Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

2.2. GAZTE-INDARKERIA

Ikerlan askok baieztatzen dute oro har euskal gizarteari eta zehazkiago gazteriari gehien arduratzen dien arazo nagusietako bat indarkeria dela. Gazteei gehien arduratzen dieten arazoak zein diren galdetzen zaienean, indarkeria hirugarren tokian azaltzen da (1), eta Euskal Herriko arazo nagusien inguruan galdetuta, beren kezka nagusia terrorismoa dela erantzuten dute (2).

Indarkeria da, orobat, euskal erakundeen kezka nagusietakoa. Gobernuaren lehentasunezko ekintzen artean indarkeriari aurre egitea dago, eta horrela islatu da "Pertsona guztien bizitzaren, askatasunaren eta segurtasunaren aldeko Manifestu Instituzionalean". Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta euskal udaletako ordezkari instituzionalek izenpetu dute manifestua.

Indarkeriaren fenomenoa gertutik ezagutzeak agerian uzten du hura gizartean erabat barneratua dagoela, era askotan. Izan ere, egunetik egunera erasotzen gaituzte indarkeriazko jarrera, mezu eta adibide ugariez, eta horiek barruraino sar daitezke pertsona jakin batzuengan.
Errazegia litzateke gizarte osoaren erantzukizunari bizkar ematea, baina badu, bai, erantzukizunik indarkeriaren erabileran eta jokabide biolentoen transmisioan. Tamalez, beste une batzuetan erabili izan dugun argudioa (hots, ez dagoela “per se” gazte-arazorik, gazteak eraginpean hartzen dituzten gizarte-arazoak baizik), mingarria izanik ere, erabat baliagarria da kasu honetan ere. Ezinbestekoa da indarkeriaren izaera kolektiboa ulertzea, hau da, gizarte osoak duela erantzukizuna eta indarkeriaren eragina giza talde guztietara iristen dela ulertzea.

Argi dago indarkeria ez dela gazteen jokabidea bakarrik, batzuetan gazteak (gazteen gutxiengoa) izanagatik ere indarkeriazko portaerak azaltzen dituztenak. Ildo horretan, Gazte-indarkeriari buruzko Cindes Txostenaren datuak argigarriak dira: euskal gazteen %8,1ak indarkeriaz jokatzen duela esan daiteke, %5,2ak gai politikorengatik eta %2,9ak gai sozialengatik. Politikarengatik indarkeriaz jokatzen duten gazteen artean, %3,8 euskal gatazka deritzanari loturik ageri da.

Gainera, ezin dugu ahaztu askotan gazteak direla indarkeria pairatzen dutenak: bikoteen artean, familien barruan, ikastetxeetan, aisia-guneetan... Hori ez ezik, eta indarkeria-mota nagusietako bat aipatzearren, gizonezkoen emakumeenganako indarkeria gazteen artean ere nabari da.

Orobat, indarkeriaren fenomenoa ulertzeko, ezin dugu alde batera utzi indarkeriaren beraren eta gizarte osoari –eta bereziki balioak transmititzeko zereginean ardurarik handiena duten gizarteratze-agenteei, hau da, familiari, eskolari eta koadrilari– eragiten dion balio-krisiaren arteko harremana. Izan ere, une honetan agente horien artean ez dago elkarrekin bizitzeko eta harremanetarako onartutako eredurik (3).

Cindes Txostenetik eta gazte-indarkeriaren inguruan egin diren beste ikerlan batzuetatik ondorioztatzen denez, gazteen emantzipazioa galarazten duten bizi-baldintzak (langabezia, lan-ezegonkortasuna, etxebizitza erosi edo errentan hartzeko zailtasunak, etab.) hobetzea mesedegarri gerta liteke indarkeriaren sorburuak murrizteko, baita gazte batzuen hura legitimatzearen aldeko arrazoiak ezabatzeko ere. Azken horien ustetan, gazteak indarkeria politiko edo sozialaren biktima dira, eta horrek galarazten die pertsona eta hiritar gisa banaka garatzea edo kolektibo politiko gisa garatzea.

Balio-krisiak eta gazteriak helduen gizartean integratzeko eta emantzipatzeko bizi dituen trabek sorrarazten duten testuinguruan, gazte jakin batzuek barnera dezakete beren problema pertsonalak edo kolektibitatearen arazoak konpontzeko bide bakarra indarkeriara jotzea dela. Estatuko Fiskaltza Nagusiak egindako txostenetatik eta beste batzuetatik ondorioztatzen denez, "indarkeria soziala" deritzanaren garrantzia –lapurretak, lagun-taldeen arteko liskarrak, sexu-indarkeria, familia barruko indarkeria, etab.– EAEn beste autonomia-erkidego batzuetan baino txikiagoa den arren, oro har euskal gizarteak ezin du inola ere ahaztu horrelako indarkeriak oso ondorio mingarriak eragiten dituela.

Haatik, gazte-indarkeriaren adierazpideen artean badago bat gizarteari bereziki kezkarazten diona: "kale-borroka" edo kale-indarkeria. Gazteriaren zati bat indarkeria-mota horren protagonista nagusietakoa dela aintzat hartuta, Gazte Planak ezinbestean heldu behar dio arazo horri. Gainera, funtsezko eta zeharkako elementutzat hartuko da, hau da, ez zaio bakarka helduko, Planaren alor desberdinetako esku-hartzeko ildoen eta ekintzen multzoen barruan beste arazo bat baino ez balitz bezala.

Kale-indarkeriari diziplina anitzeko ikuspegi oso batetik heldu behar zaiola jakinagatik ere, eta Planak bakarka arazo hori konpontzeko zein jarduera-mugak dituen aintzat hartuta, Gazte Planak fenomeno horren aurkako erabateko jarrera hartu behar du, Planak sustatu nahi dituen balio nagusiekin bat eginez.

Hala, Gazte Planak hainbat prozesu jarri nahi ditu abian, fenomenoa diagnostikatzeko, bere sorburuak ezagutu eta haiei aurrea hartzeko, ondorioak murrizteko eta arazoak euskal gizartean zergatik irauten duen jakiteko. Gazte Planak prozesu horiek susta ditzake eta sustatu behar ditu, gazteek berek arazo horretan duten protagonismoaren ardura beren gain har dezaten.

Helburuak

II. Gazte Planak zenbait neurri diseinatu nahi ditu, bereziki hezkuntza-mailakoak, indarkeriazko jokabideen inguruan kontzientziatzeko eta haiei aurrea hartzeko, baita euskal gazteriaren irudi positiboa emateko ere. Horretarako, balioetan oinarritutako hezkuntza sustatuko da, eta parte-hartzea eta elkarrizketa landuko dira, gatazkak konpontzeko eta bizikidetza errazteko modurik egokiena diren heinean.

Gainera, II. Gazte Planak esku hartzeko prozesuak irekiko ditu, beste plan instituzional batzuekin, beste entitate batzuekin eta gazteekin beraiekin batera, honako xede hauetarako:

--Beste erakunde batzuekin batera gazte-indarkeriaren fenomenoari buruzko gogoeta bat –arazoa gainditzeko xedea izango duena– prestatzeko beharrezkoak diren neurriak eskaintzeko.

--Ikerketak egiteko, horien ondorioen azterketatik abiatuta, ahalik eta adostasunik zabalenak lortzea, esku hartu behar duten guztiek konpromisoak hartzea eta material hori eztabaidatzeko foroak sortzea ahalbidetzeko.

--Gogoeta hauek eta eztabaiden ondorioz Gazte Planak esku hartzen dueneko arloetan (hezkuntza, lana, kultura...) sortzen diren proposamenak zabaltzeko.

--Bere jarduna indarkeriaren fenomenoaren prebentzioan kokatzeko, balioetan egin beharreko lana tresna nagusietako bat izanik.


Esku hartzeko ildoak

Beraz, instituzioak eta agente sozialak ildo horretan garatzen joan diren esku-hartzeekin batera, Gazte Planak gazte-indarkeriari heltzeko konpromiso batzuk ezarri nahi ditu. Horiek ekintza batzuen bidez gauzatzen dira, eta esku hartzeko ildo batzuen inguruan bil daitezke.

1. Lanerako Foro eta Taldeak sortzea. Haietan, gazte-indarkeriaren arazoari buruzko gogoetatik abiatuta, jarduera-proposamen zehatzak landuko dira.

1.1.

Gazteriaren Euskal Behatokiko Adituen Foroa deitzea, "Euskal gazte-indarkeriaren" Txostenari buruz eztabaidatzeko, eta "Euskadin Gazte Indarkeriari aurre egiteko esku-hartzeko ildoei" dokumentua lantzeko. Dokumentu hori eztabaidatu eta adostuko da Emakume eta Gazteria Batzorde Parlamentarioan.

 

1.2.

Lehendakariak proposatutako Giza Eskubideen eta Askatasunen Behatokiaren esparruan Lan Talde bat sortzea proposatzea, gazte-indarkeriari aurrea hartzeko gaietan politika instituzionalak eta Gazte Plana koordinatzeko.

 

1.3.

Profesionalen mintegi iraunkorra abian jartzea (instituzionala eta agente sozialekikoa), gazte-indarkeriaren gaiari buruz gogoeta egiteko eta jarduera-ildoak ezartzeko.

 

1.4.

Eusko Jaurlaritzaren Sailen arteko mahai bat antolatzea. Horrek, Partenariatuak  "Bakerako hezkuntza, eskolan eta eskolatik kanpo" gaiari buruz egindako txostenetik abiatuta, proposamen batzuk landuko ditu, euskal gazteen artean Bakerako Hezkuntza hedatzeko.

 

1.5.

Instituzioen arteko Batzorde Teknikoa abian jarri eta sustatzea, Gazte Planaren alorretan (2.4.1; 2.4.2; 2.4.3; 2.4.4; 4.3.1) gazte-indarkeriari heltzearekin zerikusia duten ekintzen segimendua egiteko.

 

1.6.

Gazteria-Kontseiluari "Gazte-ontzi" bat sortzea eskatzea, gazte-indarkeriari aurrea hartzeko politika instituzionalei buruzkoa.

 

 

2. Gazte-indarkeriari buruzko azterketak eta lanak egitea, horietan oinarrituz arazoaren inguruko kontsentsuak lortu ahal izateko.

2.1.

"Gazteak eta indarkeria" gaiari buruz azterketak egitea, geroko esku-hartze ildoak ezarri asmotan (2.4.4).

 

2.2.

"Euskadiko Gazte Indarkeriaren Fenomenoan" sakontzeko ikerlanak (familia eta indarkeria; gazte-aisia eta indarkeria...) bultzatu eta koordinatzea.

 

2.3.

Gazteriaren Euskal Behatokiko aldizkako txostena, EAEko gazte-indarkeriari buruzkoa.

 

2.4.

Gazteriaren Euskal Behatokiko Dokumentazio Zentroan gaikako informazio-blokeak garatzea, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko gazte-indarkeriari buruzkoak.

 

 


3. Hezkuntza esparruan aurrea hartzeko neurriak ezartzea, balioetan oinarritutako hezkuntza eta bakerako eta bizikidetzarako hezkuntza sustatzeko.

3.1.

Eusko Jaurlaritzaren Sailen baterako urteko fondoa sortzea, hezkuntza arautuan eta arautu gabean Gazte Indarkeriari Aurrea Hartzeko jarduerak abian jartzeko dirulaguntzak emateko.

 

3.2.

Familiari laguntzeko programak abian jartzea, indarkeriazko jarrerak eta portaerak antzemateko, eta indarkeriarekin, bortxarekin edo mehatxuarekin zerikusia duten delituak egin edo zigorrak bete dituzten gazteak demokraziaren balioetan hezteko.

 

3.3.

Ikastetxeetan giza eskubideetan eta bakean oinarritutako Hezkuntza ezartzea, lehentasunezko helburuetako bat bezala.

