Hezkuntza Saila

II Gazte Planaren - Laburpena

3.4. UDALAK

Puntu honetan, Gazte Planak EAEko udalei dagokienez (hiriburuetakoak izan ezik) gaur egun agertzen duen egoeraren argazkia egingo dugu.

Udalak II. Gazte Planaren garapenean barne hartzea lehentasunezko helburu bat da. Hala ere, gainditu beharreko hainbat oztopo daude:

-Toki-erakundeek gazteen ezaugarri eta beharrei buruz duten ezjakintasuna. Gazte?zerbitzuek gazte-errealitateari eta gazteen eskari eta beharrei buruz amaitu gabe duten eztabaida, egun burutzen ari diren gazte-politiken egokitasunari buruzko eztabaidari lotuta dago. Egoera hau argitzeko beharrezkoa da Gazteriaren Behatokia sustatzea, gazteei zuzendutako politikak egituratzeko giltzak emango dituen tresna gisa.
-Plana “kanpokotzat” hartzeak dakartzan artikulazio-arazoak. Izan ere, ez dute parte hartu I. Gazte Plana lantzen eta martxan jartzen eta, gainera, sozializazio sozial eta politiko bat lortzeko zeregina aurrean duen zeharkako eta erakunde-arteko plan batek zailtasun handiak dakartza.
-EAEko udalerrien arteko ezberdintasunak edo heterogeneotasuna, bai populazioari eta lurraldeari dagokionez, bai eta ezaugarri soziokulturalei dagokienez ere. EAEko gazteek behar orokor batzuk dituztela esan badaiteke eta esan behar bada ere, onartu beharra dago udalerri edo eskualde bakoitzak errealitate berezi bat duela eta bere ezaugarriak kontuan hartu behar direla horrelako plan bat inplementatzerakoan. Gainera, udalerri batzuek gazteak erakartzeko guneak dituzte eta mugimenduak sortzen dituzte gazteen artean. Probintziako hiriburuak eta eskualdeko hiri nagusiak izan ohi dira.
-Udalen barne-antolamendua ere kontuan izan behar da plana udal-esparruan sozializatzeko garaian. Funtsezko hiru alderdi hauek hartu behar dira kontuan:

--Gazteria-zerbitzuaren estatusa udalen barruan. Kontuan izan behar dugu zerbitzu hau, garatuta duten udaletan, duela gutxi jarri zela martxan, tamaina txikikoa dela, gazteriaren arloko berariazko langile teknikoei dagokienez defizitak dituela eta gastua ohikoa baino neurri handiago batean azaldu eta justifikatu beharra eskatzen duela, gazte edo kultur politikak ez baitira lehentasunezkoak udal-aurrekontuen barruan. Gazteriaren edo kulturaren arloa indartzeko beharra antzematen da baina onarpen eta garrantzi handiagoa behar du erakunde-arteko gazte-politika bat garatu aurretik. Udalerri gehienetan, sail honek garrantzi txikia du eta gazte-politika bere baitan bideratzea eskatzen zaio.

--Borondate politikoaren beharra. Oinarrizko baldintza da udalek II. Gazte Plana garatu ahal izateko. Borondate politiko hau plana Udalbatzan bertan onartzean gauzatu beharko da gazteria edo kultur sailek zeharkako gazte-politika bat bultzatzeko eta legitimatzeko tresna sendo bat izan dezaten.

--Baliabideen beharra. Benetan zaila eta konplexua da EAEko udaletan baliabiderik gabeko plan bat praktikoki gauzatzea.

Hala ere, gazteei zuzendutako zeharkako eta erakunde-arteko plan baten alde egin izanari buruzko balorazio orokorra oso positiboa da. Uste hau ondoko elementuetan oinarrituta dago:

-Plana gazteriaren arloan esku hartzeko norabideak edo ildoak ezar ditzakeen eta ezarri behar dituen erreferentziazko esparru gisa sortzen da.

-Oro har gazteak erakunde publikoen politiketan ahaztu samar daudela eta udal?esparruan merezi duten garrantzia ematen ez zaiela hartzen da kontuan.

-Hainbat erakunderen esperientziak, lan egiteko edo esku hartzeko modu ezberdinak eta abar kontrastatzeko aukera eman dezakeela uste da. Hori onuragarria izan liteke erakundeentzat zein gazteentzat.

Hori dela eta, udalei gazteriaren arloan ekimenak garatzeko posibilitatea edo plana beren errealitateei egokitzearen bideragarritasuna (beren plana inplementatzearen edota Gazte Planak berak finkatutako ekintzei jarraitzearen bidez) planteatu zaienean, argi eta garbi ikusi dira horrek ekar ditzakeen onurak:

-Gazteen kasu bakoitzeko beharrik larrienei erantzuteko aukera emango luke (udalerri bakoitza errealitate ezberdin eta berezia dela kontuan hartuta).

-Plana gazteengana zuzenean iristea ahalbidetuko luke eta, horrela, planaren birtualtasun praktiko handiagoa lortuko litzateke, udalak baitira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak.

-Gazteriari lotutako gaietan modu egituratuago batean eta sailen artean lan egiten hasteko aukera emango luke. Horrela, irizpide definiturik eta koordinaziorik gabeko ekintzarik ez litzateke egingo.

Udalerriak barne hartzea II. Gazte Planaren erronka eta apustu handia da, eta, beraz, helburua ahalik eta udalerri-kopururik handiena barne hartzen saiatzea izango da.

Gogoan izan behar dugu udal handiek eta ertainek dituztela erraztasunik handienak II. Gazte Planak martxan jarritako prozesu honetan sartzeko, baliabide eta ahalmen handiagoak baitituzte. Hala ere, ezin dugu udalerri txikien errealitatea ahaztu, eta, beraz, udalerri horien parte-hartzea ahalbidetu edo erraztuko duten formulak edo alternatibak aztertu behar dira, hala nola xede komun batekin lan egitea, eskualdeko hiri nagusien bitartez, berariazko baliabideak lortzea...

Bestalde, helburu honen aurrean kokatzen garenean, gogoan izan behar dugu mailakako prozesu bat dela eta EAEko udalerri guztiek Gazte Planean erantzukizunak hartzea ezinezkoa dela. Aitzitik, ate bat edo aukera bat zabaltzea eta pixkanaka osatu beharreko bide bati hasiera ematea da asmoa.

Prozesu horrek ondoko faseak izango ditu:
-II. Gazte Planaren komunikazioa eta sozializazioa udalerrietan.
-Planari atxikitzearen bidez politikoki bere gain hartzea.
-Udaleko gazte-planen bidez plana udal-errealitatera egokitzea.
-Udal-planean bildutako ekintzak garatzea.