Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

4.1.1. LANA ETA LANERATZEA

Sarrera

Enpleguari buruzkoak, herrialde gehienetan, hausnarketa eta kezkarako bidea ematen duten gaiak izaten dira, eta, aldi berean, azken urteotan Europar Batasunaren jardueren jomugarik ohikoenak izan dira. Izan ere, Europar Batzordearen Liburu Zurian adierazten den bezala, Luxenburgoko Europako Batzarra burutu ondoren, azken honek enplegurako estrategia europar bat landu du. Esparru horretatik, lan-merkatu guztien integraziorantz eta progresiorantz egingo duten enplegu-politikak abiatzeari beharrezkoa irizten zaio. Politika horiek oinarrizko lau zutaberen gainean eraiki beharko lirateke:

-Lan-munduratzeko gaitasuna.
-Enpresa-izpirituaren garapena eta enpleguaren sorrera.
-Enpresen eta langileen moldagarritasunaren sustapena.
-Aukera-berdintasunezko politikak berrindartzea.

Beste alde batetik, gazteriari dagokionez, honako behar hauek adierazten ditu:

-Iraupen luzeko langabeziaren prebentziorako politikak lantzea, osagarri indibidualean oinarrituta.
-Hezkuntza eta prestakuntza sistemen hobekuntza.
-Sistema horiek behar baino lehen uzten duen gazte kopuruaren murrizketa.
-Teknologia berrien irakaskuntza zabaltzea.

Hori da, enpleguaren gaian, II. Gazte Plana, kokatzen den marko orokorra. Neurri handi batean, EAEko errealitatearekin bat egiten duen marko-diagnostikoa da, eta, beraz, II. Gazte Plan honetan egiten diren proposamenak laguntzeko eta indartzeko baliagarria da.

Enplegu ezaren arazoak gazteengan zein helduengan eragiten badu ere, lehenengoen artean duen eragin bereziak arrazoitzen du Plan honi eskaini zaion arreta.

Hona hemen gazteen lan-mundua definitzen duten ezaugarrietako batzuk: lehenengo lanpostua lortzeko gazteek dituzten eragozpenak, prestakuntzari buruz duten informaziorik eza eta etorkizunari buruz duten segurtasunik eza eta nahastea. Langabezia gizartearen gaitz gisa ikusten dute gazteek, euren garapen pertsonala eta gizarteratze osoa eragozten duen arazo garrantzitsu gisa, alegia.

Gazteriak aurre egin behar die etengabe aldatzen diren lan-munduko eskaera ugariei, eta horrek euren prestakuntza egokitzeko ahalegin handia eskatzen du. Gazte asko ez dira gai aldaketa horietara egokitzeko, eta adorea galtzen dute lan bila hasten direnean. Ezinbestekoa da gazteei lanaren kultura berri honetan moldatzen eta inguru sozio-ekonomiko aldakor eta ezegonkor honetan egokitzen laguntzea; izan ere, gero eta arruntagoak dira lekualdaketak, etengabeko birziklatzeak eta kontratazio-formula berriak.

Halaber, arreta berezia jaso behar dute, egokitze-prozesu horretan zailtasun bereziak dituzten gazte-azpitaldeek. Emakume gazteen kasua da hori, gizonezkoen langabezia-tasa bikoiztu egiten baitute: beren biztanleria aktiboaren %17 langabezian dago, gizonezkoen %9aren aurrean.

Beste kolektibo batzuengan ere arreta berezia jarri behar da, esaterako: arrisku eta baztertze egoeretan dauden gazteak, gutxitasunak dituzten pertsonak, etorkin gazteak, arau-hausleak eta arrisku-adierazleak antzematen zaizkien horiek (oinarrizko gizarte-gaitasunik eza, drogen kontsumo desegokia, eskolaratze arazoak, etab.). Zentzu horretan, “...pobrezia eta bazterketa soziala ezabatzera zuzendutako politika orok gazteengan oinarritutako ikuspegi prebentiboa izan behar du”.(1)

Aldaketak gazteen lan egoeran

Azken urteotan, gazteriaren langabezia-tasek eboluzio ona izan dute, bat egin duten zenbait faktoreren ondorioz, esaterako: oro har ona den koiuntura ekonomikoa, eragile partehartzaileek egindako koiuntura horren kudeaketa, eta administrazio publikoen multzotik garatutako politikak (europarra, estatu-mailakoa, autonomikoa eta udalerrikoa). Zalantzarik gabe, ez da erraza faktore bakoitzak izan duen eragina neurtzea, ez langabezia-tasen murrizketan, oro har, ez eta gazteriaren langabeziaren beherakadan ere, bereziki.

Dena den, beharrezkoa da jakitea enplegua ez dela, inola ere, Administrazio Publikotik abian jarritako lan-politikei mekanikoki eta zuzenki erantzuten dien aldagaia. Beraz, guztiok uler dezakegunez, aldeko koiuntura ekonomikorik gabe, lan-politika publikoek zailtasun handiak izango lituzkete langabezia murriztera zuzendutako ekimenek bilatutako emaitzak lortzeko. Edonola ere, gauza bat dago argi: egoera orokorrean duen eragin-maila edozein izanik ere, eragile bakoitzak uneoro enpleguaren egoeran duen ardura onartu, eta bere esku dagoen gutxi hori egin beharko du gazteriak lan-munduan sartzeko aukera izan dezan. Azken finean, eragin-maila edozein dela ere, eragile bakoitzak ahalik eta ahaleginik handiena egin beharko du gazteen lan-egoera hobetzen laguntzeko.

Bestalde, langabezia-tasari begira euskal gazteriaren egoera hobetu egin bada ere (1997ko %44,4tik 2001eko %25,5era igaro da, Eustaten datuen arabera), aldi berean lan-merkatuaren eta gazteek lan-baldintzen eskaste prozesu bat gertatu da. Gazte-kolektiboak, eta, bereziki, emakumeenak, dira oraindik ere langabezia tasa orokorrarekiko langabezia adierazlerik handienak dituztenak. Beraz, langabezia-mailetan izandako beherakada onartuta ere, beharrezkoa da lanaren kalitatearen gaiari heltzea. Izan ere, zifra orokorrak gainditu beharra dago gazteriaren lan-egoera zehatz-mehatz aztertu eta gazteen lan-baldintzen azterketan sakondu ahal izateko.

“Euskal Gazteria 2000” txostenaren arabera, lanean ari den EAEko gazteen %46,2k behin-behineko kontratuarekin lan egiten du, eta %44k hilabetean 600 euro baino gutxiago irabazten du. Emakume gazteen lan-baldintzak askoz ere txarragoak dira gizonezkoenekin alderatuta. Zalantzarik gabe, enpleguaren kalitatearen kontzeptua arazoz betea dago, eta, beraz, ez du irakurketa bakarra. Dena den, eta kalitatezko enplegua definitzen duten aldagaiak zeintzuk diren aztertzen hasi gabe (iraupena, kontratu-mota, ordainketa-maila, prestakuntzarako aukerak, etab.), gauza bat dago argi: lana izatea edo ez, eta baita honen kalitate-maila ere, gazteriaren garapen pertsonal eta sozialean eragina duten elementuak dira. Egitate horrek, beste ondorio larri batzuen artean, lan-eskubideen galera dakarren lan-kalitatearen murrizketari edo prekarietateari, biak ere egitateak izanik, beharrezko arreta eskaintzera behartzen gaitu.

Beste arrazoi batzuekin batera, prekarizazio prozesua, neurri batean, lan-munduratzeko ekimenei lotutako zenbait kontratazio moduren sustapenaren ondorioz gertatu da (behin-behineko kontratuak, ikasketakoak, praktikak, etab.), eta, baita, zenbait kasutan, hainbat entitate kontratugileren gehiegikeriengatik ere. Horrek guztiak agerian uzten du gazteriaren lan-munduratzeari zuzendutako ekimenen inplementazioa arautuko duten marko juridikoak sortzeko beharra. Zalantzarik gabe, praktika-kontratuen moduko formulek emaitza positiboak erdietsi ditzakete, askotan gertatzen diren gehiegikeriak ekiditen badira.

