Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2024ko martxoaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1530

35/2024 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin sinatutako hitzarmena, informazioa trukatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin sinatutako hitzarmena, informazioa trukatzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 22a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 22KO 35/2024 EBAZPENARENA
HITZARMENA, GIZARTE SEGURANTZAREN DIRUZAINTZA NAGUSIAREN, ESTATUKO ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKOA, INFORMAZIOA TRUKATZEKO
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Andrés Harto Martínez jauna, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko zuzendari nagusia, urtarrilaren 21eko 132/2020 Errege Dekretuaren bidez izendatua, zeinak urriaren 1eko 40/2015 Legeak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak) 48.2 artikuluan eta ekainaren 20ko 1314/1984 Errege Dekretuak (Gizarte Segurtasunaren Diruzaintza Nagusiaren egitura eta eskumenak arautzen dituenak) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera baitihardu.

Bestetik, Gerardo Gutiérrez Ardoy jauna, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa erakunde autonomoko zuzendari nagusia, uztailaren 6ko 846/2018 Errege Dekretuaren bidez izendatua, zeinak hitzarmen hau sinatzeko eskumena baitauka urriaren 1eko 40/2015 Legeak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak) 48.2 artikuluan eta abuztuaren 1eko 1383/2008 Errege Dekretuak (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren egitura organikoa eta erakundezko parte-hartzea onartzen duenak) 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Eta, azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoa, zeinaren ordezkaria Alfonso Gurpegui Ruiz jauna baita, Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordea, urtarrilaren 26ko 31/2021 Dekretuaren bidez izendatua, urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak (Enplegu eta Lan Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak) 12. artikuluan esleitzen dizkion eskumenen arabera, egintza honetarako ahalmena duelarik Gobernu Kontseiluaren 2023ko azaroaren 28ko erabakiaren bidez.

Alderdiek hitzarmen zehatz hau sinatzeko beharrezko gaitasun juridikoa aitortu diote elkarri, eta, ondorioz, hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– 1.– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia Gizarte Segurantzaren zerbitzu komun bat da, nortasun juridiko propioa duena, zeinetan, finantza-elkartasunaren eta kutxa bakarraren printzipioak aplikatuz, finantza-baliabide guztiak bateratzen baitira, aurrekontu-operazioen bidez zein aurrekontuz kanpokoen bidez; haren kargu daude funtsak, balioak eta kredituak zaintzea eta arreta orokorrak eta Gizarte Segurantzaren sistemaren betebeharren eskubide eta ordainketak biltzeko zerbitzuari dagozkionak.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren egitura eta eskumenak arautzen dituen ekainaren 20ko 1314/1984 Errege Dekretuak (aurrerantzean, GSDO), 1.a) artikuluan, enpresak inskribatzearen eta langileen afiliazio, alta eta bajen arloko eskumenak esleitzen ditu; arlo hori enpresak inskribatzeari eta Gizarte Segurantzan langileen afiliazio, alta eta bajei buruzko Araudi Nagusiaren 3. artikuluan arautu zen gero, zeina urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen. Horretarako, Erregelamendu horren 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari dagokio langileen erregistro bat atxikitzea Gizarte Segurantzaren Sistemaren araubide bakoitzeko dagokion identifikazioarekin, baita onuradunekin eta kotizatu behar duten gainerako pertsonekin ere. Halaber, aipatu 1314/1984 Errege Dekretuaren 1.b) artikuluak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari egozten dizkio arlo hauek kudeatu eta kontrolatzeko eskumenak: kotizazioa eta Gizarte Segurantzaren finantzaketa-sistemako kuoten eta gainerako baliabideen bilketa. Gai horiek ondoren Gizarte Segurantzaren Diru-bilketaren Erregelamendu Nagusian arautu ziren, ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren bidez onartutakoan, bai eta abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuan ere, Gizarte Segurantzaren beste eskubide batzuen kotizazioari eta likidazioari buruzko Erregelamendu Nagusia onartzen duen horretan.

