Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

4.1.5.2. Kultura

Sarrera

Europar esparrutik, gazteek kultur jarduera-mota guztiek beren ongizatean eta garapen pertsonalean duten garrantzia nabarmentzen dute. Halaber, gaztaroan burutzen den kultur ikasketa, ezagutzaren gizarteak aurrera egiteko beharrezkoak diren gizarte-gaitasunak garatzeko bitarteko indartsutzat jotzen dute.

Modu generiko batez gazteen kultur jarduera deitzen dena elkarri lotutako etapa edo faseak dituen prozesu luzea da:

-Prestakuntza
-Sorkuntza
-Ekoizpena
-Difusioa/promozioa
-Banaketa
-Kontsumoa

Sei fase horietan gauzatzen da, oro har, gazteen kultur jardueraren prozesua. Kultur jardueraren marko orokorra hori izanda ere, fase horiek ez dira konpartimentu itxiak, ordea; hau da, askotan faseak gainezarri egingo dira, sorkuntzarena eta prestakuntzarena adibidez (sorkuntzaren bidez prestakuntza jaso daiteke). Hala ere, beharrezkoa da fase horiek identifikatzea, lehentasunak eta esku-hartze ildoak zehazteko.

Bestetik, kultur jarduera sektoretan (arte eszenikoak, arte plastikoak, musika, dantza...) eta azpisailetan (musika-mota ugari, dantza-mota ugari...) banatzen da eta, horregatik, jarduera-sektore bakoitzeko faserik defizitarioenak identifikatu behar dira.

Orain artekoak alde batera utzi gabe, jarraian kultur jarduerako fase bakoitzeko oinarrizko arazoak identifikatuko dira.

Prestakuntza

Kultur jardueraren kate luzean lehenengo katebegia da, oinarria, eta, beraz, hezkuntzaren esparrutik behar bezala heldu behar den funtsezko elementua, azken horretan, ez baitu hartu oraindik hartu behar lukeen garrantzia.

Bestalde, orain arteko prestakuntza espezifikoak arreta gehiegi jarri du pertsonengan, eta, aldiz, albo batera utzi du kolektiboen prestakuntza (antzerki-konpainiak, pintoreen kolektiboak etab.). Sektoreka, arte eszenikoena da bultzada handiena behar duena, prestatzeko aukerari dagokionez ez baitago jarduera-ildo ofizial argirik.

Beste jarduera-ildo bat da azaleratzen ari diren arloetako prestakuntza, teknologia berriena kasu, hainbat kultur espresio-motarako aukera ematen duten tresnatzat ulertuta.

Sorkuntza

Sorkuntzari dagokionez, profesionalek eta amateurrek sorkuntza-fasean dituzten beharrak identifikatu beharra azpimarratu behar da lehendabizi.

Diagnostikoak agerian jartzen du administrazioak sorkuntza sustatzeko lan egiteak duen garrantzia. Horretarako, azpiegiturak, dirulaguntzak, programak, zerbitzu berriak eta ekimenetara bideratutako jarduerak garatu behar ditu. Azpiegiturei dagokienez, sektorearen arabera desberdintasun handiak badaude ere, esan daiteke EAEn badaudela gutxieneko azpiegiturak. Baina optimizatu egin behar dira.

Azkenik, administrazioak euren lanak ezagutzera eman eta beste gazte sortzaile batzuekin harremanetan jartzea posible egingo luketen zirkuitu egonkorretan (baita europarretan ere) parte hartzea erraztu beharko lieke gazte sortzaileei.

Ekoizpena

Ekoizpena oinarrizko beste faseetako bat da. Ekoizteko aukerarik ez izateak prozesuaren aurreko faseak geldiarazten ditu.

