Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

3.2. GIZARTE-ERAGILEAK. II. GAZTE PLANAREKIN DUTEN ERANTZUKIZUNA

Gizarte-eragileek II. Gazte Planean betetzen duten zereginaren, zeregin hori betetzeak duen garrantziaren eta planean duten parte-hartzeari lotutako beste edozein alderdiren inguruan edozein gogoeta egin aurretik, beharrezkoa da gizarte-eragile horien irudirako lehen hurbilketa bat egitea.

Gizarte-eragilearen definizioa

Termino bat definitzeak mugituko gareneko kontzeptuzko esparrua mugatzea (ahalegin gisa besterik ez bada ere) eta hitz egingo denari buruzko gutxieneko adostasun bat ezartzea ahalbidetzen du.

“Gizarte-eragile” kontzeptua aztertzeko, baliagarria izan daiteke gizarte-eragilea definitzeko erabiliko diren parametroak azaltzea:

-Lehen definizio-irizpidea gizarte irekiaren eredu teorikoaren eta “aniztasun” kontzeptuaren barruan kokatzen da:
--Interes ezberdinak ordezkatzen dituzten irudien aniztasuna (gizarte-eragileen aniztasuna).
--Giza talde bat osatzen duten gizabanakoaz gaindiko irudien aniztasuna.
-Bigarren irizpidea helburuei lotutako definizio bati dagokio:
-- “Gizarte-eragile” izenak berak esanahi batzuk iradokitzen dituela dirudi:
-Agentea, ondorio jakin bat bilatuta ekintza bat egin nahi duen subjektu (kolektibo) gisa (prozesuaren eta xede edo helburuen ideiak).
-Esku hartuko dueneko lurraldea (gizarte-esparrua).
-Bere subjektu kolektiboaren izaera eta esku hartzeko helburua kontuan hartuta, gizarte-interes edo interes kolektibo jakin batzuk ordezkatu nahi dituen erakunde?irudi bat da gizarte-eragilea.
-Izenaren konnotazioari lotutako hirugarren osagai teorikoak, beren identitatea kontuan hartuta eta zer ez diren adierazita definitzen ditu gizarte-eragileak:
--Identitatea kontuan hartuta (kolektiboa, gizartean esku hartzeko helburuak dituena), izaera instrumentala behar dute izateko eta jarduteko (antolamendu-egitura).
--Zer ez diren adierazita egindako definizioari dagokionez, beren gizarte?izaerak politikoak ez direla adierazten du (zuzenean behintzat). Izan ere, gizartean esku hartzeko helburu batzuk (interes kolektiboak) dituen elementu antolatua izan arren, beren profila ez dator bat erakunde politiko edo administratiboekin.

“Gizarte-eragile” kontzeptua mugatzen eta konnotazio bidez adierazten duten parametroak ezarri ondoren, gizarte-eragilearen irudiari buruzko definizio baliozko bat zehazteko aukera ematen diguten elementuak ditugu.

Gizarte-eragilea, administrazio publikoa izan gabe gizartean esku hartzeko helburuak dituen gizarteko alderdi antolatu bat da.

II. Gazte Planari dagokionez, komeni da gizarte-eragilearen definizioa gazteen munduaren esparrura mugatzea: gazte-errealitatean esku hartzeko dedikazioa (erabatekoa edo partziala).

Gizarte-eragileak gazte-errealitatearen testuinguruan kokatu ondoren, II. Gazte Planaren helburuekin bat datorren azken ñabardura bat erants daiteke: gazteak bilatzen dituen helburuak lortzeko beharrezkoak diren tresnak eskaintzea.

Gizarte-eragileen egungo egoera II. Gazte Planari dagokionez

Gizarte-eragileek I. Gazte Planarekin esku hartu eta parte hartu zuten lehen aldiz EAEko gazte?politika integral batean.

