Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

4.1.2.2. Hezkuntza

Sarrera

Irakaskuntzaren ikuspegitik gazteriaren egoeraren diagnostikoa egiteak norbanakoaren gizarteratze prozesu konplexuan murgiltzea suposatzen du. Prozesu luze eta korapilatsu horretan hainbat gizarte-eragilek hartzen dute parte, eta horien artean aipagarrienak –euren zeregin garrantzitsua dela eta– hauek dira: familia, “berdinen” taldeak, komunikabideak, hainbat eta hainbat motatako gizarte-eragileak eta eskola. Gizartearen egituran eta dinamikan gertatutako aldaketa ugarien ondorioz, prozesu horrek ere aldaketa nabarmenak jasan ditu azken bolada honetan, eta, izan ere, aldaketa horien ondorioek hausnarketa eta eztabaida sakona egitea merezi dute.

Gizarteko bizitzan, familian, hezkuntza-sisteman, informazio-teknologia aurreratuenen erabileran, lan-munduan eta abarrean azken urteotan gertatu diren aldaketek uste baino askoz gehiago aldatu dituzte belaunaldi gazteen gizarteratzeko eredu, mekanismo eta prozesuak. Horren ondorioz giro nahasia sortu da familian, eskolan eta administrazioan, eta gazteen jarrera berri edo ustekabekoei buruzko azalpen eta erantzunen bilaketa sakona eragin du.

Egoera larri horren ondorioz egindako ikerketa askotan azpimarratzen den bezala, familiak euren erantzukizun gizarteratzaileak eskolaren esku uzten joan dira pixkanaka. Irakasleek eta eskola-zuzendaritzek joera hori benetan gertatzen ari dela adierazi dute, eta kasu askotan baita kritikatu ere. Aldi berean, norbanakoarengandik hurbilen dagoen komunitateak ere –auzoa nahiz udalerria– behin eta berriro adierazi izan du gazteek jasotzen duten hezkuntzaren kalitatea eskasa dela, baina askotan norbanakoaren inguru hurbilak historian zehar hiritar gazteen gizarteratzean eta hezkuntzan bete duen funtsezko funtzioaz ohartu gabe.

Hauek eta beste iritzi batzuk sarritan entzun daitezke gazteriari buruzko hausnarketa edo eztabaidetan eta zerikusi handia dute etorkizuneko gizarte-proiektu bat egitearekin. Argi dago, beraz, gazteria, hezkuntza eta etorkizuna elkarri esku emanda doazen lagunak direla. Horrek etengabe eztabaidatu beharra dakar: norbanakoen gizarteratzeari buruz eta egiteko horrekin zerikusia duten gizarte-eragileen funtzio, ezaugarri eta betebeharrei buruz etengabe eztabaidatu behar da. Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Planaren arlo honetan egindako diagnostikotik ateratzen den ondorioaren arabera, eztabaida edo hausnarketa hori modu bateratuan soilik egin daiteke. Hortxe dugu gure erronka: gazteen gizarteratzean parte hartzen duten alderdi, mezu eta jarduera desberdinen arteko gutxieneko koherentzia bermatzen duten formulak bilatzea.

Bizirik dagoen eztabaida horretan, hezkuntza-sistemarekiko presio handia dago, baita komunikabideen aldetik ere, eta gure gizarteko arazo larrienen errua berari egotzi diogu. Zentzu horretan, Gazte Planaren egitekoa da hezkuntza-sistemaren arduren eta bere jardueraren mugak zehazki finkatzea; adibidez, zenbaterainoko ardura duen gizarte-bizitzarako beharrezkoak diren oinarrizko balioetan, eta horrek esan nahi du zenbait gairen segimendua egin behar dela, esaterako, gurasoengan antzemandako zenbait joera, hau da, beraiei dagozkien ardurak hezkuntza-sistemaren esku uztearena.

Lan-proiektu komun batek, beste alderdi batzuen artean, honako hauek garatu behar ditu: familiak eskolan parte hartzea, eskolak ingurunean eta alderantziz, eta enpresak, udalerriak eta elkarteen presentzia eskolan bertan, elkarlanean eta batak bestearen jarduera esparruetan sartu gabe. Beraz, hezkuntza-proiektu formalek, ez-formalak eta informalak epe luzeko perspektiba batean bat egite izango litzateke kontua, izan ere, beharrezko eskumenak hiru sistema horietatik lortzen baitira (1). Zentzu horretan, Liburu Zuri europarrak adierazten zuen bezala, gazte elkarteek, gizarte-langileek eta udalek lan garrantzitsua egin dute EBko hainbat herrialdetan, eta hori baliatu eta bultzatzea beharrezkoa litzateke.

