Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2023ko apirilaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1873

EBAZPENA, 2023ko martxoaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Uribarri Dibiñako 3. poligonoko 859. lurzatian, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba), egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiekturako.

AURREKARIAK

2023ko urtarrilaren 24an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko Uribarri Dibiñako 3. poligonoko 859. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiekturako, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko urtarrilaren 27an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko E9) taldeko 9.c epigrafean xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie ibaietatik, lurretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo biltegiratzeko lurreko instalazioei, hektarea bateko azalera edo handiagoa hartzen badute. Proiektuaren xedea da indusketa-lur naturalezko betelan bat egitea, 92.448,77 m2-ko azalera duena, Uribarri Dibiña herriko (Vitoria-Gasteiz) 3. poligonoko 859 lurzatiaren nekazaritza-produktibitatea hobetzeko.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako organo eskuduna, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Uribarri Dibiñako (Vitoria-Gasteiz) 3. poligonoko 859. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiekturako, honako hauen arabera:

A) Proiektuaren xedea da Uribarri Dibiña herriko 3. poligonoko 859. lurzatian, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean, betelanak egitea, haitzak eta lurra erabilita; hala, lurzatiaren nekazaritza-produktibitatea hobetu nahi da, izan ere, gaur-gaurkoz, elkor samarra da, lur emankorreko geruza mehea delako oso (20-25 cm ingurukoa), eta tuparri-kareharrizko lauza asko daudelako gainazalean bertan.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez ematen baita Vitoria-Gasteizko (Araba) Uribarri Dibiña herriko 3. poligonoko 859. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena, proiektuaren ingurumen-agiriaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Betelanak 92.448,77 m2-ko azaleran egin nahi dira, eta haren edukiera, berriz, 72.002,82 m3. Eredu topografikoaren 0+547,117 m-ko kotaraino egingo da betelana; gehienez 1 m-koa izango da betelanaren sakonera, eta batez besteko altuera metro batetik beherakoa izango da.

Indusketa-lurrak onartuko dira lanotan (landare-lurra, buztinak, lohi-tuparriak eta harkaitz meteorizatuak) (EHZ 170504), baldin eta ez badira lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat dagoen edo egon den lurzoruen katalogoan jasotako lurzati batekoak. Ekarri beharreko materialek ez dute inolako eraikuntza- eta eraispen-hondakinik izango, eta ez dira onartuko adreiluen hondarrak, morterozko edo hormigoizko harri-koskorrak, igeltsua edo aldatu gabeko lur eta harri naturalak ez diren beste elementu batzuk dituztenak.

Ez da aurreikusi ezein drainatze-sarerik eraikitzea, ez baitago ur-ibilgu iraunkorrik batere lurzatian. Euri-urek eragindako jariatze-urak lurzatiko pendiza goreneko lerrotik isurtzen dira, hego-ekialderantz (lurzatiaren ekialdeko zatian) eta mendebalderantz (beste erdian). Bi kasuetan, finken artean dauden ubideetan husten dira urak. Azken esku-hartzeak ez ditu aldatuko hustuketa-azalerak eta jariatze-uraren orientazioak.

Orain dagoen bide batetik sartuko da betelanetara. Bide hori A-3606 tokiko errepidearen eskuin ertzetik abiatzen da.

Betelanek 2 urte iraungo dutela aurreikusten da, baina baliteke aldi hori laburtu edo luzatzea, materialen sorlekuko lanen erritmoa zein den. Betelana amaitutakoan, nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera berreskuratuko da eremuan.

Proiektuan ez dago aurreikusita ezein zerbitzu-sare instalatzea (elektrizitatea, ur-hornidurakoa, telefoniakoa, etab.). Ez da energia elektrikorik behar; inoiz behar izanez gero, elektrizitate-sorgailuz hornituriko edukiontzi-kamioi bat eramango da. Ureztatzeko uren premia asetzeko, zisterna-kamioi bat erabiliko da, ur-presio altu eta baxuko irteerak dituena.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Proiektua Uribarri Dibiña herriko 3. poligonoko 859. lurzatian egingo da, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba). Lurzoru urbanizaezina da, lehorreko laboreetarako bideratua dago gaur egun; gehienbat zereala landatzen da, larreekin eta bazka-laboreekin txandakatuta. Eremua balio estrategiko handiko lurzoruetan dago, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera.

Lurzatiko landaredi natural bakarra erdiko ezponda txiki batean dago (2.803 m2-ko azalera duena); bertan txilardi kaltzikola tuparrizale genistaduna dago, Batasunaren intereseko 4090 BIH («Txilardi oromediterraneo endemikoak elorri-triskarekin») habitatari dagokiona. Betelanak ez du eremu hori hartuko.

Lurzatian ez dago ur-ibilgu iraunkorrik. Jariatze-urak lurzatian bertan dagoen malda goreneko handieneko lerrotik husten dira. Lerro horrek finken arteko perimetro-kanaletara isurtzen ditu urak. Hortik A-3606 errepideko drainatze-sarera doa, eta, azkenean, Zaia ibaira isurtzen da ura. URA-Uraren Euskal Agentziak adierazitakoaren arabera, ibilgu horiek garrantzi txikikoak dira, eta ez dira hartzen ibilgu natural edo jabari publiko hidraulikotzat.

Eragin-eremuan ez dago flora- edo fauna-espezie mehatxaturik, ez babestutako gunerik, ez eta inbentarioan jasotako natura-intereseko lekurik ere. Era berean, ez du ukitzen EAEko Azpiegitura Berdearen Sarean zehazten diren egiturazko elementuetatik bakar bat ere. Lurzatiaren zati bat Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoko «Zadorraren erdiko ibilgua» paisaia bikainean sartzen da.

Azkenik, ez da hauteman uholde-arriskurik, ez eta kutsatutako lurzorurik ere; alabaina, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso handia da.

3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren nolakotasuna eta ezaugarriak direla eta, inpaktu adierazgarrienak betelanak beraiek egiteko lanetan sortuko dira, eremura materialak garraiatzeagatik eta eremuan bertan makinen mugimenduengatik; airearen kalitatean izango dute eragina, hautsa, zarata eta bibrazioak sortuko baitira.

Ez da hauteman inpaktu akustikoarekiko puntu kalteberarik; herrigune hurbilena (Uribarri Dibiña herria) lurzatitik 500 metro ingurura dago, lerro zuzenean.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo esanguratsurik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta beharrezkoa izan ez dadin Uribarri Dibiña herriko 3. poligonoko 859. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiektuari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira proiektuan.

Babesteko eta zuzentzeko neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira, ingurumen-dokumentuan eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Horrez gain, honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Betelana egiteko erabiliko diren materialen jatorria.

Betelanerako material onargarri bakarrak arriskurik gabeko hondakinak izango dira, hau da, induskatutako kutsatu gabeko lurzoruak eta eraikuntza- edo eraispen-obretan hondeatutako beste material natural batzuk (hala nola lurra, buztina, lohia, harea, legarra edo harria), EHZ 170504 kodean jasoak (EHZ 170504 kodea: lurra eta harriak, 170503 kodean zehazten ez direnak). Ez da onartuko adierazitakoez bestelako materialik.

Proiektuko betelanetik berariaz kanpo geratzen dira lehenago aipatutako material naturalak, baldin eta:

a) Ikusten bada, hondeatzean, material naturalez bestelako material edo objektuekin nahasita daudela, hala nola hormigoi-hondarrak, material zeramikoak, metalak, plastikoak, zurak eta abar; edo

b) Materialak lurzoru hauetatik badatoz: Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan definitutako lurzorua kutsa dezakeen jardueretakoren bat hartu duten zoruak; era berean, lurzorua kutsatuta egon daitekeen zantzuak badaude.

Proiektuaren esparrua.

Jardueraren eraginpeko gehieneko esparrua bat etorriko da proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduran sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoarekin, eta 2022ko ekainaren 30eko proiektu teknikoan zehaztuta daude, 4. planoan, «Lur-eremuaren amaierako egoera» izenekoan.

Dokumentazio horren arabera, 15 metroko lur-zerrenda errespetatuko da inguruko errepideetatik eta jariatze-urak husteko ubideetatik.

Ezin izango zaie inolaz ere eragin proiektuan adierazitako eragin-mugetatik kanpo dauden guneei, izan betelanak beraiek egiteagatik, izan lur-pilengatik eta makinak jartzeko guneengatik edota erauzketa-jardueraren jarduera lagungarriengatik.

Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuaren barruan gauzatuko dira, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak.

Adierazitako eremu horretatik kanpo ustekabean afektaziorik egonez gero, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokienak aplikatuko dira.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

4090 Txilardi oromediterraneo endemikoak elorri-triskarekin - Batasunaren intereseko habitateko landarediari kalterik ez egiteko, obrei ekin aurretik, seinaleztatu egingo dira intereseko habitatak dauden guneak, eta 10 metroko atzeratze-zerrenda utziko da inguruan; berdin jokatuko da jarduketa-eremutik gertu egoteagatik eragina pairatu dezakeen landaredi autoktonoko multzo ororekin.

Itxitura perimetralak egin behar izanez gero, itxituraren behealdean tarte libreak utzi beharko dira: lur-arrasetik 15-20 zentimetroko garaiera izango dute. Betelanak amaitzeko fasean, itxitura guztiak kentzea gomendatzen da.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Lurzoru-geruza emankorraren gainaldea modu bereizian erretiratuko da, nekazaritza-lurzatiaren emankortasunari eusteko.

Betelanean sartuko diren materialak metatzearekin lotuta egiten diren jarduera guztiak garatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintza guztiak bete beharko dira, lurzorua, lur azpiko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

Ahalik eta hondakin fin gutxien isuri beharko da drainatze-sarera, eta uraren kalitatea txikiagotzen ez dela bermatu. Horretarako, bideetako, sarbideetako eta garbiketa-ureztatzeetako jariatze-urak egoki tratatu beharko dira, eta ezingo dira zuzenean isuri.

Azkenean proiektuak obrako makinetarako gunea eta instalazio laguntzaileen gunea eratzea barne hartzen badu, gune horiek drainatze-sare naturaletik isolatu beharko dira. Bestalde, mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baita oliorik edo erregairik isuriko lurrean.

Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

Ezin izango da lurrazaleko edo lur azpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean. ez eta ibilgura edo lursailera isurketarik egin ere, dagokion baimenik gabe.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Jarduteko eremuan espezie horiek badaude, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira. Bereziki kontrolatuko da betelanetako eta landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez dira erabiliko aipatu diren espezie horiek kutsatu ahal izan dituzten lurrak.

Lehengoratu egingo dira proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak sartuta, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzeko. 4090 BIHa dagoen eremua birpopulatzeko lanak egingo dira, txilarrak eta ipuruak landatuz, ingurumen-dokumentuan agertutako neurrien arabera.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

Ahalik eta hauts gutxien sortzeko ahaleginak egingo dira betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean uzten diren bitartean. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira:

– Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.

– Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, azaletik ureztatuko da.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro. Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, toki jakin batzuetan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.

Ez da hondakinik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

Zarata sorburuan murrizteko hainbat jardunbide egoki aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, jatorriko zaraten eta dardaren murrizketan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata moteltzen saiatzean, obretan erabilitako tresnerien soinu-emisioak kontrolatzeko orduan, eta abarretan. Nolanahi ere, eta edozein kasutan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Dekretua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, alegia, hurrenkera honetan: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jarduera bertan behera uztea.

Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

Behin jarduera amaitu denean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta, beharrezkoa bada, aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu ostean.

Hirugarrena.– Zehaztea ezen, lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan zehaztutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua exekutatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Uribarri Dibiña herriko 3. poligonoko 859. lurzatian, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba), egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 22a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala