| 2.1. BALIOAK GAZTE PLANEAN Balioak gizarte-errealitatearen eta errealitate pertsonalaren osagai saihestezinak dira. Mundua antolatzea eta bizigarri egitea ahalbidetzen duten dohainak dira. Izan ere, justiziarik, elkartasunik eta askatasunik gabeko mundu batek ez ditu gutxieneko bizi-baldintzak betetzen. Egungo gizartea murgilduta dagoeneko aldaketa-prozesu bizkorrak gizarte-balorazio eta arau batzuk ere bizkor aldatzen ditu eta, ondorioz, balio tradizionalak balio berriekin (edo berriz garrantzia hartu duten balio zaharrekin) batera agertzen dira. Mundua interpretatzeko ikuspegi edo erreferentzia-puntu ezberdinak izateak belaunaldien arteko gatazkak eragiten ditu, belaunaldi berrien balioak eta belaunaldi zaharrenak kontraesankorrak eta elkarren aurkakoak izan baitaitezke. Bestalde, egungo gizartean balioak interes pertsonalen edo talde-interesen arabera erlatibizatzeko joera nabaria dago eta bizitza orientatzeko eta portaerak eta bizitza komuna gidatzeko baliagarria izan daitekeen erreferentziazko baliorik ez dagoelako ondorioa atera ohi da. Balioen definizio baterantz Balioak Gizartean eraikitako proiektu idealak, sinesmenak eta iritzi pertsonalak dira eta jokabidea, nortasuna eta, azken batean, bizitza orientatzen laguntzen dute. Balioa, hobea eta ideala denaren kontzeptua ez ezik, gizakion bizitzako gertakariak eta esperientziak interpretatzeko eta esanahiak emateko sistema bat ere bada. Balioak bizitzeko proiektu orokorrak edota gizartean bizitzeko hainbat moduren arteko lehentasunezko aukera libre eta pertsonalak direla esaten denean, balio bat aukeratzeak beste aukera edo alternatiba batzuei uko egitea dakarrela esan nahi da. II. Gazte Planaren helburuetako bat, zalantzarik gabe, jardunaren gutxieneko erreferentzia-esparrua osatzen duten balioak sustatzea da. Zentzu honetan, “kontrabalio” izenekoei aurre egitea baino garrantzitsuagoa da balio positiboak agerian uztera zuzendutako proposamenak egitea. Adibidez, intolerantziaren aurka lan egitean, tolerantziaren ordez intolerantzia bera balio gisa sustatzeko arriskua dago. Balio bati atxikitzeak jarduteko eta jokatzeko moduan eragina duen aukera bat egitea esan nahi du. Are gehiago, balio jakin batzuk aukeratzen dituen eta horiei jarraiki jokatzen duen pertsonak esanahia ematen dio bere bizitzari, balioek iritziak eta jarrerak iradokitzen baitituzte. Bestalde, balioei dagokienez maila abstraktu batean egindako asmo-deklarazioez kanpo, egoera jakin batzuetan gauzatu beharrekoa da aukera hori. Balioak eta II. Gazte Plana Bizitzaren edozein esparrutan jarduteko helburuak eta lehentasunak ezartzeak balorazio?osagai bat dakar ezinbestez. Ezinezkoa da helburu batzuk finkatzea ongi eta gaizki dagoenaz, komeni denaz eta saihestu beharrekoaz ikuspegi bat izan gabe. Azken batean, helduera-puntu bat finkatzeak zuzeneko lotura du irteera-puntua definitzearekin. Zentzu honetan, hurrengo hiru urteetarako EAEko gazte-politikak finkatzeko helburu gisa, II. Gazte Planak ere balorazio-osagaiak ditu. Nolanahi ere, beharrezkoa da proiektu hau balio?oinarri sendo batetik abiatzea. Euskarri horiek gabe, gazteen egoerari buruzko diagnostiko “neutral” eta deskribatzaile bat egitera mugatuko litzateke plana. Zalantzarik gabe, II. Gazte Planaren asmoa harantzago doa; izan ere, gazteriaren egoera deskribatzeaz gain egoera hori hobetzeko zer egin behar den adieraziko du. II. Gazte Planak, beraz, balio jakin batzuekiko konpromisoa hartu behar du. Edonola ere, arestian aipatu bezala, egungo gizartean aldaketa ez da salbuespen, arau baizik, eta gizarte horretan zaila da hainbeste transformazioren aurrean iraungo duen oinarri sendo bat finkatzea. Balioen alderdiak errealitate horren zuzeneko eragina jasotzen du. Alde batetik II. Gazte Planak bere “helduera-puntua” zehazki finkatzeko aldez aurretik “irteera-puntua” finkatu behar duela eta, bestetik, puntu edo balorazio-oinarri hau aukeratzea zaila dela eta oso lur labainkorrean sartzea eskatzen duela