2.– Bestalde, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (aurrerantzean, EEZP) egitura organikoa eta parte-hartze instituzionala onartzeko abuztuaren 1eko 1383/2008 Errege Dekretuaren 2. artikuluarekin bat (abuztuaren 20ko BOE, 201. zk.), Estatuaren Administrazio Nagusiko erakunde autonomo ere bada EEZP, eta zerbitzu horri ematen zaio gomendiotan enplegu-politikako programen eta neurrien antolamendua, garapena eta jarraipena, Enpleguari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren esparruan (urriaren 24ko BOE, 255. zk.), eta hauek dira haren eskumenak:

g) Enplegu Sistema Nazionalean barne hartutako informazio-sistemek sortutako datu-baseak mantentzea, eta enpleguaren, lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren eta langabeziagatiko estatu-mailako babesaren arloko estatistikak egitea.

j) Langabeziagatiko prestazioen kudeaketa eta kontrola, hargatik eragotzi gabe Gizarte Segurantzaren sistemaren prestazioak eskuratu eta erabiltzeari buruzko lege-arauak eta arauzkoak betetzen direla zaindu eta exijitzeko betebeharra; Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 12. artikuluak Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegoko eta Lan Ikuskatzaileordeen Kidegoko funtzionarioei esleitzen die betebehar hori...

3.– Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten erakundeen eskumen-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan ezarrita dago. Bada, autonomia-estatutuaren 12.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak betearazi behar du lanaren arloko legediaren gaineko Estatuaren legeria. Halaber, autonomia-estatutu horren 16. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio irakaskuntza osoaren gaineko eskumena, hots, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian xedatua aplikatuz. Azkenik, estatutu horren 9.2.c) artikuluak xedatzen duenez, euskal botere publikoek enplegua eta egonkortasun ekonomikoa sustatzen lagunduko duten neurriak hartu behar dituzte beti, haien eskumenen arloan.

Ondore horietarako, eta Transferentzien Bitariko Batzordearen erabakiaren bidez –azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren bidez onartua, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa– enpleguko politika aktiboen arloan Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako eskumenak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari dagozkio lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) 6. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena.-– Hau ezartzen du ekainaren 27ko 3/2017 Legeak (Estatuaren 2017ko Aurrekontu Orokorrenak) azken xedapenetako hogeita hamazazpigarrenean:

«Aurrekontuen lege hau indarrean sartzen denetik hiru hileko epean, lankidetza-hitzarmen bat egingo da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean, autonomia-erkidego honi ordaintzea dagozkion Gizarte Segurantzaren kontingentzia komunetako eta lanbide-heziketako kuoten hobarien finantzaketari dagokion informazio zehatza behar bezala helarazteko, 1441/2010 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Hitzarmenaren zioz jasoko diren datuetan hobari-kolektiboetako bakoitzari buruzko informazioa bereizita egongo da, langileak eta enpresak identifikatuta. Halaber, berariaz jasoko dira horien kotizazio-oinarriak eta aplikatu beharreko kenkariak, hots, enplegua sustatzeko programen arabera aplikatu behar direnak eta Euskal Autonomia Erkidegoak finantzatu behar dituenak.

Era berean, hitzarmenaren zioz jasoko diren datuetan, lanbide-heziketako kuotekin lotuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan kokatuta dauden lantokietan enpresek aplikatzen dituzten hobariak zeintzuk diren adieraziko da».

Ondorio horietarako, 2017ko urriaren 11n hitzarmen bat sinatu zen alderdien artean, eta, bertan, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren B.2.b) eta B.3.c) ataletan jasotako egitekoen erabateko betearazpena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoari, bai enplegua sustatzeari dagokionez, bai enpresak, haren eskumenen esparruetan daudenak, enplegurako lanbide-prestakuntzarako kotizazio sozialetako hobariengatik kontrolatzeari dagokionez. Kotizazio sozialetako hobarien arloan Euskal Autonomia Erkidegoak finantzatutako zenbatekoak lehen aipatutako Errege Dekretuaren G.3 atalean aipatutako egiaztagirien bidez gauzatzen dira.