Gazteen lan-egoerari buruzko informazio zehatzagoaren beharra

Hasiera batean, euskal gazteriaren lan-egoerari buruzko datu orokorrak lagungarriak izan dira gazteen lan-munduratzea bultzatzeko ekimenen nondik norakoa zehazteko. Baina orain informazio zehatzagoa behar da. Gazteria sailkatu egin behar da, talde bakoitzaren gabeziak eta zailtasunak ezagutu ahal izateko. Eskueran ditugun datuek gazteen langabezia konplexuagoa dela erakusten dute, ekoizpen-indarra lan-merkatura etengabe egokitu beharrak problematika berriak sortu baititu. Horregatik, gazteen langabeziaren egitura-analisian, aldagai tradizionalekin batera, kontuan hartu behar dira ikasketa- eta prestakuntza-maila zein esperientzia profesionala.

Datu horiek lortzeko eta udalerri bakoitzeko gazteen lan-egoeraren diagnostikoa egin ahal izateko, udalen laguntza behar da. Udalerriko erreferentziak, gainera, enpresen prestakuntza-eskaerak gehiago zehazteko balio behar du, inguru bakoitzeko lan-munduratze politiken diseinuari eta garapenari begira..

Lan-munduratzeko ibilbideak indartzea

Gazteriaren lan-kalitatea hobetzeak duen garrantziaz gain, enplegugarritasuna hartu behar da kontuan, eta horretarako honako parametro hauek gogoan izan behar dira: prestakuntza-gaitasuna eta esperientzia hartzeko eta karrera bat garatzeko aukerak.

Zentzu horretan, lotura gabezia bat antzematen da prestakuntzaren esparruaren –gazteak etorkizunean izango duten lanean trebatzekoa– eta lan-mundua inguratzen duten ezaugarriak, baldintzak eta eskaeren artean. Sinkronia eta komunikazio gabezia horrek gazteen lan-munduratzea eta ekonomia- eta enpresa-ehunaren berritzea kaltetzen du. Esaterako, ageriko paradoxa bat da gaur egungo langabezia-tasak eta zenbait lanetarako eskulan-eskasia aldi berean gertatzea. Gabezia horiek zehatzago aztertuta daude Prestakuntza-ibilbideen indartzea atalean, 2. arloaren barruan.

Azkenik, kontuan hartu beharra dago lan-munduratzeko ibilbideak indartzeko, derrigorrez, gazteek profesionaltasuna hartuko duten lanpostuak izan behar dituztela. Profesionalizatze hori, jakinduria teknikoei baino gehiago, lan-bizitzan zehar menderatzen diren lan-espazioak garatzeari eta hartzeari lotu behar zaio. Lan-munduratzeko ibilbide pertsonalak garatzeko orduan, pertsona horrek egin dituen lanen jatorria hartu behar da kontuan: profesionalizatzeko lagundu ote dioten edo, besterik gabe, behin eta berriz izan duen langabezia egoeraren etenak baino ez ote diren izan, batzuetan egiten den behin betiko kontratuen erabilera okerraren bidez.

Lana sortzera zuzendutako ekimenen emaitza ebaluatu beharra

Enplegua sortzera bideratutako ekimenen inplementazioak –esaterako, Aurrezki Kutxen eta gazteentzako enplegua sortzera zuzendutako ekimenak eta programak garatu dituzten beste entitate batzuen gizarte-lanek– aldeko koiuntura ekonomiko batekin elkartuta, oro har, emaitza positiboak eman ditu. Ekimen horiei esker asko jaitsi da gazteen langabezia, eta, gainera, agerian utzi dute lana bilatzeko ikuspegi berri baten beharra. Horrela, lan-eskaintzaile nagusiak enpresak diren arren eta lan-munduan sartzeko bide nagusia beste norbaitek kontratatzea den arren, beste bide batzuk ere bultzatu dira: autoenplegua eta enpresak sortzea. Bide horiek pertsona langabeen ekimen handiagoa eskatzen dute.

Euskal gazteria lan-munduan sartzea izan da erakundeen azken urteotako kezka nagusia. Ekimen eta programa berriak sustatzeak erakunde eta entitateen ahalegina piztu du. Inoiz ez dira eskura egon enpresak sortzeko hainbeste baliabide. Proposamen berriak diseinatzen eta aplikatzen denbora luzea eman ondoren, beharrezkoa da lortutako emaitzen inguruan gogoeta eta ebaluazioa egitea, sortutako enpleguaren arabera, egindako inbertsioen errentagarritasuna ezagutzeko aukera ematen duena. Horretarako, ebaluatzeko bitartekoak ekimen berri horien ezaugarrietara egokitu beharko dira.

Ebaluaketa hori, lorpenak termino kuantitatiboetan jasoko dituen ikuspegitik egin beharko da (zenbat enplegu eta zein motatako enplegua). Halaber, ez da ingurune europarraren erreferentzia galdu behar lortutako datuen arteko konparaketak egiterakoan.

Hezkuntza eta lana

Hezkuntza-sistemak azken urteotan lan-merkatuak izan dituen aldaketak islatu behar ditu, eta aldaketa horiei erantzun egokia eman behar die. Zentzu horretan, lan-munduratzearen ikuspegitik ez da nahikoa oso ondo prestatutako biztanleria aktibo bat edukitzea. Prestakuntza, gaur egungo, etorkizuneko beharretara eta ekoizpen-ehunetik aurreikusi daitezkeenetara egokitu behar da. Gazteak lan-munduan sartze helburu duten ekimenak egokitzeko eta optimizatzeko, beharrezkoa da hezkuntza-sistemaren parte-hartzea. Horregatik, ikastetxeek lan-merkatuan izandako aldaketekin eta lan-kulturarekin lotutako gaiak sartu beharko dituzte programazioan. Horrekin batera, garrantzi handiagoa eman beharko zaio enplegua aurkitzeko teknikak ezagutzeari eta egokitzeko gaitasunari.

Era berean, hezkuntza-sistemak enpresa-mundua gazteengana hurbildu beharko du eta enpresaren balio positiboak sustatu, ekimena eta gaitasun ekintzailea adibidez.

Azkenik, hezkuntza-sistemak gai izan beharko du lana bilatzeak eta lana bilatzeko leku batetik bestera ibiltzeak gazteengan eragindako nekeari eta frustrazioari aurre egiteko. Orientatzaile profesionalak karrera profesionalei buruzko aholkua emango du, eta lana bilatzeko adore eman eta motibatu egin beharko du, paternalismoan eta gehiegizko protekzionismoan erori gabe.

Gazteak nekazaritza- eta arrantza-sektoreetan lan-munduratzea

Lehen sektorea ere esparru garrantzitsua da gazteen artean lanpostuak sortzeko orduan, eta hori, arreta guztia soilik industrian eta hirugarren esparruan ez jartzeko kontuan hartu beharreko alderdia da. Are gehiago, egungo egoera ikusita, funtsezkoa irizten zaio sektore horietan esku-hartzeari, belaunaldien erreleboa ziurtatzeko. Hona hemen behar hori islatzen duten zenbait datu: 1999an EAEn erroldatutako 40.000 ustiategietatik, soilik langile jabeen %10 da 40 urtetik beherakoa, eta horietatik %51 beste lan batean aritzen da. Aldiz, ustiategien %5 80 urtetik gorako jabeekin mantentzen da. Azken 10 urteotan, gazteen portzentajeak 2 puntu egin du behera eta denboraldi horretan soilik 3.000 gazte inguru sartu dira sektorera.

