Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

3.3. ADMINISTRAZIOAREN BULTZADA (EUSKO JAURLARITZA, FORU-ALDUNDIAK, HIRIBURUETAKO UDALAK)

Eusko Jaurlaritzaren aburuz, Gazteria-Politikari lehentasuna eman behar zaio Gobernuaren ekintzan. Xede horretarako, jauzi kualitatibo bat egin nahi du, Euskal Administrazio Publikoetako gazteria-politiketan sentsibilizazio- eta konzientziazio-eginkizuna sustatzeko.

Aldaketa kualitatibo horren beharra kontuan hartuta II. Gazte Planak jaso beharreko bultzadak egoera orokor on batean oinarritu behar du (ona baina ez ideala, bide luzea gertatzen baita oraindik). Abiapuntu positiboa ondoko alderdiekin lortzen da:

-Oro har, proiektu honen aldeko giroa antzematen da inplikatutako alde gehienen artean.
-Prozesu honetan alde guztiek pixkanaka ikasten dute eta gogoeta eta aldaketarako elementuak sartzen dira politiken barruan.
-Planarekiko sentsibilizazio-prozesu nabarmen bat antzematen da erakundeetan.
-Planaren zeharkakotasuna, erakunde-artekotasuna eta diziplinartekotasuna dela eta, merezi duen erronka gisa hartzeko baliagarriak izan dira.
-Eskumen partekatuen ideia jorratzen ari da. Politikak aztertzeak eta erakundeen artean homologa daitezen eskatzeak mugimendu bat sortzen du politikak sistematizatzeko ideian. Izaera orokorrago eta koordinatuago bat bilatzen da (izaera puntuala eta indibidualizatua alde batera utzita). Departamentu estankoen artean komunikazio-jarraibideak ezartzen hasi dira.
-Erakundeen artean diagnostiko bat adostea lortu da. Horrela, bakoitzak bere eskumen?esparruan hartu du konpromisoa.

Gaur egun, Gazte Planak behar duen bultzada lortzen laguntzen duten neurriak ari dira martxan jartzen. Neurri horien artean ondokoak azpimarra daitezke:

--Gazteriaren Foru Batzordearen sorkuntza Bizkaiko Foru Aldundian.
--Gazteria Zerbitzuaren Plan Estrategikoa eta Gazte Planaren Sailarteko Batzordea Gipuzkoako Foru Aldundian.
--Gazteriaren Foru Institutuaren Plan Estrategikoa Arabako Foru Aldundian.
--Gazte Planaren kudeaketarako Batzorde Teknikoa Bilboko Udalean.
--Hirian Gazte Plana garatzeko proposamena Gasteizko Udalean.

Egoera aldekoa dela aitortuta, erakundeak Gazte Planaren garapen praktikoan inplikatzeak elementu jakin batzuetan sakontzea dakar: II. Gazte Planaren profilaren definizioa, sozializazio politikoa, tresnen eta baliabideen arazoa eta koordinazioa.

Gazte Planaren profila

II. Gazte Plana zer den zehazki definitzea funtsezkoa da. Jarraian, Planaren funtsezko ezaugarriei buruzko ikuspegi orokor bat eskainiko dugu.

--II. Gazte Plana ez da Eusko Jaurlaritzaren plana, EAEko erakunde guztiek landutako eta berretsitako plana baizik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta hiriburuetako udalek onartu dute.

--II. Gazte Plana ez da gazte-politiken baliokidea, ez baitu guztiak barne hartzen. Gazte Planak lehentasuna duten 5 arlo, horiei dagozkien esku hartzeko 24 ildo eta lehentasuna eman nahi zeien ekintzak barne hartzen ditu eta gazte-politikek aldiz, erakunde publikoek gazteriaren arloan garatutako ekintza eta programa guztiak biltzen dituzte.

--Gazte Planak ez ditu gazte-politikak kudeatzen, ez eta ekintzak burutzen ere (ekintzen garapena erakunde bakoitzaren eskumenen eta lehentasunen araberakoa da). Plana, hortaz, esparrua da eta eztabaidarako, gogoetarako eta gazte politiken diseinurako elkargunea, eta ekintzen garapena erakunde bakoitzari dagokio.

