Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2023ko maiatzaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2420

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen baita 2023an egiten edo hasten diren kirol-lehiaketetan parte hartzeko; zehazki, nazioarteko eremua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntza-lerro bat ezartzen du kirol-erakundeei kirol-lehiaketetan parte hartzen laguntzeko; zehazki, nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartzeak berebiziko garrantzia dauka, eta funtsezkoa da euskal kirolak nazioartean presentzia izateko, bai eta kirolaren praktika orokorra bultzatzeko ere. Horregatik egiten da deialdi hau, hain zuzen ere. Emakumezkoen kirolak duen garrantziaren isla ere bada deialdia, eta, haren bidez, sustatu nahi da euskal taldeek emakumezkoen maila goreneko lehiaketetan parte hartzea, bai eta kirolaren praktika orokorra sustatzea ere.

Euskadiko kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera, goi-mailako kirola ere onura publikokoa da; izan ere, batetik, funtsezko faktorea da Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko kirola garatzeko, eta, bestetik, errepresentazio-funtzioa du Estatuko eta nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan. Legeak, gainera, Autonomia Erkidegoko erakunde komunei ematen die goi-mailako kirola antolatzeko eta sustatzeko eskumena.

Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2021-2024 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bidez onartutakoa), bai eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Urteko Planean ere (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 26ko Aginduaren bidez onartutakoa).

Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren II. tituluaren IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, dirulaguntza-programa hau landu eta aplikatzeko orduan.

Horrenbestez, beharrezkoa da kirol-jarduerek dirulaguntzak jaso ahal izateko baldintzak eta irizpideak finkatzea, bai eta laguntza horiek eskatzeko, izapidetzeko eta emateko arauak finkatzea ere.

Horri jarraikiz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea

1.– Agindu honetan, dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen da 2023. urtean egin edo hasten diren eta artikulu honetako baldintzak betetzen dituzten kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko; zehazki, nazioarteko eremua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan.

Agindu honen ondorioetarako, nazioarteko lehiaketa ofizialtzat hartuko dira nazioarteko federazio baten egutegi ofizialean, federazio europar batenean edo nazioarteko liga profesional baten egutegian sartuta dauden lehiaketak. Emakumezkoen liga estatalak izango dira federazioaren edo liga profesionalaren egutegi ofizialeko maila gorenekoak, kategoria absolutukoak.

Lehiaketa horiek goi-mailako kirola sustatzera bideratuta egon behar dute. Ez da dirulaguntzarik emango funtsean partaidetzako kirola sustatzera bideratuta dauden jardueretarako (jolaserako, aisiarako eta osasunerako kirola), ez eta selekzioek parte hartzen duten kirol-lehiaketetarako ere.

2. artikulua.– Laguntza-lerroak eta aurrekontu-zuzkidura

1.– Deialdi honetako dirulaguntzetarako, gehienez ere seiehun mila (600.000,00) euro bideratuko dira, dirulaguntza-lerroka honela banatuta:

a) Laurehun eta hogei mila (420.000,00) euro, nazioarteko esparrua eta izaera duten kategoria absolutuko kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko dirulaguntzak emateko; horietatik, 210.000,00 euro 2023. urteko ordainketa-kredituei dagokie, eta 210.000 euro 2024. urteko konpromiso-kredituei.

b) Ehun eta laurogei mila (180.000,00) euro emakumezkoen liga estataletan parte hartzeko dirulaguntzak emateko; horietatik, 90.000,00 euro 2023. urteko ordainketa-kredituei dagokie, eta 90.000 euro 2024. urteko konpromiso-kredituei.

Lerro bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo eskakizunak betetzen ez dituztelako lerroetako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, kreditu-soberakin hori beste modalitateko zenbatekoa handitzeko erabiliko da, betiere delako lerro hori artean erabaki gabe badago.

2.– Aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta eskabide bakoitza ebatzita erakunde interesdunek planteatu dituzten gai guztiak ere ebatziko dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradun izateko betekizunak

1.– Honako hauek soilik eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzak: kirol-klubek, kirol-elkarteek eta kirola helburu duten nortasun juridikodun erakundeek, baldin eta legez eratuta eta dagokien erregistroan inskribatuta badaude. Kirol-federazioek ezingo dituzte dirulaguntza hauek eskuratu.

2.– Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan azaldutako egoeretako edozeinetan dauden erakundeek.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ez zaie deialdi honetako dirulaguntzarik emango sexuaren ziozko bereizkeria egiten duten jarduerei, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako epean. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik eskuratu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehiaketa bererako bideratutako dirulaguntza izendunak jasotzen dituzten erakundeek.

