Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

4.1.2.1. Lanerako prestakuntza

Sarrera

Azken urteotan lan-merkatuak eboluzio positiboa izan du kuantitatiboki, loraldi ekonomikoak eragindako ondorio positiboengatik eta administrazioek eta beste agente batzuk bultzatutako neurri zuzentzaileengatik. Baina, hala ere, lan-baldintzek euskal gazteria osoa kezkatzen dute. Egindako diagnostikoan, lanpostu berriak sortzearekin batera lanaren ezegonkortasunak gora egin duela ikusi da. Enplegurako prestakuntzak, profesionalak sortzea helburu izanik eta lan-merkatura bideratuta egonik, kontuan hartu beharko ditu lan-merkatuaren eboluzioaren alderdi positiboak eta negatiboak. Bestalde, erakundeek eta gizarte-eragileek elkarrekin lan egin beharko dute aipatutako joerak izandako ondorio negatiboentzat neurri zuzentzaileak bultzatzeko.

Lan-testuinguru edo lanaren kultura berri baten sorrera

Belaunaldi berrienek zehaztu gabeko testuinguruari aurre egin behar diote, eta, gainera, oraindik gako edo erreferente garbi gehiegirik gabe.

Martxan jarritako neurri zuzentzaileei esker, gazteek hobeto ezagutzen dute enpresa-mundua. Lanbide Heziketan dagoeneko martxan da “Prestakuntza Lantokietan” eta berehalakoan hasiko da unibertsitatean ere. Beraz, azken urteotan hezkuntza- eta enpresa-mundua hurbildu egin direla ikusten da, hurbilketa hori oraindik sendoagoa izan behar duen arren. Zentzu horretan, gazteei buruzko eta hauek lan-munduan sartzeari buruzko edozein diagnostikotan ezinbestekoa da gazteriaren eta enpresaren arteko harremana sakonki aztertu eta eguneratzea. Alde batetik, enpresa-munduaren eta prestakuntza-alor desberdinen arteko komunikazioak handiagoa izan beharko luke, irekiago izan beharko luke; eta, bestetik, gazteen aldeko benetako apustua egin beharko litzateke, aldaketaren aliatuak eta enpresa-munduaren berrikuntza eta eguneratzearen giltzarriak direlako eta, horrenbestez, lan-aukera bat merezi dutelako.

Gaur egungo gazteen langabeziak enplegua bilatu eta sortzeko formula berritzaileak bultzatzea eskatzen du. Halaber, gazteriaren berezko izaera dinamiko eta aktiboak eta joera eta teknologia berrienganako duen interesak bultzadatxo bat eskatzen dute izpiritu berritzaile hori lanpostu-iturri bihurtzen laguntzeko.

Lan-munduak eskatzen dituen erronka berri hauek onartu beharrak berarekin dakartza gazteriaren parte-hartzea eta gizarte osoaren erantzukizuna errealitate horrekin bat datorren planteamendua egiteko orduan. Aldi berean, hainbat proposamen berriren inguruan benetako hausnarketa egitea suposatzen du planteamendu horrek, esate baterako: lanorduen banaketa, lan-munduan balio eta jarrera solidarioagoak bultzatzea, eta laneko espazio eta aukera berriak aztertu eta zabaltzea.

Prestakuntza-ibilbideak indartzea

Prestakuntza-ibilbideek gazteen lan-munduaren diagnostikoan duten garrantzia kontuan hartuz, ibilbide horiek gaur egun dituzten ezaugarri batzuk kontuan hartzea komeni da.

Alde batetik, lotura falta nabaritzen da gazteak geroko lanerako prestatzen diharduten prestakuntza-munduaren eta lan-munduaren inguruko ezaugarri, baldintza eta eskaeren artean. Sinkronia eta komunikazio falta horrek eragin garbia du, bai gazteak lan-munduan sartzeko orduan eta bai ekonomia- eta enpresa-mundua berritzeko orduan ere.

Prestakuntza-zikloen eta laneko praktiken artean lotura zuzenagoa egon behar du, prestakuntza hori praktikoagoa izan dadin. Zentzu horretan, Lanbide Heziketako Euskal Planak hainbat prestakuntza-programa diseinatu ditu, eta horietan erreferentzia gisa ekoizpen-sistemaren premiak hartu dira. Ildo horretatik, lanbide-prestakuntza gaitasunetan ere oinarritzen da, eta ez soilik ezagutzetan.