Gizarte-eragileen parte-hartzea (planaren sustatzaile eta erantzule politikoa izan zen euskal administrazioarekin batera), ondoko alderdietan oinarritu zen funtsean:

-“Ontzietan” parte-hartzea.
-Gazte-problematikaren diagnostikoa (administrazioko teknikariekin batera) plana egituratzen zuten 5 arloetan.
-Gazteen arazoen diagnostikoan oinarrituta ezarritako eta I. Gazte Planak erantzun beharreko erronken definizioa.
-Erronka horiei aurre egiteko esku hartzeko ildoen diseinua.
-Esku hartzeko ildo horiek osatu behar zituzten ekintzak finkatzea.

Hala ere, gizarte-eragileek I. Gazte Planean izan zuten parte-hartzea mugatua izan zen nahitaez. Izan ere:

-Planaren egutegia eta agenda, plana sustatu eta martxan jarri zeneko une hartako egoera aproposak eta une hori aprobetxatu beharrak (gizarte?eragileek behar zuten erritmora moldatu ezinik) ezarri zuten.

-Gizarte-eragileek administrazioak bultzatutako politika orokorretan parte hartzeko eta erantzukizuna hartzeko jarraibide edo eredu izan zitezkeen aldez aurreko erreferenterik ez zegoen edo sakabanatuta zeuden.
o Gizarte-eragileek zailtasunak zituzten beren parte-hartzearen mugak finkatzeko eta planari lotutako konpromisoak hartzeko.

Gizarte-eragileek I. Gazte Planean izan zuten parte-hartzearen, konpromisoaren eta erantzukizunaren mugek nolabaiteko eszeptizismo-arrasto bat utzi dute gizarte-eragileen artean administrazioak sustatutako proiektuen barruan lor ditzaketen esku-hartzeko mailei dagokienez.

Gaur egun, II. Gazte Planari begira, iraganeko oztopoak gainditzeko prozesu bat martxan jartzea komeni da. Horrela, gizarte-eragileek planaren sorrera, garapen eta burutzapenaren une guztietan parte-hartze aktiboagoa izango dutela bermatu ahal izango da.

Izan ere:

II. Gazte Plana aurreko planaren garapena da, eta, beraz, eboluzio-prozesu baten osagai den heinean, iraganeko gabeziei buruz gogoeta egin dezake eta horrekin ikas dezake. Gizarte-eragileen parte-hartze handiagoa sustatzea eta bultzatzea administrazioaren helburu bat da.

Gizarte-eragileek II. Gazte Planean parte hartzeko arrazoia

Gizarte-eragileek planean parte hartzearen komenigarritasuna argitzen eta justifikatzen duten arrazoiak ondokoak dira:

-Lehen arrazoia I. Gazte Planaren esperientziaren ondorioa da neurri batean. Plan hori diagnostikatu, garatu eta praktikan jarri ondoren, gazte-politiken gizarte-eraginkortasun handiagoa ahalbidetuko duen planaren sozializazioa handitzeko premiaren ustea zabaldu da administrazioaren barruan zein kanpoan.
-Administrazioa, gaur egun, zerbitzuak eskaintzen dituen egitura paternalista izateari utzi eta baliabideen antolatzaile eta banatzaile bihurtzen ari da. Helburu hau lortzeko, gazteen ingurunean diharduen elkarteen ehunaren beharra du.
o Gizarte-eragileak administrazioaren eta gizarte zibilaren –kasu honetan gazteen– artean beharrezkoa den lokarria dira.
-Gizarte-eragileek administrazioak egiten duena aberasteko eta osatzeko zeregina bete behar dute. Horrela, gizartearen zerbitzura jarduteko helburuak garatu ahal izango dituzte biek.
-Administrazioak esku hartzeko duen espazioa gero eta irekiagoa da. Gizarte zibilak, eragileek eta elkarteek gero eta garrantzi handiagoa dute gizarte-errealitatean eta, ondorioz, espazio hori denontzat zabaldu behar da ezinbestez. Zentzu honetan, planak gizarte-errealitate berri horren isla izan behar du.

-Plana, gizartea aldatzeko tresna gisa, administrazioaren barrutik zein kanpotik lan egiteko tresnak dinamikoki sustatzea eskatzen duen prozesu bat da.
-II. Gazte Plana aurrekoaren garapena eta bilakaera denez gero, ez dio errealitate estatiko eta itxi bati jarraitzen. Aitzitik, elkarreraginaren eta bilakaeraren bitartez, gizarte-eragileei esku hartzeko aukera emango die.

Gizarte-eragileek parte hartzeko aurki ditzaketen zailtasunak

II. Gazte Planean gizarte-eragileen parte-hartzea areagotzea ez da helburu erraza. Planaren sorreran, garapenean eta burutzapenean erantzun bat eskatzen duten zailtasun nabariak daude. Zailtasun horiek erronka moduan hartu behar dira eta zailtasun horiei irtenbidea emateko eta aurre egiteko moduaren araberakoa izango da planaren arrakasta.

Gizarte-eragileen parte-hartze horretarako dauden zailtasunak ezagutzeko eta irtenbideak emateko, komeni da zailtasunak zein diren adieraztea eta gainditzeko ildoak azaltzea:

-Lehen zailtasuna, zalantzarik gabe, gizarte-eragileek administrazio publikoen bestelako plan batzuetan izan duten parte-hartzearen esperientzia urriaren ondorioa da. Oro har, asoziazio-ehunak gizarte-beharren konponbidean eta horretarako ezarritako neurrien kudeaketan izan dezakeen inplikazio hori ez da erakunde publikoen politiketan barne hartzen eta lantzen eta, horrexegatik, zaila da helburu hori lortzeko modu bat ezartzea.

Zalantzarik gabe, elkarreragiteko borondateak, erantzukizun partekatuek eta gazte-politikako gizarte-erronkei aurre egiteko gaitasunarekiko apaltasunak, partaidetzaren helburua lortzeko beharrezkoak diren baldintzak eta giroa sortuko dituzte.

-Zaila da gizarte-eragileek izan beharreko parte-hartzearen maila ideala zehaztea. Izan ere, administrazioak du eskumena gizarte-politikak eta, zehazki, gazte?politikak bultzatzeko eta martxan jartzeko eta, era berean, administrazioak hartu behar du bere gain politika horien erantzukizuna gizartearen aurrean.

Nolanahi ere, parte-hartze horren mugak definitu gabe daudenez gero, gizarte-eragileen zeregina eta protagonismoa areagotzeko eta administrazioaren eta asoziazio-ehunaren aldetik gazte?politiketan gogoetarako eta esku hartzeko espazioak partekatzeko aukera dugu.

-Beste zailtasun bat, plana lantzeko prozesua erakunde-politikaren jarrerak gainditzen dituzten eta gizarte-eztabaidarako elementu aberasgarri izan daitezkeen gizarte-gogoetak bere gain hartzeko zein neurritaraino den gai zehaztea da (bai eta esku hartzeko proposamen praktikorik ez dakartenean ere).

Elkarrizketarako eta elkarren artean eragiteko jarrera malguak hartzeak gizarte-eragileen parte-hartzea bultzatzeko beharrezkoa den konfiantza sortuko du eta planak legitimitate handiagoa izango du horrela, plana definitzeko esparruak administrazioak bakarrik finkatzearen kasuan baino legitimitate handiagoa, alegia.

Prozesua arautzen duten mekanismoek ere, gizarte-eragileen parte-hartzea sustatzeaz gain, malgutasuna ahalbidetu behar dute administrazioaren eta gizarte-eragileen arteko elkarreraginean. Malgutasun hori bat dator planaren parte-hartzearen aldeko filosofiarekin eta gizarte zibilaren protagonismoa bultzatzeko asmoarekin.

-Prozesuaren une bakoitzean koordinatzeko zailtasuna:

· Gazte-errealitatearen diagnostiko partekatua egitea esku hartzeko arlo bakoitzean.
· Funtzioak bere gain hartzeko modua zehaztea.
· Funtzioak nork har ditzakeen bere gain eta nork hartu nahi dituen bere gain zehaztea.
· Alde bakoitzak konpromisoa zein puntutarainokoa den eta nola burutu behar den adieraztea.

Definizio-elementu horietako bakoitzari ematen zaion erantzunaren araberakoa izango da, neurri handi batean, gizarte-eragileen konpromisoaren eta parte-hartzearen arrakasta.

Halaber, parte-hartze horretarako tresnak eta giroa eskaintzea administrazioaren ardura izango da eta planarekiko erantzukizun-mailak finkatzea aldiz, gizarte-eragileena.

-Planak gazteak gizarteratzeko tresnak eskainiko dituen emantzipazio-proiektu bat iradoki behar du baina beti ez da erraza izango hori hainbat arlotako errealitateekin bat etortzea:

· Errealitate horietan esku hartzeko baldintzengatik (aisia eta kultura, etxebizitza eta lana).
· Gizarte-errealitate horietan esku hartzen duten baina gazteen emantzipazio-dinamika estal dezaketen gizarte-eragile batzuen izaera eta legezko interesengatik (etekin ekonomikoa).

Gizarte-eragileen parte-hartzearen garrantzia

Orain arte gizarte-eragileen parte-hartzeak administrazioarentzat duen interesa iradoki dugu baina horren garrantzia bikoitza da: administrazioarentzat ez ezik, gizarte-eragileentzat ere bai.

Administrazioarentzat duen garrantzia

Gizarte-eragileen parte-hartzeak administrazioarentzat duen garrantziaren arrazoiak ugari dira:

-Diagnostiko zuzen baterako eta gizarte-mailako esku-hartze egoki baterako aukera handiagoa, gizarte-eragileak gazteengandik hurbilago baitaude. Halaber, jarraitu beharreko gazte-politika definitzen asmatzeko segurtasun handiagoa.
-Laguntza helburuak definitzean eta helburu horiek lortzeko erabili beharreko baliabideen artean lehentasunak ezartzean (ezarritako diagnostikoen eta gazteen egoeran aldaketa handiagoak lor ditzaketen esku hartzeko politiken arabera).
-Administrazioaren eta gizarte-eragileen giza baliabideak eta baliabide teknikoak batu egiten dira gizartean esku hartzeko.
-Aurrekoarekin lotuta, administrazioaren ekintza barreiatu eta zabaldu egiten da (gizarte?sareen garrantzia).
-Politika integralean aurrera egiten da eta osotasun-ikuspegi orokor bat lortzen da. Horrek koherentzia handiagoa ahalbidetuko du gazte-politika integralen diseinuan eta aplikazioan.
-II. Gazte Planari gizarte bultzada eta zabalkunde handiagoa ematen zaio.
-Ekintza politikoaren legitimazio handiagoa gizarte-aniztasunaren eta parte-hartzearen bitartez.
-Errentagarritasun politikoa legitimazio horren ondorioz.


Gizarte-eragileentzat duen garrantzia

-Gizartean eta politikan esku hartzeko aukera.
-Beren proposamenetako batzuk praktikan gauzatzeko aukera.
-Beren gizarte-eginkizunari baliagarritasuna ematen zaio.
-Administrazioaren helburuetan parte hartzeko eta lan-ildoetan eragiteko aukera.
-Gizartean oihartzuna eta garrantzia duen plan batean leku bat izateko aukera.
-Gizarte-aldaketa ahalbidetzen eta protagonismoa bilatzen eta gazteen egoera eta errealitatea hobetzen laguntzeko aukera.
-Beren jardueren zati bat finantzatzeko aukera (diru-laguntzak, lankidetza-hitzarmenak eta abar).
-Gizartean duten garrantzia areagotzeko aukera emango dien irudiaren sustapena eta hedapena.
-Beren ekintzak eta programak ezagutarazteko aukera (bai eta planarekin zerikusirik ez dutenak ere).