Hezkuntza Saila

Konstantza

(Al. Konstanz). Alemaniako hiria, Konstantzako aintziraren hegoaldean, Baden-Württembergeko land edo estatuan. 70.539 biztanle. Unibertsitatea. Turismoa eta industria (ehungintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Ospe handikoak dira hango ardoak. Aipagarriak dira, besteak beste, XI-XVI. mendeetako katedral erromanikoa, XII-XV. mendeetako apezpikutegia, XIV. mendeko Kaufhaus-a (han ospatu zen 1414-1418. urteetako kontzilioa), udaletxe errenazentista eta komentu domingotar zaharra.  v  Konstantzako Kontzilioa. Joan XXIII.a antipapak, Luxenburgoko Sigismundok eskatuta, deitu zuen XVI. kontzilio ekumenikoa. Konstantzako hirian egin zen 1414-1418 bitartean eta mendebaleko zismari amaiera eman zion, bertan hautatu baitzen Martin V.a Aita Santu berria (1417).