Lan-munduari buruzko informazio-hutsuneak antzematen dira gazteen artean, eta, batez ere, merkatuko eskaeren eboluzioaren inguruan.

Halaber, jarrera berriak garatu beharra ikusten da, jarrera pasibo eta inmobilistak aldatu eta lan-bilaketa aktiboak bultzatzeko. Beste neurri batzuekin batera, gazteen izaera ekintzailea bultzatu behar da eta enpresen sorrerara eta autoenplegura bideratu.

Beste zenbait akats ere nabaritu dira, hala nola: gazteei eragiten dien problematikaren ikuspegi orokorrik ez izatea, eta, bestalde, talde gisa homogeneo bihurtzeko joera nabarmena. Horrek lan-munduan sartzeko ibilbide pertsonalak garatu beharra dakar; hau da, norbanakoen historiako hainbat aldagairekin zerikusia duten alderdiez arduratzea, hots: bakoitzaren prestakuntza-etapa, lan-munduari buruz duen orientabidea eta informazioa, gizarte-maila edo -mota jakin batekoa izatea, eta herri-mailan duen ingurunea eta giroa.

Prestakuntzaren eta lan-merkatuaren arteko etena

Gazteriari buruzko eta horrek enplegurako prestakuntzarekin duen erlazioari buruzko diagnostikoan jasotzen den alderdi nagusietako batek lan-munduaren eta hezkuntza-munduaren arteko lotura faltak eragiten dituen ondorio negatiboak aipatzen ditu. Gaur egungo gazteen langabeziaren egiturari begiratuz gero, argi eta garbi bereizten diren bi kolektibo daude: lehenengoa prestakuntzarik ez dutenek edo prestakuntza eskasa dutenek osatzen dute; bigarrenak, berriz, lan-munduan sartzeko aukera gutxi ematen dituen titulazioak egin dituztenak biltzen ditu.

Orain arte ez da harreman normalizaturik izan lan-munduaren eta hezkuntza-munduaren artean. Akats horrek muga handiak jarri izan dizkio ikasleen prestakuntzari eta arazo nabarmenak sortzen ditu lan-munduan sartzeko orduan. Hezkuntza-sistemaren eta enpresaren arteko harreman eskasak lan-merkatuak eskatzen duena eta prestakuntzak eskaintzen duena ez jakitea eragiten du. Horrela, zenbait kolektibo profesionaletan eta lan-indarraren eskaera erabat estalita ez dagoen beste jarduera batzuetan, langabezia tasa altuen elkarbizitza antzematen da. Errealitate hori zenbait faktoreren ondorioa da, alegia: kulturalak (zenbait jarduerek beste batzuen aldean duten izen onarekin erlazionatuta), lanekoak (lan-baldintza orokorrak), ekonomikoak (ordainketa-mailak), etab. Horiek guztiak arretaz aztertzea merezi luke, lan-eskaera eta -eskaintzaren arteko beharrezko egokitzapenean eragile bakoitzaren ardura zein den jakiteko.

Faktore horiekin batera, diagnostikoak bi alderdiak hurbiltzeko formuletan sakontzearen aldeko apustu garbia egiten du: profesionalen eta informazio berriaren elkartrukea, esperientzien berri ematea, eta, oro har, harreman iraunkor eta egonkorra martxan jartzeko beharrezkoak diren neurriak bultzatzea. Hezkuntza-sistemaren antolamendu berria ildo horretatik doa prestakuntza orokorrean eta Lanbide Heziketan.

Ikastetxe eta enpresen arteko komunikazioa eta elkartrukea erraztuko duten baliabideak edo azpiegiturak eman baino gehiago, prestakuntza-dinamika berriak bultzatzeko aukerak aztertu behar dira, horien bidez ikasleak enpresarekin harremanetan jartzeko eta gazteak beraiek enpresa baliran pentsatzera eta inguruan duten errealitate ekonomikora hurbiltzera bultzatzeko.

Halaber, hezkuntza-sistema praktikoagoa garatu beharko litzateke, Lanbide Prestakuntza indartzen jarraitu, ikasleei lan-munduan sartzeko momentuan arreta eta laguntza gehiago eskaini eta enpleguarekin harreman estuagoa bultzatzen duten formulak bilatu.

