Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

5. II. GAZTE PLANA KOORDINATU, BULTZATU ETA GARATZEKO MEKANISMOAK

Euskadiko antolaketa instituzionalak koordinazio-ahalegin handia eskatzen du edozein plan edo politika sektorial garatzeko. Instituzioen eta diziplinen arteko konpromiso batetik abiatzen diren Gazte Planaren, eta ondorioz, gazteria-politiken kasuan, koordinatu beharra ezinbestekoa da, eta koordinazio horrek sofistikazioa eta plangintza egokia eskatzen ditu. Xede horretarako, I. Gazte Planak zenbait koordinazio-mekanismo abian jartzea diseinatu zuen, esaterako, Zuzendaritza Batzordea, Batzorde Teknikoa, Batzorde Sektorialak, Lan-Mahaiak eta Gazteriaren Euskal Behatokia. Horiek guztiek, egonkortasunari eta aurrera jarraitzeko gogoari helduta, koordinazio-logika bat ezartzeko aukera eman dute, azaltzen joan diren arazoei erantzuna emateko. II. Gazte Planak udal politikak eta Euskadiko agente sozial desberdinak gazteen aldeko esku-hartzeen multzoan sartzen jarraitu nahi duenez, koordinazio egokia ezartzearen eskakizunak lehentasun berezia hartzen du. Gauzak horrela, koordinazio-modu eta -mekanismo berriak diseinatu behar dira.