Difusioa / promozioa

Promozioa eta difusioa oso antzeko faseak dira, biak ere zenbait kultur jarduera ezagutzera ematea eta sustatzea baitute helburu. Difusioa subjektu sortzaile ospetsu eta ezagunekin egiten da gehienbat; promozioa, berriz, hain ezagunak ez diren pertsonekin. Hori da bien arteko desberdintasuna. Pertsona horiek beste bultzada bat behar dute, batez ere, sektorerik defizitarioenetan: arte eszenikoak, musika klasikoa edo emanaldiak antolatzeko behar gehien dutenak. Aurrez ezarritako irizpideen arabera ezarriko dira lehentasunak eta horien araberakoak izango dira laguntzak.

Promozioari dagokionez, merkatuan produktu jakin batzuk sustatzeaz gain, garrantzi berezia du kultura-munduarekin lotuta dauden gazteen ekimenak bultzatzeak.

Azkenik, ezin dugu ahaztu mass-medien garrantzia. Horietan musika, antzerkia, eta abarrei ikuspuntu gazte eta garaikide batetik eskainitako espazio gehiagoren gabezia antzematen da.

Banaketa

Normalean, sorkuntza- eta difusio-faseetarako izan ohi da kultur jarduerari emandako laguntza. Hala ere, beharrezkoa da kultur banaketa eta ekoizpenean enpresa-ekimen berriak sortu nahi dituzten gazteei laguntza gehiago ematearen garrantzia kontuan hartzea.

Bestalde, azpimarragarria da kultur sorkuntza hedatzeko espazio alternatiboak sortzearen beharra, espazio instituzionalizatuagoetan (Arriaga edo Victoria Eugenia antzokiak, telebista publikoa, Guggenheim museoa...) sartzerik ez duten ekimenentzat. Horrekin batera, kultur difusioa ere hobetu daiteke, ekipamendu publikoen sareekin hitzarmenak eginez, euren programazioan gazteen kultur jarduerak sar ditzaten.

Kontsumoa

Kontsumoak diagnostikoak kontuan hartu behar dituen alderdi ugari ditu. Lehenik eta behin, kultur kontsumoaren azturak. Arazo hori jorratzeko, lanerako foroak sortu behar dira hezkuntza-munduarekin elkarlanean. Horrela, gazteen kultur kontsumoa sustatzeko neurriak hartu behar dira, arlorik defizitarioenetan, hain zuzen. Arloz arloko gazteen kultur kontsumoari buruzko datu segmentaturik ez badago ere, kontsumoari dagokionez laguntza handien behar dutenak arte eszenikoak, musika klasikoa, literatura etab. dira.

Kultur eskaintza da beste dimentsioetako bat. Ildo horretatik, kultur eskaintza egonkorra, irudimentsua eta irekia sortu behar da. Eskaintza horrek, halaber, mota guztietako gazteen eskaerei eta beharrei erantzun beharko die eta kolektibo horren espazio eta ordurik erosoenak errespetatu beharko ditu.

Eskuragarri izatearekin lotuta, neurriak hartu behar dira kultur eskaintzaren diseinuak arkitektura-, zentzumen-, psikologia-, gizarte- eta ekonomia-muga guztiak ezaba ditzan. Gazteen artean diskriminazio egoerak zuzentzeko neurriak ezartzea proposatzen du diagnostikoak; horretarako, aurretik, kolektiborik kaltetuenak identifikatu behar dira eta kulturara sartzea erraztuko duten mekanismoak garatu. Eskaera berriei erantzutetik hasi eta prezio baxuagoen edo beherapen berezien politikaraino joan daitezke neurri horiek.

Ikuspegi orokor batetik eta azaldutako prozesuaren faseak oso lotuta daudela kontuan izanda, administrazioak fase bakoitzean egiten den esku-hartzea koordinatzeko ahalegin handia egin beharko du. Beraz, kultur jarduera prestakuntzatik hasi eta kontsumoraino hedatzen den prozesu luzea da, eta hori oso kontuan izan beharko da kultur jarduera sustatzeko orduan.

Komunikazioaren garrantzia

Komunikazioari dagokionez, dirulaguntzak ezagutzera emateko eta gazteen kultur eremuan antolatzen diren ekintzen berri emateko komunikazio-ekintzen optimizazio eskasa azpimarratu behar da. Horrek agerian uzten du, batetik, administrazioak erabiltzen dituen kanalak ez direla beti egokienak; eta, bestetik, informazioa ez dagoela interes-gunera zuzenduta.

