Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

LAA. LAAen LURRALDE EREDUA.

Ura.

1. Interpretatzeko gakoak.

Gaur egungo eta datozen urteotan aurrikusita dauden ur-eskariak errefentzia gisa hartuz, eta ibaiek beren bokalean duten urteko batezbesteko ekarpenak kontuan izanik, beste inolako kontsideraziorik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoak baliabide hidrauliko kopuru handia duela esan dezakegu. Zehazki, urteko ekarpenak 5.200 Hm3/urte dira, eta EAE osorako beharrak 520 Hm3/urte (hiri, industri eta nekazaritza-erabilera).

Uren agerpenean dagoen irregulartasunaren, hiri-asentamenduak ibaietako behearroetan kokatuta egotearen eta baliabidearen poluzioaren ondorioz, oparotasun-egoera hau defizitario bihurtzen da.

Erregulatutako lurrazaleko baliabide hidrikoak gaur egun 286 Hm3 dira, egungo eskariaren %65 hain zuzen ere. Erregulatuta dauden baliabide hauen %85 lau urtegitan egoteak, hau da, Ullibarri (120 Hm3), Urrunaga (60 Hm3), Ordunte (22 Hm3) eta Añarben (44 Hm3), urtegi erregulatzaileen kokapen geografikoan banaketa desberdina dakar, eta zona zabal askotan oraindik ere ur-hornidura zuzeneko hartuneen bitartez egiten da, sistema honek dakartzan arazoekin, hain zuzen ere urak poluituta daudelako eta agorraldi-garaian emari urritasuna dagoelako.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurpeko baliabideei dagokienez, guztira 28 Unitate Hidrogeologiko lokalizatu dira, eta hauek guztiak batu ondoren baliabide erregulagarriak 241,6 Hm3/urte dira, eta egungo aprobetxamendua 125,1 Hm3/urte da.

Euskal Autonomia Erkidegoa, eta bereziki hiri handiak, urtegien bitartez erregulatzen diren lurrazaleko uren aprobetxamendua abiapuntutzat hartuz hornitzen dira ia oso-osorik. Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi hezeko (isurialde atlantiarreko) biztanleriaren zati handi-handi bat, Bilbo Metropoliarreko eskualde-egituran kontzentratuta dagoena, alderdi lehorreko (isurialde mediterraniarreko) lurrazaleko baliabideekin hornitzen da, Zadorra ibaiaren Arabako urtegien sistemaren bitartez.Euskal Autonomia Erkidegoko ibaietako uren kalitatea funtsean bertan dagoen poluzio-mailaren araberakoa da eta, hain zuzen ere, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen ingurugiro-arazorik larrienetakoa da.

Ura. Arra eta Isurialdeen Mugaketa.

549 KB

Ibai eta errekastoetara hala etxeetatik nola industrietatik egiten diren isurketek uren kalitatea narriatu egin dute eta gaur egun oso poluzio-maila handia dago. Poluzio-maila hau oso handia da eta, bere autoarazketarako ahalmen naturala gainditu duenez, tarteune-kopuru handi batean ur hauek erabili eta gozatzea ezinezkoa da eta aipatutako tarteune hauetako batzuek kloaka bihurtu dira.

Lurrazaleko baliabide hidriko hauetako kalitatearen hobekuntzak, beren egungo egoera kontuan izanik, iharduketa erabakior eta planifikatu bat eskatzen du, poluzio-foku hauengan ihardungo duten neurri zuzentzaileak erabiliz.

Arazo larri hauei eman beharreko irtenbideak desberdinak izango dira bere izaera kontuan izanik. Alde batetik, poluzio-foku puntualak izan daitezke (kolektoreetako hustubideak, zabortegiak, abel-tzaintzako instalazioak eta abar), eta hauek Lurraldearen Antolamenduaren bitartez egindako prebentziozko planteamendu bat onartzen dute, eta bestetik, difusio-poluzioa izan daiteke (nekazaritzarako plagizida, herbizida eta ongarrien erabilera), eta hori konpontzeko nekazaritza-praktika poluitzaileetan aldaketak egin behar dira derrigorrez.

