| 4.1.4.2. Gizarte-ekintza Sarrera Gizarte-ekintzaren arloan gazteen egoeraren diagnostikoa egiteko, gizarte-ekintza definitu behar da lehendabizi. Izan ere, esku-hartze mota horrek gai asko biltzen ditu: hezkuntzaren beharra, lanaren beharra, etxebizitzaren beharra... Beharrezkoa da, beraz, gizarte esku-hartze horren hartzaile diren gazteek eta ekintza-mota horretan parte hartzen duten eragileek komunean dutena definitzea. Gizarte-ekintza definitzen duen lehenengo elementua honakoa da: arazoak dituztenentzako eta egoera zailean edo gatazkatsuan bizi diren pertsona guztientzako izatea. Bizi-kalitatea gure gizartean marjinaltasunetik kanpo bizitzeko eduki beharreko gutxiengo ekonomia-, kultura- eta hezkuntza-baliabideek osatzen dute, eta, hain zuzen, gizarte-ekintzaren helburua bizi-kalitatea hobetzea da. Beraz, gizarte-ekintzak bitartekoak ematen dizkie egoera berezi batean dauden pertsonei, egoera hori normalizatzeko. Egoera gatazkatsuan, arriskutsuan edo arazotsuan bizi diren gazteen artean, ondoko arrisku-adierazle hauek dituztenak daude: oinarrizko gizarte-trebetasunik ez izatea, drogak neurriz kanpo kontsumitzea, eskolatze-arazoak izatea, ezintasunagatiko arazoak izatea etab. Gizarte-ekintzaren hartzaile den kolektibo zabal horren barruan kuantitatiboki eta kualitatiboki gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den azpitalde bat sartu behar da: gazte etorkinen taldea. Azpitalde horrek badu besteengandik bereizten duen ezaugarri bat: etorkin asko legez kanpoko egoeran daude eta horrek zaildu egiten du esku-hartzea. Gainera, problematika horretan ez da nahikoa sakondu oraindik. Horregatik, berariaz aztertu behar da Gazteria-Plan honetan. Gizarte-ekintza definitzen jarraituz, esku-hartze edo ekintza hori postulatu ideologiko garbi batzuetatik abiatzen da, bizi-kalitatea, integrazioa eta justizia soziala bezalako kontzeptuen interpretazio jakin batean oinarritzen delako. Gizarte-ekintza definitzen duen hirugarren ezaugarria lurralde-izaera da. Izan ere, egoera arazotsu eta gatazkatsuek iturri edo jatorri desberdinak dituzte testuinguruaren arabera, eta, horregatik, arazoei ingurune hurbilenetik egin behar zaie aurre. Gizarte-ekintzak arazo zehatzentzat planteamendu zehatzak eskaini behar ditu. Azkenik, gizarte-ekintza sare-egitura baten bidez garatzen da, eragileen arteko eta horien eta administrazioaren arteko lan koordinatuaren bidez (gizarte-sistema, lan-sistema, hezkuntza-sistema...). Egitura horrek zerbitzu koordinatuak ezartzea, hitzarmenak garatzea eta aginpideen banaketa eta esleipenari buruz eztabaidatzea eskatzen du. Gizarte-ekintza motak Bestalde, kontuan izan behar da pertsonak bere bizi-jarduera garatzen duten sistemek huts egiten dutenean edo sistema horiek pertsonen beharrei erantzun egokiak emateko gai ez direnean hartzen duela zentzua gizarte-ekintzak. Horregatik, sekulako garrantzia du baztertzearen problematika sistema guztietara hedatzeko lan egiteak. Egiteko horretan, nahiz eta gaur egun pertsona ezinduak lan-munduan, etxebizitzan, eta abarrean sartzeko neurriak ezartzen dituen eremu arau-emailea egon, oraindik bide luzea geratzen da. Bide horri arau horiek