| 3.1. GAZTEEN BULTZADA. HORIEN PARTE-HARTZEAREN PREMIA Oso garrantzitsua da gazteek planaren bultzadan parte hartzea, eurak baitira neurrien onuradun nagusiak. Parte-hartzea balio gisa Herritarrek gai publikoetan parte-hartzearen gaiari buruzko eztabaida asko egin dira eta egiten dira. Parte-hartzeaz hitz egiten denean, sistema demokratikoaz eta honek herritarrei nahi dutena adierazteko, ukitzen dieten gaiei buruzko iritzia emateko, proposamenak egiteko eta erantzule izateko eskaintzen dizkien bideez hitz egin behar da. Sistema demokratikoan parte-hartzea balio positiboa da, eta horregatik sustatzen da. Hala ere, parte-hartze horrek muga batzuk ditu. Gaur egun daukagun ordezkaritza-demokraziaren sistemak parte-hartzearen bide formalizatu, estandarizatu eta bateratzailea barne hartzen du: hautestontziak. Hala ere, egon badaude beste parte-hartzeko sistema batzuk hain estandarizatuta ez daudenak eta dagokion administrazioaren mailaren, konpondu beharreko gaiaren eta administrazio bakoitzean arduradunek duten estilo edo jarreraren arabera era ezberdinean bideratzen diren ezaugarrien araberakoak direnak. Honela, botoa funtsezkotzat jotzen den parte hartzeko bidetzat hartzen den eta, horregatik, legez arautzen den arren, hautestontzietan gauzatzen ez diren parte hartzeko moduak herritarren inplikazioa izateko borondate politikoaren arabera daude, parte-hartze mota hori legez ezarrita ez dagoelako. Bozketaz bestelako parte-hartzea, herritarren eta, gure
kasuan, gazteen artean sustatu behar den balio positiboa da, izan ere,
gazteek erakundeen ekimenekiko atxikipen txikia erakusten baitute (EAEko
15 eta 29 urte bitarteko pertsonen %62k adierazten dute politika oso gutxi
edo batere ez zaiela interesatzen) . Testuinguru orokor honetan, gazteak EAEko II. Gazte Planean barne hartu beharra planteatzen da, planak euren beharrizanak, arazoak, helburuak edo balioak zuzenean aipatzen dituelako. Baina ez da positiboa horregatik bakarrik, gazteek erakunde-ekimen honetan parte hartuz gero plana gizartean errotuko litzatekeelako, hau da, gizarte-ehunean iragazi eta nahi duen lekuraino iritsiko litzatekeelako. Gazteak Planean barne hartzeak, horiek murgiltzen diren gizartean dinamika demokratikoak garatzen laguntzen du, hau da, administrazioarekin eta haren ekimenekin harremanak ezartzeko "saio" gisa funtzionatzen du. Zalantzarik gabe, erakundeetatik gazteentzat bideratzen diren ekimenak euren beharrizanetara hobeto egokitzeko aukera, gazteek planean parte-hartzeak dakarren beste mozkinetako bat da. Gainera, parte-hartzea Euskadiko gazteriaren Kontseiluaren Legeak onartzen duen eskubide bat da, eta Europako Tokiko eta Eskualdeetako Agintarien Konferentzia Iraunkorrak 1992an idatzitako "Gazteek udaleko eta eskualdeko bizitzan parte hartzeko Gutunak", Europako Kontseiluko gaztearen alorreko ministroen Konferentziak 1993an idatzitako "Europar politikarako orientabideek", Gazteriaren nazioarteko urtearen Euskal batzordeak 1995ean emandako orientabideek eta abarrek orientabide politiko gisa barne hartzen dute, eta hala ere, erakunde publikoen kudeaketari loturik dagoen "eskubidea" da. Parte-hartzearen baldintzak Gazteek parte har dezaten lortzeko eragozpenak era askotakoak eta izaera ezberdinekoak dira. Abiapuntu gisa, argi dago ezin dela esku-hartzea bultzatu ez baldin bada ekimen zehatza ezagutzen. Horrela beraz, gazteek parte hartzeko eman behar den lehen baldintza, gazte horiek II. Gazte Plana existitzen dela jakitea eta plan hori ezagutzea da (gazteen %14ak bakarrik adierazten du I. Gazte Plana ezagutzen duela) (2) . Beraz, parte-hartzea bultzatzeko ezinbesteko baldintza izango da II. Gazte Plana existitzen dela jakitea eta betetzen duen zeregina ezagutzea. Hala ere, informazioa izatea eta parte hartzea ez dira sinonimoak. Informazioa izatearen eta parte-hartzearen artean ez dago kausa-ondorio erlaziorik. Parte-hartzea, elkartu behar diren zenbait aldagai edo egoeraren emaitza da. Batez ere lau dira: -Parte hartzen duten gazteen borondate politikoa izatea. Gazteen