Ildo horretatik, batetik, komunikazio-ekintzetan kalitate-irizpideak ezarri behar dira; eta, bestetik, instituzio-eragileek argitu egin behar dute zein kolektibotara iritsi eta eragin nahi duten. Horrela informazioa transmititzeko biderik egokienak identifikatu ahal izango dira eta benetan komunikazio eraginkorra lortu. Sektoreen eta kolektiboen zatikatze horretan administrazioaren maila bakoitzetik eragin behar da eta modu parte-hartzaile batean gauzatu behar da, inplikatuta dauden gizarte-eragileei ahotsa emanez.

Gainera, oso kontuan izan behar da gazteek mesfidantzaz eta errezeloz begiratzen dutela administraziotik zuzenean datorrena. Horregatik, informazio horren hartzaile diren kolektiboek ulertzeko moduko kanalak eta kodeak erabili behar dira.

Bestalde, sortzaile gazteei libreki erabili ahal izango dituzten komunikazio-kanalak sortzen lagundu behar zaie, horretara bultzatu. Zentzu horretan, komunikazioaren teknologia berriak sekulako potentzialtasunak dituzten bitartekoak dira.

Euskara

Euskararen munduak ere leku garrantzitsua betetzen du Gazte Plan honen diagnostikoan. Kontua ez da euskararen gaiari bere konplexutasunean heltzea, lan hori zuzenean arduratzen diren agenteen aldetik egiten ari baita, horretarako egokiagoak izanik. Aldiz, euskarak gazteriaren jardueretan duen garrantzia azpimarratzea eta neurri zehatzen bidez bere erabilera sustatzea da kontua. Horretarako, hizkuntza hori presente egon behar duen integraziorako tresnatzat hartu behar da, hizkuntza baten berezko funtzio guztiak betetzen.

Zenbakiek diotenez, gero eta gehiago dira euskara erabiltzen duten gazteak, beren prestakuntzara bideratutako ahalegin eta baliabide ekonomikoei esker; eta, beraz, ondo legoke garapen-ildo horri eustea eta normalizazio-proiektu gehiagori jarraikortasuna ematea.

Gaur egungo erronka nagusia hauxe da: euskararen benetako erabilera lortzea eta erabili ahal izateko espazioak sortzen laguntzea. Euskarak ezin du hezkuntza-esparruan isolatuta geratu; aitzitik, gazteriaren gainerako espazioetara hedatu behar du: kultura, lana, komunikabideak, aisia, etab. Arlo horretan gazteriarekin harreman-eredu elebidunak garatzeko eta gazteen espazioetan normalizazio-proiektuak bultzatzeko eskatzen zaio administrazioari. Gazteak dira etorkizuna eta hizkuntzaren etorkizuna gazteriarengan dago.

Bestalde, euskara, kultur elementua izateaz gain, kultura sortzeko bitartekoa ere bada, eta, beraz, arreta berezia eskaini beharko zaio bai euskaraz sortzen den kulturari eta bai kultura horren eta komunikazio-tresna berrien arteko harremanari ere.

Euskara ezin dugu alderdi folklorikora murriztu, integraziorako tresna mestizoa izan behar du, bizia, esparru guztietan presente egongo dena. Euskara tresna bat da, ez helburu bat. Horregatik, erakargarria bihurtu behar da, inposatu gabe. Horregatik guztiagatik, hizkuntza hau integraziorako tresnatzat jotzen dugu, presente egon beharrekoa, eta bizitzaren arlo guztietan erakargarria bihurtu beharrekoa, hizkuntza baten berezko funtzio guztiak betetzen.”.

Ardura-banaketa

Gaur egun kultur jardueran gertatzen ari den funtzio-banaketa ez da bera kultur sorkuntzaren prozesu osoan: sektorearen araberakoa da. Oro har, esan daiteke prestakuntza, sustapena eta hedatzea oso banatuta daudela administrazioaren eta gizarte-eragileen artean. Sorkuntzari eta zabaltzeari dagokienez, berriz, administrazioak babesle-lana egin behar du, gizarte-eragileen eta kolektiboen kultur jarduerarako beharrezko azpiegiturak eskainiz.

Administrazioaren lanak ez du intentsitate berbera kultur jardueren sektore guztietan. Merkatua normalizatuen dagoenetan edo kultur industria nahikoa handia denetan –musikan adibidez– handiagoak dira kultur sorkuntzarako aukerak, zailtasun handiagoak dituzten sektoreetan baino. Administrazioak azken horietara iritsi behar du batez ere, sektore pribatuak presentzia gutxien duen horietara, hain zuzen.

Zentzu horretan, administrazioak zailtasun gehien dituzten ekimenak laguntzeko betebeharra du, beren kasa mantentzeko gaitasuna izan arte. Administrazioak sorkuntza bultzatu behar du, gaur egungo azpiegiturak hobetzen eta gabeziak adierazita; zabalkundeari dagokionez, gizarte-eragileekin koordinatu behar da, informazioa publiko-objektuarengana heldu dadin. Hasierako eta funtsezko baldintza gazteriaren jarduera kulturala laguntzeko, administrazioaren aldetik elkarrizketarako irekitako izaera garatu beharra da, gazteekin kontaktu zuzenagoa bilatuko duena eta baliabide-publikoen kudeaketa eta lankidetza-harreman berriak garatuko dituena.


Ondorioak

-Kulturaren eremuan gazteen ezaugarri nagusia heterogeneotasuna da, bai sorkuntzaren ikuspegitik eta bai kultur kontsumoaren ikuspegitik ere.
-Kultur jarduera hainbat dimentsiotan agertzen da eta elkarren artean lotuta dauden etapa hauek bereizten dira: prestakuntza, sorkuntza, ekoizpena, hedatzea, promozioa, banatzea eta kultur kontsumoa.
-Kultur sektore guztietako jarduera etapa horietan zehar gauzatzen bada ere, sektore bakoitzak etapa bakoitzean dituen esku-hartze beharrak eta gabeziak oso desberdinak izan daitezke.
-Kultur sorkuntzari dagokionez, administrazioak konpromiso sendoa hartu behar du hiru ildo hauetan: batetik, aztergai den publikoaren zatikatze eta identifikazio zuzen batean oinarritutako komunikazio eraginkorra lortzeko konpromisoa; bestetik, kultura sortzeko eta hedatzeko beharrezko azpiegitura eta bitartekoak ezartzeko konpromisoa, eta, azkenik, sektorerik defizitarioenak lagundu eta promozionatzeko konpromisoa.
-Proiektu enblematikoen kultur politikarekin batera, ekoizpenerako eta zabalkunderako baliabideen sare apalago bat sortu beharra dago.
-Kultur kontsumoari dagokionez, administrazioak konpromisoa hartu behar du kultur kontsumoaren azturen eskuragarritasunarekiko eta aztura horien inguruko hezkuntzarekiko.
-Euskarak kultur jardueraren dimentsio guztietan egon behar du. Halaber, euskaraz sortzen den gazteen kulturari arreta berezia eskaini behar zaio.


Helburuak

Kultur jardueraren eremuan egindako diagnostikoan oinarrituta, ondorengo helburuak finkatu dira:

-Gazteen kultur jarduera bultzatzea, bereziki behar handiena duten sektoreei.
-Euskararen erabilera sustatzea.
-Komunikazio eraginkorra lortzea, gazteen kultur jarduera laguntzeko (prestakuntza-eskaintzak, sorkuntzarako laguntzak, azpiegiturak...) bitarteko nagusia baita.

Esku hartzeko ildoak

Jarritako helburuak bi esku-hartze ildotan gauzatzen dira.

5.4. esku-hartze ildoa:Gazteen kultur jardueraren fase guztiei laguntzea.

5.5. esku-hartze ildoa:Euskararen erabilera sustatzea kirol-jarduera, kultur jarduera eta aisiako kultur jardueren eskaintzan.