Zentzu horretan, Lanbide Heziketaren Euskal Plana eta Euskadiko Lanbide Prestakuntzen Sistema martxan jarri zirenetik, azken urteotan alor horretan egindako aurrerapenak azpimarragarriak dira. Horien bidez, Lanbide Prestakuntzaren hiru sistemak osatu nahi dira: Hasierakoa, Okupazionala eta Jarraitua. Plan horrek sustatutako ekintzen artean Prestakuntzarako Katalogo Modularra martxan jarri izana nabarmendu behar da, Kualifikazio Sistemari lotua, eta baita Lanbide Heziketaren izen ona areagotzea helburu duten horiek ere. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da Lanbide Heziketarako Euskal Plana eta Euskadiko Kualifikazio Sistema laguntzen eta zabaltzen jarraitzea, gazteak lan-munduratzerako funtsezko tresnak baitira.

Titulazioen egoera lan-merkatuan, prestakuntza-ibilbideak aukeratzeko gakoa

Prestakuntza-ibilbideak aukeratzen laguntzeko dagoen informazioa nahikoa ez dela ikusi da. Kasu gehienetan, programen eta bokaziozko alderdien deskripzioan oinarritzen da.

Beharrezkoa da titulazioek lan-merkatuan duten egoeraren analisia egitea. Analisi horrek lanpostu bat lortzeko oinarrizko bi aldagai hartu behar ditu kontuan: enplegu-aukeraren indizea eta jardunean dauden profesionalen batez besteko ordainsaria.

Ildo horretatik egin diren saio bakanek titulazio bakoitzaren egoerari buruzko informazio egiaztatua emateko balio izan dute. Adibidez, orain arte karrera teknikoak lan-munduan sartzeko eraginkorrenak zirela uste izan da, eta analisi horiek enplegu-aukeraren indize positibo horiek apaltzeko balio izan dute.

Kolektibo baztertuak

Inmigrazioa betidanik egon izan da. Azken urteotako migrazio-korronteek agerian utzi dute hezkuntza-sistemak kolektibo etorkinei arreta berezia jartzeko beharra. Etorkinak Afrikakoak eta Europa ekialdeko herrialdetakoak dira batez ere, eta hirian kokatzen dira. Pertsona horien prestakuntza hobetzeak euren bizi-baldintzak hobetzen lagunduko luke, kalitate hobeko lanpostuetara heldu ahal izango luketelako. Gainera, etorkinen prestakuntza hobetzea faktore garrantzitsua da euren jatorrizko herrialdearen garapenerako, etorkin asko jaioterrira itzultzen delako.

Arrazoi horiekin batera, lan-merkatuko aurreikuspenek mendebaldeko herrien produkzioa mantentzeko atzerriko eskulanaren beharra gero eta handiagoa dela erakutsi dute. Europar Batasunaren aurreikuspenen arabera, hurrengo bost urteetan urtean milioi erdi etorkin sartuko da legalki edo ilegalki. Hezkuntza-sistemak, oro har, eta prestakuntza-zentroek, bereziki, pertsona horien eskaeretara egokitu beharko dute.

Kolektibo sozial berriek jaso behar duten arreta bereziaz gain, enplegurako prestakuntzaren gogoeta integratzaileak kontuan izan behar du generoaren ikuspegia ere. Profesionalak sortzera bideratuta dagoenez eta lan-merkaturako proiekzioa duenez, enplegurako prestakuntzak kontuan izan behar ditu emakume langileengan eragiten duten alderdi diskriminatzaileak. Beharrezkoa da emakumeen lanak gizartean zein soldatan onarpena izatea; baita lanaren behin-behinekotasunaren aurka egitea ere, bereziki emakumeengan eta baztertutako gazteengan eragiten baitu.

Zentzu horretan, komenigarria da emakumeak gutxietsitako kolektibo gisa ez aipatzea, kasu bakoitzean arrazoiak zehazten ez badira; izan ere, emakumeek eta gizonek bizitzaren, gizartearen edo lan-ingurunearen esparru bakoitzean, beren berezko potentzialtasunak eta arriskuak baitituzte. Horregatik, beharrezkoa da genero desberdintasunak zehaztu eta kontuan hartzea, gutxietsitakotzat hartuak diren edo laneratze eta gizarteratze zailtasun handiagoak dituzten kolektibo horietan, esaterako: gutxitasunak dituztenak, etorkinak, etab. Aipatzen diren gazte-azpitaldeak datuz laguntzeak diagnostikoak osatuko lituzke, eta esku-hartze ildoak eta helburuak hobetzen lagunduko luke, hala behar den kasuetan batzuentzat eta besteentzat helburu bereiztuak adieraziz.