3.– Dirulaguntza eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, pertsona edo erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo haren sektore publikoko edozein erakunderekin zorrik ez badute betearazpen-aldian dirulaguntzak itzultzeagatik, edo, pertsona onuradunen edo premiamendu-bidea erabiltzea bidezkoa ez den erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko epean ordaindu gabeko zorrik ez badute.

Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta eta bermatuta daudenean, edo dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela-eta horiek etetea erabaki denean.

Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten diren unean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.

4.– Kategoria absolutuko emakumezkoen liga estatalei dagokienez, erakunde eskatzaileek parte hartu beharko dute nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukera dakarten maila goreneko lehiaketa estataletan. Gainera, erakunde eskatzaileak gutxienez hirurehun mila (300.000) euroko aurrekontua izan behar du emakumeen kirolera bideratua, futbol-ligak kanpoan utzita.

4. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Kategoria absolutuko emakumeen liga estatalen kasuan, diru-zuzkidura proportzionalki banatuko da 1. eta 3. artikuluetako betekizunak bete eta eskatutako dokumentazioa aurkezten duten erakunde eskatzaileen artean.

2.– Gainerako eskabideen kasuan, laguntzen zenbatekoa zehazteko, norgehiagoka-sistema erabiliko da. Alegia, agindu honen 2.1.a artikuluan adierazitako diru-kopuru osoa eskabideek, 11. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, balorazio fasean lortu duten puntuazioaren arabera banatuko da proportzionalki, betiere errespetatuta ezarritako gehienezko diru-kopurua edo, txikiagoa bada, eskatutako kopurua.

3.– Erakunde eskatzaile bakoitzak, gehienez ere, laurogeita hamar mila (90.000) euroko dirulaguntza jaso ahal izango du, edozein dela ere lerroa. Halaber, banakako diziplinen kasuan, kirolari bakoitzak, gehienez, hamar mila (10.000) euro jasoko du, guztira.

4.– Futbol Profesionaleko Ligan, Asobalen edo ACBn parte hartzen duten erakunde onuradunen kasuan, agindu honen 2.1.a artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura osoaren % 5 banatuko da, gehienez, erakunde horien artean.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Erakundeek dirulaguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Erakunde interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dute eskabidea (https://www.euskadi.eus/servicios/0130011 nazioarteko lehiaketen kasuan, eta https://www.euskadi.eus/servicios/0130012, emakumezkoen liga estatalen kasuan). Hor eskuragarri daude, halaber, bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak.

Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak barnean direla– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bideak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/medios-de-identificacion-electronica-admitidos/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

4.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Halaber, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak, hargatik eragotzi gabe agindu honen azken xedapenetako lehenengoan jasotako aurreikuspena.

6.– Erakunde eskatzaileek eskabide bakarra aurkeztu beharko dute kirol-diziplina bakoitzeko. Bat baino gehiago aurkezten badituzte, dagokion zuzenketa eskatuko zaie. Bi dirulaguntza-lerroetara aurkeztuz gero, eskabide bana aurkeztu beharko dute eskatzaileek.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea aurkeztean, erakunde eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari automatikoki egiazta dezan, behar adina aldiz eta erakunde eskatzaileen baimenik gabe, laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzailea horren aurka agertu ahal izango da, baina, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 eta 51.1 bis artikuluak aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira eskabide-orri normalizatuan:

– Eskatzaileak ez duela zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren erakundeekin betearazpen-aldian dirulaguntzak itzuli behar izateagatik, eta egoera horretan gerta litekeen edozein aldaketaren berri jakinaraziko duela emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso baditu beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, horren berri eman beharko du.

– Jaso dituela edo ez dituela jaso Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezarritako laguntzak 2021, 2022 eta 2023ko zerga-ekitaldietan. Halakoak jasoz gero, zenbatekoa eta erakunde emailea adierazi beharko ditu.

– Erakunde eskatzailea legez eratuta dagoela, eta Eusko Jaurlaritzaren kirol-erakundeen erregistroan izena emanda (beste erregistro batean bada, adierazi zeinetan).

– Erakunde eskatzaileak edozein zabalkunde-bitarteko erabiliz jasota utzi duela Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan duela dagokion ekitaldian parte hartzeko, dirulaguntza ekitaldia egin ostean ematen ez bada behintzat; azken kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortutako agiri guztietan eman beharko du laguntzaren berri.

– Erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzea eragozten dionik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioagatik ezarritako debekuak barnean direla.

– Erakunde eskatzaileak indarrean duela berdintasun-plana, eta neurriak ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, edo, hala badagokio, ez duela dokumentazio hori edukitzeko obligaziorik.