--Eusko Jaurlaritza ez da prozesua sustatu behar duen bakarra, eskumenen arabera sustapena berari badagokio ere. Aitzitik, lidergoa erakunde guztien artean banatu behar da eta hauek beren behar, eskumen eta abarren arabera programatu eta ebaluatuko dute. Izan ere, Gazte Planak ez ditu erakunde guztiak arlo guztietan esku hartzera behartzen. Planak orokorrean esku hartzeko lehentasunezko ildoak finkatzen ditu eta, ondoren, erakunde bakoitzak zehazten ditu.

--Gazte Plana ez da gazte-politikaren dokumentua, gazte-politika egin beharra ikusarazten duen eta gazte-politika egiteko bidea zabaltzen duen tresna baizik. Izan ere, planik gabe ere gazte?politika bat egingo litzateke (eta etorkizunean ere izango da planetik kanpo). Planaren ariete, palanka, babes, aitzakia eta abar izatea da EAEk eskatzen duen gazte politikak garatzeko, ekintzak 5 arlotan proposatuz fokalizazio eta aukera bezala.

--Plan honen elaborazioan ia erakunde publiko guztiek eta gizarte-eragile eta gazte askok hartu dute parte, eta, beraz, ez da “goitik behera” inposatzen. Honela dago oinarrituta: garatu beharreko arlo, esku hartzeko ildo, ekintzen inguruko adostasun, eta aldi baterako esparruan eta datozen urteetarako behar urgenteen adierazpen gisa.

--II. Gazte Planak modu abstraktu batean hartzen ditu aintzat euskal gazteak. Abstrakzio instrumental bati jarraitzen dio baina beste urrats bat eman behar da zehazteko eta garatzeko. Horrela, lurralde-esparru bakoitzaren testuinguruan kokatu behar da plana, esate baterako, erakunde bakoitzaren gazte-politikako plan estrategikoen bidez.


--II. Gazte Plana lurralde historiko eta udalerri bakoitzean eraginkor egin behar da eta horien testuinguruan kokatu behar da baina horrek ez du esan nahi erakunde bakoitzak bere plana landu behar duenik. Erakunde bakoitzak, bere eskumen eta lehentasunetan oinarrituta eta bere lurraldearen barruan, garatuko dituen ekintzak definitu behar ditu eta hori guztia garatu beharreko ekintzak azalduko dituen plan propio batean edo dokumentu batean gauzatu daiteke. Funtsezkoena plana eraginkor izan dadin lortzea da.

Gazteria-politikak, Gazte Plana eta plan estrategikoak.

Gazte Plana gazteria-politiken Plana integrala dela esatean Planaren benetako esanahia itxuralda dezaketen gaizki-ulertuak gerta daitezkeela aintzat hartuta, beharrezkoa da gazteria-politiken, Gazte Planaren eta plan estrategikoen arteko harremana zehaztea.

Gazteria-politikak

Gazteria-politikak dira azken hartzailetzat gazteek dituzten zuzeneko edo zeharkako esku-hartze guztiak. Esku-hartze horiek askotako jarduerak dira: prestakuntza, ikerkuntza, profesionalizazioa, dirulaguntzak, programak, azpiegiturak, etab, eta diziplina anitzeko –osasuna, lana, aisialdia, hezkuntza, etab.– esparruan kokatzen dira. Esparru hori, gainera, egoeraren errealitateari, esku hartzeko lehentasunei eta une bakoitzean beharrezkoak diren baliabideei egokituta dago. Instituzioen arteko esku-hartzeen multzoak behartu egin dio instituzio edo agente sozial bakoitzari bere gazteria-politika propioan kokatzera. Hori guztia aintzat hartuta, eta II. Gazte Plana dokumentu hau irakurri ondoren, argi dago Planak ezin duela gazteria-politika bat dena edo izan behar duena barne hartu. Aitzitik, tresna ezin hobea da, gazteria-politiken dinamika betiere aldakorra sistematizatu eta eragiteko.

Gazte Plana

Gazte Planari esleitu behar diogun "tresna" izaera horren aurretik, ordea, funtsezko hiru alderdi nabarmendu behar dira. Lehena diagnostikoa da. Izan ere, Gazte Planak honako xede hauek ditu: gazteen eta beren arazoen benetako ezagutza osoa izatea –horretarako, Gazteriaren Euskal Behatokia baliatuta–; segimendu-mekanismoak garatzea, errealitate hori denboran nola aldatzen den jakiteko; eta gazteek gehienetan eskatzen dituztenak zein diren zehaztea; eta xede-multzo hori zutabe nagusia da, Planaren izaera instrumentalari dagokionez.