kolektiboan parte hartu nahia Antzeko ezaugarriak dituzten eta ikuspegi soziologikoarekin gaztetzat har daitezkeen pertsonen multzoa egon badago. Hala ere, kategoria hori orokorki erabiltzeak multzoa oker bateratzen du, batez ere batere operatiboan ez den moduan. Honela, gazteen profil ezberdinak bereizi behar dira zenbait aldagai kontuan izanik: adina, gizarte-ingurunea, gizarte-mugimendu edo elkarteetan duten esku-hartze maila, eta abar. Horrela, parte hartzeko motibaziorik handiena duten pertsona edo taldeak identifikatu ahal izango dira, eta horiek inplikatzeko ahaleginak zentratu ahal izango dira. Hori argitu ondoren, gazte gehienen ustez (%63) ez dago biderik beren iritziak gazteei buruzko erabakiak hartzen dituztenengana iristeko. Hala ere, horretarako bideak jarriz gero parte hartzeko prest dauden galdetzen zaienean, %50ek adierazi dute ez dutela parte hartzeko asmorik (3). Datu horiek osatu egin daitezkeen arren, gazteen arazoa gainditzen duen gauza bat argi uzten dute: herritarrek gai publikoetan parte hartzeko duten nahi txikia. Aipamen horretatik kanpo geratzen dira, noski, "gizartearenak" bezala defini ditzakegun parte-hartzeko espazioak (lan-munduan, aisia eta astialdian, hezkuntzan eta abar), zeinetan parte-hartzeko era ezberdinak dauden, adibidez senitarteko bat zaintzea, lan-jardueran parte hartzea, edo aisi eta astialdirako jarduera ezberdinetan parte hartzea. Parte hartzeko modu horiek ez dira gutxietsi behar, baina ez dira azterketan barne hartu. Erakundeen politika edo ekimenetan parte hartzeari dagokionez, administrazioak gai garrantzitsuetan gazteen parte-hartzea bultzatzeko ahalegin handia egin ez duen arren, onartu beharra dago motibazio-gabezia hori bi alderdietan aurkitzen dela. Parte hartzeko eta konpromisoak hartzeko motibazio eskas hori, gizartearen maila eta alderdi guztietan aurkitzen den fenomenoa da. Gazte askok administrazioari begira duten jarrera pasiboa eta konfiantzarik ezak, eta administrazioak gazteekiko duen jarrera paternalistak, era berean, bi eragile horien artean (gazteak eta administrazioa) lankidetza-erlazioa lortzea oztopatzen dute. Argi dago, beraz, motibazio-arazoa dagoela, gazteek eta helduek, interesak eta helburu argiak eta epe laburrean edo ertainean mozkinak eskaintzen dizkieten eremuetan parte hartzen dutela. Horregatik, gazteek parte hartzeko beste baldintzetako bat, parte hartzen dutenek bere ekarpena kontuan izaten dela ikustea da, parte-hartze horri eusteko ezinbestekoa baita. Helburu argiak eta ongi definituak Adierazi den bezala, parte hartzeko eta esku hartzeko modu ezberdinak daude, zerbitzu jakin baten erabiltzaile gisako parte-hartzea oinarrizkoena izanik, eta politika publikoetan erantzukizuna hartzea parte-hartze mailarik handiena izanik. Bi mutur horien artean parte hartzeko modu ezberdinak aurki ditzakegu: iritzia ematea, proposamenak egitea, ekimenak diseinatzen laguntzea, ekimenak lantzea, zerbitzuak kudeatzea, ebaluatzea eta abar. Beraz, ikus daiteke testuinguru bakoitzean eta parte har dezaten lortu nahi den gazte-multzoaren arabera helburu ezberdinak proposa daitezkeela. Beti ere, kontuan izanik administrazioak duela erabakiak hartzeko gaitasuna, eta ez da pentsatu behar administrazioaren eta beste eragileen artean sortzen den harremanaren ondorioz erabakitzeko ahalmen hori administrazioak inoren esku utziko duenik. Eskatzen diren parte-hartze motak eta esku hartzen duten eragileen profilak ere ezberdinak izango dira arlo bakoitzean. Azkenik, parte-hartzea errazteko eta motibatzeko lortu behar den beste baldintza bat, proposatzen diren helburuak oso handinahiak ez izatea da, horrela, parte-hartze prozesu luze eta korapilatsuen ondoren ez da frustraziorik sortuko helburuak ez lortzeagatik. Gazteen profil ezberdinetara egokitutako parte-hartzeko bideak Gazte guztiek ez dute era berean eta eremu berdinetan parte hartu nahi. Lanaren edo etxebizitzaren arloetan, lan-merkatuan sartzeko edo etxebizitza alokatu edo erosteko zorian dauden pertsonek parte hartu beharko