– Dirulaguntza emateko arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko inongo erregistro publikotan izena emanda ez dauden erakundeen kasuan, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak.

4.– Ordezkaritza egiaztatzeko, sinesgarritasunez jasota utziko duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada.

7. artikulua.– Jarduera esplikatzeko dokumentazioa, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoa.

1.– Jarduerari buruzko memoria: telematikoki beteko da, eskabidearen dagokion atalean, informazio hau emanez:

• Baloratu beharreko lehiaketak edo liga. Bi aukeratuko dira, mailarik goreneko biak. Banakako kiroletan, 2 proba aukeratuko dira, parte hartu behar den guztien artetik.

• Dena delako proba programa olinpikoan sartuta dagoen ala ez.

• Munduko federazio baten egutegi ofizialean jasota dagoen ala ez.

• Baloratu beharreko lehiaketan edo lehiaketetan kirolariek lortutako postua. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo goragoko beste lehiaketa batzuetan (halakorik izanez gero) lortutako emaitzak egiaztatu beharko dira.

• Parte hartzen izandako jarraitutasuna. Azken hamar urtean nazioartean parte hartutako urteak. Emakumezkoen liga estatalen kasuan, azken 10 urtean liga estatalean izandako parte-hartzearen baliokidea.

• Lehiaketan goi-maila duten euskal kirolariak, Eusko Jaurlaritzaren edo Kirol Kontseilu Gorenaren zerrendetan hala aitortuak.

• Zenbat kirolari eta teknikari joan diren lehiaketara: zenbat egunetan aritu diren, eta non, eta zenbateko distantzia dagoen lehiaketaren lekura.

• Interesgarritzat jotzen den beste edozein datu.

2.– Dirulaguntzaren xede izango den proba edo liga barne hartzen duen nazioarteko federazioaren, Europako federazioaren edo nazioarteko profesionalen ligaren egutegi ofiziala, bai eta helbide bat ere, harremanetan jartzeko ekitaldia antolatzen duen erakundearekin eta dagokion nazioarteko federazioarekin, Europako federazioarekin edo nazioarteko ligarekin.

3.– Kasuan kasuko federazioaren ziurtagiria, lehiaketan lortutako kirol-emaitza egiaztatzen duena. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo goragoko beste lehiaketa batzuetan (halakorik izanez gero) lortutako emaitzak egiaztatu beharko dira.

4.– Kasuan kasuko nazioarteko federazioaren ziurtagiria, azken 10 urtean nazioartean zenbat aldiz hartu duten parte egiaztatzen duena. Emakumezkoen liga estatalen kasuan, azken 10 urtean liga estatalean izandako parte-hartzearen baliokidea.

5.– Espainiako kasuan kasuko federazioaren ziurtagiria, modalitate horretako EAEko kirol-federazioa Espainiakoan integratuta dagoela egiaztatzen duena, salbu eta modalitate horretako Espainiako federaziorik ez badago.

6.– Dirulaguntzaren xede den jardueraren aurrekontu orekatua, diru-sarrerak eta gastuak jasota; bitarteko telematikoz beteko da, eskabidearen dagokion atalean.

7.– Dagoeneko eginda dauden jardueretarako, egindako gastuak egiaztatzeko, agindu honen 16. artikuluan ezartzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira.

8.– Onuradunek konpromisoa hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza gonbidatzeko kirol-gertakariarekin loturiko ekitaldi publikoetan ager dadin, salbu eta ekitaldiaren ondoren ematen bada dirulaguntza, orduan gorabehera horren berri jaso beharko baitute laguntza ematen duen ebazpenaren jakinarazpenak sortarazitako dokumentazioan.

9.– Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak dirulaguntza emateko beharrezkotzat jotzen duen adina dokumentazio osagarri eskatu ahal izango du.

10.– Emandako dokumentazio guztiak hizkuntza inklusibo eta ez-sexista izan beharko du. Gainera, emandako datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.

8. artikulua.– Eskabideetako eta dokumentazioko akatsak zuzentzea.

Telematikoki aurkeztu ez diren eskabideen kasuan, ikusiz gero eskabidea izapidetzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela, edo akatsak aurkituz gero eskabidea baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakunde interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela, dagokion ebazpenaren ondoren.

9. artikulua.– Dirulaguntza-programa kudeatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak du agindu honetan araututako dirulaguntza-programa kudeatzeko eskumena.

10. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da deialdia ebazteko proposamena egiteko eta aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria (batzordeburua izango da) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak arlo horretan bertan izendatutako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da). Batzorde horrek Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko langileen aholkularitza izango du, dirulaguntza ebazteko erabilitako kirol-irizpideei dagokienez.