Belaunaldi gazteenen gizarteratzearen helburua, horiek gizartearen dinamikan txertatzea bada, partehartze mekanismoen dinamizazioa izan behar da lehentasunezko alderdietako bat. Ildo horretan, familiak bere ingurunean integrazioa bilatzen duen era berean, eskolak ere lan egin behar du ikasleen prestakuntza akademikoa eta pertsonala ingurunearen beharren eta errealitatearen isla izan dadin. Ingurunea, aldi berean, hezkuntzan txertatzeko mekanismoak bilatzera behartuta dago, gazteak komunitatean errazago integra daitezen.

Zentzu horretan, eskolaren erronka bere zeregin akademiko edo hezitzailetik harago helduko litzateke, horretara mugatu gabe, bere gain hezkuntza lan bat hartuta hitzaren zentzurik zabalenean. Erronka, halaber, desberdintasunekiko errespetua sustatuko lukeen eta, beraz, desberdintasunak adierazi eta ezabatzera joko lukeen hezkuntza bat lortzea izango litzateke, ezinbesteko faktorea izanik berau, norbanakoak gizartean integratzea sustatzeko.

Ingurunea

Ikastetxeak irakasten den lekua edo ezagutza jakin batzuk transmititzen diren lekua baino zerbait gehiago izan behar badu, ikastetxearen eta ingurunearen arteko harremana aztertu behar da lehendabizi. Gazteek euren ingurunea hobeto ezagutzen dutela ziurtatu behar da. Horrek, aldi berean, ingurunearekin identifikazio eta lotura handiagoa izatea ekarriko luke eta, ondorioz, hobeto integratzea.

Harreman hori, hasiera batean, “ingurunea” terminoaz ulertzen dugunak baldintzatzen du. Izan ere, azken urteotako aldaketa handiek zabaldu egin dute ingurunearen kontzeptua: ingurune hurbila gainditu eta Europako errealitate berriak bere baitan biltzen ditu kontzeptu horrek. Zentzu horretan, Europa hiritarrak garatzeko gune berri bihurtu da.

Horrekin erlazionatuta dagoen beste alderdi garrantzitsu bat ere badago: gazteriari buruzko gaiak eztabaidatu eta erabakitzen diren foro europarretan euskal Administrazio
Publikoak bultzada berezia behar du. Hori, eskumeneko administrazioen arteko akordioaren ondorioz sortutako mekanismo egokiak mugituta lortuko da. Bi zentzutan gutxienez baliagarria izango litzateke: nola arazo larriei aurre egiteko burutzen ari diren estrategiak ezagutzeko (gizarte-bazterketa, gazteen langabezia, etab.), hala gure esperientziaren ekarpena egiteko. Elkartrukatze-maila horrek, gaur egun, defizit bat du.

Ikastetxearen eta ingurunearen erlazioa

Ikastetxea ingurunera hurbiltzea da, hain zuzen, errealitatearen ezagutza hezkuntzaren jardunean integratzea lortzeko bide bat, bakarra ez bada ere. Irekitze horrek aurkako noranzkorako ere aukera eman behar du, hau da, inguruneko errealitatea ikastetxean sartzekoa.

Ikastetxea ingurunera irekitzea orain arte ikuspuntu honetatik planteatu da: ikastetxea nahikoa erabili ez den eta erabilera aukera ugari ematen dituen ekipamendua da. Horrela, herriak baliabide ugari erabil ditzake (ordenagailu-gela, liburutegiak, kirol-ekipamenduak, etab.) eskola-orduetatik kanpo.

Oinarrizko hezkuntzako ikastetxeetan –udalerriaren esku daude, hain zuzen– bada denbora ildo horretatik lanean ari direla. Suspergarri eta eragingarria ere bada matrikulazioak behera egin duen ikastetxeentzat. Eusko Jaurlaritzaren esku dauden bigarren hezkuntzako ikastetxetan, berriz, aukera horrekiko jarrera itxiagoa da, honako arrazoiengatik: irekiera hori eraginkortasunez egiteko baliabide eskasia eta ikastetxeen euren erresistentzia, neurri batean ikastetxearekiko kontrola galtzeko beldurrak eta irekiera horrek eragin litzakeen arazoen erantzukizun-banaketak eraginda.

