Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2023ko apirilaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1874

AGINDUA, 2023ko apirilaren 4koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira 2022-2023 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak.

Batxilergoko Sari Nazionalak arautzen dituen maiatzaren 4ko ECD/482/2018 Aginduaren xedea da Batxilergoko Sari Nazionalak sortzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan –abenduaren 9ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez aldatua– zehazten diren Batxilergoko edozein modalitate aprobetxamendu bereziz burutu duten ikasleak saritzeko. Gainera, haren bigarren artikuluak xedatzen duenez, Batxilergoko Sari Bereziak iragarri eta eman ahal izango dituzte hezkuntza-administrazio eskudunek, dagokien eskumenen eremuetan.

Martxoaren 15eko 35/2011 Dekretuak, otsailaren 19ko 166/2013 eta azaroaren 29ko 145/2022 dekretuek aldatutakoak, Batxilergoko Sari Bereziak arautzen ditu, sari horiek emateko betekizunak ezartzen ditu eta urteko deialdiak garatzeko baldintzak jasotzen ditu.

Azaroaren 29ko 145/2022 Dekretuak 8.1 artikulua aldatu zuen, eta ezartzen du Batxilergoko Sari Berezia lortzen dutenek horren egiaztagiria jasoko dutela, eta 1.200 euroko dirulaguntza gordina emango zaiela gailu digitalak erosteko.

Horrela, Batxilergoko ikasketak ibilbide akademiko bikainarekin amaitu dituzten ikasleen ahalegina eta dedikazioa aitortu eta sustatu nahi ditu Hezkuntza Sailak, 2022-2023 ikasturtean.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak arautzen dituena) eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, eta 2023ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen araberako aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren proposamenari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2022-2023 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezien deialdia onartzea, agindu honen I. eranskineko oinarriekin bat.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedurari dagokionez agindu honetan arautu gabe dagoen guztian Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorrita, eta Datu Pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorrita, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek datuak tratatzea eta argitara ematea baimendu dute– «Batxilergoko Sari Bereziak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua deialdi hau eta, hala badagokio, Batxilergoko Sari Nazionalak kudeatzea izango da, baita deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri ematea ere. Fitxategi horren ardura Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak du. Datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 4a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
2022-2023 IKASTURTEKO BATXILERGOKO SARI BEREZIEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.

2022-2023 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak iragartzen dira, deialdi honetan ezarritako baldintzetan.

Bigarrena.– Eskakizunak.

Batxilergoko Sari Berezia eskuratu ahal izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte ikasleek:

a) 2022-2023 ikasturtean, Batxilergoko edozein modalitatetako bigarren maila EAEko zentroren batean eginda eta gaindituta izatea, aurrez aurre edo urrutitik.

b) Ikasleek Batxilergoko bi mailetan gutxienez 8,75 puntuko kalifikazioa izatea, batez beste. Batez besteko nota izango da kontatzen duten 1. eta 2. mailetako ikasgai bakoitzean lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa, ehunen gertuenera biribilduta, eta distantzia berean egonez gero, handienera jota.

Hirugarrena.– Sarien kopurua eta zenbatekoa.

1.– 2022-2023 ikasturtean, 16 Batxilergoko Sari Berezi deituko dira EAEn.

2.– Batxilergoko Sari Berezia lortzen dutenek sari hori egiaztatzen duen ziurtagiria jasoko dute. Gainera, 1.200 euroko dirulaguntza gordina emango zaie gailu digitalak erosteko.

3.– Sari berezia lortzen duten ikasleek, aldez aurretik izena emanda, Batxilergoko Sari Nazionala jasotzeko aukera izango dute, baldin eta dagokion ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Probaren epaimahaia.

1.– Funtzionamendu-arauak zehazteko eta probaren ebaluazioa egiteko, epaimahai bat eratuko da, kide hauek osatua:

• Epaimahaiburu gisa jardungo duen ikuskari bat.

• Epaimahaiko idazkari gisa jardungo duen ikuskari bat.

• Proban ebaluatu beharreko gai guztietan eskudunak diren 17 irakasle funtzionario.

2.– Epaimahaiaren eraketa II. eranskinean agertzen den frogaren data baino 15 egun lehenago jakinaraziko da.

Bosgarrena.– Izena emateko prozedura eta epea.