 

3.4.

Hainbat neurri sustatzea, gutxiengoan dauden taldeek irakaskuntza desegonkortzeko asmotan egindako saioei aurre egiteko.

 

3.5.

Eskolako eta eskolatik kanpoko jarduera guztietan balioetan oinarritutako hezkuntza sustatzea, zentroko urteko planean hezkuntza-mota hori sartzeko orientazioak ezarrita (2.4.2).

 

3.6.

Gazteen artean askatasunaren balioa sustatzea, zenbait estrategiaren bidez.

 

3.7.

Irakasleak bakerako eta bizikidetzarako hezkuntzan trebatzeko Plana.

 

3.8

Ikastetxeetan demokraziaren, tolerantziaren, bakearen eta askatasunaren baloreak sustatzea, sentsibilizazio-kanpainak eta gatazkak konpontzeko programak abian jarriz, indarkeriazko portaera eta jarrera guztiei aurre egiteko (2.4.6).

 

3.9.

Irakasle eta ikasleei helburu politikoak, sozialak, pertsonalak... bakearen eta demokraziaren bidez nola lor daitezkeen irakasteko esperientziak sustatzea, bizikidetzaren mesedetan (2.4.3).

 

3.10.

Hezkuntza-komunitatean elkarrizketarako foro eta esparruak sustatzea, gatazkak konpondu eta indarkeria gaitzesteko.

 

3.11.

Irakaskuntza-zentroetan balioetan oinarritutako hezkuntza emateko beharrezkoa den curriculum-materiala prestatzea (2.4.1).

 

3.12.

Bakerako eta bizikidetzarako hezkuntza-material didaktikoa sortzeko laguntzak.

 

3.13.

Testuliburuei emandako baimenak berrikusten jarraitzea, indarkeriaren larritasuna ez erlatibizatzeko.

 

3.14.

Argitaletxeei exijitzea testu-liburuetan Bakearen kulturaren aldeko kapituluak, edukiak sartzea berma dezaten.

 

 

4. Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, gazte-indarkeriaren arazoaren aurrean.

4.1.

Sentsibilizazio sozialeko kanpaina, gazteei giza eskubideekiko errespetua, indarkeriarik eza eta justizia bizikidetzaren zutabeak direla ohartarazteko.

 

4.2.

Estatuko eta Europar Batasuneko gazteekiko sentsibilizazio- eta truke kulturaleko programak egitea, euskal gazteriaren indarkeriarik gabeko irudi positiboa garatzeko.

 

4.3.

Biktimekiko elkartasun-, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, gazte-indarkeriaren arazoaren aurrean.

 

4.4.

Euskal Instituzio eskudunek konpromisoa hartzea, ETAren terrorismoaren aldekoak diren, Demokrazia mehatxatu edo horren aurkakoak diren pankartak, pintadak eta paskinak kentzeko.

 

4.5.

EAEko hezkuntza-zentroetan konferentziak eta bisitaldiak antolatzeko Plana, Biktimenganako Arreta-Bulegoak koordinatua.

 

4.6.

Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Zuzendaritza Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordean sartzea.

 


(1) Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Euskal Gazteria 2000 ikerlanaren arabera, gazteen %19,3k esaten du terrorismoa dagoela beren hiru kezka-iturburu nagusien artean; ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren azterketa Soziologikoko Bulegoaren Gazteria-Erretratuak 1999-2000 txostenaren arabera, gazteen %21arentzat indarkeria dago gehien arduratzen dien bi arazoen artean.

(2) Gazteria-Erretratuak 1999-2000 ikerlanaren arabera, gazteen %39arentzat terrorismoa da egun Euskal Herrian dagoen bi arazo nagusietako bat.

(3) Eusko Legebiltzarraren eskaerari erantzunez egin den EAEko gazte-indarkeriari buruzko Cindes Txostenak (2002) egiaztatzen duenez, gazteria indarkeriaren ideologian gizarteratzeko gune nagusiak familia, eskola eta lagun-koadrila dira.