| 4.1.5.1. Aisia Sarrera Aisia lanarekiko aurkakotasunean definitzen da. Horrenbestez, aisialditzat har daiteke lanorduetatik edo, gazte askoren kasuan, ikasketa-orduetatik kanpo geratzen den jarduera-eremua edo jarduera-espazioa. Aisiaren definizio horretatik abiatuta, aisiaz gozatzeko edo denbora hori erabiltzeko moduak konta ezinak direla ondorioztatu behar da. Gazte Planaren testuinguruan aisiaz jarduteak gaur egun gazteen artean dauden aisia-motak aztertzea, eta, batez ere, proposamenen aurrean administrazioaren egitekoa zein den aztertzea suposatzen du. Azken horren azpian aisia-motekiko izan beharreko jarrerak argitzeko beharra dago (kontsumoari oso lotuta egotetik hasi, eta errealitatea aldatu nahi duten eta izaera kolektibo eta politiko batetik abiatzen direnetaraino hedatzen dira). Zalantzarik gabe, eztabaida hori funtsezkoa da eta II. Gazte Planak ere jorratu behar du bere ikuspegi integraletik. Aisialdiaren kontzentrazioa Aisialdiaz eta denbora horretaz egiten diren erabilerez hitz egiterakoan, aisialdia kontzentratzeko dagoen joera azpimarratu behar da lehendabizi. Joera hori maila ugaritan gertatzen da: lehen maila batean, aisialdia asteburuetara pasatzen da; bigarrenean, larunbatetara, eta hirugarrenean, gaueko eta goizaldeko ordu jakin batzuetara. Zentzu horretan, beste egunak gero eta instrumentalagoak dira (hizkuntzak ikasteko edo erabilera jakin baterako bestelako prestakuntza-jarduera osagarrietan aritzeko egunak). Kontsumoarekin erlazionatutako aisialdi formula desberdinak Bestalde, eta aurrekoarekin batera, aisialdi-modu berriak agertu dira, eta, gertatzen ari dena ulertzeko, beharrezkoa da ikuspegi berritu bat izatea. Gaueko aisialdi moduak dira, azalera handietan garatzen den aisialdia, teknologia berriei lotutako aisialdia (“aisialdi elektronikoa” deritzona, kasu), telebista, etab. Gehienak bereziki kontsumoari lotutako aisialdi-motak dira. · Telebista-aisialdia da, zalantzarik gabe, zabalduenetako bat. Batez ere telebista, eta baita irratia eta beste komunikabide batzuk ere, balioen transmisiorako bide garrantzitsuak bihurtu dira gaur egungo gizartean. Sarritan, aisialdirako proposamen partehartzaileago eta kolektiboagoen benetako kontra-programazio bilakatzen dira. Administrazioaren papera erabakigarria izatera heldu daiteke, komunikabide publikoen gaineko ardura zuzena duen neurrian. Horrek azterketa bat eskatzen du, eskaintza audientzia gaztearen interesei erantzuten ote dien eta transmititu behar diren balioak transmititzen ote dituen jakiteko. · Azalera handiei lotutako aisialdiak, halaber, kontsumoa eta horrek aisialdian duen papera planteatzen du. Horrez gain, ekipamenduen gaia eta gizarte-eragile guztiak parte izango diren, eta, kudeaketa parte-hartzailerako ereduak jasoko dituen plan integral bat garatu beharra. · Gaueko aisialdiari dagokionez, droga-kontsumoarekin erlazionatua berau, errealitateak berak agintzen du gaueko aisialditik eratorritako arazoei aurre egiteko, guztiz aurkako eskaintzak planteatzeari uko egiteko. Izan ere, esperientziak berak erakutsi duenez, “alternatiboa”, kasu askotan, osagarri hutsa izan baita. Gainera, “alternatibo” terminoak berak, zama moralizatzaile handiegia izan du sarritan. Zentzu horretan, “in situ” hezkuntza- eta informazio-estrategiak planteatu beharra adierazten da, prebentzioari eta arriskuak murrizteari zuzenduak, elkarte-ehunaren eta aisialdirako programen partehartzearekin. Azken batean, beharrezkoa irizten zaio kontsumoarekin erlazionatutako aisialdi-mota desberdinak aztertzeko gizarte-eztabaida bati heltzea; kontuan hartuz, gainera, Gazteriaren Liburu Zuriak Europa mailan burututako diagnostikoaren arabera, gazteek bere burua, kontsumitzaileak diren aldetik beraiengan eragin nahi duten merkataritza-indar