Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Dantzaren industriako emakumeen eta gizonen egoera EAEn

Txosten honen bidez, EAEko dantzaren industrian gizonen eta emakumeen egoera zein den aztertuko dugu, lehen aldiz.

Atala

Lehenik, txosten honek agerian utzi nahi du dantzaren sektorean, hain feminizatuta badago ere, emakumeen eta gizonen egoera, kontrakoa iruditu arren, ez dagoela konponduta, lanarekin, banaketarekin edo ikusgaitasunarekin erlazionatutako kontuei erreparatzen badiegu. Horrez gain, ahotsa eman nahi zaie dantzako profesionalei, gai honen inguruan hausnarrarazi, eta zer ikuspegi duten partekatu, hobekuntza-ekintza interesgarrienak edo erabilgarrienak zehazte aldera.

Beste edozein industria kulturaletan bezala, dantzaren industrian ere, alde batera utzita nork sortzen duen edo nork egiten dituen zeregin jakin batzuk, dinamika ekonomikoen eraginez lan eszeniko batzuek arreta handiagoa jasotzen dute (eta, ondorioz, birak egiteko, diru-sarrerak lortzeko eta kaudimendunak izateko aukera handiagoak izango dituzte), konpainia batzuek laguntza gehiago eskatzen dituzte (eta, askotan, lortu ere bai), edo interprete, koreografiako profesional edo zuzendari batzuek estimu handiagoa dute edo ordainsari hobeak jasotzen dituzte. Errealitate horietan sexuaren araberako zenbait desberdintasun daude, bai industrian sartzeari bai dantzan aritzeari lotutakoak (adibidez, amatasuna), baina baita soil-soilik komertzialak edo sozialak diren beste logika batzuei lotutakoak ere.

Horrez gain, beste toki batzuetako kasu praktikoak aintzat hartuta, edo gure lurraldeko zenbait errealitatetan hutsuneak daudela ikusita, txostenak neurri praktikoak eskaini nahi ditu denborarekin gizonen eta emakumeen berdintasuna bermatzeko. Helburua ez da ratioak ezartzea, halakoek kalitate artistikoa kaskartzea edo zorrotzegi jokatzea eragin bailezakete, baizik eta ziur egotea balio-katean sartzen diren pertsona guztiak jabetzen direla zeinen garrantzitsua den emakumeek eta gizonek aukera berberak izatea, soldatabaldintzak parekatuta izatea eta ekitate hori errespetatzen duen adierazgarritasuna egotea.

Azkenik, eta zeharkago, txostenak ohartarazi nahi du dantzaren industriak ikusgaitasun txikia duela berezkoak dituen testuinguruetatik haratago, eta dantza beren eskaintza kulturalean sartzera animatu nahi ditu beste programa, gune eta hedabide batzuk, edo dantza-proiektuekin beste era batzuetara bat egitera.

Dantzaren industriako emakumeen eta gizonen egoera EAEn [pdf, 3,4 MB]