2.– Era berean, balorazio-batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruko jakintza espezifikoa duten pertsonak, bertaratuen gehiengoak onartuz gero.

3.– Balorazio-batzordea eratzeko, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

4.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Balorazio-batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahal izango ditu.

6.– Batzorde horrek ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.

11. artikulua.– Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.

Deialdi honetako 2.1.a artikuluan zehaztutako lerroan jasotako eskabideak aztertuko ditu balorazio-batzordeak, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, baremo eta irizpide hauen arabera:

1.– Probaren maila (55 puntu, gehienez):

• Programa olinpikoa: 30 puntu, gehienez

– Proba olinpikoa: 30 puntu

– NBOk aitortutako nazioarteko federazio baten proba ez-olinpikoa: 7,5 puntu

– NBOk aitortu gabeko nazioarteko federazio baten proba ez-olinpikoa: 0 puntu

• Lehiaketa-maila: kategoria gorenekoa bada, 10 puntu. Bestela, 0 puntu.

• Egutegi ofiziala. Munduko federazio baten egutegi ofizialean jasota badago, 15 puntu. Bestela, 0 puntu.

2.– Kirolarien maila (10 puntu, gehienez)

• Azken 10 urtean nazioartean parte hartzen izandako jarraitutasuna (5 puntu, gehienez).

– 7 parte-hartze baino gehiago azken 10 urtean: 5 puntu.

– 4 eta 7 parte-hartze bitartean azken 10 urtean: 2,5 puntu.

– 1etik 3ra parte-hartze edo gutxiago azken 10 urtean: 0 puntu.

• Eusko Jaurlaritzaren edo Kirol Kontseilu Gorenaren goi-mailako kirolarien zerrendetan dauden euskal kirolariak (5 puntu, gehienez).

– Banakako kirolak: kirolari bat edo gehiago, 5 puntu.

– Taldekako kirolak: 2 kirolari edo gehiago, 5 puntu; kirolari 1, 0 puntu

3.– Aurrekontuari buruzko faktoreak. 2 lehiaketa, gehienez (25 puntu, gehienez).

• Lehiaketara joandako kirolarien eta teknikarien kopurua (15 puntu, gehienez): Puntu 1 pertsonako, eta, gehienez, 15 puntu. Gehienez, kirolarien kasuan 13 puntu emango dira, eta, teknikarienean 2 puntu. Teknikari bat baloratuko da 7 kirolariko, eta gehienez 2 teknikari.

• Lehiaketa-tokira bitarteko distantzia (10 puntu, gehienez).

○ Europa: 2,5 puntu.

○ Afrika, Amerika, Asia: 6 puntu.

○ Ozeania: 10 puntu.

4.– Lehiaketa- edo proba-kopurua. 2 lehiaketa, gehienez (10 puntu, gehienez).

• 2 lehiaketa: 10 puntu.

• Lehiaketa 1: 5 puntu.

Eskabide bakoitzeko, 2 lehiaketa baloratuko dira gehienez, eta erakunde eskatzaileak aukera izango du maila goreneko biak hautatzeko.

5.– Emakumeak gutxi ordezkatuta dauden kiroletan emakumeen parte-hartzea sustatzen duten lehiaketak direnean: 20 puntu. Emakumeak gutxi ordezkatuta daudela joko da, baldin eta dagokion euskal federazioan emakumeen lizentzia-kopurua % 40tik beherakoa bada.

12. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak eragotzi gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera eta bestelako baliabideekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, finantzaketa horretan eragiten duen neurrian.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du balorazio-batzordek helarazitako proposamena aztertu ondoren, sei hileko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Ebazpen-epea igarota erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi dela ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

3.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da, izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

4.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan eta 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat, jakinarazpena egindakotzat joko da interesduna haren edukira sartzen den unean. Erakundeak jakinarazpenaren xede-egintza jaso duela adierazteko sinadura elektronikoa jaso eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kasuan-kasuan ezarritako epealdia.

Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura jartzen denetik (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) hamar eguneko epea igarota, erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatzen bada.

Erakundeak gailu elektroniko bat edo helbide elektroniko bat eman ahal izango du jakinarazpenen oharrak jasotzeko. Ebazpena bitarteko elektronikoak erabiliz jakinaraziko da, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea inolako berariazko ebazpenik eman gabe igaroz gero, erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Dena dela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera ere badute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera.