Bigarren arrazoia 5 jarduera-ildoak zehazteko, esku hartzeko ildoak eta ekintzak barne, lortu den adostasunari dagokio. Horien arabera, hain zuzen, zer egin behar den eta noren alde egin behar den zehaztu behar da, Plana indarrean dagoen bitartean. Gazte-munduak eta bere beharrek osatzen duten errealitate hain konplexu eta zabalaren aurrean, ezarritako helburuak lehentasunezko ekintza gutxi batzuetara murrizteko ezinbestekoa da adostasun zabaleko gutxieneko konpromiso bat lortzea. Ildo horretan, Gazte Planak lehentasun batzuk ezartzea du bere ezaugarrien artean; lehentasun horiek baterako ikuspegi batetik ezarri behar dira, aparte edo paraleloan egin nahi dena baldintzatu gabe. Kontuan hartzekoa da proposatutako ekintza guztiak hirurtekoaren lehentasunak direla, baita adostutako diagnostiko baten emaitza ere.

Planaren izaera instrumentala agerian uzten duen hirugarren arrazoia horrek biltzen dituen koordinazio-gaiak dira. Gazte Plana EAEko antolaketa politiko eta administratiboan instituzioen artekoa eta diziplinen artekoa izango bada, ezinbestekoa da koordinazio-egitura batzuk eskura izatea, instituzio publiko edo publikoen artean sortzen eta nahasten diren gai, eztabaida, gatazka, interes, etab. guztiei erantzuteko. Koordinazio horrek, lehenik eta behin, koordinazio-organo, -egitura eta -guneak sorrarazi behar ditu, batzuetan gai orokorrei buruzkoak, beste batzuetan berariazko gaiei buruzkoak, beste batzuetan eskuduntzei buruzkoak, etorkizunari buruzkoak, etab.; eta bide ematen du gazteria-politiken multzoa eta Planaren egokitasuna, eraginkortasuna eta garapena aurrez aurre ipintzeko, dokumentuan ezarritako ekintzekin batera.

Plan estrategikoak

Aurrez esan den guztiarekin koherentea izateko, gazteria-politikak eta Gazte Plana bereizteko –elkarren mendekoak direla aintzat hartuta–, plan estrategikoetatik bakarrik egin daiteke.

"Plan estrategikoa" da instituzio bakoitzak edo horren azpiunitateek –esaterako, Eusko Jaurlaritzaren Sailek, baita agente sozialek ere– landutako lan-plana. Gainera, Plan estrategikoak epe ertainera eta luzera gazteria-politikan hartu beharreko konpromisoak eta burutu beharreko esku-hartzeak aurreikusi behar ditu.

Beraz, EAEko Gazteria-Politikak instituzio publiko edo pribatu guztien plan estrategiko guztiak bilduko lituzke, Gazte Planak sortutako baldintzetatik abiatuta landu direnak, hain zuzen ere. Plan estrategiko horiek bi atal hauetan banatzen dira:

Gazte Planaren ekintzak. Instituzio publiko edo pribatuen multzoak, Gazte Planean bildu diren ekintza-esparrutik abiatuta, erabaki eta programatzen ditu urtean zein ekintza, zein aurrekontuz eta zein ebaluazio-adierazlez burutu eta ebaluatu behar dituen, baita horretarako konpromisoa hartu ere. Erabaki hori Zuzendaritza Batzordearen, eta, azken buruan, instituzio bakoitzaren erantzukizuna da.

Gazte-politikako beste ekintza batzuk. Instituzio guztiek Gazte Planean proposatutako ekintzetatik haratago joan behar dute. Historiaren, diagnostikoaren, errealitate sozialarekiko akordio eta adostasunen arabera, instituzio guztiek gazteei zuzendutako ekintzak jarri nahi dituzte abian, horiek Gazte Planaren iraunaldiko hirurterako dokumentuan zehaztuta egon ala ez. Oro har gizarteak ekintza-multzo horren beharra dauka –aurrekontua eta helburuak instituzio bakoitzaren ardura dira. Ekintza horiek honako betebehar hauek bete behar dituzte: instituzio bakoitzaren eskuduntzen barruan egotea, instituzioaren beraren borondate politikoaren mendean egotea, eta baliabide propioekiko –giza mailakoak edo ekonomikoak– bideragarriak izatea.