Hitzarmen berri honekin jarraitutasuna eman nahi zaio alderdiek 2017ko urriaren 11n sinatu zutenari, azken hori Gizarte Segurantzaren eta datuen babesaren gaineko araudi berrira egokituz. Gainera, hitzarmenaren eranskinean ezarritako fitxategietan agertzen den informazioa Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren datu-basetik datozen eta etengabeko bilakaeran dauden datuen arabera egokitu nahi da.

Horri dagokionez, eta urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak (Gizarte Segurantzaren testu bategina onartzen duenak) 77.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Gizarte Segurantzako Administrazioak, dituen egitekoak baliatuz, aurretik eskuratutako datuak, txostenak edo aurrekariak erreserbatuak dira, eta Gizarte Segurantzaren Administrazioa osatzen duten erakunde kudeatzaile, zerbitzu komun eta organo desberdinei esleitutako helburuetarako soilik erabili ahal izango dira, eta ezingo zaizkie hirugarrenei utzi edo jakinarazi, salbu eta lagapen edo jakinarazpen horren helburua hauetako bat denean:

d) Beste edozein administrazio publikorekin lankidetzan aritzea funts publikoen konturako laguntzak edo dirulaguntzak – Europar Batasunekoak barne – lortzeko edo jasotzeko iruzurraren aurka borrokatzeko, Gizarte Segurantzaren sistemako araubideetan bateraezinak diren prestazioak lortzeko edo jasotzeko, eta, oro har, Gizarte Segurantzaren Administrazioak lortutako datuak garrantzitsuak diren eta haiei legez edo erregelamenduz esleitzen zaizkien eginkizunak betetzeko.

Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak (datu pertsonalak babestekoak eta eskubide digitalak bermatzekoak) 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, tratamenduaren arduradunek eta eragileek, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 24. eta 25. artikuluetan zerrendatutako elementuak kontuan hartuta, aplikatu behar dituzten neurri tekniko eta antolakuntzakoak zehaztuko dituzte, tratamendua aipatutako araudiarekin, hura garatzen duten arauekin eta aplikatzekoa den sektoreko legeriarekin bat datorrela bermatzeko eta egiaztatzeko. Bereziki, aztertuko dute ea bidezkoa den datuen babesaren gaineko eraginaren ebaluazioa egitea eta Erregelamendu horren IV. kapituluko 3. atalean aipatzen den aurretiko kontsulta egitea. Aurreko atalean aipatzen diren neurriak hartzeko, tratamenduaren arduradunek eta eragileek kontuan hartuko dituzte, bereziki, aipatu Lege Organikoaren 28. artikuluko 2. atalean zerrendatzen diren kasuetan egon daitezkeen arrisku handiagoak.

Segurtasun Eskema Nazionalak (maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretuaren bidez araututakoak) segurtasun-politikaren printzipioak eta baldintzak zehazten ditu bitarteko elektronikoak erabiltzean, informazioa era egokian babestu ahal izateko. Gainera, segurtasunaren dimentsioak eta mailak, sistemen kategoriak, segurtasun-neurri egokiak eta segurtasunaren aldizkako ikuskaritzak zehazten ditu.

Hirugarrena.– 1.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen babespean den informazio-lagapena eta lankidetza da; lege horren 3.1.k) artikuluaren arabera, kooperazioa, lankidetza eta koordinazioa dira Administrazio Publikoen arteko harremanak gidatu behar dituzten printzipioak. Era berean, ez da alboratu behar, lege horren 3. artikuluarekin bat, administrazio publikoek objektibotasunez zerbitzatzen dituztela interes orokorrak, eta zerbitzu eraginkorra, sinpletasuna, argitasuna eta herritarrekiko hurbiltasuna errespetatu beharko dituztela haien jardunean eta harremanetan, eta arrazionalizazio- eta arintasun-printzipioak administrazio-prozeduretan eta kudeaketako jarduera materialetan. Gainera, administrazio publikoek sistemen eta horietako bakoitzerako hartutako soluzioen elkarreragingarritasuna eta segurtasuna bermatzen duten baliabide elektronikoen bidez izango dituzte harremanak haien artean, datu pertsonalak babestuko dituzte, eta, ahal dela, zerbitzuak batera emango dizkiete interesdunei.