Beraz, oinarrizko akordio bat lortu beharko da ikastetxeen irekierarekin lotura duten eragile guztien artean: toki-erakundea, Eusko Jaurlaritza, gizarte-eragileak (tokian tokiko elkarteak) eta ikastetxeak eurak. Era berean, horrelako ekimenak babestuko dituen araudia behar da.

Bistakoa da ikuspuntu horretatik abiatutako ikastetxearen irekiera helburu gisa finkatzeko beharra, baina gainera, eta horrekin batera, ikastetxearen hezkuntza-jarduera aberastetik hurbilago dagoen irekiera kontzeptua planteatu behar da: ikastetxea eskola-orduetan ere irekita egotea.

Proposamen horren oinarrian hezkuntza-espazioa eta gizarte-espazioaren benetako integrazioaren beharra dago. Horrek asko aldatzen du ikastetxearen kontzeptua: eskola-orduetan ingurunearen errealitatetik banatuta egoten den espazioa izatetik, aisian, kirolean, kontsumoan, dibertsioan eta beste hainbat arlotan hezkuntzaren kontzeptua sartzen den leku izatera pasatuko litzateke; hau da, orain arte osorik hezkuntzaren eremutik heldu ez zaien eremuetan sartuko litzateke. Eskolaz kanpoko errealitatea ikastetxera hurbildu nahi da, ikasleen prestakuntza integralean ekarpen handiak egin ditzaketen kanpoko eragileen bitartez.

Hona hemen finkatu beharreko helburu batzuk: tokiko administrazioek edota elkarteek parte-hartze handiagoa izatea ikastetxean; aisialdiko elkarteekin elkarlan handiagoa izatea, hezkuntza-munduaren eta ingurunearen (zentzu zabalean ulertuta) erlazioa landuko duten organo eta egitura funtzionalak izateko apustuaren baitan, eta, oro har, ingurunearen eta ikastetxearen arteko lankidetzarako programak martxan jartzeko bitartekoen hornidura.

Azkenik, eta ingurunea osorik ezagutzea oso garrantzitsua bada ere, kontuan izan behar da gaur egungo gizartean aldaketak sekulako abiaduran gertatzen direla eta lekualdaketa gauza arrunta bihurtu dela. Horregatik, ingurunearen ezagutza gaur egungo gizartean giltzarri den gaitasun batekin osatu behar da: egokitzeko gaitasuna, edo zehatzago esateko, ikasten ikasteko gaitasuna. Errealitatea ikuspegi kritiko batetik ulertzeko gaitasuna garatzea beti izan da hezkuntzaren helburu nagusietako bat, baina helburu hori estrategikoa da gaur egun, gizarte globalizatu baten aurrean gaudelako eta aldaketa salbuespena izatetik araua izatera eta etengabea izatera pasa delako.

Balioen garrantzia

Ingurunearen ezagutzari alderdi sozial eta politikotik eutsiz gero, bete-betean egingo dugu topo balioen gaiarekin. Balioak gure gizarteari oso lotuta daude. Gizabanakoaren hezkuntza zibikoa, soziala eta politikoa balioen ikuspegitik jorratu behar dira eta honako alderdi hauek osatzen dute: kritikatzeko gaitasuna, solidaritatea, berdintasuna, askatasuna, gatazken irtenbide elkarrizketatua eta parte-hartzailea, biolentzia-mota guztien (politikoa, sexista, etab.) aurreko jarrera. Helburu horren oinarrian hausnarketa sakona dago: gizartean, ezinbestean, zehaztu egin behar dira oinarrizko balioak zein diren, bai eta eragile sozializatzaileek zein funtzio dituzten ere balio horiek transmititzeko.

Halaber, euskal gazte-indarkeriari buruzko hausnarketak, eta horri lotuta, “kale-borrokak”, atal honetako hausnarketan eta diagnostikoan leku garrantzitsua hartu dute, eta prebentzioari zuzendutako ekintza zehatzak ere diseinatu dira. Horren garapenaz nahiko zabal hitz egin da gazte-indarkeriaz ari den atalean, nola fenomenoaren analisian hala Gazte Planak bere osotasunean hartutako zenbait konpromisoren bidez gaiari heltzerakoan. Horregatik, atal honetan soilik hezkuntzaren esparruan balioen gaian adostutako ideiak islatzen dira.

Lehenik eta behin, balioen inguruko eztabaida serio bat bultzatu beharra azpimarratzen da, horretarako, zenbait gizarte-eragilek aurreratu ahal izan duten lana erabiliz. Gizarte osora iritsi behar den eztabaida da, eta, bereziki, ikastetxetara eta hezkuntza komunitatearen parte diren gainerako eragileetara. Eztabaida horrek balioei buruz eta balio horiek eskolan, familian eta komunitatean dituzten ondorioei buruz hausnartzeko balio beharko luke. Eta, halaber, bizitzako jarrerak gidatzeko erreferentziazko baliorik ez dagoela dioen gaur egungo erlatibismoari aurre egiteko ere balio beharko luke.

Halaber, beharrezkoa dirudi ikastetxeetan balioak transmititzeko berariazko hezkuntza-programak definitu eta martxan jartzeko lan egitea, horretarako behar diren baliabide guztiak erabiliz. Programa horietan, batetik, abiapuntuko ildo zehatzak finkatuko dira eta prestakuntzako erantzukizunak zehaztuko; eta, bestetik, irakasleak eta horrekin guztiarekin zerikusia duten gainerako gizarte-eragileak prestatzeko laguntzak eman beharko dira. Horretarako, oso lagungarria da balioen hezkuntzaren inguruan elkarteek egin duten lana, eta, beraz, nolabait ikastetxera eraman beharko da.

Era berean, esan beharra dago balioen hezkuntza bultzatu eta garatzeak balioei buruzko mezuaren eta ikastetxeen antolakuntza, egitura edo diziplinaren arteko koherentzia nabarmen baten bila lan egitea esan nahi duela. Eskolak bere gain hartu behar ditu, beste hainbat gauzaren artean, elkarrizketa sustatzea, hezkidetza, autokritika egitea, norbere irizpide independentea duen ikasleen prestakuntza eta azkenik, ikastetxearen eta ingurunearen arteko harremana bultzatu beharra, ingurunearekin loturarik ez duen eskolaren "neutral" irudia apurtzeko formula gisa. Horrenbestez, bultzatu beharreko balio horiek zentroko funtzionamenduan integratzea izango da, hain zuzen, balioen hezkuntza lantzeko ezinbesteko baldintzetako bat.

Parte-hartzea balio gisa

Diagnostikoak, halaber, gazteriaren parte-hartze aktiboa balio gisa sustatu beharra azpimarratzen du, hau da, gazteen artean jarrera parte-hartzaileagoak bultzatzea. Alderdi hori funtsezkoa da gazteak gizartean integratzeko, hezkuntzan parte hartzeak hiritartasun sentimendua indartzen baitu. Egiteko horretan, ikastetxea espazio pribilegiatua da, parte-hartze ereduak "entseatzeko" eta lantzeko. Eskolako dinamika parte-hartzaileek jarrera aktiboa bultzatzen dute ikasleei eragiten dieten gaietan eta, halaber, hezkuntzaren eremutik kanpoko dinamika parte-hartzailetarako hezten eta trebatzen dituzte . Bestetik, dinamika parte-hartzaileek konpromisoa, eta, beraz, ardura sortzen dute, hezkuntzaren eremutik bultzatu beharreko balioak biak ere.

Horrenbestez, ikastetxe barruan ikasleen parte-hartzea bultzatuko duten ereduak sortu eta finkatzeko helburua aipatzen da. Eredu horien helburua nagikeria gainditzea izango litzateke, eta irakasleen, ikasleen eta hezkuntza-munduko beste kide batzuen parte hartzeko gaur egungo arau eta ereduak aldatzeko aukerak jorratu beharko lituzkete. Bestalde, hezkuntza-munduaren eta, batez ere, gazteen dinamika parte-hartzaileagoa ahalbidetuko lukeen eredu bat zehaztea izan behar lukete helburu.

Ildo beretik jarraituz, ikastetxeak bere esparrutik kanpo ere parte hartzeko dinamika garatzearen komenientzia planteatzen du diagnostikoak, ikastetxeak esperientzia, ekimen eta alternatibak zabaltzen egin dezakeen lana bultzatuz. Horrela, inguruneko beste esperientzia eta parte hartzeko proposamen batzuen plataforma informatzaile eta dinamizatzaile bihurtzen da ikastetxea.