Ezin dugu ahaztu batzuetan instituzio batek gazteen aldeko ekintza jakin batzuk egitea beharrezkoa dela uste duenean, zenbait instituzioren arteko konpromisoak behar-beharrezkoak direla, zenbait esparrutan (legedia, finantziazioa, diseinua, etab.). Ekintza horiek burutzea borondate politiko bakarraren menpe ez, baizik eta borondate politiko batzuen arteko akordioaren eta konpromisoaren menpe dagoenez, ekintzen ezaugarriak, kostua eta adierazleak ez ezik, bereziki baliabideak, akordioak, koordinazioa, eztabaida eta gogoeta hartu beharko dira aintzat.

Laburbilduta, plan estrategikoak, Gazte Planetik haratago badoaz ere, hartatik abiatzen dira. Xedea da instituzio publiko eta pribatuek nork bere plan estrategikoak egitea, Gazte Planetik abiatuta.

Baliabideak

Gazte Planaren politikek berekin daramaten baliabide ekonomikoen gaiari heltzeko, argi eta garbi zehaztu behar da Plan horren bidez abian jarri den prozesuaren norabidea zein den, hura osatzen duten hiru etapetan zehar:

Lehen etapa: Adostasun-esparru orokorra

Euskal gazteriaren egoera-diagnostikoa adostu da, gazteria-politikek biltzen dituzten gaikako bost alorretan esku hartzeko ildo gisa definitu diren lehentasunezko gaien proposamena landu da, eta gazteen beharrei erantzuteko hiru urtetan abian jarri beharko liratekeen ekintza batzuk zehaztu dira, beharren, lehentasunen eta egungo egoeraren eta hiru urteko aldi horretarako aurreikusten den egoeraren arabera.

Horretarako, eztabaida eta gogoetarako prozesua jarri zen abian, eta hartan hainbat teknikari eta adituk hartu dute parte, administrazio publikoaren (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak, Eudel, Hiriburuetako Udalak), agente sozialen eta gazte-munduaren ordezkari direnak. Eztabaida horren ondorioz landu zen zirriborroa gizarteratu da gizartearen esparru adierazgarri batzuetako ekarpenak jasotzeko, eta azkenean horiek guztiak bildu dira dokumentu aglutinatzaile batean.

Beraz, dokumentu honek, prozesuaren lehen urratsa den neurrian, ez du inolako zenbatzerik zehazten, ez aurrekontu-mailakorik ez gauzatze-adierazleen mailakorik. Lanerako eta ondorengo konpromisoak zehazteko esparrua da. Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordeak, instituzio politiko guztien ordezkariak biltzen dituen organoa den neurrian, adostutako testu hori organo politiko instituzional desberdinen –Eusko Jaurlaritzaren Kontseilua, Batzorde Parlamentarioa, Foru Kontseilua, Eudel erakundearen Zuzendaritza-Batzordea eta Udalbatzarrak– eskura jartzea lortu nahi da, horiek hura aztertu eta onar dezaten, EAEko gazteria-politiken bilgune gisa. Gainera, prozesu bat jarriko da abian, gazte-munduaren diziplina anitzeko errealitatea osatzen duten gai guztiak nolakoak diren eta noiz eta nola gertatzen diren zehazten joateko. Etapa hau amaitzen da dokumentu hori onartzearekin batera.

Bigarren etapa: Urteko konpromisoak.

Behin politikariek II. Gazte Planaren testua onartu dutenean, urte bakoitzaren hasieran erakunde bakoitzak programatu behar du, nork bere azterketaren arabera, dokumentuan zehaztutako ekintzak nola gauzatu behar dituen. Horretarako, ekintza horiek garatzeko aurrekontua adieraziko du, baita burutu behar den estaldura sistematizatzea ahalbidetuko duten adierazleak ere. Zein ekintza jarri behar diren abian, zenbateko aurrekontua dagoen eta zein ebaluazio adierazle baliatu behar diren erabakitzea instituzio bakoitzaren erantzukizun politikoa da bakarrik. II. Gazte Planaren dokumentua oro har onartzeak ez du behartzen proposatutako ekintza guztiekiko konpromisoa hartzera, instituzio bakoitzak gazteentzako politika egitearen erantzukizunaren arabera egingo duen baloraziotik edo hartuko duen erabakitik haratago.