Zifra horiek nekazaritza sektoreak bizi duen zahartze egoera kezkagarria islatzen dute, eta, horrez gain, gure herrialdean gazte-enplegua hartzeko zailtasun gehien dituen ekoizpen-sektorea dela agerian uzten dute. Beste sektore batzuk ez bezala, honetan, arazoa ez da soilik sarbidea izateko aukera edukitzea, sartu nahi izatea bera baizik. Diagnostiko hau baldintzatzen duten aldagaietako batzuk honako hauek dira: gazteek beste sektore batzuk nahiago izatea, nekazaritza lurraren mugikortasun eskasa, sektoreak duen lan-irudi txarra, lan-baldintza gogorrak, errentagarritasun baxuak eta inbertsio handiak, etab. Alderdi hauetako asko nekazaritza-esparruan zein arrantza-esparruan ematen dira, eta hortik Gazte Planean horiek aparte tratatu beharra.

Beharrezkoa da, ikuspegi orokor eta diziplina anitzeko batetik, euskal lehen sektorean gazteak sartu eta mantentzeko eragiten duten alderdiak aztertzea, era horretan, behingoz belaunaldien aldaketa bultzatuko duten neurriak eta jarduerak martxan jartzeko tresnak sortu daitezen. Beraz, beharrezkoa da lehenbailehen belaunaldi aldaketa prozesuari heltzea sektorearen biziraupena ziurtatzeko, gure herrialdearentzat, arrazoi askorengatik, estrategikoa baita: lurraldearen okupazioa, ingurugiroaren kontserbazioa, kalitatezko elikagaien ekoizpena, landa-eremuaren jarduera motorra, etab.

Lanpostuak sortzeko funtzio-banaketa: enpresarien konpromisoa eta toki-erakundeen egitekoa

Tradizionalki, gizarte-eragileek parte hartu dute lanpostuak sortzeko neurriak martxan jartzea helburu zuten ekimenetan: egiteko zehatzak izan dituzte eta programa horretan parte hartzen duten pertsonekin harremanetan jarri dira. Lan horietan bildutako ezagutza etorkizuneko ekimenak planifikatu eta programatzeko erabili beharko litzateke. Azken aldian, etorkizuneko ekimenak planifikatze eta sortze horretan parte-hartze handiagoa izatea eskatzen dute gizarte-eragileek eta bitarteko erakundeek. Parte-hartzea handituz gero, programen arteko koordinazio-arazo gutxiago egongo lirateke.

Lan-munduan sartzeko ekimenak egokitzeko, gazteen ezaugarrien eta ingurune hurbileko egoera ekonomikoaren informazio zehatza eta xehea behar da. Eskaera horri erantzun ahal izateko, udalek protagonismo handiagoa izan behar dute lan-mundura sartzeko ekimenen kudeaketan eta planifikazioan., tokiko beharrak hobeto ezagutzen dituelako eta irisgarritasun handiagoa duelako. Beraz, tokiko administrazioa izan behar da bere lurraldean Gobernuak eta Aldundiak ezarritako estrategiak aplikatzeko lehentasunak erabakiko dituena.

Gainera, udalek herrian aritzen diren gizarte-eragileen eta bitarteko entitateen lana koordinatu eta gainbegiratu beharko dute, eta udalerriaren beharrei erantzun egokia ematen dietela ziurtatu.

Enpresek eta kontratatzeko gaitasuna duten gainerako entitateek gazteen enplegugarritasunera zuzendutako ekimenekin (hezkuntza-sistemarekin lankidetza, enpresetako praktikak, etab.) eta lan-baldintzen hobekuntzekin (enplegu prestatzaile eta potentzialki iraunkorra), engaiatuta jarraitu behar dute, prekarietatea eta ekoizpen- eta gizarte-kapitalaren galerak saihesteko.

Bestalde, gizarte-eragileek funtsezko zenbait gaietan dituzten desadostasunak aipatu behar dira, esaterako, lan-banaketarekin zerikusia duten horietan. Beraz, funtsezkotzat jotzen da beharrezko bitartekoak jartzea, enpleguaren esparruko foroek bilgune modura dagokien protagonismoa har dezaten.


