| 3.5. KOMUNIKAZIOAREN TRESNA. KOMUNIKAZIO-PLANAK Komunikazio-plan bat landu aurretik EAEko gazteek planaz duten ezagutza-mailaren ahalik eta diagnostikorik zehatzena lortu beharko litzateke. Ezaugarri hauek aztertuta, II. Gazte Planetik urrutien dauden gazte?segmentuak eta urruntze horren arrazoiak identifikatu ahal izango lirateke. Plana hedatzeko garatutako komunikazio?ekintzen ahultasunak edo planaren xede den jendearen interesik eza kontuan hartuta, jasotako informazioak komunikazio-plana diseinatzeko ardura duen pertsonal teknikoaren lana berriz bideratzeko aukera emango luke. Gaur egun “markaren barneratze-mailari” buruzko datu partzialak besterik ez dira ezagutzen. Berriki egindako azterlan batzuek adierazten dutenez, EAEko 15 urtetik 29ra bitarteko pertsonen zati txiki batek ezagutzen du plana edo izan dute planaren berri. Dena dela, datu hori ez da oso argigarria, ez baitu informaziorik ematen dokumentuaren edukiez duten ezagutza-mailari buruz. Izan ere, erakunde-arteko ekimen horren berri izan duten besterik ez zaie galdetzen elkarrizketatuei. Hortaz, dokumentuaz duten ezagutza edo planari buruz duten iritzia sakondu gabe geratzen da. Oro har, Gazte Plana ezagutzen dutenak gazte-elkarteei lotutako eta erakundeen ekimen-mota horietarako irekita dauden giroetako gazteak dira. Jardun sektorialik eza Jatorrian, I. Gazte Plana gazte-politikari ekiteko modu berri gisa sortu zen. Helburua erakundeek gazteen arazoei eman beharreko ikuspegiak aisiaren eta kulturaren esparrua gainditzea eta euskal gazteriarentzat garrantzitsuagoak izan zitezkeen beste esparru batzuei lotutako ekimenak jasotzea zen. Plana bost arlotan banatu zen hasieran: Lana eta lan?munduratzea, Irakaskuntza arautua eta ez-arautua, Etxebizitza, Osasuna eta bizi?kalitatea eta Gazteen aisia eta kultura (II. Gazte Planak arlo berberak jasotzen ditu baina aldaketaren bat sartzen du izenetan). Hortaz, I. Gazte Planak erakundeen arlo bakoitzeko ekimen zehatzak biltzen ditu baina ikuspegi komun batekin. Gazteen arazoen tratamendu berri horri jardun sektorial izena eman zioten. Hasierako urteetan, jardun sektoriala planaren diseinuaren eta garapenaren ikuspegitik gehien baloratu zen elementua izan zen. Hala ere, gazte-politikan izandako aurrerapen garrantzitsu horrek ez du islarik izan komunikabideetan. Izan ere, hauek Gazte Planaren ideia orokorrera mugatu dira eta ez dute jaso I. Gazte Planak arlo bakoitzean dituen edukiak eta ikuspegia. Gazte Planaren lorpen nagusietako bat –jardun sektoriala– ez da behar bezala islatu. I. Gazte Plana gazte-politikari ekiteko modu berri gisa sortu zen eta, horretarako, arlo bakoitzean aplikatu zen filosofia komun batez hornitu zen plan hori. Egitura honek ez du islarik izan komunikabideetan, horiek planaren mezu nagusiak besterik ez baitituzte jaso. Gazte Planari buruzko gizarte-eztabaidarik eza I. Gazte Planak ez du tratamendu esanguratsurik izan komunikabideetan. Nolanahi ere, Planaren dokumentuak ez du eztabaidarik sortu gizarte-eragileen eta gazteen artean. Halaber, gazteen errealitateari buruzko ikuspuntu ezberdinak jasotzeko eztabaida ireki eta publikoko prozesurik ez da izan. Sortu zenetik gaur egun arte, I. Gazte Planak adostasun-maila handia lortu du eragile politikoen eta gizarte-eragileen artean. Beraz, EAEko gizarte?eragile guztiek legitimatutako gutxieneko lan-dokumentu bat da. Komunikazio-planaren alderdi formalak I. Gazte Plana hedatzera zuzendutako komunikazio-ekintzen edukiari lotuta aztertutako alderdiez gain, II. Gazte Planerako komunikazio-plan bat diseinatzean gogoeta egitea eskatzen duten elementu formalagoei lotutako beste alderdi batzuk daude. Etorkizuneko komunikazio-planak alde batera utzi beharko ditu ikuspegi paternalista eta erakunde?irudia. Mezuak lantzean, euskal gazteen egungo kezkak hartu beharko dira kontuan. Gazte Planaren mezu nagusia komunikazio-planaren ekintza eta esku-hartze publiko guztietan agertuko da baina, kasu bakoitzean, bere xede den jendearen ezaugarri eta beharrei egokituko zaie. Gainera, II. Gazte Planean ekintza zein arlotan jasotzen den hartuko da kontuan: Lana eta lan?munduratzea, Irakaskuntza arautua eta ez-arautua, Etxebizitza, Osasuna eta bizi-kalitatea eta Gazteen aisia eta kultura. Komunikazio-plana burutzeko baldintzen artean ondokoak aipa daitezke: -Gazte Planaren helburuak argi eta garbi zehaztea. |