Gazte Planaren ekintzek osatzen duten esparru teorikotik haratago, bigarren etapa hau garatzea instituzio bakoitzaren konpromisoa dela –aurrekontu-konpromisoa zehaztuz– aintzat hartuta, instituzio bakoitzaren ardura izango da konpromiso hori finantzatzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak nondik aterako dituen aurreikustea, dela nork bere aurrekontuetatik, dela beste instituzio batzuetatik jasotako dirulaguntzetatik, dela europar programetatik dela beste edozein finantziazio-bidetatik. Eta hori guztia ekintza horiek instituzioan garatzen ari ziren ekintzak izan ala lehen aldiz egin beharreko ekintzak izan. Azken kasu horretan, gastu berri bat zehaztu beharko litzateke Instituzioaren ohiko aurrekontuetan.

Dena den, Gazte Planaren egiturak aukera ematen dio Plana abian jartzeko eta sustatzeko baliabideak bilatzeko. Gainera, egitura hori baliagarria ere izango da oso instituzioen arteko topaketaren esparruan ezarriko diren ekintzak garatzeko, instituzio batzuen baterako erantzukizun-jarduera jakin batzuk edo Plana sustatzeko ekintzak burutze aldera.

Instituzio guztiek urtero hartuko dituzten konpromiso guztiak Parlamentuko Emakume eta Gazteria Batzordeari igorriko zaizkio.

Hirugarren etapa: Azken ebaluazioa.

Konpromiso gisa onartutako ekintzetarako instituzio bakoitzean aurreikusitako gastua gauzatzea instituzio bakoitzak urtean zehar helduko dien erronken artean egongo da, eta gainera, Zuzendaritza Batzordearen eta Batzorde Teknikoaren gogoeta eta eztabaidarako gaia izango da. Behin urtea, eta ondorioz, aurrekontu-ekitaldia, amaituta, txosten bat egingo da, aurrekontua zenbateraino gauzatu den eta aurreikusitako adierazleak zenbateraino bete diren neurtzeko. Txosten horretan ere hainbat arrazoi eta argibide bilduko dira, benetako gastua eta adierazleak programatutakoekin bat ez datozenean. Txostena Parlamentuko Emakume eta Gazteria Batzordeari igorriko zaio.

Koordinazioa

Kontuan izan behar da planaren erakunde-artekotasunak koordinazioa eskatzen duela nahitaez, bestela nekez garatu eta bete baitaitezke adostutako helburuak.

Planaren garapenean funtsekotzat jotzen da lurraldeen arteko koordinazioa, Aldundi bakoitzaren eta Udalen ekintzak koherenteak izango badira, gazte-kolektibo berbera baitute jomugan. Gainera, gogoratu beharra dago lurraldeen arteko eta instituzioen arteko koordinazioak garrantzi handia duela.

I. Gazte Planaren helburuetako bat erakunde bakoitzak bere dinamika propioa garatzeko erreferentzia izango diren jarraibide orokor batzuk finkatzea izan da. Helburu hau bete ondoren, hurrengo urratsa ekintza batzuk modu zehatzago batean antolatzea eta lehentasuna ematea izango da. Horrela, erakunde bakoitzak bere kabuz garatu ahal izango du II. Gazte Plana.

Funtsezko helburua erakunde bakoitzak indibidualki II. Gazte Plana bere kabuz garatzea bada ere, erakundeen arteko lana nolabait ere koordinatuko duten ildo komun batzuk ezartzea gogoeta eta lanerako ildo bat izan liteke (jakina, bakoitzaren idiosinkrasia eta filosofia errespetatuta). Hortaz, II. Gazte Planak alde batetik aldundien eta bestetik udalen arteko erlazioa eta koordinazioa bilatu behar du, oso tresna egokia baita horretarako.
Esku hartzeko politika homogeneoak bilatzeko koordinazio-egoera honek ondokoak dakartza:

-Gizarteari transmititzen zaion baterako lanaren irudi positiboa.
-Herrialdearen irudi bateratua.
-Egungo programak hain ezberdinak ez direla frogatuko litzateke.
-Baliabideak optimizatuko lirateke eta erakundeen esperientziak aprobetxatuko lirateke.
-Egituraketa honen onuradunak gazteak izango lirateke batez ere.
-Une honetan beharrezkoa da ildo homogeneo bat, jarduteko batasun bat eta koherentzia bat ezartzea.