betearaztetik ekin behar zaio eta gainerako sistemen politika publikoen diseinuan baztertzearen irizpidea kontuan hartzea eskatzen du. Gizarte-ekintzaren helburuek oso esparru zabala hartzen dute: adin gutxikoetan prebentzioa sustatzetik hasi eta esku-hartze zuzen edo indibidualizaturaino hedatzen da (gizabanako nahiz kolektiboentzako). Prebentzio-helburuen eta ekintza zuzen eta indibidualizatuaren artean muga garbirik ez badago ere, bereizi egin behar dira, II. Gazte Planean lehentasunak ezartzeko aukera emango duen diagnostikoa egiteko. Prebentzioa arrisku-egoerak detektatu eta esku-hartzeari deritzo. Esku-hartze horri esker, arrisku-egoerak ez dira arazo larri bihurtuko; beraz, arazoa bere dimentsio guztian azaldu aurretikoa da prebentzioaren funtzioa eta, horregatik, gizarte-ekintzaren ardatz nagusia da. Zeharkako ekintza, berriz, irtenbidea behar duen arazo bat sortu ondoren gauzatzen da (gazte arau-hausleak, gizarte-larrialdietarako laguntzak, etab.). Gizarte-ekintzak prebentzioaren ikuspegitik duen arazoetako bat zera da: arrisku-egoerak garaiz antzemateko adierazle argi eta objektibagarririk ez izatea. Gizarte esku-hartzearen beste eragozpen bat adin-tarteek osatzen dute; izan ere, adin-tarte batzuekin baino ezin daiteke lan egin. Gaur egun, 5 urtetik 16 urte bitartekoekin lan egiten da eta zailtasun handiak daude gazteagoekin edo zaharragoekin lan egiteko. Gainera, prebentzio-ekintzarako neurriak ez dira hain eraginkorrak 15 edo 16 urtetik aurrera. Horregatik, garrantzi handiagoa hartzen du zuzeneko ekintzak edo ekintza indibidualizatuak, hau da, arazoak sortu ondoren horiei irtenbidea ematea helburu duten ekintzak. Gizarte-ekintzaren eremuak Gizarte-ekintza ondorengo eremuetan garatzen da: Lehenengoa familia da. Eremu horretan gazteak seme-alabatzat nahiz gurasotzat hartu behar dira (amaren eta aitaren prestakuntza euren seme-alaben etorkizuneko orientatzaile gisa). Arazo ugari daude: komunikazio falta, araurik eza, portaerazko jarraibideak ezartzeko ezintasuna etab. Arazo horiek kasu askotan bai prebentzioaren eta bai ekintza zuzenaren beharra dute. Horretarako ikuspegi indibiduala eta taldekoa behar da eta baita komunitatearena ere. Familiarekin lan egiteak askotan gazteek dituzten arazoak ez direla indibidualak edo ezin direla indibidualizatu onartzea suposatzen du, eta, beraz, ingurunea ere barne hartzen duen ikuspegia behar dutela onartzea. Gizarte esku-hartzea gauzatzeko beste eremu bat kalea da. Hain zuzen, kalea da sistema askotatik baztertuta dauden gazte askoren moldaera-espazio nagusia. Arazo larriak dituzten pertsonak dira. Ildo horretatik, ingurune irekiko Gizartean eta Hezkuntzan Esku-Hartzeko Programek bai familian (familia-hezitzailea) bai kalean (kale-hezitzailea) eragiten dute, berariazko prebentzio-programen bidez. Halaber, programa horiek esku hartzeko, komunikatzeko eta sentsibilizatzeko estrategiak eta gizarte-aginpideak garatzen dituzte, eta gizartearen laguntza, parte-hartzea eta elkartasuna sustatzen dituzte Gizartean eta Hezkuntzan Esku-hartzeko Taldeen bidez. Gizarteko arazoei arrakastaz aurre egiteko eta arazo horiek gainditzeko prestakuntza- eta informazio-jarduerak eskaintzen dituzte. Horregatik, garrantzi handiko programak dira eta indartu, sustatu eta koordinatu egin behar dira. Beraz, gaztearen ingurune hurbilean eragiteko beharra dagoela begi-bistakoa da. Proposamen horren atzean gizarte-ingurunean eta, bereziki, etxeko, familiako eta komunitateko ingurunean eragiteko beharra dago. Hau da, osasuna eta bizi-kalitatea lortzeko pertsonaren gorputzeko alderdi fisikoen mugez haratago doazen alderdiak hobetzeko lan egin behar da. Bizirauteko gutxieneko baldintzak ziurtatu behar dira, eta, oro har, pertsonaren familiako eta komunitateko bizi-baldintzak hobetu. Bestalde, adin nagusitasuna da administrazioak gizartean esku-hartzeko dituen aukeren muga. Horregatik, 18 urte betetzean izugarrizko jauzia ematen da, batez ere, familiaren babesik ez dagoen kasuetan: gizarte-babeseko egoera batetik bat-batean nolabaiteko babesgabetasunera pasatzen da. Kasu askotan ez dago bizitza heldurako pixkanakako urratsik; aitzitik, urrats hori modu zakar eta traumatikoan gertatzen da askotan. Horregatik, heldutasunerako trantsizio-etapa garrantzitsu horretan gazteari laguntzeko bideak jarri behar dira. Ardura-banaketa Gizarte-ekintzaren ezaugarrietako bat administrazioaren eta gizarte-eragileen arteko koordinazio estuaren beharra da. Horrek, bakoitzaren egitekoak zehaztearekin batera, beharrezkoa den funtzioetan bien arteko lankidetza estua bultzatu beharra dakar. Gaur egun administrazioak betetzen ditu oinarrizkoak diren finantziazio-, diseinu-, ebaluazio- eta kudeaketa-funtzioak –neurri txikiagoan–. Azken horri dagokionez, hauexek dira administrazioaren joerak: zeharkako kudeaketa, pribatizazioa, hitzarmenak etab. Gizarte-eragileen funtzio nagusiak, berriz, kudeaketa eta eskaerak detektatzea dira. Gizarte-ekintzaren problematikan administrazioak du ardura nagusia, eta horregatik, programen finantzatzaile nagusi izan behar du. Ezinbestekoa da gizarte-eragileen parte-hartzea handiagoa izatea berauen diseinu, inplementazio eta ebaluazioan; azken honetan, bereziki, gazteen parte-hartzea sartu beharko da. Halaber, eta azken ardura gizarteari berari dagokiola ahaztu gabe, eragileen parte-hartzea era koordinatuan izan behar da, gaur egun gertatzen ari diren gainjartze egoerak saihestuz.
-Gizarte-ekintza lurralde izaera duen esku-hartze publikoko
mota bat da. Gizarte-eragileek eta administrazioak osatzen duten sarea
da eta egoera arazotsuan, zailean eta gatazkatsuan bizi diren pertsonei
bideratuta dago, pertsona horiei bizitza normalizatu bat izateko baliabideak
emateko helburuaz.
Gazte Planean gizarte-ekintzaren alorrean planteatzen den helburu nagusiak gazteen gizarte-bazterketaren aurreko prebentzioa eta ekintza zuzena elkartu nahi ditu. Egoera berezietan dauden gazteei normaltasun egoera batera heltzeko aukera eman nahi die, eta, aldi berean, bazterketa-arriskuak murriztu nahi ditu, batez ere, ondorengo kolektibo hauetan: -Ondoko arrisku-adierazleak dituzten gazteak: oinarrizko
gizarte-gaitasunik ez izatea, drogak neurriz kanpo kontsumitzea, eskolatze-arazoak
etab.
Ezarritako helburuek zehaztasun-maila handiagoa eskatzen dute eta horretarako esku-hartze ildo bat finkatu da:
|