Lurpeko baliabide hidrikoen kasuan, poluzioaren aurkako borroka prebentzioaren ikuspuntutik planteatu behar da, akuiferoen poluzio-egoerak ia itzulezinak direlako beren ezaugarri bereziak eta autoarazteko oso ahalmen txikia kontuan izanik, batez ere oxigeno eta eguzki-argirik eza dela medio.

Euskal Autonomia Erkidegoko ibaien errealitate historikoaren beste alderdi negatibo bat Erkidegoan aldizkakotasun aldaezinarekin errepikatzen diren uholdeak dira, pertsona, hiri, komunikazio eta zerbitzuengan eragiten dituzten ondorioak kontuan izanik bereziki larriak direnak.Uholdeen Prebentziorako Plan Integralaren idazkuntzak EAEko uholdeengatiko arrisku-zonak ezagutu eta ebaluatzea ahalbidetu du, eta babeserako neurriak proposatu ditu, lurralde-antolamenduko neurri "bigunetatik" hasi eta arroen zuzenketa eta egokitzapenerako neurri estrukturaletan bukatu arte.

Ibarretako hondoak eta uholde-lautadak, iharduera handia jasaten duen baliabide urria dira eta, ondorioz, lurraldean lan egiten duten agente desberdinentzat helburu estrategiko, ekonomiko eta politiko bihurtzen dira. Giza-ihardueretarako EAEan eskuragarri dagoen lurzoru eskasaren gaineko asentamendu-eredu honek, giza eta ekonomi galera garrantzitsuak sortzen dituzten aldizkako uholdeekin konjugatuz, arrisku-zonen erabilerarekin lortutako gainbalioen eta hirialdeetako uholdeen eta azpiegituren afekzioaren ondorioz gertatzen diren galeren arteko oreka definitzea dakar. Berehala ateratzen den ondorio bat zera da: ezin zaio uholde-lautadak gizarte eta ekonomi ihardueraren euskarri gisa okupatzeari uko egin, ez eta harrera-arroak lehen sektoreko area produktibo gisa okupatzeari uko egin ere, baina ezinbestekoa da beharrezko babesa ezartzea ibai-ibarretan baliabide hidrikoen eta bertan kokatzea aurrikusita dauden balizko ihardueren babeserako derrigorrezko elementu gisa; okupazio hori zein kasutan onartezina den eta zein kasutan egin daitekeen, beti ere erabileraren ezinbesteko erregulazioa eta mugak kontuan izanik, hala ingurugiroari loturiko alderdiak nola uholde errekurrenteko irizpideak barne hartuz balantzean onargarria izan dadin, eta beti ere ulertuz egokia den moduan okupa daitezkeen ibarretan ibaietako urbazterrak eta ertzak alteraziorik gabe kontserbatuko direla, alterazio hori egiteko beharra ohiz kanpokoa eta saihestezina denean salbu.

Ur-hornidurako eta saneamenduko zerbitzuen kudeaketa oso era desberdinetakoa da, eta gaur egun dauden sistemak desberdinak dira planteatutako beharren eta tokiko tradizoen arabera, eta espektro zabal bat dago, mankomunitateen edo partzuergoen bidez egindako taldeketetatik hasi eta udal bakarreko izaerako kudeaketara bai eta kasu batzuetan udala baino txikiagoa den eremuen kudeaketara ere irtitsi arte, Araban gertatzen den bezala.Gaur egun, ahaleginak eta ekimenak koordinatzeko beharraren eta teknikari, legeei eta finantzei loturiko arrazoien ondorioz, kudeaketa mankomunitateen edo partzuergoen bidez egiteko joera dago, zerbitzuen kalitate-maila handitzeko xedez.

Gaur egun, nagusitzen ari den irizpidea baliabide hidrikoen plangintza, kudeaketa eta administrazioa globalki egitea da, ur-sistemen kudeaketa integralaren irizpide bateratzaileak lortzeko xedez.

Irizpide honek Euskal Administrazio Hidraulikoa gidatu behar du, 1994ko uztailaren 1ean Autonomia Erkidegoaren barneko arroei dagokienez uren alorreko transferentziak eta Autonomia Erkidegoartekoei dagokienez kudeaketaren esleipena jaso baititu, biak Eusko Jaurlari-tzaren Garraio eta Herrilan Sailari esleitu zaizkiolarik.