batzuen jomuga gisa ikusten dutela. Aisialdi-partehartzailea eta asoziazionismoa Harrera beroa duen eta gazteentzako aisialdi-eskaintza indartsua duen merkatu baten interesekin lehiatu ezina ikusita, gazte-kolektiboak bere denbora librearen kontsumo kritikoago eta kontzienteagoa lortzeko sentsibilizazio kanpaina bat proposatzen da. Kanpaina, programa-hezitzaileak eta informazio eta arretarako zerbitzuen bidez egingo litzateke. Horrekin, aisialdi-partehartzaileagoa sustatu nahi da, “aisialdi kontsumoaren” antidotoa izateko asmorik gabe, ordea, posible baita denbora-espazio batean zehar aisialdi-mota konprometitua eta elkartasunezkoa garatzea, eta, beste batean, kontsumoarekin erlazionatuagoa dagoen aisialdi-modu batean murgiltzea. Eragin handieneko aisialdi partehartzaile mota, zalantzarik gabe, zenbait elkarteren bueltan garatzen dena da, denbora libreko hezkuntza-mugimendua kasu, bereziki, umezarora eta nerabezarora zuzendua dagoena. Halaber, asoziazionismoak potentzial eraldatzaile handia bideratzen du, eta, aldi berean, kanal-funtzio erabakigarria du, eta gazteek erakundeetan beren hitza entzunarazteko erabiltzen dute. “Euskal Gazteria 2000” azterketaren datuen arabera, euskal gazteriaren %42k elkarteren batean parte-hartzen du. (elkartutako pertsona horien erdia, gutxi gorabehera, kirol-elkarteetakoa da). Elkarte asko dagoen arren, ezin daiteke esan gaur egun elkarte-mundua indartsu dagoenik. Nolabaiteko ahultasun egoera horretan, gero eta garrantzi handiagoa dute planteamendu kolektibotik baino indibidualetik hurbilago dauden elkarte-mota edo eredu instrumentalak. Horietan konpromiso maila handia eskatzen ez duten harreman-mota ezartzen da. Gainera, “asoziazionismo informal” baten agerpena antzeman da. Taldeek edo koadrilek osatzen dute eta antolatu, lokal bat alokatu eta aisialdirako espazio propio bat kudeatzen dute. Gizartean parte-hartzeko modu berri hauek, beren jatorriagatik ezagutzeko eta aztertzeko zailak badira ere, ehun asoziatiboaren “hazi” bat izan daitezke. Elkarteen barruko parte-hartzeari dagokionez, konpromiso-gradu desberdinak antzeman dira; horrela, hainbat elkarte-jardueratan bere denbora librearen zati handi bat emateko prest dauden boluntarioak daude; eta elkartutako pertsona nukleo txikiago bat ere badago, ardura eta inplikazio maila handia duena. Horri elkarte-jarduera mota batzuen profesionalizaziorako joera indartsua erantsi behar zaio. Joera hori, neurri batean, hirugarren sektorearen gorakada dela-eta zerbitzu horiek kobratzeko zabaldu den aukerak eragin du.. Elkarte-jardueren barneko profesionalizazio prozesu honi dagokionez, figura profesionalek gazte elkarte-proiektuei eman diezaieketen sendotze eta jarraikortasun potentziala nabarmendu behar da, gazteei enplegurako bide bat eskaintzeaz gain. Hala ere, profesionalen eta boluntarioen arteko profesionalizazio eta kudeaketa-prozesu misto horiek konplexuak dira, eta, beraz, gidatu eta lagundu egin behar dira modu egokian egin ahal izateko, eta, horrela, proiektuak, parte-hartze boluntarioa eta elkarteekiko zaletasuna gutxietsi ez daitezen. Horrek guztiak elkarteen errealitate berri bat sortu du, eta administrazioaren eta elkarte-munduaren arteko harremanei beste modu batera heldu beharko zaie. Ildo horretatik, gaur egun administrazioaren eta elkarte-munduaren artean dagoen konfiantza falta alde batera utzi eta elkarrekiko ezagutzan eta konfiantzan oinarritutako harreman-moduak garatu behar dira, akordioak eta hitzarmenak, esaterako. Prozesu horretan, zalantzarik gabe, administrazioak izan behar du ekimena. Orain arteko harremana zenbait programen kudeaketara mugatu da eta ez du behar bezain beste aprobetxatu dimentsio zabalagoetan lan egiteko elkarte-munduak metatu duen gaitasuna eta