1.– Batxilergoko bigarren mailari dagokion azken ebaluazioko saioa egin ondoren, eta ikasleei azken kalifikazioak jakinarazi eta gero, ikastetxeek agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituzten ikasleei informazioa emango diete Batxilergoko Sari Berezietara aurkezteko aukerari buruz.

Deialdi honetan aurreikusitako data eta jardueren egutegia II. eranskinean jasota dago.

2.– Agindu honen bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta Batxilergoko Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek izena emateko eskabidea aurkeztuko dute, behar bezala sinatuta, ikastetxeko idazkaritzan. Ikastetxeko idazkaritzak sarrera-erregistroa emango dio, eta izapidetuko du eskabidea, Hezkuntza Administrazioak horretarako izango duen aplikazioaren bidez, III. eranskineko ereduaren arabera.

3.– Hautagai bakoitzak sinatutako eskabidea eta ikastetxeko zuzendariak behar bezala bete eta sinatutako agiri akademikoa dagokion ikastetxeko idazkaritzan gordeko dira, probako epaimahaiaren eskura. Epaimahai horrek dokumentazio hori eskatu ahal izango du, bai probak egiten diren bitartean, bai probak amaitu ostean.

4.– Desgaitasunen bat duten ikasleek proba egiteko egokitzapenen bat behar badute, III. eranskinean aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

5.– Izena emateko epea amaitu eta hurrengo egunean, ikastetxe bakoitzak iragarki-taulan argitaratuko du izena eman duten ikasleen zerrenda.

6.– II. eranskinean adierazitako egunean, Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko da onartutako eta baztertutako ikasleen behin-behineko zerrenda, eta baztertutakoen kasuan adieraziko da horren zergatia eta zer epe dagoen balizko akatsak edo adierazi gabeko datuak zuzentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera.

7.– Egon litezkeen akatsak edo adierazi gabeko datuak zuzentzeko epea bukatu ostean, zeinak epaimahaiko buruari bidaliko baitzaizkio, Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko da onartutako ikasleen behin betiko zerrenda, bai eta, hala badagokio, baztertutako ikasleena ere, erabaki hori zergatik hartu den adierazita.

Seigarrena.– Proben edukia eta balioestea.

1.– Batxilergoko Sari Berezirako hautagaiek proba euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dute, eskabidean eskatutakoari jarraituz.

Hau izango da probaren egitura:

Lehenengo zatia:

Modalitateko berezko nahitaezko jakintzagaia: idatziz ebaztea Batxilergoko 2. mailako modalitateko berezko nahitaezko jakintzagaiaren edukiei buruzko galderak edo ariketa praktikoak; izena emateko III. eranskinean jasota egongo da jakintzagai hori.

Bigarren zatia:

a) Gaztelania ala euskara: gai orokor bati buruzko testu bati buruzko idazlana edota iruzkina; testua zientifikoa edo literarioa izango da, gaztelaniaz edo euskaraz idatzia (parte-hartzaileak izena emateko eskabidean adierazitako aukeraren arabera).

b) Atzerriko hizkuntza: gai orokor bati buruzko testu baten gaineko idazlana edota iruzkina; testua zientifikoa edo literarioa izango da, eta Batxilergoko 2. mailan nahitaezko jakintzagai gisa ikasitako atzerriko hizkuntzan idatzita egongo da. Hiztegirik gabe egingo da ariketa, dagokion hizkuntzan.

2.– Honako hau balioetsiko da ariketetan: erantzunen zuzentasuna, azalpenaren argitasuna eta kalitatea, egituraketa, hiztegiaren egokitasuna, eta hizkuntzaren zuzentasuna.

3.– Epaimahaiak ez dio aukerarik emango hautagaiari aurrez izena emateko inprimakian aukeratutako jakintzagaiak edo proba-aukerak aldatzeko.

4.– Probako ariketa bakoitza 0tik 10era bitarteko puntuekin balioetsiko da, bi hamartarrekin gehienez ere. Probaren azken kalifikazioa honela kalkulatuko da: lehenengo zatiko ariketan (modalitateko nahitaezko jakintzagaia) lortutako kalifikazioa bider bi, gehi bigarren zatiko ariketetan lortutako kalifikazioen batura.

5.– Saria eskuratzeko aukera izateko, ariketa bakoitzean gutxienez 5 puntu lortu beharko dute hautagaiek, eta 32 puntutik gorako kalifikazio orokorra.

6.– Proban kalifikaziorik altuena lortzen duten hautagaiei emango zaizkie sariak.