Orri honen hastapenara bueltatu

2. Etorkizuneko ikuspegia. Etorkizuneko erronka eta desafioak
  • Azken urteotan urari eta bere kalitateari loturiko eskaria etengabe handitu egin da, eta honen ondorioz baliabide hau urritu egin da eta gero eta garestiagoa da, eta datozen urteotan joera hau ez da aldatuko. Baliabide hidrikoen aurrezkia eta aprobetxamendu arrazionala ezinbestekoa da etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
  • Uraren kalitateari loturiko eskaerak gero eta handiagoak izango dira, eta honen ondorioz beharrezkoa izango da isurketak eta gure uren poluzioa geldiarazteko eta beren ingurugiro-errekuperazioa arintzeko neurriak hartzea, epe luzera kalitatezko baliabide hidrikoak izan ditzagun. Ildo honi jarraiki, gaur egungo joerek "poluitzen duenak ordaintzen du" araua aplikatzearen beharra adierazten dute.
  • Ur-sistemen balorazio ekonomiko eta soziala, euskal biztanleriaren aldetik espazio naturalen erabilera eta gozamenerako egiten den eskaria kontuan izanik, etorkizunerako erronka garrantzitsua da. Ildo honi jarraiki, gero eta indar handiagoz entzungo dira hiritarren eskariak gure lurraldeko bizi-kalitatearen hobekuntza lortzeko.o Hiritarren heziketa, informazioa eta prestakuntza, etorkizunari begira uraren aurrezki eta ingurugiro-errekuperaziorako politikak gauzatuko dituzten iharduketa nagusienetako bat da era berean.
  • Urari loturiko politikek ziklo osoa barne hartzeko joera dute, eta honek bere kaptazioa, trataera, erabilera eta ondorengo arazketa eta isurketa barne hartzen du. Ondorioz, edozein politikak zikloaren maila guztien funtzionamendu egokia barne hartu beharko du.

Orri honen hastapenara bueltatu

3. Helburuak eta Irizpideak

3.1. Hornidurari loturik dauden beharrak asetzea (hiriaren, industriaren eta nekazaritzaren eskaria, batez ere), egon daitezkeen lurralde-desorekak zuzenduz.

3.2. Ur-sistemen babesa eta, hala dagokionean, errekuperazioa, kontuan izanik ekosistema hauen funtzionamendu naturalarengan eragina izango dutela alde batetik baliabide gisa egiten den beren erabilpenak, eta bestetik, arro hidrografikoaren lurraldearengan egiten den edozein iharduera garrantzitsuk.

3.3. Kaptazio, erregulazio, garraiatze eta tratamendurako beharrezkoa den azpiegitura sortzea horizonte-urteetan eskariei aurre egin ahal izateko, funtzionalitatearen eta kudeaketaren hobekuntzara bideratutako iharduketei lehentasuna emanez.

3.4. Lurrazaleko eta lurpeko baliabide hidrikoen babesa uraren ziklo osoaren batasunaren ikuspuntutik, beharrezkoak diren erabilera-mugapenak ezarriz, bizi-kalitatearen hobekuntza lortzeko eta ibaien eta urtegien posibilitate potentzialak errekuperatzeko xedez.

3.5. Lurpeko baliabide hidrikoen integrazioa, lehentasunezko izaeraz, hornikuntza-eskema berrietan, beren kostu ekonomikoa baxuagoa eta ingurugiro-inpaktua txikiagoa delako. Horretarako beharrezkoa da EAEren eremuan beren bolumen errealaren ikerketa sakona egitea.

3.6. EAEko isurialde lehorretik (mediterraniarretik) isurialde hezera (kantauriarrera) ur-eramate berriak ahal den neurrian ez egitea, azken isurialde honetan bere baliabide hidrikoen erregulazioa optimizatuz, isurialde mediterraniarrean baino askoz ugariagoak baitira.

3.7. Uraren ziklo osoaren kudeaketaren hobekuntza (hornikuntza eta saneamendua), xede horretara orientatutako udalaz gaindiko organismoen sorkuntzaren bitartez

3.8. Euskal Autonomia Erkidegoko arro batzuetan gaur egun dauden uholde-arrisku potentzialen murriztapena, ibaien gainezkatzeek sortzen dituzten kalteak gutxitzen ahaleginduz eta erabilera eta ihardueren kokapen egokian oinarritzen den prebentziozko politika bat sustatuz.

Orri honen hastapenara bueltatu

4. Artezpideak eta iharduketa arauak.

4.1. Plangintza Hidrologikorako tresnak

4.1.1. Euskal Autonomia Erkidegoan baliabide hidraulikoen plangintza, Urari buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen 38.2 artikuluak adierazten duen moduan, Plan Hidrologiko Nazionalak eta Arroetako Plan Hidrologikoek ezartzen dituzten zehaztapenen bitartez egin beharko da.

4.1.2. Aurreko artikuluan aipatu ditugun Plan Hidrologikoak, hauei ukitzen dieten plangintza desberdinekin koordinatuz landuko dira, irizpide gisa koordinazio hori batez ere planak lantzen diren fasean egin beharko dela ezarriz. Bereziki, eta beren etorkizuneko aurrikuspenen ondorioetarako, Plan Hidrologikoak Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren asentamendu-ereduaren, ekonomi-ihardueraren eta espazio naturalen babesaren konfigurazioari dagokionez LAA hauetan ezarrita dagoenean oinarrituko dira.

4.1.3. Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroetako Plan Hidrologiko bat landuko da, Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan izaerarekin, eta Ebro ibaiaren eta Iparra II eta III arroetako Plan Hidrologikoekin batera Euskal Autonomia Erkidegoa osorako erreferentzia gisa erabiliko den plangintza-dokumentu bakarra eratuko duena, administrazio eskudunen lankidetzaren emaitza gisa.

4.1.4. Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Uren Saneamendu eta Arazketarako Gida Plan bat landu beharko da berehala, ondoren aipatu diren plan hidrologikoetan barne hartu ahal izateko. Aipatutako Gida Plan honek Euskal Autonomia Erkidegoan baliabide hidrikoen kalitate-helburu egokiak lortzeko hartu behar diren iharduketa eta irizpideak teknikoki eta ekonomikoki barne hartuko ditu.

4.1.5. Plangintza Hidrologikoa burutzeko beharrezko tresna gisa, Euskal Administrazio Hidraulikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Meteorologia, Hidrologia eta Uren Kalitatea eta Ingurugiro Egoera Behatu eta Zaintzeko Sarea bateratu eta bere gain hartuko du.

4.2. EAEko Plangintza Hidrologikorako irizpideak

4.2.1. Lurralde Ereduarekin bat etortzea

Arlo-izaerako kontsiderazioez gain, EAEko Plangintza Hidrologikoak LAA hauetan planteatzen den Lurralde Eredua kontuan hartuko du. Bereziki, hazkunde demografikoko hipotesietarako eta ekonomi-iharduerako etorkizuneko guneen aurrikuspenerako, LAA hauetako Asentamendu Sistemaren Antolamendurako ataleko zehaztapenak hartuko dira kontuan.

4.2.2. Irizpide Orokorrak

Kapitulu honetako 4.1.3. artikuluan seinalatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroetako Plan Hidrologikoa eta elkartearteko arroetakoen integraziorako dokumentuak Organismo eta Erakunde desberdinek egindako azterlanak eta irizpideak bateratu eta koordinatzen ahaleginduko dira, Plan Hidrologiko Nazionalarekin eta EAEko baliabide hidrikoak antolatzen dituzten gainontzeko Arroetako Plan Hidrologikoekin (Iparra II PH, Iparra III PH eta Ebro ibaiaren PH) bat etorriz. Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroetako Plan Hidrologikoa Urari buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen 40. artikuluan aurrikusitakoaren arabera egituratuta egongo da eta bere edukia honekin bat etorriko da.

4.2.3. Baliabide Hidrikoen Babesa

Orientabide gisa, aipatutako Plan Hidrologikoak ondorengo babes-irizpide hauek kontuan izan beharko lituzkeela pentsatzen dugu:

  1. Ibai-tarte bakoitzarentzat "aldez aurretik definituta dauden" kalitate-helburu batzuk lortzeko xedez, beharrezkoak diren kolektore eta araztegien exekuzioa barne hartuko du. Ibai-tarte bakoitzaren kalitate-helburuen zehaztapena, beren autoarazketarako ahalmena eta indarrean dauden Estandarren eta Araudien arabera jasan behar dituen erabilerak kontuan izanik egingo da.
  2. Hirigune, industri gune eta abeltzaintza-instalazioetarako, hauek guztiak isolatuta baldin badaude, eta beti ere hauek udalaz gaindiko saneamendu-sareetan barne hartzea ezinezkoa bada edo galera ekonomikoak ekartzen baldin baditu, tratamendu bigunen instalazioa sustatuko da, ustiapen-kostu txikiagoekin eta teknikoki errazagoak diren mantenimenduekin.
  3. Ibai-tarte bakoitzarentzat gutxienezko emari zirkulatzaileak definituko dira, beren ezaugarri ekologikoen eta jasan ahal izango dituen erabileren artean dagoen orekaren arabera.

4.2.4. Erregulazio eta Banaketarako Sistemak

  1. Egungo urtegien erregulazio-ahalmena berrazkundeekin edo bere urtegi-edukieraren handitzea eta eskura dauden lurpeko baliabide hidrikoak hornikuntza-sisteman barne hartzeko ahalbidetzen duen beste edozein iharduketarekin handitzeko posibilitatea aztertuko da, beti ere lurrazaleko erregulaziorako obrak egiteko erabakia hartu baino lehen.
  2. Lehentasunez, egun dauden galerak murrizteari ekingo zaio, beharrezkoa gertatzen den tokietan berauen berriztapena eginez.

4.2.5. Uraren Ziklo Osoaren Kudeaketa

  1. Erakundeen aldetik, ur-hornidurako eta saneamenduko azpiegiturak eta zerbitzuak modu elkartuan kokatu eta ustiatzeko Mankomunitateen eta Partzuergoen eraketa babestu eta lagundu egingo da.
  2. Udalaz gaindiko zerbitzu hauen kudeaketarako gutxienezko esparru geografikoa, arro naturala da.
  3. Elkartzen diren udalerrien estrategiak eta funtzionatzeko moduak egokitu egingo dira Organismoaren eskuduntzakoa den materiari, ordenantzei eta beronen arau teknikoei dagokienez, udalerri bakoitzaren funtsezko berezitasunen kaltetan izan gabe.
  4. Azpiegitura hidraulikoen alorreko politika bat finkatuko da, bere instalazio, mantenimendu, amortizazio eta kudeaketaren kostuak ordaintzeko baliabide ekonomikoak edukitzea ahalbidetuko duena.

4.2.6. Uholde Arrisku Potentzialen Murriztapena

Arroetako Plan Hidrologikoek uholdeen prebentzio koherente bati dagozkion zehaztapenak barne hartuko dituzte, uholde-arrisku potentzialak murrizteko helburuarekin. Uholdeen Prebentziorako Plan Integralean barne hartuta dauden proposamenak eta informazioa kontuan hartuko dira.

Lehentasunezkotzat jotzen da gainezkatzeen ondorioak era berean eraginkorki gutxiagotzen lagunduko duten kudeaketa-iharduerak babestu eta erraztea, hala nola:

  1. Hirigintza-antolamendu koherentea, Uholdeen Prebentziorako Plan Integralean detektatutako arrisku-ebaluazioarekin.
  2. Lurzoruen kontserbazioa eta oihaneztatzea.
  3. Ibai-arroetan iharduerak erregulatzea.
  4. Une bakoitzean aurrikus daitekeen egoera larriena ezagutzea ahalbidetuko duen sistema baten inplementazio, aurrikuspen eta alerta.
  5. Uholdeen ondoriozko kalte potentzialak jasan ditzaketen pertsona, enpresa eta organismoen egonkortasun ekonomikoa garantizatuko duten aseguru-sistema baten ezarpena.

1. Interpretatzeko gakoak.

2. Etorkizuneko ikuspegia. Etorkizuneko erronka eta desafioak.

3. Helburuak eta irizpideak.

4. Artezpideak eta iharduketa arauak.










































































































































































pantano











Orri honen hastapenara bueltatu

 
Azken eguneratzea: 2017/11/28