2.– Halaber, eta 40/2015 Legearen 141. artikuluaren 1. zenbakiko c) letrarekin bat, administrazio publikoen lankidetza-egitekoa aplikatuz ondorioztatzen da «gainerako administrazioei behar duten informazioa eman behar dietela haien eskumenak baliatuz egiten duten jarduerari buruz».

3.– Hitzarmen honen aplikazio-eremuan informazioa hornitzen denean, herritarren ohore-eskubidea eta norberaren eta familiaren intimitatea izateko eskubidea errespetatu behar dira, Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluak xedatzen duenez, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (datu pertsonalak babestu eta eskubide digitalak bermatzekoan) ezarritakoaren arabera, zeinak Espainiako antolamendu juridikoa egokitzen baitu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendura (EB). Azken horrek pertsona fisikoak babesten ditu beren datu pertsonalak tratatu eta datuok askatasunez zirkulatzeko orduan.

Horren ondorioz, juridikoki zuzena denez, Estatuaren 2017ko Aurrekontu Orokorren ekainaren 27ko 3/2017 Legearen azken xedapenetatik hogeita hamazazpigarrenean ezarritako manua betetzeko xedez, betiere alderdiek bermatuta informazioa zuzen erabiliko dela eta, nolanahi ere, sekretua eta herritarren intimitate-eskubidea bermatuko direla, hiru alderdiek erabaki dute hitzarmen hau egitea. Hona hemen:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

Hitzarmen honen helburua da Estatuaren 2017ko Aurrekontu Orokorren ekainaren 27ko 3/2017 Legearen azken xedapenetako hogeita hamazazpigarrenean aipatzen den informazioa ematea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Euskal Autonomia Erkidegoari.

Azaldutako ondorioetarako:

1.– Fitxategi multzo bat emango dio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoari hilero, telematikoki eman ere, hain zuzen ere, onura aplikatzen deneko kontingentzien gaineko kuoten likidazioetan hobari kontsignatuen guztizko zenbatekoaren langile-mailako informazioa biltzen duen fitxategi-multzo bat, berau bidali aurreko hilabeteari dagokiona. Hitzarmen honen eranskinean jasotakora doituko da fitxategien formatua eta edukia.

Hauek dira helarazi beharreko informazioaren ezaugarriak:

a) Fitxategi izendunak dira, hobaria zein langileri aplikatzen zaion adierazten dutenak, eta, besteren konturako Gizarte Segurantzako araubideen kasuan, enpresaren informazioa eta kotizazio-kontuaren kodea jasotzen dituzte.

b) Besteren konturako araubideak: langile-mailako informazioa barne hartzen du, hots, kontingentzia komunei eta profesionalei dagozkien kotizazio-oinarriak, hobari-zenbatekoa, kolektibo sustatua, lan-kontratu mota eta langilearen bestelako identifikazio-datu batzuk.

c) Norberaren konturako araubideak eta Etxeko Langileentzako Sistema Berezia: langile-mailako informazioa barne hartzen du, hots, kotizazio-oinarriak, hobari-zenbatekoa, kolektibo sustatua eta langilearen bestelako identifikazio-datu batzuk. Hobari horiek kotizazioen eta papereko buletinen –halakorik bada– likidazio-agiriaren bidez egindako kobrantzei egiten diete erreferentzia.

d) Ez ditu barne hartzen: kuoten itzulketak, kontu-hartzaileen saldoak, zor-kobrantzak, atzerapen-kobrantzak, luzamenduak...

2.– Hauen berri hilero emango dio EEZPk Euskal Autonomia Erkidegoari, haien lan-zentro guztiak autonomia-erkidego horretan dituzten enpresei dagokienez, eta haien datu-baseetan eta FUNDAEren datu-baseetan jasota dagoen informazioaren arabera:

a) Prestakuntzaren antolaketa: enpresak berak ala erakunde antolatzaile batek.

b) Ikastaroaren izena.

c) Ikastaroa zein lanbide-arlotakoa den.

d) Datak eta ordutegiak.

e) Izena eman duen parte-hartzaile kopurua eta amaitu dutenak.

f) Ordu-kopurua.

g) Prestakuntza eskaintzeko modalitatea: presentziala, teleprestakuntza, mistoa.

h) Nork eskainiko duen eta prestatzailea.

i) Lekua.

j) Kostua.

Lan-zentroak Euskal Autonomia Erkidegoan eta bertatik kanpo dituzten enpresei dagokienez, lan-zentroa autonomia-erkidego honetan duten enpresetakoak diren parte-hartzaileei buruzko informazioa emango da, urtean bitan gutxienez eman ere: lehenengoa, ekitaldi bakoitzeko ekainaren 30ean (behin-behineko datua), eta, bigarrena, prestakuntza-gastua egin eta hurrengo ekitaldiko lehenengo hiru hilabeteetan (behin betiko datua).

Bigarrena.– Datuak babestea.

Emandako datu pertsonalen kontrola eta segurtasuna Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamenduan), abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (datu pertsonalak babestu eta eskubide digitalak bermatzekoan) eta Segurtasunaren Eskema Nazionalean (urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak arautuan) xedatutakoaren arabera arautuko da.

Agintariek, funtzionarioek eta hitzarmen honetan aurreikusten diren zerbitzuak ematearekin zuzeneko nahiz zeharkako harremana duten langile guztiek sekretu profesionala gordeko dute prestakuntzak dirauen artean eskura dituzten edo ezagutzen dituzten informazioei, agiriei eta gaiei dagokienez. Behartuta daude ezagutzen dituzten datuak publiko ez egitera edo besterentzera, baita hitzarmen honen indarraldia amaitu eta gero ere.

Betebehar hori urratzeak berarekin ekarriko du bidezko diren erantzukizun penal, administratibo eta zibilen pean erortzea, baita Datuak Babesteko Agentziak dagozkion eskumenak erabil ditzan onartzea ere.

Hirugarrena.– Lagapenaren mugak.

Lagapena justifikatzen duten egitekoak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko organoak soilik izango dira hitzarmen honetan aurreikusitakoa aplikatuz lagatako informazioaren hartzaile; egiteko horiek, indarreko legeria aplikatuz, hitzarmenean bertan jasota daude, baina ezingo dira inolaz ere hartzaile izan hitzarmen honen xede diren hobarien finantzaketa, zaintza eta kontrola ez diren bestelako egitekoak dituzten erakundeak, organoak edo entitateak.

Euskal Autonomia Erkidegoak onartzen du, eta agiri honen bidez bere gain hartzen, hitzarmen honetan zehazten diren xedeetarako lagatzen direla datuak, eta, beraz, datu horiekin egiten den bestelako erabilera oro hitzarmen hau ez betetzea izango da, eta horrek Diruzaintza ahalbidetuko du bidezko erantzukizunak eskatzeko.

Lagatako datuen erabiltzaileek egindako erabilera ez-egokien ondoriozko erreklamazioak gertatuz gero, erakunde lagapen-hartzailea izango da erantzulea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren/Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta hirugarrenen aurrean. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak/Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak behin eta berriz jo ahal izango du erakunde lagapen-hartzailearen aurka ez-betetze horren ondorioz ordaindu behar duen kalte-ordainarengatik.

Hitzarmen hau dela bide ematen den informazioaren ondorio bakarrak beraren xedearen eta helburuaren ondoriozkoak izango dira. Beraz, informazioak ez du sortuko inolako eskubiderik ez eskubide igurikimenik interesdun edo ukituen alde, eta ez du etengo beraren xede diren prozeduretako eskubide eta betebeharren preskripzioa. Halaber, emandako informazioak ez du eraginik izango egiaztapen- eta ikerketa-jarduketen eta datuen aldaketen emaitzetan.

Euskal Autonomia Erkidegoak pertsona bat izendatuko du Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko/Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekiko solaskide bakar, harreman eta komunikazioetarako. Beste pertsona bat izendatzea egoki irizten denean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari/Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari formalki jakinarazi beharko zaio.

Laugarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau administrazioartekoa da, eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak) atariko tituluaren VI. kapituluko 47. artikulutik eta 53.enera bitartean xedatutakoak arautzen du.

Bosgarrena.– Iraupena, aldaketa eta azkentzea.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluaren 1. atalean ezarritakoarekin bat etorrita, hitzarmen honek 4 urteko indarraldia izango du, Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denetik aurrera. Era berean, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da, lege-testu bereko 48.8 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Aurreikusitako indarraldia amaitu aurretik, hitzarmena beste lau urtez luzatu ahal izango da, alderdiek aho batez hala adostuz gero.

Hitzarmen honen edukia une oro eguneratu edo aldatu ahal izango da denak ados egonez gero; horretarako, hitzarmenari dagokion adenda sinatuko dute alderdiek, legez ezarritako baldintzen arabera, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluan aurreikusitako baimena eskuratu ondoren. Edonola ere, ez da eragotziko zazpigarren klausulan aurreikusitakoa, Koordinazio eta Jarraipeneko Bitariko Batzordearen ahalmenei buruz.

Hala ere, hitzarmen honetan araututako informazio-hornidurari dagokionez, datuen titular den administrazioak aldebakarreko etendura edo sarbideak mugatzea erabaki ahal izango du, baldin eta ikusten badu erakunde lagapen-hartzaileko agintariek, funtzionarioek edo gainerako langileek isilpean gordetzeko betebeharra ez dutela betetzen, edo irregulartasunak edo anomaliak daudela sarbideetan edo kontrol-araubidean, edo informazioa ematean nagusi izan behar duten printzipio eta arauak ez direla betetzen, hitzarmen honetan aurreikusitakoaren arabera. Hornidura eteteko edo mugatzeko erabakia hartu ondoren, berehala emango zaio horren berri Bitariko Batzordeari, erabakia baliogabetu edo mantentzeko.

Hitzarmen hau azkentzeko arrazoiak urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan ezarritakoak dira.

Hitzarmena azkentzeko erabakia ez bada adostasunez hartzen, era sinesgarrian eskatu beharko zaie beste alderdiei, bi hileko epean gutxienez.

40/2015 Lege horren 52. artikuluaren 3. atalaren arabera, baldin eta hitzarmena azkentzeko arrazoiren bat dagoenean jardueraren bat martxan badago, alderdiek, hitzarmen honen betearazpenaren gaineko jarraipen- eta kontrol-jarduerak egiteko arduradunek proposatuta, martxan dauden jarduerek jarraitzea eta amaitzea adostu ahal izango dute, beharrezkotzat jotzen badute, sei hilabeteko epean (ezingo da luzatu), ebazpen horren datatik zenbatzen hasita, artikulu horretan bertan ezarritakoaren arabera.

Hitzarmena urratzen denean, alderdietako edozeinek errekerimendu bat egin eta jakinarazi diezaioke adostutakoa hautsi duen alderdiari, hiru hilabeteko epean bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori jarraipenaren arduradunei jakinaraziko zaie. Errekerimenduan azaldutako epea igarotakoan bete gabe badago oraindik ere, errekerimendua igorri zuen alderdiak hitzarmena suntsitzeko arrazoia dagoela jakinaraziko dio beste alderdi sinatzaileari, eta hitzarmena suntsituta dagoela joko da.

Seigarrena.– Eduki ekonomikorik eza.

Hitzarmen honetan hartutako konpromisoak bete eta garatzean alderdi sinatzaileek ez dute beren gain hartzen betebehar eta konpromiso ekonomikorik, ez ohikorik, ez ezohikorik.

Zazpigarrena.– Jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoak.

Hitzarmen hau betearazteko behar diren jarduerak koordinatzeko xedearekin, baita haren ikuskapena, jarraipena eta kontrola egiteko ere, Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzorde bat sortuko da: osaketa parekidea izango du, eta 6 kide izango ditu gutxienez (Eusko Jaurlaritzak izendatutako bi ordezkari, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak izendatutako beste bi eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren zuzendari nagusiak izendatutako beste bi). Batzordearen erabakiek ordezkari guztien aldeko botoa eskatuko dute. Halaber, Batzordean sartu ahal izango dira, ahotsarekin, Administrazio Publikoaren zerbitzura diharduten langileak, beharrezko iritziz gero.

Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordearen eskumena izango da informazioa trukatzea ahalbidetzen duten prozedura egokienak ezartzea. Xede horretarako, berehalako trukea eta lankidetza oztopatzen duten eragozpen teknikoak kentzea sustatuko du batzorde horrek.

Zehazki, egiteko hauek esleitzen zaizkio Koordinazioko eta Jarraipeneko Batzorde Mistoari:

a) Hitzarmen hau zuzen betearazteko behar diren jarduerak koordinatzea, informazioa trukatzeko prozedura egokienak eta emandako datuak babestea bermatzen duten neurriak ezarriz, bereziki.

b) Kontrol-neurri egokiak hartzea, jasotako informazioa behar bezala zaintzen dela eta erabilera zuzena ematen zaiola ziurtatzeko.

c) Hitzarmen hau interpretatzean eta betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gatazkak argitzea.

d) Irizpide egokiak ezartzea hitzarmen honetan garatu gabeko alderdiak erregulatzeko.

Bitariko Batzordearen barnean, lantalde espezifikoak eratu ahal izango dira Bitariko Batzordearen egitekoak gauzatzea errazteko.

Klausula honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordearen jarduna eta araubide juridikoa urriaren 1eko 40/2015 Legeak (Sektore Publikoko Araubide Juridikoarenak) II. atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean kide anitzeko organoen funtzionamendurako xedatutakoari lotuko zaizkio.

Alderdietako edozeinek eskatuta bilduko da Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordea, eztabaidatu beharreko gaiek edo egoerek hala eskatuz gero, betiere; urtean behin gutxienez bilduko da egindako lankidetzaren emaitzak eta gorabeherak aztertzeko. Distantziatik egingo da Batzordearen funtzionamendu arrunta, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren arabera; dena den, lehendakariak, egoki iritziz gero edo Batzordeko beste kideren batek hala eskatuz gero, saio presentzialetara dei egitea erabaki lezake.

Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordeak ebatziko ditu hitzarmen honen interpretazioa eta betearazpena direla eta sortzen diren auziak. Subsidiarioki, eta hitzarmen honen administrazio-izaera aintzat hartuta, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak izango du eskumena hitzarmen honen betearazpenean gerta litezkeen gatazkak ebazteko.

Halaber, bereizketa-maila handiagoko informazioa eta langilearen mailakoa izaten denean eskuartean, Bitariko Batzordeari horren berri emango zaio, informazio hori hileroko fitxategian sar dezan.

Zortzigarrena.– Eranskinen izaera juridikoa.

1.– Hitzarmen hau sinatzean, eranskin bat gehituko zaio, hitzarmenaren parte izango dena, eta, beraz, alderdi sinatzaileek nahitaez bete beharrekoa izango da.

2.– Eranskinean jasoko dira fitxategien diseinua eta formatua, transmisio-sistema eta eman beharreko datuen aldizkakotasuna eta xehetasuna. Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordeak baloratuko ditu fitxategiek jasan litzaketen aldaketak eta trukeari buruzko gainerako parametroak, eta ez da beharrezko izango hitzarmena aldatzea edo adenda bat sinatzea, betiere hitzarmenaren gutxieneko eta funtsezko edukiari eragiten ez badio. Informazioa lagatzen duten erakundeen informazio-sistemen egiturazko aldaketen ondorioz nahitaez sartu behar diren aldaketak aldez aurretik jakinaraziko dizkiote erakunde horiek Koordinazio eta Jarraipeneko Bitariko Batzordeari.

Bederatzigarrena.– Transferentzien Bitariko Batzordearen jakinarazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuan aurreikusitakoa (2. xedapen iragankorra)

Hitzarmen honen berri emango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Transferentzien Bitariko Batzordeari, jakinaren gainean egon dadin, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuan xedatu bezala (lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa).

Ados daudela adierazteko, inplikatutako alderdiek dokumentu hau sinatzen dute, sinaduraren oinean adierazitako egunean, eta azken sinatzailearen data hartzen da dokumentu hau formalizatzeko datatzat.

Madrilen, 2024ko martxoaren 11n.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko zuzendari nagusia,

ANDRÉS HARTO MARTÍNEZ.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa erakunde autonomoko zuzendari nagusia,

GERARDO GUTIÉRREZ ARDOY.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordea,

ALFONSO GURPEGUI RUIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala