Hezkuntza Saila

Konstantino

Bizantzioko hamaika enperadoreren izena.  v  Konstantino I.a ik. Konstantino I.a Handia.  v  Konstantino II.a ik. Konstantino II.a Gaztea.  v  Konstantino III.a Heraklio. Bizantzioko enperadorea 641. urtean (?, 612 - Kalzedonia, 641). Heraklioren semea zen eta Heraklio II.a anaiordearekin egon zen aginpidean. Monotelismoaren aurka borrokatu zen eta Erroma aldeko politika bideak zabaldu nahi izan zituen. Enperadore egin zuten urtean hil zen, Martina amaordeak pozoiturik beharbada.  v  Konstantino IV.a Pogonatos. Bizantzioko enperadorea 668-685 bitartean (654 - 685). Konstantinoplako ateetan jarri ziren arabiarrak ohildu zituen (672-678). Bulgariarrek menderatu zuten, ordea, 679. urtean. Monotelismoa kondenarazi zuen Konstantinoplako III. kontzilioan, eta kroaziarren eta serbiarren kristautzeari ekin zion.  v  Konstantino V.a Kopronimos. Bizantzioko enperadorea 741-775 bitartean (718 - 779). Leon III.a Isaurio enperadorearen semea zen. Bulgariarrak eta Balkanetako eslaviar rak menderatu zituen, baina Ravenako hiria galdu zuen, lonbardiarren aurkako guduan (750). Ikonoklasta porrokatua zen eta guztiz kondenatu zuen irudien gurtza.  v  Konstantino VI.a. Bizantzioko enperadorea 780-797 bitartean (771 - 805). Bederatzi urte zituela egin zuten enperadore eta bere ama Ireneren babespean agindu zuen 790an ama guztiz baztertu zuen arte. Arabiarren eta bulgariarren aurkako gerrek ondoez handia sortu zuten Bizantzioko gudarosteetan eta egoera horretaz baliatuta, errege-aulkitik kendu eta begiak zulatu zizkion amak.  v  Konstantino VII.a Porfirogeneta. Bizantzioko enperadorea 913-959 bitartean (905-959). Leon VI.aren semea zen. Politika baino gogokoago zituen arteak eta letrak, eta erregeordeen bidez gobernatu zuen bere inperioa. Bere garaian bizantziarrek magiarrak eta arabiarrak menderatu zituzten, eta iparraldera eta ekialdera zabaldu ziren Bizantzioko artea, kultura eta literatura. Berrikuntza handiak egin zituen irakaskuntzan, administrazioan eta legegintzan. Lurjabe txikiak babestu zituen eta artea eta literatura bultzatu zituen. Historia eta filosofia liburuak idatzi zituen: Zeremonien liburua (953), Basilioren bizitza (959), Administrazioaren liburua (953).  v  Konstantino VIII.a. Bizantzioko enperadorea 976-1028 bitartean (960 - 1028). 976an enperadore egin zuten bere anaia Basilio II.arekin batera, baina hari utzi zion agintzen hil zen arte. 1025. urtean, Basilio II.a hil eta enperadore bakar geratu zen Konstantino VIII.a. Haren gobernua ezin txarragoa izan zen: gorteko eunukoen eta administrazioko funtzionarien esku utzi zuen aginpidea eta gehiegizko zergen bitartez inolako baliabiderik gabe utzi zituen lurjabe txikiak. Zoe haren bigarren alabaren eskutik etorri zen Bizantzioko inperioaren gainbehera.  v  Konstantino IX.a Monomakos. Bizantzioko enperadorea 1042-1055 bitartean (980 - 1055). Zoe enperadorearekin ezkondu zen, hark hirurogeita bi urte zituela, eta 1050. urtean enperadore bakar geratu zen. Haren agintaldian Bizantziok Italiako lurraldeak galdu zituen, turkiar seljukidak guztiz nagusitu ziren ekialdean, areagotu ziren barne arazo eta gatazkak eta bitan banatu zen eliza kristaua (Ekialdeko zisma, 1054). Halaz ere, huraxe izan zen Bizantzioko literaturaren garai oparoena, Migel Psellos guztietan buru zela.  v  Konstantino X.a Ducas. Bizantzioko enperadorea 1059-1067 bitartean (1007 - 1067). Isaak I.a Komnenosen ondorengoa izan zen. Oso defentsa ahula egin zuen bere mugetan. Hungariarrek, turkiarrek eta normandoek lurralde zabalak kendu zizkioten.  v  Konstantino XI.a Paleologo Dragases. Bizantzioko azken enperadorea 1449-1453 bitartean (1404 - 1453). Moreako buruzagia zen eta Joan VIII.aren anaia hil zenean egin zuten enperadore 1449an. Bizantzioko inperioa guztiz ahul zegoen garai hartan, turkiarren erasoei ezin eutsirik, baina alferrik saiatu zen mendebaleko herrien laguntza eskatzen. Konstantinoplako hiriaren defentsako lanetan hil zen 1453an.