Gazteriaren artean parte hartzeko kemena bultzatzearekin zerikusia duen azken alderdi batek, berriz, ikastetxeetan benetako bizikidetasun giroa bultzatzeko beharrera garamatza. Ideia horrek lotura estua du eskolako bizitzako alderdi askoren inguruan hartzen diren erabakiekin (besteak beste, ordutegi, garapen kurrikular eta eskolako jardueren inguruan hartzen direnekin), eta aldi berean, gatazkak konpontzeko elkarrizketa bideen diseinuan lan egiteko, arauak errespetatzeko eta elkarlana bultzatzeko komenientzia planteatzen ditu.

Desberdintasuna eta aniztasuna

Gizarte-desberdintasuna eta gizarte-aniztasuna oso lotuta daude beste zenbait baliorekin –tolerantzia eta berdintasuna kasu– eta, horregatik, Gazte Plan honek arreta berezia eskaini behar dio. Bi elementuak, desberdintasuna eta aniztasuna, errealitate berberaren bi aurpegi dira: diferentziarenak.

Desberdintasunen kasuan, diferentziak izaera negatiboa du oinarrizko baliabideak –kultura, lana, etxebizitza etab.– eskuratzeko zailtasunak sortzen dituelako; eta, beraz, hezkuntzaren ikuspegitik aurre egin behar zaio. Gazteen arteko desberdintasunei buruz kontzientzia izatearekin batera, ezinbestekoa da desberdintasun eta diskriminazio egoeren eragina jasaten duten taldeak detektatu eta eurengan ekintza positiboak garatzea. Aldi berean, desberdintasunen sustraitik lan egin beharra azpimarratzen da. Horretarako, konpentsazio irizpideetan oinarritu behar da eta gizartean eta lan-munduan sartzeko baldintza gogorrenetan dauden gazteen aukerak areagotzen ahalegindu.

Bestetik, aniztasuna desberdintasun modu positiboa eta aberatsa da. Harmonian bizi behar duten kultur proposamen desberdinekiko tolerantziarekin lotuta dago, baita osagarriak izan behar duten gaitasun-aniztasunarekin ere. Horrek eskola-porrota –oso hedatua– eta hezkuntza-sistemako beste arazo batzuk eragotziko lituzke. Diferentziaren alderdi positiboak azpimarratzeak desberdintasunen aurka egiten lagundu behar du. Izan ere, aniztasuna modu desegoki batean tratatzen bada, diferenteak diren gizabanakoak baztertze-arriskuan jar ditzake.

Ardura-banaketa

Administrazioak onartzen du gizarte-eragileek irakasleei egin diezaieketen ekarpena oso garrantzitsua dela. Baina praktikan administrazioak zailtasun handiak daude elkarteekin duen harremana artikulatzeko, izan ere elkarteak ugariak eta mota desberdinetakoak baitira.

Horrela, bada, administrazioaren papera hezkuntzan hegemonikotzat jo daiteke. Elkarlana azken faseetara mugatzen da kasu gehienetan. Hasierako faseetan (gogoeta, diseinua, plana egitea) elkarlanik ez dago eta dagoen kasuetan oso eskasa da. Horregatik, eta esperientzia positiboak baldin badaude ere (hezitzaile eta psikologo gazteekin sinatutako hitzarmenak, udalenak izanik ere zuzenean kudeatzen ez dituzten haur-eskolak, gizarte-eragileek material didaktikoa sortzen egindako ekarpena edo guraso-elkarteek egindako jarduerak), administrazioaren eta gizarte-eragileen arteko lankidetza-kulturak aldaketa sakona izan behar du.

Begi bistakoa da ardura nagusia administrazioaren esku geratzen dela, baina, hala ere, administrazioak gizarte-eragileekin harreman ona izatea bermatu behar da. Bestalde, diagnostikoak jasotzen duen bezala, oso garrantzitsua da balioen problematikan gizarte-eragileek duten egitekoa.