Ondorioak

-Lana da oraindik ere EAEko gazteen kezka nagusia. Langabezia-tasa jaitsi egin bada ere, gazteen lanpostuak gero eta ezegonkorragoak dira. Egoera horrek gazteriaren lan-egoeraren eta erakundeek eskaini beharreko arretaren analisi sakonagoa eskatzen du.
-Hainbat entitatek lanpostuak sortzeko politika aktiboetan parte hartzeak prestakuntza-eskaintzak ugaritzea eragin du. Eskaintza hori lan-merkatuari egokitu behar zaio.
-Lanpostuak sortzeko ekimen, programa eta baliabideen optimizaziorako beharrezkoa da informazio banatua eta zehatzagoa, bai gazteena bai lan-merkatuaren eskaerena.
-Lan-merkatua eta hezkuntza-sistema hurbildu egin behar dira.
-Gazte-kolektiboak lan-munduratzeko azken urteotan martxan jarritako ekimenek, oro har, emaitza positiboak izan dituzte; hala ere, zenbait alditan izan dira ondorio negatiboak ere, esaterako, lan-merkatuaren prekarizazioaren bultzada.
-Lehen sektorea gazte-enplegua hartzeko gune bilakatu da, batez ere, gaur egun gertatzen ez den belaunaldi aldaketa beharrezkoa izanik. Horren arrazoiak aztertu eta neurri zuzentzaileak ezartzea beharrezko eginkizuna da, nola nekazaritzaren hala arrantzaren esparruan. Hortik dator nekazari gazteak ustiategiaren jabe moduan sartu eta mantentzeko beharra, indibidualki edo taldeka, euskal lehen sektorean.
-Une egokia da hamar urte baino gehiagotan lan-munduan sartzea helburu duten politika publikoekin lortu denaren hausnarketa eta ebaluazio orokorra egiteko.
-Etorkizuneko ekimenak hobetzeko hurrengo hiru faktoreak hartu behar dira kontuan: gizarte-eragileek programa horien planifikazio eta diseinuan duten parte-hartzea handitzea, entitate lokalei garrantzi handiagoa ematea eta enpresek konpromisoa hartzea euskal gazteria lan-munduan sartzeko eta lan-baldintzak hobetzeko.


Helburuak

-Gazte-enplegua eta bere izaera kualifikatzailea areagotzea.
-Euskal gazteriaren lan-baldintzen analisian sakontzea.
-Prestakuntza-eskaintza gero eta dinamikoagoa den lan-merkatura egokitzea.
-Gazteen eta lan-merkatuaren informazio zehatzagoa lortzea.
-Toki-erakundeei garrantzi handiagoa ematea euskal gazteria lan-munduan sartzea helburu duten ekimen publikoak diseinatu, sortu, garatu eta ebaluatzeko orduan.


Esku-hartze ildoak

Helburu horiek betetzeko ondorengo esku-hartze ildoak ezarri behar dira:

1.1. esku-hartze ildoa: Gazteentzako lanpostuak sortzeko eta mantentzeko politika koordinatua bultzatzea, horretarako ekintza positiboko neurriak hartuz, abantaila fiskalak eskainiz eta kontratazioko dirulaguntzak ezarriz.

1.2. esku-hartze ildoa: Lan-banaketa sustatzeko politika koordinatua.

1.3. esku-hartze ildoa: Lan bila dabiltzan edo enpresa bat sortu nahi duten gazteentzako Leihatila Bakarra sortu eta martxan jartzea.

1.4. esku-hartze ildoa: Autoenplegua eta gazteek zuzendutako enpresak sustatzeko politika koordinatua garatzea.

1.5. esku-hartze ildoa: Gazte-enpleguaren kalitatearen hobekuntza

1.6. esku-hartze ildoa: Lanpostuak sortzea helburu duten ekimenetan udalek garrantzi handiagoa izatea
.

(1) "Europar Batzordearen Liburu Zuria. Bultzada berri bat gazteria europarrarentzat". Brusela. 2001.