Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

4.1.4.1. Osasuna

Sarrera

Euskal gazteriaren osasunari buruzko diagnostikoa egiteak “osasuna” terminoa modu eraginkor batean definitzeko ahalegina eskatzen du. Kontzeptualizazio orok definitu beharreko epigrafearen baitan eta kanpoan geratuko diren gaiak aukeratu beharra dakar. Beraz, osasuna definitzeko ikuspegi bat aukeratu behar da eta ikuspegi horrek osasunaren inguruko euskal gazteriaren analisia baldintzatuko du, baita aurkitutako arazoei aurre egiteko proposamenak ere.

Osasuna definitzeko ikuspegi ugari izan behar dira kontuan. Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, 2020. urterako Europako gazteriaren osasunak asko hobetu beharko du, gazte horiek gizartean duten funtzioa ondo bete dezaten. Osasunaren Munduko Elkartearen hurbilpen hori ez da argigarria, ordea; aitzitik, terminoaren anbiguotasunaren erakusgarri da.

Osasuna kontzeptu kulturala da. Ez da behin-betikoa eta itxia: dinamikoa da eta egokitu egiten da kolektiboen eta garaien arabera. Horrela, azken urteotan, osasunaren kontzeptuak eboluzio handia izan du. Gure gizartean, osasunaren asistentziazko ikuspegi batetik bizi-kalitatearekin lotuagoa dagoen ikuspegi integratzaileago batera pasatu gara. Horrela ulertuta, pertsonek gure gizarteko baliabide eta zerbitzuetara iristeko duten aukerak baldintzatuko du, hain zuzen, osasuna. Baliabideen gertutasunak eta horietaz gozatzeko aukerak determinatuko du jendearen bizi-kalitatea. Ikuspegi horretatik, jendearen osasun-egoera gizarte-egituran betetzen duen lekuaren araberakoa dela esan daiteke.

Halaber, osasuna pertsonen balioei eta ohiturei lotuta dagoen kontzeptua da. Beraz, bizimodu osasungarriez eta ez-osasungarriez hitz egin daiteke. Ildo horretatik, administrazioaren osasun-alorreko esku-hartze batzuk bizimodu osasungarriagoa bultzatzearekin lotuta egon dira.

Beste aldaketa garrantzitsu bat ere izan da: osasuna ongizate fisikoarekin parekatzeari utzi eta ikuspegi globalago batean txertatu da; hau da, osasuna edukitzeak fisikoki, psikikoki eta sozialki osasuntsua izatea suposatzen du. Ikuspegi horretatik, osasunak "oreka" lortzea esan nahi du, bai norbere buruarekin bai norberarekin elkarrekintzan dagoen ingurunearekin. Ikuspegi integratzaile horren garapenak, halaber, gizarte osasuntsuei eta ez hain osasuntsuei buruz hitz egiteko aukera ematen du, gizarte-arazoen ondorioei aurre egiteko duten gaitasunaren arabera.

Azkenik, azken urteotan osasunaren kontzeptuaren nolabaiteko jainkotzea gertatzen ari da. Zenbait pertsonentzat, osasuna zaintzea bere horretan helburua bihurtu da, zenbait sektoretan “bigorexia” izenez ezagutzen dena, edo, gauza bera esateko, lehiakortasuna, gorputzaren gurtzea eta kirol-gorputz ariketen mitifikazioaren balioek eragindako gaixotasuna; horrela, hori pairatzen duten pertsonek, bere denboraren zati handi bat muskuluak zaintzeari eskaintzen diote, eta proteina, hormona eta abarren gehigarrien kontsumoan jausten dira. Helburua osasuntsu egotea da. Irudiaren neurriz kanpoko balioztatzea eta edertasun-kanon zehatz batzuetara egokitzeko saiakera dira biztanleria gaztearen zenbait sektoreren elikadura-gorabeheren arrazoiak.

Gehienbat gazteriarengan eragiten duten osasun publikoko gaixotasunak

Gazteak osasuntsuak dira normalean eta, horregatik, osasunak ez ditu kezkatzen. Baina badira gehienbat gazteengan eragiten duten gaixotasunak. Gazteria osasun publikoko gaixotasunekin kontaktuan dago aisian; hain zuzen, denbora librean bihurtzen dira arazo horiek larrien. Horrela, auto-istripuak, mendekotasuna sortzen duten ohiturak eta HIESaren edo sexu-transmisioaren bidez kutsatzen diren gaixotasunak garai horietan agertzen eta garatzen dira argien.