Administrazioaren eta gizarte-eragileen ardura-banaketa enplegurako prestakuntzan

Esparru honetan izandako aurrerapenak onartuta ere, hezkuntza-sisteman gizarte-eragileen parte-hartze handiagoaren beharra antzematen da, ez soilik prestakuntza-ekintzak eskaintzeari dagokionez, baita horien planifikazioan ere.

Parte-hartze hori handitzeak irakaskuntzako edukiak eta bitartekoak elkarrengandik hurbilago egotea ekarriko luke eta koordinazio faltak eragindako zenbait arazo konponduko lituzke. Parte hartzeko eskaera hori batez ere prestakuntza arautu gabeari dagokio, prestakuntza arautuaren eremuan aurrerapauso handiagoak izan baitira. Horrela, bada, azken urteotan gizarte-eragileen parte-hartzea bultzatu da Lanbide-Prestakuntzaren Euskal Planean eta Lanbide-Prestakuntzaren Kontseiluan, baita zenbait prestakuntza-zentroren kudeaketan ere.

Parte-hartze handiagoa izateko eskaera kontzeptu zabalago batekin lotuta dago: hezkuntza-sistemaren malgutasunarekin. Errealitate sozial berriek eta prestakuntza-eskaera berriek hezkuntza-sistema malgua eskatzen dute. Izan ere, parte hartzeko eskaerak askotan sistemaren zurruntasuna du aurrez aurre: muga, batetik, irakasleen funtzionario-sistemak eta beharrezko inbertsioak egiteko bete behar diren lege mekanismoek eragiten dute; eta, bestetik, gaur egungo lege-markoek zehaztutako inbertsioetako aurrekontuek. Horrenbestez, sistemaren maila baxuenetan bederen nolabaiteko malgutasuna lor daiteke: Euskal Eskola Publikoaren Legeak jasotzen duen zentroen autonomiaz baliatu behar da horretarako.

Enpresek, gizarte-eragileak direnez, enplegurako prestakuntza hobetzeko konpromisoak hartzen, langile gazteen kontratazioa sustatzen eta praktikak egiteko aukerak eskaintzen jarraitu behar dute.

Irakaskuntza arautu gabearen onarpena

Irakaskuntza arautu gabearen onarpenean aurrera egin behar da. Gaur egungo homologazio-sistema ez da erabat eraginkorra. Irakaskuntza arautu gabeaz arduratzen diren ikastetxeek sortzen dituzten itxaropenak eta irakaskuntza horrek lan-merkatuan duen onarpena ez datoz bat.

Sistema hobetzeko prestakuntzaren kontzeptua interpretatu eta garatu behar da. Prestakuntza horrek etengabea izan behar du (denborari dagokionez) eta zabala (ikaskuntza-motez eta gaitasun profesionalez jabetzeko bidea emango duena). Ikuspegi hori martxan jartzeko gaur egungo hiru azpisistemak integratu egin behar dira. Horrek ikuspegi orokorra ematen du –oraingo planteamenduak ez bezala, gaur egun azpisistema bakoitzak bere finantziazio, plangintza eta homologazio modua duelako–. Horrela ulertuta, ikuspegi berriak konnotazio sakonagoa du; izan ere, gizakia eta bere prestakuntza-beharrak dira helburu, azpisistema bakoitzaren ezaugarrien gainetik.

Kontzeptu berri horri esker, hezkuntza eta prestakuntza pertsonen garapen pertsonal eta profesionalerako oinarrizko elementu bihurtuko da. Halaber, ekonomia-munduaren lehiakortasuna hobetzea eta lurralde bakoitzeko kohesio ekonomiko eta soziala areagotzea eragingo du. Baina kontzeptu hori bideragarria izan dadin, homologazio-sistema bat ezarri behar da, edota prestakuntzarako azpisistema guztietara hedatuko den eta bizitza guztian zeharreko prestakuntza bermatuko duen ibilbidea onartzeko sistema.