dute (kontuan izan behar dugu gazte kategoriaren barruan 15 eta 30 urte bitarteko pertsonak daudela, edo zaharragoak). Hala ere, aisiarekin eta astialdiarekin erlazionatutako gai jakin batzuetan gazteagoen parte-hartzea onar daiteke. Era berean, osasunari edo hezkuntzari loturiko gaietan, adina gehiago zabal daiteke. Nolanahi ere, edozein arlotan bitarteko egiturek, hau da, elkarte-erlazioren bat duten gazte-multzoek apustu argia egin behar dute. Beraz, bitarteko egiturak (elkarteak) indartzea eta administrazioak gazteen legitimazioa duten solaskideak onartzea (eragile horiek politika edo ekintza batzuekin kritiko agertzen diren arren) ezinbesteko baldintza izango da. Planteamendu horrek bi arazo nagusi aurkitzen ditu: -Mota horretako egituren ahuldadea Osasuna eta Bizi-kalitatea,
Etxebizitza edo Lana eta Laneratzearen arloetan. Aisia eta Hezkuntzaren
arloan, berriz, nolabaiteko elkarteak egon badaude (kultura eta aisialdirako
elkarteak, eta ikasle-elkarteak, hurrenez hurren). Horrela beraz, beharrezkoa da Euskal Gazte-Kontseilua zabaltzea, hala gai-kopuruari nola ordezkatzen dituen erakunde-kopuruari dagokionez. Horrek, noski, funtzionamendurako aurrekontua eta baliabideak handitzea dakar. Ahalegina elkarteen alorrean sakondu behar den arren, elkarteetan barne hartuta ez dauden gazteen parte-hartzea bultzatu behar da, horien iritziak eta proposamenak jaso ahal izateko. Horretarako, beharrezkoa da gazteen kezkak biltzeko komunikazio-sare formalak eta ez formalak erabiltzea. Eskueran dauden komunikazio-bide guztiak erabili behar dira, esate baterako: Internet (posta elektronikoa, chat elkarrizketak, web orriak...), gazteen aldizkariak, irratiak, telebista, egunkariak eta abar. Edozein gaztek eskueran dituen informazioa biltzeko euskarriak, alegia. Azken finean, argi dago ekarpen gehiago egingo dituzten giza taldeak identifikatu behar direla eta parte hartzeko bideak horien ezaugarrietara egokitu behar direla, euren iritzia, proposamenak eta kudeaketa eskatuz. Erronka zaila Bi aldeen artean administrazioaren politikan eta bereziki Gazte Planean parte-hartze aktibo eta eraginkorra lortzea eragozten duten arazo garrantzitsuak badaude ere, administrazioari dagokio lehen urratsa ematea, eta, beraz, beharrezkoak diren mekanismoak jartzea eta gazteek martxan dauden eta etorkizunean sortuko diren ekimenetan beren ikuspegi, ideia eta energien ekarpena egin ahal izateko oztopoak kentzea. Hori lortu arte ezinezkoa izango da jakin nolako parte-hartze maila lor daitekeen. Oso erronka zaila da, gazte-elkarteen eta gazteen lankidetza eta inplikazioa lortzeko martxan jarritako esperientziek espero ziren emaitzak eman ez izanak erakusten duen bezala. Zehazki, udal-esparruan (hau da, parte hartzeko aukera gehien ematen dituen esparrurik hurbilenean) ez ziren oso emaitza onak lortu. Horretan eragina izan duten faktoreen artean ondokoak aipa daitezke: ekimenak ez dira aldez aurretik ongi definitutako eskari batean oinarritu, ongi definitu eta hornitutako gazte-politikarik ez da izan, erakunde-ekimenek mesfidantza handia sortzen dute gazteengan eta abar. Horrez gain, bada zailtasun gehigarri bat ere: zaila da gizarte-eragileekin estrategia koordinatuak planteatzea erakundeen arteko koordinazioa –gazteriaren arloan bederen– oraindik eskasa denean. Laburbilduta, parte hartu nahi duten gazteen parte-hartze aktiborako baliabideak jarri eta oztopoak kendu behar ditu eta horretarako benetako borondate bat behar da (gaur egun ez dagoena). Gainera, lan hori ikuspegi errealista batetik egin behar da (gazte guztiek ez dakite inplikatzen edo ez dute inplikatu nahi), jarrera paternalistak alde batera utzita. II. Gazte Planak gazteen bultzada behar du eta, horretarako, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua aipatzen du bereziki, organo hau baita egokiena administrazioarekiko harremanetan gazteen parte-hartzea bideratzeko. Parte-hartze honek oinarrizko hiru funtzio izan behar ditu, “gazte-ontziak” sortzearen bidez gara daitezkeenak: -Planaren elaborazio-fasea. |