Ondorioak

-Azken urteotan aldaketak gertatu dira komunitate-bizitzan, familian, hezkuntza-sisteman, informazio-teknologia aurreratuen erabileran, lan-munduan etab. Aldaketa horiek espero zitekeena baino gehiago aldatu dituzte belaunaldi berrien gizarteratzeko eredu, mekanismo eta prozesuak.
-Egoera horrek irakaskuntzan aritzen diren gizarte-eragileen funtzio, ezaugarri eta betebeharrei buruz etengabe eztabaidatzea eskatzen du.
-Eskolaren gaur egungo erronka hauxe da: prestakuntza-betebeharren eta betebehar akademikoen zentzu hertsia gainditu eta hezkuntza –zentzurik zabalenean– bere gain hartzea.
-Ikastetxeak irakasten den leku bat edo ezagutza jakin batzuek transmititzen diren leku bat baino zerbait gehiago izan behar badu, ikastetxearen eta ingurunearen arteko harremana aztertu behar da lehendabizi. Azken urteotan gure gizarteetan izandako aldaketa handiek zabaldu egin dute ingurunearen kontzeptua: Europa hiritarrak garatzeko gune berri bihurtu da.
-Ingurunearen ezagutza beharrezkoa da. Baina horrekin batera gazteei euren bizitzan zehar izango dituzten etengabeko aldaketetara (lekualdaketak, aldaketa sozialak, etab.) erraztasun handiagoz egokitzen lagunduko dieten estrategiak irakatsi behar zaizkie.
-Ezinbesteko egokitze eta ikaskuntza horrek agerian uzten du ikastetxea inguruneari zabaltzeko beharra, ez ekipamenduen erabilera egokiago baterako soilik, baita ingurunearen errealitatea ikasgelan integratzeko ere.
-Balioen heziketa hezkuntzaren oinarrietako bat da. Horregatik, orain arte egin ez den eztabaida bultzatu behar da elkarbizitza bermatuko duen gutxieneko adostasuna osatuko duten balioen inguruan.
-Parte-hartzea, elkartasuna gizarte-desberdintasunean daudenekin eta aniztasunarekiko elkartasuna dira Hezkuntza arlotik landu beharreko bi ardatzak.


Helburuak

Gazte Plan honek hezkuntzaren eremuan duen helburu nagusia hauxe da: gazteen gizarteratzea bultzatzea gizarte-integrazioa bermatzeko beharrezkoak diren ezagutzari eta trebetasunei dagokionez, eta horretarako gizarte-eragileen lankidetzaz baliatzea.

Helburu hori helburu zehatzago hauetan zehazten da:

-Ikastetxearen eta ingurunearen arteko harremana sendotzea, ikastetxea ingurunera hurbilduz eta alderantziz.
-Balioen mundua landu, hezkuntza-esparruak beren garapenerako duen potentzialtasunetik.
-Parte-hartze balioan eragitea. Horretarako, balio hori praktikara eraman behar da gatazken ebazpenean, erabakiak hartzeko parte-hartzean, etab.
-Diferentziari arreta berezia eskaintzea, bai alderdi negatiboari –gizarte-desberdintasunari, alegia–, eta bai alderdi positiboari –hau da, ongi zaindu beharreko aberastasuna den aniztasunari–.


Esku hartzeko eta jarduteko ildoak

Ezarritako helburuak betetzeko lau esku-hartze ildo hauei jarraitu behar zaie:

2.4. esku-hartze ildoa:Ikastetxeetan balioetan oinarritutako Hezkuntza bultzatzea

2.5. esku-hartze ildoa:Ikastetxeak gizarte-ingurunera hurbiltzea

2.6. esku-hartze ildoa:Ikasleen parte-hartzea bultzatzeko estrategiak garatzea ikastetxeetan

2.7. esku-hartze ildoa:Hezkuntza-eremutik aniztasuna eta desberdintasuna lantzeko jarduerak garatzea
.

(1) Liburu Zurian honela definitzen da ikaskuntza formala: hezkuntza- edo prestakuntza-zentroan eskaintzen dena eta titulu edo ziurtagiri bat ematen duena; ez-formala, aldiz, hezkuntza zentroetatik kanpo eskaini eta ez duena nahitaez titulu edo ziurtagiri bat ematen. Azkenik, hezkuntza informala honela definitzen da: ez da hezkuntza-zentroetan eskaintzen, ez du nahitaez titulu edo ziurtagiri bat ematen eta gainera, ez dago egituratuta (gaztetxoen taldeak, elkarteak, familia etab).