Ezaugarri horrez gain, erakundeek ez dute ezagutzen gazteek euren osasun-arazoez daukaten pertzepzioa. Horrek zailago egiten du modu argi eta bateratuan gazteriaren osasun-arazoei aurre egiteko estrategia eta ekimenak ezartzea.

Oraindik gehiago zehaztuta, hauexek dira gehienbat gazteengan eragiten duten osasun-arazoak: auto-istripuak, mendekotasuna sortzen duten jokabideak, sexu-harremanetatik eratorritako arazoak, elikadura-arazoak eta buruko gaixotasunak.

-Auto-istripuak. Auto-istripuak gazteen osasun-arazo nagusietakoa dira. Zaila da arazo hau norainokoa den zehaztea, daturik zehatzenari –hildakoen kopuruari, alegia– istripuek eragindako traumatismo fisikoak eta psikikoak erantsi behar zaizkiolako, batetik, eta istripuen eragin soziala, bestetik.

-Mendekotasuna sortzen duten arazoak. Azken urteotan aldatu egin dira euskal gazteriarengan mendekotasuna sortzen duten jarrerak. Beste arrazoi batzuen artean, administrazioek martxan jarritako neurriek emaitza onak izan dituztelako orain arte kontsumitu izan diren substantzien kontsumoan, heroinan adibidez. Hala ere, gazteen bizimodurako kaltegarriak diren bestelako aztura eta kontsumoak agertu dira –droga sintetikoak– eta kezkagarria da zenbateraino zabaldu diren. Kontsumo-aztura horiek desagerrarazten lagunduko duten neurriak hartu behar dira eta horretarako kontsumo-azturan izandako aldaketa horiei dagokien arreta eta analisi instituzionala eskaini behar zaie.

Mendekotasuna sortzen duten substantzia ilegalekiko jarrerak aldatzearekin batera, gora egin du substantzia legalen kontsumoak gazteen artean: alkohola eta tabakoa dira euskal gazteriak gehien kontsumitzen dituen substantziak. Osasunaren ikuspegitik zera da gazteriaren kontsumo-mota horren arazorik larriena: eragiten dituen patologiak epe luzera agertzen direla. Gaur egun substantzia horiekiko mendekotasuna duten gazteek etorkizunean kantzerra eta bihotz- eta arnasketa-arazoak izateko arriskua dute, hain zuzen, helduen artean heriotza gehien eragiten duten gaixotasunak. Beste mendekotasun-mota batzuk –ludopatia kasu– gazteen artean hain zabalduta ez dauden arren, kezkagarriak dira.

-Gazteen sexu-jarduerarekin lotutako arazoak. Euskal gazteriaren sexu-jarduera batzuk ondorio txarrak ekar ditzakete. Hiru dira garrantzitsuenak:

--HIESa. Egon diren aurrerapenei esker, HIESak gaixotasun hilgarria izateari utzi dio eta gaixotasun kroniko izatera pasa da. Gainera, azken urteotan pertsona gutxiago kutsatu dira. Hala ere, aldeko joera horrek aurkako norabidea har dezake, bi arrazoirengatik gehienbat: batetik, preserbatiboaren erabilerak gazteen artean izan duen beherakadagatik eta, bestetik, heroinaren bena-barneko kontsumo-azturak berriro gora egin duelako.

--Sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunak. Goiko kasuan bezala, gazteek preserbatiboa gutxiago erabiltzeak gaixotasun-mota hau hedatzea eragin du.

--Gogoz kontrako haurdunaldia. 1997an haurdunaldia nahita eten zen 1.230 kasutan eta horien %13 (162) 15 eta 19 urte bitarteko nesken artean egin zen.

-Elikadura-arazoak. Azken urteotan ugaritu egin dira gazteen artean (nesken artean, bereziki) dietan arazo edo aldaketa arinak izatetik hasi eta anorexia edo bulimia bezalako gaixotasun larriak izaten bukatu duten kasuak. Badira alderantzizko elikadura-arazoak ere, ordea: azken urteotan obesitate-arazoek gora egin dute euskal gazteriaren sektore batzuen artean.

-Buruko arazoak. Gaztaroa haurtzaroaren eta heldutasunaren arteko trantsizio-garaia da. Garai horretan, aldaketa garrantzitsuak gertatzen dira pertsonen bizitzan. Batzuetan, hartutako erabakiek eta horiek eragiten dituzten aldaketek pertsonaren garapena baldintzatzen dute. Trantsizio etapa honen garrantziaren bidez azaldu daiteke gazteen artean gertatzen diren zenbait buru- eta emozio-gorabehera, depresioa izanik horietan ugariena (depresioarekin lotutako norbere buruaz beste egitea da 15 eta 24 urte bitarteko gazteen heriotzen arrazoien artean hirugarrena). Gorabehera horien larritasuna ez dago soilik jasaten duten pertsonengan; horrez gain, familiako eta gizarteko giroan ere eragiten dute.


Bizitzeko aztura eta jarrera osasungarriak sustatzea.

Azaldutako arazoei irtenbidea emateko, aztura eta jarrera osasungarriak sustatu behar dira gazteriaren artean euren gorputzekiko ardura sustatzeko eta horretarako ikastetxeei osasun-gaietan zehar-lerroak garatzen lagundu behar zaie. Era berean, horretarako ezinbestekoa da, batetik, gai honetan irakasleen prestakuntza bultzatzea eta, bestetik, gaiaren garapenerako materialak prestatzea. Osasunaren heziketa sustatzeko gurasoen parte-hartzea bultzatzea izango litzateke ikastetxeen lana, horrela, ikastetxearen eremua gainditu eta eskolaz kanpoko errealitatean sartzeko. Halaber, gazteen denbora librean esku-hartzeko neurriak aztertu behar dira. Horretarako, osasunerako hezkuntza zentzu zabalean hartzen duen ikuspegi berria garatu behar da.

Gazteen ingurune hurbilean eragiteko beharra

Azpimarratu beharra dago gizarte-inguruneak duen garrantzia, eta, batez ere, gaztearen etxe eta familiako ingurunearena. Alderdi hau gazteriaren errealitateari buruzko diagnostiko guztietan azpimarratzen da, eta famili erakundeari laguntzeko hainbat bide garatuz eta adingabe eta gazteen arazoei buruzko prestakuntzarako eta informaziorako espazioak sortuz zehazten da. Famili erakundeari laguntzeko bide batzuk honako hauek izan daitezke: familiarentzako orientabide-, bitartekotza- eta terapia-zerbitzuak martxan jartzea, gurasoak etorkizunean seme-alaben orientatzaile izateko prestatzea eta ikastetxeetan guraso-elkarteak bultzatzea. Nolanahi ere, horrelako ahaleginak, nahitaez, zerbitzu koordinatuak ezartzea, hitzarmenak garatzea eta aginpideen banaketa eta esleipenari buruz eztabaidatzea eskatzen du.

Zerbitzuak gazteen osasunari egokitzea

Osasun-zerbitzuak gazteen berezitasunetara hurbildu eta egokitzea, hainbat aldagairekin erlazionatuta dago: espazioaren kokapena, erabiltzaileari zuzendutako arreta estiloa eta eskainitako prestazio-mota, etab. Zentzu horretan, komenigarria izango lirateke ildo hauek jorratzea: gazteekin (elkarteak, adibidez) beren espazioetan bertan komunikatzeko bideak indartzea, gazteei osasunari buruzko jardueretan paper aktiboagoa ematea, elkarteei eskuragarri dauden baliabide, programa edo zerbitzuen berri ematea, eta, azkenik, gaur egungo estaldura hedatzeko aukeren gainean lan egitea.

Gazteen osasunaren eta bizi-kalitatearen errealitatearen eta beharren inguruko diagnostikoak biltzen duen azken puntuak informazio-, aholku- eta arreta-baliabideak indartu beharra azpimarratzen du. Horretarako, estrategia berriak garatu, espazio berrietara iritsi eta kolektibo berriez arduratu behar da.

Ardurak hobeto banatzearen beharra

Erakundeen arteko koordinazioa giltzarri da bizitzeko aztura eta jarrera osasungarriak bultzatzeko. Beharrezkoa da erakundeen arteko eta departamentuen arteko koordinazioa garatzea, osasun eta bizi-kalitate programak diseinatu eta martxan jartzeko. Horretarako bi alderditan eragin behar da gutxienez. Batetik, erakundeen eta osasunerako hezkuntzaren alorrean lanean ari diren gizarte-eragileen arteko koordinazioa bultzatu behar da, bizimodu osasungarriak sustatzeko eta gaur egungo edo etorkizuneko arrisku-egoerak prebenitzeko programak garatzeko. Bestetik, gazteen bizi-kalitatea eta osasuna hobetzera bideratutako zerbitzu eta programa guztien berri emango duen informazio-sistema erraza jarri behar da martxan.

Azken urteotan aurrerapen garrantzitsuak egin dira departamentuen arteko koordinazioan (Batzorde Mistoa sortu dute, esaterako, Osasun Saila, Hezkuntza Saila eta Droga-mendekotasunen atalak eta abarrek). Erakundeen arteko koordinazioa, ordea, ez da ona; ez eta administrazioen eta gizarte-eragileen artekoa ere. Beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak diputazioekin eta udalekin koordinazio estuagoa izatea (helburu eta lan espezifikoetan oinarrituta), eta baita martxan dauden osasun-plan ugari kudeatzeaz arduratzen diren gizarte-eragileekin ere.


Ondorioak

-Osasuna kontzeptu konplexua da. Arazoen analisia eta arazo horiek gainditzeko proposatzen diren neurriak kontzeptuaren definizioaren araberakoak izango dira. Azken urteotan, osasunaren kontzeptuak eboluzioa izan du; asistentziazko ikuspegitik bizi-kalitatearekin lotuago dagoen ikuspegira: pertsonak fisikoki, psikikoki eta sozialki osasuntsua izan behar du.
-Administrazioen esku-hartzea osasunaren ikuspegi orokor batetik egin behar da. Informazioa, prebentzioa eta prestakuntza lotu behar ditu, eta kontuan hartu behar ditu gazteriaren ezaugarriak eta heterogeneotasuna.
-Osasun publikoko arazo batzuek gazteriarengan eragiten dute gehienbat. Ondorengo hauek dira: auto-istripuak, mendekotasuna sortzen duten jarrerak, sexu-jarduera arriskutsuak (HIESa, sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunak, gogoz kontrako haurdunaldiak) eta elikadura-arazoak.
-Bizitzeko aztura eta jarrera osasungarriak sustatzea da, hain zuzen, gazteriaren artean osasun-arazoak geldiarazteko biderik eraginkorrena.
-Erakundeek hartutako neurriek arrakasta izateko, departamentuen arteko koordinazio hobea eta estuagoa lortu behar da, ez departamentuen artekoa bakarrik, baita gainerako erakundeekiko koordinazioa (diputazioak eta udalak) eta osasun-programen kudeaketan esku-hartzen duten gizarte-eragileekiko koordinazioa ere.
-Gazteen familia eta ingurune hurbila oso garrantzitsuak dira, lehentasunezkoak, gazteen azturak aldatzeko.
-Beharrezkoa da osasun-zerbitzuak gazteen behar eta ezaugarrietara hurbildu eta egokitzea.


Helburuak

-Pertsonak bere buruarekiko eta ingurunearekiko duen oreka erdigunetzat izango duen kontzeptu zabalago eta integratzaileagoa bultzatzea.
-Osasunaren inguruko informazioa eta prestakuntza jasotzeko politika orokorra garatzea.
-Osasun-zerbitzuak gazteei egokitzea.
-Gazteen bizi-kalitatea hobetzea, osasun publikoko arazoak murriztuz.
-Gazteen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeaz arduratzen diren entitate publikoen eta pribatuen (GKEak, elkartze-ehuna...) arteko koordinazioa indartzea.


Esku-hartze ildoak

Zehatzago eta sintesi gisa, analisia egin ondoren esku-hartze ildo hauek proposatzen dira:

4.1. esku-hartze ildoa:Bizimodu eta jarrera osasungarriak sustatzea gazteen artean

4.2. esku-hartze ildoa:Gazteen osasunean esku hartzeko koordinazioa sustatzea