ezagutza. Bestalde, asoziazionismoa gaur egungo joera orokorretatik gehien urruntzen den aisia-mota nagusia dela kontuan hartuta, gero eta parte-hartze handiagoa izan beharko du programa zehatzetan. Horretarako, administrazioak eman beharko ditu hurbiltzeko lehen urratsak, orain arteko jarrera paternalista alde batera utzita. Elkarteek, berriz, proposamen berri eta erakargarriak egin beharko dituzte. Horregatik, elkarteen errealitatea ezagutzeko behar diren baliabide guztiak jarri behar dira, honako gaiei behar bezala heltzeko: zerga-politikak diseinatzerakoan, asoziazionismoa sustatzeko azpiegiturak eta zerbitzuak diseinatzerakoan eta administrazioa eta elkarte-ehunaren arteko engranaje-formula egokiak bilatzeko. Zerbitzuen garrantzia Diagnostikoaren lehen alderdiak administrazioaren eta gizarte-eragileen arteko harremana estutzeko beharra azpimarratzen du; baita gizarte-eragileen euren artekoa ere, horretarako gazteei zerbitzuak emateko sarean lan eginez. Bestalde, gazte-kudeaketa eta parte-hartzeari irekitako ekipamenduen garrantzia nabarmentzen da. Zentzu horretan, azpiegitura-mota horiei eman beharreko edukian dago gakoa, eta horrek gaur egungo eskaeren aurretikako ezagutza eskatzen du, eskaera horiei egokitutako ekipamendu-tipologia zuzena lantzeari begira. Beste alderdi batek elkarteentzako eta partikularrentzako informazioa hobeto biltzeko eta banatzeko saioak egiteko beharra aipatzen du. Hobekuntza hori lortzeko, gaur egungo informazio-sareko maila guztien arteko komunikazioan, koordinazioan eta lanen banaketan oinarritutako jardueraren alde apustu egin beharko litzateke, eta baita pertsonal informatzailearen prestakuntza eta birziklatze jarraituaren alde ere. Hori guztia informazioa elkarte eta pertsona interesatu guztietara iristen dela bermatzea izango litzateke helburua.. Azkenik, aldundietako eta udaletako gazteria-zerbitzuetako planak garatu beharra antzematen da, gazteriaren zerbitzuen izaeratik harago doazen tresna gisa; horrekin batera, arlo bakoitzeko eskumenak argi eta garbi zehaztu behar dira. Azken honek gazteria-arloak birdefinitzea eta bere antolaketa-egitura zehaztea eskatzen du. Ardura-banaketa Administrazioaren eta gizarte-eragileen gaur eguneko harremana programa publikoen kudeaketan gauzatzen da gehienbat. Eskema horretatik atera eta berdintasunezkoagoak diren harremanak sortuko dituzten hitzarmenak bultzatzen hastea zaila da, bi aldeen aldetik mesfidantza delako nagusi. Batetik, administrazioa bere jardueren kontrola galtzearekiko mesfidati agertzen da; eta, bestetik, elkarteak, euren tradizio inkonformista eta errebindikatiboa dela-eta, ez dira fidatzen erakundeen ekimenez. Bestalde, ezin da alde batera utzi oso politizatuta dagoen egoera horretan elkarte batzuen estigmatizazioak duen eragina, eta hori ere hurbilketarako oztopo da. Badirudi egoera horren aurrean administrazioak paternalismoan eta interbentzionismoan oinarritutako harremanak bultzatu dituela. Elkarteak, berriz, errutinazko dinamika batean murgilduta daude eta oso gutxitan egiten dituzte proposamen berriak.
Diagnostikoaren irakurketa orokorra eginda, ondorio hauek ateratzen dira: -Ezinbestekoa da administrazioaren esku-hartzea beharrezkoa
den edo ez eztabaidatzea, bai eta esku-hartze horren helburuak zeintzuk
diren ere.
Aisiaren eremuan egindako diagnostikoak asoziazionismoarekin, aisia-motekin eta beharrezko zerbitzu eta azpiegiturekin lotutako helburu orokorrak ezartzea eskatzen du: -Administrazioak aisiaren espazioan esku-hartzea beharrezkoa
den adierazteko eztabaida sustatzea, bai eta esku-hartze horrek nolakoa
izan behar duen zehazteko ere.
Aisiaren arloan lehentasunezko hiru esku-hartze ildo ezarri dira: 5.1. esku-hartze ildoa:Gazte-asoziazionismoa eta
aisia parte-hartzailea sustatzea |