Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

4.1.5.3. Kirola

Sarrera

Erakundeek ez dute gazteek kirolaren alorrean dituzten beharren berri. Horregatik, eskaintza publikoa ez da gazteriaren gaur egungo beharretara egokitzen. Informazio garrantzitsua eta zehatza behar da, gazteek kirol-jardueren inguruan dituzten eskaerekin bat etorriko diren politika eta programak diseinatzeko.

Aurretik egin beharreko analisian, kontuan hartu behar dira lurralde historiko bakoitzaren berezitasunak (kirol-elkarteak, gehien egiten diren kirolak etab.) eta landa eta hiriko eremuen arteko desberdintasunak, baina, gainera, analisi horrek gazteriaren informazio zatikatua eta zehatza eman beharko du. Horretarako, besteak bete, ondoko aldagaiak hartu beharko dira kontuan: gazteak kirol-jardueraren zein etapatan dauden, sexua eta adina, emakumeak baitira kirola gutxien praktikatzen dutenak.

Erakundeek, halaber, ez dakite gazteek zer pentsatzen duten kiroletako biolentziaz. Ez dakite, adibidez, gazteek biolentzia arazo gisa ikusten duten, eta, beraz, biolentziari aurre egiteko erakundeen ekimenak begi onez ikusten dituzten. Horrela soilik azal daiteke martxan jarritako jarduera batzuek gazteriarengan izandako oihartzun eskasa. Gainera, neurri batzuk “goitik” ezarri dira, gazteei parte hartzeko aukerarik eman gabe eta euren gustu eta lehentasunak kontuan hartu gabe.

Ondorioz, etorkizuneko lan-ildoetan kolektibo hartzaileek parte hartu beharko dute, gazteriak bereziki. Besteak beste, Frantzian egiten ari diren bezala, kirolari profesionalak bilduko dituen elkarte bat sustatzea aukera ona izan daiteke foro bat osatzeko. Foro horretan eskaerarik garrantzitsuenak bilduko dira, eta bertatik jarriko dira martxan aurrez adostutako neurriak.

Aldaketak gazteriaren kirol-azturetan

Azken urteotan aldatu egin dira euskal gazteriaren kirol-azturak. Kirola egiteko modua eta gazteek kirol-jarduerarekin duten konpromisoa aldatzen ari da. Kirol tradizionalak gero eta gutxiago egiten dira, eta berriak, aldiz, gero eta gehiago. Normalean elkarte edo federazio baten bidez egiten diren taldeko eta errendimenduzko kirolek behera egin dute eta horren aurrean kirol diziplinarekiko (entrenamendu finkoak, norgehiagokak, helburuak lortzea etab.) konpromiso gutxiago duten banakako kirolak nagusitzen ari dira. Kirol-praktika berriak (mendiko bizikleta, abentura-kirolak, gimnasioetako entrenamendua...) hurbilago daude aisiaren eta denbora librearen kontzeptutik, diziplina eta sakrifizio handiak eskatzen dituen kirolaren kontzeptu tradizionaletik baino.

Hasieran, aldaketa horiek aztertu zirenean, gazteen artean kirol gutxiago egiten zela pentsatu zen. Hasierako uste hori federazioek emandako kirol-lizentzietan izandako beherakadan oinarritzen zen. Hala ere, gero eta gehiago dira betiko federazio eta elkarteetatik kanpo kirola egiten duten gazte euskaldunak. Horregatik, lizentzia-kopurua ez da aldagai garrantzitsua kirol-jardueraren "uztea" neurtzeko. Kirol berrien ezaugarriek zaildu egiten dute ikerketa esanguratsuak egitea, adierazleak oso bestelakoak izan daitezkeelako. Hala ere, badirudi egindako hurbilpenek, partzialak badira ere, kirol-azturak aldatu egin direla baieztatzen dutela, eta ez kirol gutxiago egiten dela. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egindako ikerketan esaten denez, lurralde horretan gazteen %80arentzat kirola eguneroko bizitzaren zati da, baina kopuru horretatik %8k soilik dute gustuko kirolaren praktika tradizionala edo errendimenduzkoa.

Aldaketa horren arrazoiak ez dira kirolaren esparrukoak soilik. Badira euskal gazteriaren kirol-lehentasunak azaltzen dituzten faktore orokorragoak ere: jaiotze-tasaren jaitsiera, gazteriaren bizimoduan gertatutako aldaketak eta jende gazteak erosteko ahalmen handiagoa izatea.

Azken hamarkadetan, biztanleriaren piramidea alderantzikatu egin da. Aurreikuspenen arabera, joera hori aldatzen ez bada, EAEko biztanleria Europako zaharrenetakoa izango da. Horrek hezkuntza-sisteman du ondorio zuzenena, Oinarrizko Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasgeletan haur-kopuruak nabarmen behera egin duelako. Potentzialki taldeko eta errendimenduzko kirol bat egin dezaketen gazteen kopurua asko jaitsi da, beraz.

Gazteen bizimodua ere aldatu egin da. Lan-merkatuak eskatzen dituen prestakuntza-maila altuek eragina dute gazteen denbora librea antolatzeko moduan. Jarduera akademikoarekin lotutako eskolaz kanpoko ekintzek (hizkuntzak ikastea, laguntzazko klaseak, musika...) kirol-jarduerak ordezkatu dituzte. Kirola gazteen bizitzan garrantzitsua den arren, beste lehentasun-mota batzuk ezartzen dituzte, gaitasun profesionala hobetzea helburu dutenak, hain zuzen.

Erdi-mailako klasea zabaltzeak eta erosteko ahalmenak gora egiteak eragina du gazteriarengan ere. Aurreko belaunaldiekin alderatuz, oro har gazteek bizi-maila altua dute eta horrek ondasun eta zerbitzu askoz gozatzeko aukera ematen die. Horregatik, betiko elkarteen eskaintzek (kirol-ekipoa eta bidaia doan) ez dute gazteria erakartzen, kirol-arropako azken markak eskura ditzaketelako eta maiztasun handiz bidaia dezaketelako. Era berean, horren behar bat planteatzen du: federazioek eta taldeek hausnarketa bat egin behar dute gazteen eta kirol-jardueren errealitate berrietara egokitzeko duten zailtasunei dagokienez.

Aztura-aldaketen ondorioak eta egokitu beharra

Aldaketa horiek begi bistakoak dira eta ondorioak izan dituzte kirol-jarduera kudeatzen duten eragileetan. Hori dela eta, pixkanaka desagertzen ari dira euren eskaintza aberastu ez duten eta taldeko eta errendimenduzko kiroletara mugatu diren betiko elkarteak. Halaber, kirol-kolektibo tradizionalen garrantziaren galerak belaunaldi-ordezkapena mehatxatu dezake, kategoria nagusietan eta diziplina bakoitzaren harrobien mantenimenduan. Hala ere, jarduera-ildoak ezin dira makurtu indibidualismo horren aurrean. Kirol-kolektiboak eta horietatik eratorritako balioak merezi bezala baloratu behar dira (kidetasuna, laguntza, parte izatearen sentimendua, ardura banaketa...)

Betiko taldeek bizirik irautea bi faktoreri lotuta dago: batetik, gazteek kirol-jarduerarekin duten konpromisoa aldatu egin dela onartzea, eta, bestetik, baliabideak gazteen azturetara egokitzea, gazteriaren eskaera ezagutuz eta horren arabera eskaintza aberastuz. Adierazitako faktoreekin batera, kirol-sektorea berrantolatzeko ahaleginean, kontuan hartu behar lirateke sektore pribatua eta kirol-federazioen artean gertatzen hasi diren gainjartzeak.

Ezinbestekoa den egokitze hori gauzatzen ari da sektore pribatuan eta emaitza onak izaten ari da. Egia da sektore hori ez dagoela gazteengana soilik zuzenduta, baina hala ere, azken urteotan enpresa-kopuruak (gimnasioak, abentura-kirola) eta horien jarduerak igoera handia izan du. Sektore pribatuaren berrantolatze hori eredu izan daiteke bai elkarteak eta federazioak egokitzeko eta bai administrazioen planak eta programak diseinatzeko ere. Halaber, kontuan izan behar dira kirol-enpresen ehun honen defizitak, gazte-enplegua sortu arren, ez baitago arautua eta ez baitu prestakuntza-esparru argirik ere. Abentura-kirolaren esparruan, esaterako, ez dago erregulaziorik, intrusismo maila handia dago, federazioen praktikekin gainjartzen diren jarduerak daude, etab.

Indarkeria eta joko garbia kirol-jardueran

Indarkeria hainbat kirol-esparru eta mailetan dago presente, indar desberdinarekin izan arren: futbol-estadioetakoa da oraindik ere adierazpenik agerikoena eta kalte handienak eragiten dituena, nola pertsonalak hala materialak. Gizarteak, orokorrean, kirol-jardueran indarkeria dosi bat egon behar dela onartu duela dirudi, ikuskizunaren parte gisa.

Publiko zabalari zuzendutako indarkeriazko iruzkin eta jarreren hedapenak kiroltasunaren aurkako zenbait jokaera elikatzen ditu. Beraz, komunikabideek egiten duten kirol-informazioaren tratamendua faktore erabakigarria da kirolean ematen den indarkeriaren arazoa bere osotasunean heltzeko.

Azkenik, joko garbia indarkeriarik eza baino zerbait gehiago dela hartu behar da kontuan. Zentzu horretan, dopatzearen praktika azpimarratu behar da, hau da, emaitza hobeak lortzeko debekatutako substantziak hartzea. Hori ez da eliteko kirolariengan soilik gertatzen. Substantzia horien erabilera behe-mailako kategorietan ere egiten dela ikusi da, eta, beraz, gazteenei ere eragiten die. Dopatzearen zabalkunde hori azaldu dezakeen arrazoietako bat kirolariek jasan behar izaten duten presioa da.

Kirol-ekipamenduak

Oro har, biztanleria gaztearen zenbait sektoreren kirol-jarduna, kirol-ekipamenduek baldintzatuta dago. Biztanleria gaztean kirol-jardueran izandako aldaketek, aurreko ataletan adierazitakoak, espazio horien diseinua, kudeaketa eta erabileraren gaineko eztabaida bat eskatzen dute. Azken urteotan gertatu diren bi gertaerek arrazoitzen dute eztabaida horren premia: batetik, gazteen aldetik, beren behar eta erabileretara egokitzapen hobe baten eskaera, eta, bestetik, baliabide horien sorkuntza eta diseinua urbanoaren eta kirolaren arteko sinergiatik egin behar denaren ideia, kirol-jardunaren garapenerako hiri-ekipamenduak erabiliz.

Maila zehatzagoan, gaur egun bi ekipamendu-mota daude: kirol-ekipamendu tradizionalak (polikiroldegiak, etab.), Hurbiltasuneko Kirol Ekipamenduak deritzenak, ingurune hiritarretako auzo-ekipamenduak, kudeaketa-kosturik gabeak eta mantentze-lan eta erabilera edozein ordutan (skate pistak edo belar artifizialeko erabilera anitzeko ekipamenduak, futbola, saskibaloia, eskubaloia, hockey eta abarrerako baliagarriak)

Lehendabizikoei dagokienez, instituzioen eskaintza, salbuespenak salbuespen, ondo estalita dagoela badirudi ere, instituzioen ahaleginak horien gaur egungo erabilera egokitzera zuzenduta egon behar lirateke. Ildo horretan, ordutegien malgutasun handiagoa proposatzen da, eta, aldi berean, tarifa eta prezioak gazteen ahalmen ekonomikora egokitzea.

Hurbiltasuneko Kirol Ekipamenduek, baliabide berriak diren aldetik, instituzioen bultzada eta arreta jaso dute azken urteotan. Hori positibotzat jotzen da, eskaera berriei egokitutako baliabide tradizionalen alternatibatzat hartzen baitira. Dena den, gaur egungo eskaintzak erabat estaltzen ez duen eskaera bat dago oraindik. Beraz, hasitako lan-ildoa indartzea proposatzen da, Hurbiltasuneko Kirol Ekipamenduen eskaintza zabalduta.

Azkenik, eta eskaintza osoa osatzeko asmoz, ikastetxeek ateak zabaldu behar dituzte, jendeak euren kirol-ekipamenduak asteburuetan ere aprobetxa ditzan eta horretarako erakundeek gehiago inplikatu behar dute. Egindako esperientziek oso harrera ona izan dute eta balorazio positiboa egin da. Ekipamendu horiek irekitzeko hitzarmenak sinatu dituzte kirol-elkarteek eta ikastetxeek. Lortutako akordioek konpondu zuten jaiegunetan instalazioak zaintzearen arazoa ere: enpresa pribatu bat arduratuko zen horretaz.


Ondorioak

-Erakundeek ez dituzte ezagutzen gazteek kirol-jardueren inguruan dituzten eskaera berriak. Horregatik, erakundeek euskal gazteriaren kirol-azturek izan dituzten aldaketei buruzko diagnostikoa egiteko ahalegina egin behar dute, eta diagnostiko horrek erakundeen ekimen berriak bideratzeko balioko du.
-Aurrekoarekin lotuta, erakundeek ez dute kiroletako biolentziaren arazoaz gazteek duten iritzia ezagutzen, eta horregatik, zailtasunak dituzte arazo horri aurre egiteko neurriak martxan jartzeko.
-Azken urteotan aldatu egin dira gazteen kirol-azturak. Halaber, aldatu egin da gazteriak jolaserako kirol-jarduerekin duen konpromisoa: kirol-jarduerak gero eta konpromiso gutxiagokoak eta indibidualistagoak dira, kirol-jarduera tradizionalaren edo taldeko errendimenduzko kirolaren kaltetan.
-Asko dira prozesu hori azaltzen duten arrazoiak: jaiotze-tasaren jaitsiera, gazteriaren bizimodu-aldaketa eta gazteen erosteko ahalmena handitzea.
-Aldaketa horien ondorioz, desagertzen ari dira euren eskaintza zabaldu ez duten eta oraindik ere norgehiagokarako taldeko kirolaren eremura mugatzen diren klub tradizionalak.
-Ezinbestekoa da elkarteak, federazioak eta entitate publikoak gazteriaren eskaera berrietara egokitzen saiatzea. Sektore pribatuak jarduera horretan izan duen birmoldaketa eredu izan daiteke egin beharreko egokitzapenerako.
-Indarkeriazko jokabideak antzematen dira maila eta kategoria guztietan. Sarritan komunikabideek indarkeriazko jarrerak eta jokabideak puztu egiten dituzte, eta, aldiz, ez diote arreta handirik eskaintzen joko garbiarekin zerikusia duten jarrerak zabaltzeari. Izaera zehatzagoko instituzioen neurriekin batera, kirolean gertatzen den indarkeriaren konponbidea askoz ere globalagoa izan behar da, eta prebentzioa, batez ere, hezkuntzaren esparrutik gauzatu behar da.
-Kirol-ekipamenduen eskaintzari dagokionez, bi lan-ildo ezartzen dira: lehendabizi, kirol-ekipamendu tradizionalak gazteen beharrei egokitzea (ordutegiak eta tarifak), eta, bigarrenik, Hurbiltasuneko Kirol Ekipamenduen eskaintza zabaltzen jarraitzea proposatzen da, azken urteotan horien inplementazioak balorazio positiboa izan baitu.


Helburuak

-Erakundeek hobeto ezagutzea euskal gazteriaren kirol-azturetan izandako aldaketak eta gazteek kiroletako biolentziaz duten iritzia.
-Baliabide eta ekipamenduak gazteriaren kirol-behar berrietara egokitzea.
-Elkarteei eta federazioei laguntzea ezinbesteko egokitzapen prozesuan.
-Hirietako kirol-ekipamenduen eskaintza egokitu eta areagotzea, gazteen artean dauden kirol-joera berriak kontuan hartuz.


Esku-hartze ildoak

5.6. esku-hartze ildoa:Kirolaren bidez gizartean balioak sustatzeko plan bat diseinatzea

5.7 esku-hartze ildoa:Gaur egungo baliabideak gazteriaren beharretara egokitzea