14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Bi alditan ordainduko da dirulaguntza. Lehenengo ordainketa 2023an egingo da, dirulaguntza onartu ostean, 15.b) artikuluan ezarritako epea berariazko uko-egiterik gabe igaro ostean. Onartutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarrari dagokion zenbatekoa emango da lehenengo ordainketa horretan. Bigarren ordainketan, gainerako zenbatekoari dagokiona, 2024an egingo da, dirulaguntza 17. artikuluan xedatutako moduan justifikatu ondoren.

Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da erakunde onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten diren unean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.

Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistro Telematikoan egon behar du erakunde eskatzaileak. Alta emateko edo hirugarrenen datuak aldatzeko, helbide honetarako jo behar du erakunde interesdunak: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan araututako betebeharren erregimena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edozein kasutan ere:

a) Diruz lagunduko den jarduera egitea.

b) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

c) Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.

d) Dirulaguntza ematen duten organoari jakinaraztea jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea erakunde onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

f) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

g) Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza gonbidatzea jarduera aurkezteko egingo diren ekitaldi publiko guztietara, eta jarduera gauzatzen den artean ikusteko moduko tokian adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso duela jarduerak, dirulaguntza ekitaldia egin ostean ematen ez bada behintzat; hala bada, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.

h) Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzetan ez da hizkera sexistarik erabiliko. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko da.

i) Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.

16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira ostatuari, ekipajeari, logistikari eta garraioari dagozkienak, parte hartzen den lehiaketetatik eratorriak, bai eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoak ere, hau da, diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe lotuta daudenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta 2023an egiten badira.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere izango merkatuko balioa baino handiagoa.

2.– Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, baldin proposamen ekonomiko merkeenaren alde egiten ez bada. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

4.– Zergak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta erakunde onuradunak egiazki ordaintzen baditu. Gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarritzat joko: zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

Gastu hauek ere ezingo dira inola ere diruz lagundu: banku-kontuetako interes zordunak, interesak, errekarguak eta administrazio-zehapen eta zehapen penalak, eta prozedura judizialen gastuak.

5.– Zeharkako kostuak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio erakunde onuradunak, arrazoiz dagokien partean, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat, eta, betiere, jarduera egiten den aldiari badagozkio kostu horiek.

17. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, 2024ko martxoaren 1a baino lehen, agindu honen 5. artikuluan finkatutako jarraibideei jarraikiz, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 69. artikulutik 75.era bitartean justifikazioak aurkezteko ezarritakoa kontuan izanda.

Justifikazio-agiriak:

a) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzeari buruzko txosten laburra, egindako jarduerak eta lorturiko emaitzak adierazita.

b) Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, erregelamendu bidez ezarritako moduan. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.

Faktura eta egiaztagiri guztiak espedientean kargatuko dira. Aurkeztutako fakturek diruz laguntzen den jardueraren gastu guztiak justifikatu beharko dituzte.

c) Dirulaguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz jasotzen duen dokumentazio guztiaren aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak).

d) Egindako gastuen (jardueraren zenbateko osoaren besteko kopurua) zerrenda zehatza. (II. eranskina)

e) Ekitaldian parte hartzearen aurrekontu likidatua, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean laguntza horiek egiazki jasoko ote ziren jakiterik ez bazegoen (I. eranskina).

18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea bete bada, betiere– edo, hala badagokio, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik bestelako dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da dirulaguntzaren araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan, eta dirulaguntzen arauak erakunde onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-ebazpena emango du, non doituko baitira esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetze kasuak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak dira.

2.– Kasu horietakoren bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusitakoa betez.

20. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten onuradunen kasuan, deialdi honetako laguntzak Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako «de minimis» arauen mende geratuko dira (L352 EBAO, 2013ko abenduaren 24koa). Hain zuzen ere, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzearen ingurukoa da erregelamendu hori. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako «de minimis» laguntzen guztirako zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru zerga-ekitalditan. Muga hori ezartzeko, erregelamendu horretako 2.2 artikuluan aurreikusitako «enpresa bakar» definizioa hartuko da aintzat.

Dirulaguntzaren eskatzaileak 2021, 2022 eta 2023ko zerga-ekitaldietan jasotako «de minimis» laguntzak aitortu beharko ditu, hain zuzen ere egiaztatzeko «de minimis» laguntza berriarekin ez dela gainditzen erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

21. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Kirolaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

• Arduraduna: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

• Helburua: Kirol-arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskaerak kudeatzea.

• Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin beharreko eginkizun bat betetzeko.

• Hartzaileak: Arlo honetan eskumena duten administrazioak.

• Eskubideak: Datuak kontsultatzeko, zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

• Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/025200-capa2-eu.shtml

• Araudia:

○ Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra: (www.eur-lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

○ 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 11.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala