerako arauetan minimis mekanismo horretarako berariaz ezarritako beste muga batzuk ez gainditzea.
– Beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik ez duela jaso ebazpen honetan araututako dirulaguntzaren helburu bera duen laguntzarik azken urteetan. Irabazi asmorik gabeko entitateak berori aurkeztetik salbuetsita daude, baldin eta, berdintasun-planak ezarri ondoren, indarreko araudira egokitu behar badituzte.
– Eskatutako laguntza jarduera berberetarako jada onartuta edo ordainduta dauden beste dirulaguntza batzuekin bateragarria izan arren, gainfinantzaketa ez gertatzea. Etorkizunean xede berbererako jasotzen diren bestelako laguntzen berri emateko betebeharra dago laguntza likidatu arteko aldian.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ezarritako ordainketak eginda izatea Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan zehaztutako eran (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea legez ezarritako moduan.
– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitatearen EAEko egoitza sozialean kudeatzen eta administratzen dela entitatea.
– Indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen ditu.
– Egiazkoak eta osoak dira eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten den dokumentazio guztia ere, eta bere gain hartzen du dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
Erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio bati gehitzen zaion funtsezko edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo administrazio eskudunari erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bazaio, edo deklaratutakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada komunikazioan, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitzea gertaera horien berri jakiten den unetik aurrera, alde batera utzi gabe sortzen diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
– Administrazio publikoaren esku dauden dokumentuak kontsultatzeko berariazko baimena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluan jasotako eskubidea baliatu nahi bada ere.
2.– Eranskinik izendaturik ez duen dokumentazioa bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta bide elektronikoz izenpetuta bidaliko da, helbide honetan: https:// www.euskadi.eus/nirekarpeta.
3.– Aurretiaz aurkeztutako dokumentazioa ez da berriz aurkeztu beharko, baldin eta II. eranskinean horretarako dagoen atalean adierazten bada noiz aurkeztu zen eta zer prozeduratan aurkeztu zen, eta, bestalde, kontsulta egiteko baimena eman bada.
4.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa den egiaztatzeko.
6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 18. eta 24. artikuluetan eskatutako agiriren bat falta bada, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar egun balioduneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartarazten zaio, eskatutakoa egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretiaz ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz.
Eskabidearen osteko izapideak, zuzenketak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:
a) Presidentea: Izaskun Garaigordobil Garmendia andrea, Administrazio Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Andrea Nuñez Fernandez, Berdintasun Eskubideak Defendatzeko Arloko arduraduna.
b) Bokalak:
Sonia Gonzalez Ubierna andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Haizea Miranda Martinez de la Pera, Programa eta Prestakuntza Arloko teknikaria.
Julene Gatzagaetxebarria Ameyugo andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Unay Casado Lataburu jauna, Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikaria.
Ane Miren Fernández Gómez andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko teknikaria.
Ordezkoa: Maria Montserrat Parra Jorna, Programa eta Prestakuntza Arloko teknikaria.
Aholkularitza juridikoaren arloko arduradunak idazkari gisa jardungo du.
8. artikulua.– Beste dirulaguntza edo bestelako laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu eta xede bererako ematen diren bestelako laguntza edo dirulaguntzekin, uneko urtean lortutakoak badira, laguntzen izaera eta entitate emailea edozein direla ere, baldin eta laguntza guztiak batuta egin beharreko ekintzaren guztirako kostua gainditzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, dagokion gehieneko kopurura egokitzeko. Laguntzak, berariaz, erakunde honek diruz lagundutako plana eta diagnostikoa egiteko gastuak zein prestakuntza-orduak finantzatzeko izango dira lehenengo lerroan, eta bigarren finantzaketa-lerroan berdintasun-neurriak ezartzeko.
9. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebatziko ditu erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak.
Eskabideak ebaluatu ondoren, Hautaketa Batzordeak akta bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza jasoko duena, dagokion lehentasun-ordenarekin, 21. eta 27. artikuluetan ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz. Akta horrek proposamena egingo dio organo kudeatzaileari, Erakundeko Idazkaritza Nagusiari. Organo honek, espedientea eta akta ikusita, txosten bat egiten duenean, non jasotzen baita erakunde onuradun guztiek betetzen dituztela eskatutako baldintzak, organo horrek ebazpen-proposamena egingo dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari.
Emakundeko zuzendariak ebazpen espresu eta arrazoitua emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari, eta adieraziko du dirulaguntza nori eman zaion, minimis izaerarekin, nori ukatu zaion eta ukatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa edo entitate onuradunei. Hala ere, emandako dirulaguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.
2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Epe horretan enpresa edo entitate interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, dirulaguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Ebazpenen jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpetaren» bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Ebazpenean, entitate onuradunen zerrenda jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuta lortu den puntuazioaren arabera (diruz lagunduko diren enpresa zein entitateak eta bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita), eta, horretaz gain, ordezko entitateen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero ordezkoengana jo ahal izateko. Entitate horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira eta onuradunak uko eginez gero ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehieneko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin dion onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.
10. artikulua.– Enpresa edo entitate onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan arautzen diren dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresa edo entitateek Euskal Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bate behar dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Horrela, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean enpresa edo entitate onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 12. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.
c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, dirulaguntzaren inguruan eskatutako informazioa eta laguntza eman behar diete, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan jasotzen den bezala.
d) Onartutako proiektuaren hasierako baldintzak edo edukia aldatzeko, idatziz jakinarazi beharko dute, erakundeko zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko, 12. artikuluan ezarritakoa betez.
e) Komunikazio guztietan, barnekoetan nahiz kanpokoetan (webgunean, intranetean, prestakuntzarako erabilitako materialetan, langileei bidalitako mezu elektronikoetan, iragarki-taulan agertzen diren oharretan), diagnostikoak eta planak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen finantzaketa dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu behar da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Logotipoa diagnostikoan eta planean jarri behar da, bai eta horiek egiteko prozesuan sortzen diren dokumentuetan ere, izan barnean jakinarazteko, izan kanpoan jakinarazteko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 27 artikuluan ezartzen duen moduan.
f) Prozesuaren hasieran, diagnostikoa eta plana egiteko asmoa jakinarazi behar zaie langileei, eta, prozesuaren amaieran, diagnostikoaren eta adostutako planaren emaitza nagusiak. Horretarako, hori ziurtatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira. Era berean, berdintasun-planetan jasotako diruz lagundutako neurrien ezarpenaren berri emango zaie langileei.
g) Proiektua gauzatu bitartean egindako agirietan eta bukaerako memoria eta txostenetan hizkera sexistarik ez dela erabili ziurtatu behar da.
h) Komunikazio feministaren erabilera sustatzea, neurria edo neurriak ezartzeko eta gizarteratzeko prozesu osoan presente egon beharko baitu.
i) Enpresek Emakunderi jakinarazi behar diote langileen zenbaketan eragina duen aldaketa oro –plantillan egindakoak–, berdintasun-planen alorreko mugen ondorioetarako.
j) Justifikatu behar dute ekintzak burutzeko dirulaguntzen erabilera.
k) «Datuen alta/Hirugarren interesduna». Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta aipatzen diren datuak aldatu ez diren, ez eta ebazpen honen 5.1 artikuluaren azken apartatuan aipatzen den baimena eman bada. Alta elektronikoki izapidetu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/
l) Erakunde onuradunak bere gain hartzen du gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa, eta organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio beste laguntza edo dirulaguntzarik jaso duen, eta berehala jakinarazi beharko dio gainfinantzaketarik izan ote duen.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioaren eta ordainketaren alderdi komunak.
1.– Jarduerak egin eta sortutako gastu guztiak justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera, jardueraren zenbateko osoa ordaindu arte Emakundek estaltzen ez dituenak barne. Horretarako, eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da 2025eko abenduaren 1era arte, egun hori barne.
2.– Justifikazioak dirulaguntzen lerro bakoitzean eskatzen diren berariazko dokumentuak jaso beharko ditu, deialdiaren 22. eta 28. artikuluetan aipatzen direnak.
3.– Justifikazio-agiriak bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta bidali beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Ordainketa egiteko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edozein unetan eskatu ahal izango du jatorrizko agiriak aurkezteko, egiazkoak diren egiaztatzeko.
5.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez justifikatutako zenbatekoa jardueraren kostu osoa baino txikiagoa bada, dagokion murrizketa proportzionala egingo da dirulaguntzaren zenbatekoan.
12. artikulua.– Dirulaguntza emateko inguruabarrak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, ezarritako gutxieneko eskakizunak eta dirulaguntzaren helburua bete badira) eta beste edozein entitate publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu.
2.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa jasotzen denean, dokumentazioa aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako dirulaguntza aldatu eta/edo likidatu egingo du (kasu bakoitzaren arabera), eta, behar izanez gero, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu.
13. artikulua.– Ez-betetzeak.
Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, 10. artikuluan ezarritakoak bereziki, jasotako dirua eta hark sortutako atzerapen-interesak itzuliko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen Dekretua) diotenaren arabera, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako egintzak. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan hartutako egintza eta egoerak.
Deialdian jasotako betebeharrak –konpromisoak betetzeko helburuzkoak– partzialki betetzeak berekin ekarriko du jasotako zenbatekoak itzultzeko betekizuna, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 ñ) artikuluari jarraikiz.
14. artikulua.– Itzulketa prozedura.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, abenduaren 21eko 20/2023 Legeren 40. eta 41. artikuluetan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako dirulaguntza itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio entitate interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean adierazten bada baldintzak ez direla bete, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren atzerapen-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko aldian itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantzak Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilekoa izango da, gehienez ere.
15. artikulua.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako sartuko dira, 3/2018 Lege Organikoan eta (EB) 2016/679 Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa, eta (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena).
Helburua: dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo entitateei.
Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea).
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.
– Interesdun legitimatuak.
– Organo judizialak.
– Kontuen Auzitegia edo autonomiako baliokidea.
– Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.
Eskubideak: datu horiek, bakar-bakarrik, Institutuak botere publikoak baliatuz egindako eginkizun bat betetzeko sustatutako laguntzak kudeatzeko erabiliko dira. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide baliatu ahal izango dute. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa/
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=celex%3A32016R0679).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
16. artikulua.– Minimis laguntzak.
1.– Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 Europako Batzordearen Erregelamenduan (OJ L, 2023/2831, 15.12.2023, ELI: http://data.europa.eu/eli/reg/2023/2831/oj) adierazitakoaren arabera arautuko dira (Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori). Dirulaguntza hauek minimis izaera dute, hau da, pertsona juridiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 300.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Kantitate hori baino gutxiagoko dirulaguntzak ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira sartzen Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan.
2 – Dirulaguntzaren onuradunak aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta momentuko ekitaldi fiskalean jasotako minimis izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du I. eranskina beteaz, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.
II. KAPITULUA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNARI BURUZKO DIAGNOSTIKOAK EGITEKO ETA BERDINTASUNERAKO PLANAK DISEINATZEKO LAGUNTZAK
17. artikulua.– Xedea.
Laguntza hauek 2025ean aholkularitza-enpresa homologatu baten laguntza teknikoa kontratatu nahi duten enpresei, erakunde pribatuei, kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzenduta daude, ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera (Dekretu horren bidez, aholkularitza-erakundeen homologazioa arautzen da, enpresei eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan laguntza teknikoa emateko). Laguntza horren helburua izango da emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostiko bat egitea, berdintasunerako plan bat diseinatzea eta gutxienez 20 orduko prestakuntza eskaintzea, hori guztia 19. artikuluan xedatutako edukiarekin bat etorriz. Erakunde eskatzaileak hautatutako aholkularitza-enpresa homologatuak diseinatu eta sinatuko du laguntza-eskaeran jasotako lan-proposamen teknikoa.
Dirulaguntzen lehen lerro hau 10 eta 150 langile bitarteko plantilla duten erakunde eta enpresa pribatuei laguntzera bideratuta dago, baldin eta lehen urratsetan (lehen plana eta bigarrena) baliabide materialak, ekonomikoak eta pertsonalak behar badituzte, enpresaren barruan eta bere ingurunearekiko harremanean berdintasuna sustatuko duen kultura bat txertatzeko, bai eta berdintasunerako diagnostikoak eta planak egiteko ere.
Era berean, irabazi-asmorik gabeko entitateei laguntzea du helburu. Entitate horiek, betiere, gutxienez hamar pertsona izan behar dituzte plantillan, eta aldez aurretik berdintasun-planak ezarriak izan behar dituzte eta horiek indarrean dagoen legeriara egokitzeko betebeharra izan behar dute. Zehatzago esanda, arau hauetara egokitzekoa: 901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua moldatzen duena, zein 902/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzkoa.
18. artikulua.– Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) I. eranskina, behar bezala betea, atal hauetan jasotako informazioa adierazten duela:
– Dinamizatzailearen izendapena.
– Enpresaren datuak.
– Eskatutako laguntzak eta jasotakoak, entitate emaileak eta laguntzen zenbatekoa.
– Barneko lantaldearen aurreikusitako osaera. Adieraziko da erakundean ordezkaritza sindikal propiorik dagoen, ordezkaritza handiena duten sindikatuen ordezkaritza edo sektoreko sindikatu ordezkagarrien ordezkaritza, edo antzeko elkarrizketa-organoa, Gizarte Kontseilua, eta abar.
– Negoziazio-batzordearen osaera, dagoeneko eratuta badago.
– Minimis laguntzen adierazpena.
b) II. eranskina, bidaltzen diren dokumentuen zerrenda.
c) Laguntza teknikorako proposamena, aholkularitza-enpresa homologatuak egina eta sinatua, entitate eskatzaileari 2025. urterako diagnostikoa, berdintasun-plana eta prestakuntza-plana egiteko laguntzari buruzkoa; hizkera ez-sexista erabiltzen saiatu behar da hor. Honako hauek jaso behar ditu:
– Entitate edo enpresa eskatzailearen aurkezpena.
– Berdintasunari buruzko diagnostikoa eta berdintasun-plana egiteko motibazioa.
– Entitate edo enpresa eskatzaileak berdintasunaren arloan egin duen ibilbidea.
– Entitatearen alde edo alderdi estrategikoak, non berdintasun-politikaren sustapenak eragin handia izan dezakeen.
– Diagnostikoan xehe-xehe berrikusi beharreko alderdiak.
– Erabiliko den metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa.
– Emakume eta gizonen berdintasunaren inguruan langileak prestatzeko saioen programa (hogei ordu gutxienez), 19. artikuluan ezarrita dagoen eran.
– Ekintza-plana prestatzeko prozesua.
– Barneko lantaldea, eta taldea osatzeko irizpideak, ebazpen honen I. deialdian jasotako moduan.
– Negoziazio-batzordearen osaera, eta osaera-irizpideak, deialdi honen I. eranskinean jasotako moduan.
– Kronograma.
– Egindako proposamenaren jarduera motaren arabera xehatutako aurrekontua (Diagnostikoa, Berdintasun Plana eta Trebakuntza), kontratatuko den aholkularitza homologatuak sinatua. BEZ balio erantsiaren gaineko zerga ere agertuko da, jardueraren arabera xehatuta. Gainera, aholkularitza-enpresa homologatuak kalkulatutako aholkularitza-orduak zehaztu behar dira.
d) Laguntzak kanpoan eta barruan ustez izango duen eraginari buruzko txostena. Gutxienez aurkeztu beharrekoa: dirulaguntzaren onuradun zuzenen eta zeharkakoen kopuruari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita; heziketa egiteko aurreikusitako ordutegia, hezkuntzaren onuradunen kopurua, betiere erakundearen langileak sexuaren arabera bereizita; identifikatu behar da, gutxienez, plana martxan jartzean aldatuko diren entitatearen alderdi estrategikoak; planaren garapenak eragingo dien entitateen kopurua, eta abar.
e) Langile kopuruaren egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez: RLC eta RNT ereduak (lehengo TC1 eta TC2 ereduak), eskabidearen aurreko hilekoak.
f) Estatutuak eta eratze-agiria.
g) Esleipen-irizpideetan oinarrituta proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak.
19. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko izango da dirulaguntza. Aholkularitza-enpresek, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era, honako hauek egiten lagundu beharko diete enpresei edo entitateei:
a) Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko Diagnostikoa, barne-antolamenduari eta zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez. Diagnostikoan honako hauek aztertu eta balioetsiko dira, gutxienez: hautaketa-politikak, kontratazioak, karrera profesionalaren sustapena eta garapena, sailkapen profesionala, prestakuntza, ordainsariak, lan-osasuna, lan-baldintzetakoa, komunikazioa, eta bizitza pertsonala, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzearen alorrekoa; halaber, genero-indarkeriaren eta sexu-jazarpeneko egoerak eta sexuaren ziozko jazarpen-egoerak aztertuko dira. Horretaz gainera, entitateak egiten dituen produktu eta zerbitzuak aztertu beharko dira, bai eta antolakundearen beste plan eta politika batzuk ere. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Ahal dela, haren edukia bat etorriko da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).
b) Gutxienez 20 ordu ematea entitatearen langileei lan-munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan trebatzeko. Saio horrek diagnostikoan agertu diren berdintasun ezak ulertzeko balio behar du, bai eta Berdintasun-plana diseinatzeko oinarri izateko ere, eta, gutxienez, langile guztien lagin adierazgarri batentzat egingo da. Proposamenak emango diren edukien xehetasunak izan behar ditu, orduak, langileen kopurua sexuaren arabera bereizita, eta abar. Programak jaso behar ditu, gutxienez, pertsonak kudeatzeko prozesu ez-diskriminatzaileak, lantokiko sexu-jazarpenak eta jazarpen sexistak eta berdintasuna zerbitzu-eskaintzan txertatzeko jarraibideak.
Aurrez aurreko prestakuntza bideragarria ez den salbuespenezko kasuetan, eta prestakuntza hori aurrez aurre emateko ezintasuna justifikatu ondoren, online-prestakuntza baimendu ahal izango da, baldin eta ikasgela birtualaren formatua badu eta ikaskuntza-ingurune bat badu, non prestatzaileek eta ikasleek elkarri eragiten dioten, aldi berean eta denbora errealean.
c) Berdintasun-plana diseinatzea enpresaren barne-antolamendurako eta zerbitzu edo produktuetarako. Aurkeztutako plana, gutxienez, urte anitzekoa izango da, adierazleak izango ditu, espero diren emaitzak neurtzeko emakumeen eta gizonen arteko aldeen murrizketaren ildotik, eta erantsita izango ditu esleitutako pertsonak, aurrekontua, jarraipen- eta ebaluazio-sistema. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Edukia bat etorriko da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoarekin (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).
2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak behar den bezala banakatu behar dira, eta bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritako betekizunak.
Diruz lagun daitekeen zenbatekotik balio erantsiaren gaineko zerga kenduko da (BEZa), irabazi-asmorik gabeko entitateei izan ezik. Irabazi-asmorik gabeko entitate horiek, horretarako, entitatearen xedeak betetzeko inbertitu edo bideratu behar dituzte produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak, onurak titular edo partaideen artean banatu gabe, eta ez duten aukerarik izan behar zerga berreskuratzeko. Hori dena entitateek egiaztatu beharko dute.
20. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu nahi den jardueraren kostuaren % 50 izango da, gehienez ere; eta onuradun bakoitzeko, 12.000 eurokoa, gehienez ere.
2.– Gehienez ere % 80ra mugatuko da, 12.000 euroko mugarekin, irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, baldin eta entitateen titularren edo partaideen artean mozkinak banatzen ez badira, baizik eta ondasun eta zerbitzuen ekoizpen edo banaketatik lortutako soberakina edo irabazia inbertitzen bada edo entitate horien helburuak betetzeko erabiltzen bada.
Hau da, irabazi-asmoa duten enpresek zerga-oinarriaren gaineko % 50 ere jaso ahal izango dute; BEZa berreskuratu ezin duten irabazi-asmorik gabeko entitateek zerga-oinarriaren % 80 eta BEZa jaso ahal izango dute, eta irabazi-asmorik gabeko entitateek, BEZaren aitorpena aurkezten badute, zerga-oinarriaren % 80 ere jaso ahal izango dute.
21. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.
1.– Dirulaguntzak esleitzeko, irizpide hauek hartuko ditu kontuan hautaketa-batzordeak, bakoitzari emandako puntuen arabera:
A) Proposamenaren kalitatea. 50 puntu, gehienez.
– Bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, egutegiaren, metodologiaren eta aurrekontuaren arabera. 15 puntu, gehienez.
– Berrikuntzak eta proposamenaren eta erakunde motaren arteko egokitasuna. 20 puntu, gehienez.
– Proposamena diagnostikorako eta planak egiteko metodologietara egokitzea. 10 puntu, gehienez.
– Proposamenaren kalitatea, osotasunean. 5 puntu, gehienez.
B) Lan-prozesuan Zuzendaritza inplikatzea eta antolakundeko denetariko pertsonek parte hartzea. 15 puntu, gehienez.
– Erakundeak alor honetan duen ibilbidea. 7 puntu, gehienez.
– Lantaldearen konfigurazioa. 8 puntu, gehienez.
C) Eragin biderkatzailea. 25 puntu, gehienez.
– Lurraldean duen ezarpena. 3 puntu, gehienez.
– Enpresaren tamaina. 6 puntu, gehienez.
– Jarduera-sektorea/eremua. 6 puntu, gehienez.
– Barne- eta kanpo-eraginerako diseinatutako jarduerak. 10 puntu, gehienez.
D) Askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden bertako emakume langileen behar espezifikoak kontuan hartzea. 10 puntu, gehienez.
2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak ezetsi egingo dira.
22. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Jarduerak gauzatu ondoren eta jarduera horien ondorioz izandako gastu guztiak –Emakundek estali ez dituenak ere bai– justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluari jarraikiz, jardueraren guztizkora iritsi arte; horretarako, 2025eko abenduaren 1a baino lehen (egun hori barne), agiriak hauek aurkeztu behar dira:
a) Egindako diagnostikoa, zeina ebaluatuko baita dirulaguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela, aurkeztutako proposamenaren eta azkenean bidalitako diagnostikoaren arteko koherentzia bermatuko da. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.
b) Urte Anitzeko Berdintasunerako Plana, zeina ebaluatuko baita dirulaguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.
c) 2026rako plan operatiboa edo ekintza-plana, ekintza bakoitzerako aurrekontuarekin batera.
d) Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Egindako lan-prozesua eta lortutako helburuak deskribatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera; halaber, sentsibilizazio saioko edo saioetako edukiak, partaideak eta horiek saioei buruz egiten duten ebaluazioa.
e) Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa, IV. eranskinaren arabera, eta laguntza teknikoa egiaztatzen duen faktura xehatua, baita emandako aholkularitza-zerbitzuen ordainagiriak ere. Fakturek edo froga-balio baliokidea duten agiriek (merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak) behar adina xehetasun izan behar dute, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko, edo egindako gastuak egiaztatzeko (diruz lagundutako jarduerei dagokienez), hau da, banku-egiaztagiriak, zer kontzeptu eta faktura-zenbaki justifikatzen dituen, horiexei egin behar die erreferentzia. Era berean, gastuak faktura elektronikoen bitartez ere egiaztatu ahal izango dira, baldin eta zerga-eremuan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.
Dirulaguntzaz gain funts propioak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere.
f) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu dela egiaztatzen duen agiria, 10.e) artikuluan eskatutakoari jarraikiz.
g) Prozesuaren hasieran nahiz amaieran plantillari prozesu horren helburuak eta emaitzak agertu izanaren egiaztagiriak, 10.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
h) Laguntzaren barne- eta kanpo-eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena. Kanpo- eta barne-adierazle kualitatibo eta kuantitatiboak jaso behar ditu.
i) Planaren Negoziazio Batzordea eratu dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
j) Halaber, onuradunen kopurua sexuaren arabera xehakatuta jasoko da: zuzenekoak (entitatekoak direnak eta bertan lan egiten dutenak), bitartekoak (lana gauzatzeko kontratatu direnak edo diagnostikoa eta plana aurrera eramateko kontratatu den entitate edo enpresakoak direnak eta bertan lanean daudenak) eta azkenak (eginiko planaren onurak jasoko dituztenak).
III. KAPITULUA
BERDINTASUN-PLANETAKO NEURRIAK EZARTZEKO LAGUNTZAK
23. artikulua.– Xedea.
Dirulaguntza hauek enpresei, erakunde pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzentzen zaizkie, 2025. urtean homologatutako aholkularitza-enpresen laguntza teknikoa kontratatzeko, 105/2004 Dekretuari jarraikiz (ekainaren 8koa, aholkularitza entitateen homologazioa arautzen duena, enpresa eta erakundeei gizon eta emakumeen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa emateko). Laguntza horren bitartez, aipatutako erakundeek berdintasun-planetako neurriak ezarriko dituzte 25. artikuluan xedatutakoa betez. Laguntza-eskabidean bildutako lan-proposamen teknikoa diseinatu eta sinatu duen aholkularitza-enpresa homologatua hautatu beharko du erakunde eskatzaileak.
Dirulaguntza lerro horren bidez, laguntza emango zaie berdintasun-planetako neurriak ezartzeko baliabide materialak, baliabide ekonomikoak zein langileak behar dituzten erakunde eta enpresa pribatuei, baldin eta 10 eta 150 langile bitartean badituzte.
Aurten finantzatuko diren neurriak xede estrategiko hauekin bat etorri behar dira:
1.– Soldata-arrakala murriztea. Ordainsarien arloko gardentasuna sustatzea.
2.– Osasunaren prebentzio-kudeaketan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea eta, zehazki, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta desagerrarazteko, bai eta laneko indarkeria mota guztietan eta arrisku psikosozialen analisian eragiten duten genero-baldintzatzaileak ere.
3.– Emakume-kopurua handitzea lidergo feministak dituzten erakunde pribatuetako zuzendaritza-postuetan eta zuzendaritzan.
4.– Lantokietako espazioak genero-ikuspegia erabiliz berrikustea.
5.– Ikuspegi intersekzionala gehitzea pertsonen kudeaketan eta zerbitzuak ematean.
24. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko baliatuko da dirulaguntza, hurrengo hauek gauzatzen lagun dezaten 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era:
a) Aholkularitza-enpresa homologatu batek egindako eta sinatutako laguntza teknikoaren proposamena, berdintasun-planeko neurriak ezartzeari buruzkoa, hauek biltzen dituena:
– Dirulaguntza eskatu duen erakunde zein enpresari buruzko sarrera.
– Erakunde edo enpresa eskatzaileak berdintasun-arloan egindako ibilbidea.
– Hartu beharreko neurrien deskripzioa, eta nola datozen bat dirulaguntza hauek eta erakundean indarrean dagoen planak jasotzen dituen helburu estrategikoekin (23. artikulua). Alderdi hauei buruzko informazio xehatua emango da: erabiliko den metodologia, kronograma, elementu berritzaileak, beste erakunde batzuek ere erabiltzeko baldintzak, langileriako eta erakundeaz kanpoko pertsona hartzaileak. Datu guztiak sexuaren arabera banakatu beharko dira. (III. eranskina).
– Dirulaguntzaren bidez espero diren emaitzei buruzko txostena (prozedurak, materialak, produktuak, landuko diren antolaketa-kulturako alderdiak, gaitutako pertsonak sexuaren arabera banakatuta, erakunde sentsibilizatuak, etab.).
– Jarduera ezartzeko barneko lantaldea, deialdi honen I. eranskinean jasotako moduan.
– Aurrekontua, proposameneko jardueren arabera banakatuta eta kontratatuko den aholkularitza-enpresak sinatuta. BEZa ere adieraziko da, jardueren arabera banakatuta.
b) I bis eranskina, behar bezala beteta, honako hauei dagozkien ataletan jasotako informazioa adierazita:
– Dinamizatzailea izendatzea.
– Enpresaren datuak.
– Eskatutako eta jasotako laguntzei buruzko informazioa, bai eta laguntza eman duen erakundeari eta horien zenbatekoari buruzkoa ere.
– Barneko lantaldea identifikatzea.
– Minimis laguntzen adierazpena.
c) II. eranskina, bidaltzen diren dokumentuen zerrenda.
d) Laguntzak kanpoan eta barruan ustez izango duen eraginari buruzko txostena. Informazio hau eman beharko da gutxienez: dirulaguntzaren erakundearen barruko eta kanpoko onuradunen kopurua, sexuaren arabera banakatuta; neurriaren ezarpenak aldatuko dituen erakundeko alderdi estrategikoak, eragina jasoko duten erakunde kopurua, etab.
e) Langile kopuruaren egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez, eskabidearen aurreko hilekoak (kotizazioen likidazioaren ordainagiria edo langileen zerrenda nominala, garai bateko TC1 eta TC2 ereduak).
f) Estatutuak eta eratze-agiria.
g) Erakundean indarrean dagoen berdintasun-planaren kopia.
h) Esleipen-irizpideen arabera, proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak.
25. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko baliatuko da dirulaguntza, hurrengo hauek gauzatzen lagun dezaten 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era:
a) Planetan bildutako neurrien ezarpena.
Dirulaguntzaren bidez gauzatuko diren neurriak erakundean indarrean dagoen planak jaso beharko ditu, baita 23. artikuluak bildutako helburu estrategikoetako batek ere. Hauek aurkeztu beharko dira: aurrekontu orokorra eta eskatutako aurrekontua; jardueren kronograma eta espero diren emaitzak; langile hartzaileak, sexuaren arabera banakatuta, eta erakundetik kanpoko hartzaileak, sexuaren arabera banakatuta (bezeroak, erabiltzaileak, erakundeak, lotutako erakundeak); eta zergatik babestu behar diren proposatutako jarduerak (alderdi estrategikoak).
2.– Dirulaguntza-gastuek, behar bezala banakatuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluko baldintzak bete beharko dituzte.
Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZa) zenbatekoa kanpo utziko da, salbu eta irabazi asmorik gabeko erakundeen kasuan, baldin ezin badute BEZa berreskuratu –ez dituzte mozkinak erakundeko titularren edo partaideen artean banatzen, baizik eta produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak entitateen xedeak betetzeko inbertitzen edo bideratzen dituzte–. Egiaztatu egin beharko dute.
26. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez diruz lagundu nahi den jardueraren kostuaren % 50 izango da eta, erakunde onuradun bakoitzeko, gehienez ere 6.000 eurokoa.
2.– Aurreko muga hori % 80koa izango da –gehienez 6.000 euro– irabazi-asmorik gabeko erakundeen kasuan –ez dituzte mozkinak erakundeko titularren edo partaideen artean banatzen, baizik eta produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak entitateen xedeak betetzeko inbertitzen edo bideratzen dituzte–.
Hau da, irabazi-asmoko enpresek zerga-oinarriaren % 50 arte jaso ahalko dute; BEZa berreskuratu ezin dezaketen irabazi-asmorik gabeko erakundeek, zerga-oinarriaren % 80 arte gehi BEZa, eta, BEZaren aitorpena aurkezten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, zerga-oinarriaren % 80 arte.
27. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.
1.– Hautaketa Batzordeak irizpide hauek kontuan hartuko ditu dirulaguntzak ematerakoan, irizpide horietako bakoitzari egokitutako puntuazioa kontuan hartuta:
A) Proposamenaren kalitatea. Gehienez, 25 puntu:
– Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, egutegiari, metodologiari eta aurrekontuari dagokienez. 5 puntu gehienez.
– Proposamenaren elementu berritzaileak eta nola egokitzen den 23. artikuluan jasotako erakunde motetara eta helburu estrategikoetara. 5 puntu gehienez.
– Berdintasun metodologietara nola egokitzen diren (Emakunde, Berdintasun Ministerioa, etab.). 8 puntu gehienez.
– Neurri bera beste erakunde batean ezartzeko aukera. 4 puntu gehienez.
– Proposamenaren kalitate orokorra. 3 puntu gehienez.
B) Zuzendaritzaren partaidetza eta barneko lantaldearen ordezkaritza, baita neurriaren hartzaileena ere. 10 puntu gehienez.
– Neurriaren ezarpena bilatzen duen lantaldearen dibertsitatea. 2 puntu gehienez.
– Dirulaguntzaren hartzaile diren langileak. 4 puntu gehienez.
– Dirulaguntzaren hartzaile diren kanpoko pertsonak. 4 puntu gehienez.
C) Eragin biderkatzailea. 15 puntu gehienez.
– Erakundearen lurralde ezarpena. 3 puntu gehienez.
– Erakundearen neurria. 3 puntu gehienez.
– Jarduera-arloa/sektorea. 3 puntu gehienez.
– Jardueran barne- eta kanpo-eragina. 6 puntu gehienez.
2.– Gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten proposamenak ezetsi egingo dira.
28. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluari jarraikiz, jarduerak gauzatu ondoren eta jarduera horien ondorioz izandako gastu guztiak –Emakundek estali ez dituenak ere bai–, alegia, dirulaguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza; horretarako, 2025eko abenduaren 1era bitartean (egun hori barne), agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Neurriaren ezarpena egiaztatzeko dokumentua, produktua edo materialak.
Dirulaguntza esleitzeko aurkeztutako proposamenaren arabera balioztatuko da. Dirulaguntza emateko balioztatutako proposamena bete den egiaztatzeko balioko du. Bestela, behar bezala justifikatu beharko da.
b) Jasotako funts publikoak zertan erabili diren justifikatzeko memoria. Memorian hauek deskribatuko dira: jarraitutako lan-prozesua eta lortutako helburuak, aurreikusitako egutegiari jarraikiz; ezarpenaren emaitzak (produktuak, parte-hartzaileak edo gaitutako pertsonak); sentsibilizazio-saioko edo saioetako edukiak, partaideak eta horiek saioei buruz egiten duten ebaluazioa.
c) Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa, IV. eranskinaren arabera, eta laguntza teknikoa egiaztatzeko faktura banakatua, baita aholkularitza-zerbitzuak ordaindu izanaren egiaztagiria ere. Merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak diren edo administrazio eraginkortasuna duten fakturak edo antzeko froga-balioa duten agiriak dirulaguntza jaso duten jarduketen inguruan egindako gastua edo erabilitako funtsak zuzen egin edo erabili direla frogatzeko behar bezain xehatuak izan behar dira. Hau da, bankuko egiaztagiriaren frogagirian kontzeptua eta bankuko egiaztagiri horren bidez ordaindutako fakturaren zenbakiari erreferentzia agertu behar dira. Era berean, gastuak faktura elektronikoen bidez ere frogatu ahalko dira zerga-arloan onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Dirulaguntza jasotzeaz gainera, jarduerak funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin finantzatu badira, justifikazioan egiaztatu beharko da diruz lagundutako jarduera horietarako erabilitako funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa.
d) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu dela egiaztatzen duen agiria, 10.e) artikuluan eskatutakoari jarraikiz.
e) Prozesuaren hasieran nahiz amaieran, langileei prozesu horren helburuak eta emaitzak jakinarazi izanaren egiaztagiriak, 10.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
f) Laguntzaren barne eta kanpo eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena, barne hartuta barne- eta kanpo-adierazleak, adierazle kualitatiboak eta kuantitatiboak.
g) Halaber, sexuaren arabera banakatuta jasoko da neurrien ezarpenak zenbat onuradun izan dituen zuzenean eta zeharka.
RSS