kontuan hartuta, balioen alderdia ikuspegi operatibo batetik aztertu beharra dago. Asmoa ez da, hortaz, unibertsalki onargarriak eta testuinguru orotan aplikagarriak diren balioei buruz hitz egitea (halako baliorik baldin badago), gazteen bizi-kalitatea hobetzeko Gazte Planaren ekintza gidatuko duten balioak identifikatzea baizik. Hain zuzen ere, bost esparru zehatzetan hobetuko da gazteen bizi-kalitatea: lana, irakaskuntza eta prestakuntza, etxebizitza, osasuna eta bizi-kalitatea eta gazteen aisia eta kultura. Beraz, balioen alderdiari arlo horiekin bat etorriz eta zeharka ekin beharko zaio. Planaren balorazio-oinarria aukeratzean, oinarrizko hiru iturritatik hornitzea erabaki da. Lehen iturria gaur egungo ingurune soziopolitikoari (Europako inguruneari) begiratu bat emateak eskaintzen duena da. Europaren esparruko gazte-politiken balorazio-oinarriari begiratuta, bi balio hartu behar dira bereziki kontuan: integrazioaren balioa eta parte-hartzearen balioa. Berdintasunetik abiatutako integrazioaren balioak duen garrantzia Europako Elkartearen Konstituzio Itunaren 13. artikuluan jasota dago. Bertan adierazten denez, ezin izango da inor diskriminatu “...sexuari, arraza edo etnia jatorriari, erlijio edo uste sendoei, minusbaliotasunari, adinari edo sexu-orientazioari lotutako arrazoiengatik”. Bestalde, parte-hartzearen balioa Europako jardun-esparruak berak sustatzen du. Bertan, gizarte zibilaren parte-hartzeak duen garrantzia azpimarratzen da (“Parte-hartzea eta gizarte zibila”, “Gazteek parte hartzeko modu berriak” izeneko mahainguruaren txostena, Berna (Suitza), 2000; gazteriaren esparruko Sailen arteko Lankidetzarako Europako Zuzendaritza Batzordea, Europako Kontseilua). Planaren balorazio-oinarriak finkatzeko bigarren erreferentzia-puntua,
beren lanaren ezaugarriengatik edo lanbide-profilarengatik balioen problematika
sakonean ezagutzen duten pertsonen iritzia da. Hezkuntzaren mundutik datozen
pertsonak dira, gogoeta egin dutenak eta arlo guztietan landu diren Gazte
Planerako berariazko dokumentuak prestatu dituztenak. Pertsona aditu hauen
ustez, adierazitako balioez gain komenigarria da erantzukizunaren, elkartasunaren
eta aniztasunaren balioen erreferentziarik ez galtzea. Funtsean, tolerantzia gizartea osatzen duten pertsona eta talde desberdinek adierazten dituzten desberdintasunekiko errespetua da. Beraz, pertsonen balioaren, duintasunaren, berariazko ezaugarrien nagusitasuna da; ondorioz, pertsona guztien iritzi, uste edo praktikekiko begirunea eskatzen du, horiekin bat ez eginagatik ere, eta begirune horrek pertsonaren oinarrizko eskubideekiko errespetua dakar berekin. Tolerantziak eskatzen du, alde batetik, iritzi eta ideiekiko errespetua, erlijioaren, politikaren, eta bestelako esparruetan, eta bestetik, arrazoi fisiko, sozial edo sexualak direla medio desberdinak diren pertsonenganako begirunea. Helburua tolerantzia aktiboa sustatzea da, gure gizartean jarrera baztertzaile guztiak zokoratzeko. Nabaria den bezala, balio hauetako batzuk elkarri lotuta daude eta, horrela, elkartasuna kontuan hartu gabe edo aniztasunarekiko errespetuaren beharra planteatu gabe integrazioaz hitz egitea kontraesankorra izan daiteke. Azken batean, bi balio horien atzean berdintasuna agertzen da eta, ondorioz, balio hauek horrela taldekatzea erabaki da: berdintasuna (integrazioa, elkartasuna eta aniztasuna), erantzukizuna eta parte-hartzea. II. Gazte Planean, I. Gazte Planean bezalaxe, berdintasunaren balioa sustatu beharreko oinarrizko balioetako bat da. Testuinguru honetan, gazteek gainerakoen balio berbera eta eskubide berberak dituztela onartzea esan nahi du berdintasunak. Beraz, elkartasun-alderdi nabaria du eta errealitatea ulertzeko modu ezberdinek elkarrekin bizi behar duteneko gizarte batean aniztasunak duen garrantzia adierazten du. Ildo horretan, Gazte Planak gazteen aukera librearekiko errespetua eta konpromisoa adierazi nahi du, Eusko Legebiltzarrak gai horretan hartu dituen akordioekin bat eginez. Bestalde, berdintasuna eta integrazioa harremanak berdintasun-egoeran eta baldintza berdinetan ezarri ahal izateko behar berberari lotuta daude. Gaur egun, eta gazteek gizartean duten desabantaila dela eta, berdintasunak gazteen aldeko ekintza positiboa esan nahi du. Hona hemen, beraz, II. Gazte Planaren oinarrietako bat. Era berean, parte-hartzearen balioa ere funtsezkoa da, balio hau kontuan hartu gabe ezinezkoa baita gazteengan eragiteko ezein jarduera planteatzea. Gazteak beren bizi?baldintzen hobekuntzan inplikatzeko beharra II. Gazte Planaren funtsetako bat da. Halako inplikaziorik lortu ezean, jarduera paternalistak planteatzeko aukera besterik ez litzateke geratuko. Bestalde, II. Gazte Planak erantzukizunaren balioak (bere adierazpen guztietan) duen garrantzia azpimarratzen du, bai gazteriaren arloan esku hartu behar duten eragileentzat, bai gazteentzat. Azkenik, balio horiei indarra eta legitimitatea emango dien kontraste bat behar da. Kontraste hau II. Gazte Plana lantzeko prozesuan parte hartu duten 171 pertsonen lana izan da. Bederatzi lan-taldeek finkatutako helburuen ezarpenak adierazitako balioen garrantzia islatzen du argi eta garbi. Zentzu honetan, hiru balio hauek isla garbiak dituzte II. Gazte Planean, arlo guztietan agertzen baita baten bat oso maila praktikoan islatuta. Berdintasuna II. Gazte Planaren I. arloan (Lana eta lan-munduratzea), berdintasunaren balioa nonahi agertzen da. Esaldi askok (hala nola “... gazteen kontratazioa sustatzea...”, “enplegu egonkorraren irizpidea gazteei zabaltzea...”, “gazteak txertatzeko laguntza...” eta abar) berdintasunaren balioak II. Gazte Planean duen garrantzia adierazten dute (gazteenganako elkartasuna eta gazteen integrazioaren beharra). Berdintasunaren balioaren aniztasun, elkartasun eta integrazio alderdiak ere gidatzen du II. arloaren (Irakaskuntza eta lanerako prestakuntza) zati baten planteamendua. Inmigrazioaren problematikaren tratamenduak eta etorkinen lanari duintasuna emateko eta beren prestakuntzan laguntzeko beharrak, gaur egun prestakuntzaren arloan dauden baliabideei dagokienez berdintasuna bilatzen duen lan-ikuspegi bat uzten du agerian. Berdintasuna, tolerantzia eta aniztasunarekiko errespetua Gazte Planak gazte-indarkeriari buruz egiten duen hausnarketaren ardatza dira; izan ere, eskolatik indarkeria horri aurre egingo bazaio, bereziki balio horietan oinarritutako hezkuntza sustatu beharko da. Balio hau beste arlo batzuetan ere agertzen da. V. arloan adibidez (Gazteen aisia eta kultura), egoerarik larrieneko taldeei kulturarako sarbidea eskaintzeko neurri zehatzak proposatzen dira. Planteamendu honen atzean, egungo kultur baliabideetarako sarbide berdina ahalbidetzeko ahalegin bat dago. Parte-hartzea Parte-hartzeak ere garrantzi handia du II. Gazte Planean. Ikastetxeetan parte hartzeko prozesuetan sakontzeko berariazko ekintzak badaude ere (hala nola II. arloko –Irakaskuntza eta lanerako prestakuntza– neurri zehatzak), beharrezkoa da gizarte-eragileek planaren arlo guztietan parte hartzeko dinamikak zabaltzea eta sakontzea, parte-hartze horrek demokrazian sakontzen eta gazteen bizi-kalitatearen aldeko neurriak hobetzen laguntzen baitu. Erantzukizuna Erantzukizunaren balioa II. Gazte Planaren hainbat arlotan agertzen da. III. arloan adibidez (Etxebizitza), gazteak bere bizitzaren garapenean erantzukizun handiagoak hartzeko beharraren ikuspegitik egiten da lan. Zentzu honetan, egindako diagnostikoa emantzipazioaren baliotik abiatzen da (balio horren gauzatze praktikoa ahalik eta baliabide gehienekin bultzatu behar da). Halaber, erantzukizunak garrantzi handia du osasunari
buruzko arloan. Bertan, norberaren egintzen gaineko prebentzio eta erantzukizun
zereginak funtsezko elementuak dira gazteen bizi-kalitatea hobetzeko.
Azken batean, II. Gazte Planaren asmoa gizarte zuzen eta berdinago baten
bilaketan sustatzen jarraitu beharreko balioak agerian uzteko foro bat
izatea izan da. |