Hezkuntza-sistemaren erronka berriak: teknologia berriak eta hizkuntz aniztasuna

Enplegurako prestakuntzak pertsonen, enpresen eta herrialdeen gaitasuna handitzea izan behar du helburu. Europar Batasunak onartutako Langileen Zirkulazio Librerako Legeari esker, jende-kopuru handia etorri da gure herrialdetara. Europako ekialdeko herrialdetatik etorri dira gehienak eta oso prestakuntza-maila altua dute. Horrek areagotu egin du euren lanpostua arriskuan ikusten duten langileek prestakuntza-mailarekiko duten kezka. Europar Batasuneko herrialdeetan, prestakuntza eta gaitasun profesionalen mailan gora egin ahal izateko, ezinbestekoa da teknologia berriak modu eraginkorrez erabiltzea eta hizkuntza ugari jakitea, hau da, eleaniztasuna.


Ondorioak

-Azken urteotan, lan-munduari bestelako definizioa eman zaio eta horrek lanaren kultura berria ekarri du. Aldaketa horiek langile gazteen etengabeko egokitze eta birziklatzearekin lotuta daude.
-Orain arte lan-merkatuaren eskaerak eta pertsonak lan-munduan sartzea helburu zuten prestakuntza-eskaintza ez dira bat etorri.
-Gazteek ez dute prestakuntza-ibilbideak aukeratzeko informazio esanguratsurik (titulazio bakoitzaren enplegu-aukeraren indizea eta jardunean dauden profesionalen batez besteko ordainsariaren indizea).
-Etorkinak hirietan kokatu dira, eta horrek agerian utzi du prestakuntza pertsona horien eskaera eta beharretara egokitzeko beharra, lan-merkatuan sartzeko, eta, horrela, euren bizi-baldintzak hobetzeko.
-Prestakuntzaren helburua profesionalak sortzea eta lan-merkatuan sartzea izanik, generoaren ikuspegia aplikatu eta garatu behar da. Izan ere, lan-merkatuak baztertu egiten ditu emakumeak, euren lan-jarduera gutxietsiz onarpen sozialari eta soldatari dagokionez.
-Hezkuntza-sistemak enplegurako prestakuntzaren planifikazioan eta kudeaketan parte hartzeko aukera handiagoa eman behar die gizarte-eragileei.
-Bizitza guztian zeharreko prestakuntza bultzatu eta garatu behar da. Horrek prestakuntza okupazionala eta prestakuntza jarraitua uztartuko lituzke, bere garapen-eremua edozein delarik ere. Horregatik, homologazio-sistema bat eta eskuratutako gaitasunen onarpen-sistema bat beharko litzateke.
-Enplegurako prestakuntzak lehiakortasuna areagotzea izan behar du helburu. Beharrezkoa da langileen kualifikazioa eta egokitzeko gaitasuna handitzea, eta horretarako teknologia berrien erabilera areagotu eta prestakuntzan eleaniztasuna integratu behar da.


Helburuak

-Lan-munduan sartzeko ibilbide pertsonalak indartzea.
-Lan-merkatuaren eta hezkuntza-sistemaren arteko etena txikitzea.
-Prestakuntza-ibilbideak aukeratzen laguntzeko informazio esanguratsua eskaintzea gazteriari.
-Enplegurako prestakuntza etorkinei egokitzea, euren eskaerak eta kultur ezaugarriak kontuan izanda.
-Emakumeen jarduera-tasa areagotzea, emakumeen langabezia gutxitzea eta laneko eta goitik beherako diskriminazioaren aurka egitea lan-merkatuan.
-Gizarte-eragileek parte-hartze handiagoa izatea enplegurako prestakuntza planifikatzen eta kudeatzen.
-Bizitzan zeharreko etengabeko prestakuntza bultzatzea, enplegurako prestakuntzarekin lotutako hiru azpisistemen ikuspegi integratzaile gisa.
-Langile gazteen kualifikazioa eta egokitzeko gaitasuna handitzea. Horretarako teknologia berriak erabiltzen ikasi behar dute eta eleaniztasuna integratu behar da euren irakaskuntzan.


Esku-hartze ildoak


Jarritako helburuak betetzeko hiru esku-hartze ildo ezarri behar dira.

2.1. esku-hartze: ildoaIkastetxeak lan-mundura hurbiltzea eta alderantziz

2.2. esku-hartze: ildoa“Bizitza guztian zeharreko prestakuntza” bultzatzea

2.3. esku-hartze: ildoaEtorkinei prestakuntzara (baita profesionalera ere) sartzeko eta lan-munduan euren promozioa hobetzeko aukera emango dieten neurriak hartzea.