7.– Berdinketarik egonez gero, lehenengo, bigarren eta hirugarren ariketetan eskuratutako puntuazioa hartuko da kontuan, ordena horretan. Berdinketak jarraitzen badu, Batxilergoko batezbesteko nota hartuko da kontuan eta, oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da; epaimahaiko buruak emango du horren berri.

8.– Ariketak anonimoak izango dira, eta dagozkion neurriak hartu beharko ditu epaimahaiko buruak hori bermatzeko.

9.– Deialdi honetan, honela banatuko da ariketak egiteko denbora:

(Ikus .PDF)

Zazpigarrena.– Probak egitea.

1.– Proba, EAErako bakarra, II. eranskinean adierazitako egoitzan, egunean eta orduan egingo da.

2.– Proba egiteko, hautagaiek beren NAN, AIZ edo beste egiaztagiri bat ekarri beharko dute, baita probak egiteko behar diren tresnak ere, IV. eranskinean ezarritakoaren arabera.

3.– Ariketetan jarraitu beharreko etika-, errespetu- eta ordena-arauak betetzen ez dituena probatik baztertzeko legezko gaitasuna du epaimahaiak. Baztertzeak jakintzagai guztietan 0 kalifikazioa ateratzea dakar berarekin.

4.– Hala eta guztiz ere, epaimahaiak komenigarria dela iritziz gero, aurreko puntuak zabaltzen dituen informazio gehigarriaren berri emango du Hezkuntza Sailaren web-orrian.

5.– Proba egin aurretik, Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira ariketa bakoitzaren ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak.

6.– Deialdi honi buruzko informazioa web-orri honetan jakinaraziko da:

http://www.euskadi.eus/batxilergoko-sari-bereziak/web01-a3hakade/eu/

Zortzigarrena.– Kalifikazioak argitaratzea.

1.– Parte-hartzaileek beren notak ikusi ahal izango dituzte horretarako prestatutako aplikazioaren bidez, NANaren zenbakia erabilita gako gisa, eta haren iraungitze-data pasahitz gisa.

2.– Epaimahaiak Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko ditu behin-behineko kalifikazioak, II. eranskinean adierazitako egunean.

Batxilergoko Sari Bereziak arautzen dituen eta sari horiek emateko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 15eko 35/2011 Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, behin-behineko kalifikazioei alegazioak egin ahal izango zaizkie behin-behineko kalifikazioak argitaratu eta bost egun balioduneko epean.

Egon litezkeen alegazio edota akatsak zuzendu ostean, Hezkuntza Sailaren web-orri berean argitaratuko dira behin betiko kalifikazioak eta saritzeko proposatutako hautagaiak.

Bederatzigarrena.– Behin-behineko kalifikazioen aurkako alegazioak.

1.– Ikasleek edo, horiek adingabeak badira, haien legezko ordezkariek, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahaiko buruari, zortzigarren oinarriaren 2. puntuan ezarritako epean.

2.– Alegazioek arrazoituak izan beharko dute, eta Hezkuntza Administrazioak deialdi hau kudeatzeko sortutako aplikazioaren bidez egin beharko dira.

3.– Alegazio-eskaera eragin duten ariketak berrikusteko, hurrengo prozedurari jarraituko zaio:

a) Lehenik eta behin, notaren kalkuluan akatsik ez dagoela eta ariketa osoa zuzendu eta baloratu dela egiaztatuko da.

b) Ariketa berriz zuzenduko du lehenengoa egin zuenaz bestelako zuzentzaile batek. Bigarren zuzenketan lortutako kalifikazioa lehenengoarena baino handiagoa bada, bien batez besteko aritmetikoa egingo da, eta hori izango da behin betiko kalifikazioa. Aldea bi puntukoa edo gehiagokoa bada, ofizioz hirugarren zuzenketa bat egingo da, eta azken kalifikazioa hiru kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da.

c) Epaimahaiak behin betiko kalifikazioa ezartzen duen ebazpena emango du, eta alegazioa egin duen pertsonari jakinaraziko dio.

d) Akatsik balego, zuzendu egingo ditu, eta, ondoren, akatsik ez dagoen zatia zuzenduko du.

Hamargarrena.– Ebazpena.

1.– Deialdia Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak ebatziko du, epaimahaiak proposatuta. Baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik jakinarazten, eskaerak ezetsitzat jo daitezke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala