| 1.3.3.2. II. Gazte Planaren balorazioa. Zaila da balorazio zabala egitea, II. Gazte Planak ondorengo urteetan heldu behar dien erronka guztiei aurre egiteko zenbaterainoko ahalmena duen neurtzeko. Beste arrazoi batzuen artean, Planaren proposamenak errealitateari zenbateraino moldatzen diren baloratu ahal izateko beharrezko informaziorik ez dagoelako, alegia, I. Gazte Planaren eragina oraindik ere jakiterik ez dagoelako (behin horren iraunaldia amaituta ezagutuko da). II. Gazte Planaren Zirriborroaren gizarteratze-aldiak bide eman du, beste batzuen artean, informazioa bildu eta horrela balorazioa egin ahal izateko, zenbait ikuspegitatik: agente sozialak, administrazioaren teknikariak eta gazteak. Jarraian aurkezten dena egindako balorazioetan nabarmendu diren alderdi guztien laburpena da. Horiek bi bloke hauetan sailkatzen dira: II. Gazte Plana eta Arriskuak saihesteko iradokizun edo gomendioak II. Gazte Planaren aldeko elementuak Planaren inguruko balorazioak aztertzean, alde batetik gazteek eta bestetik agente sozialek eta administrazioko langileek egiten dituzten balorazioen artean alde nabaria –eta logikoa– dagoela ohartzen gara. Izan ere, gazteen artean gutxi dira Plana zer den dakitenak. Oro har gazteek Planaz ezer gutxi jakinagatik ere, behin proposatutako neurriak ezagutarazi direnean hamar gaztetatik zortzik haiek positiboak direla uste dute. Orobat, gazte gehienek konfiantza handia azaldu dute II. Gazte Planarekiko, eta hura gazteen egoera hobetzeko eta instituzioak kolektibo horretara gerturatzeko oso baliagarria gertatuko delakoan daude. Bestalde, agente sozialei eta administrazioari dagokienez, bi elementu positibo nabarmendu behar dira: Planaren ikuspegia orokorra eta osoa izatea, eta parte-hartzea zabala izan dadin eskaintzen dituen aukerak. Planaren ideiak oso balorazio positiboa du, jarduera guztiek gazteen errealitateari heltzen diotelako, haientzat garrantzitsuak diren dimentsioetatik eta osotasun-planteamendu batetik. Laburbildurik, oso positibotzat jotzen da gazte-politikek hartu duten norabidea, jarduera guztien osotasuna, koordinazioa eta koherentzia bilatze aldera. Bestalde, xede horretarako gazteen egoera orokorra hobetzeko lan egiten duten agente guztien (gazteena beraiena barne) parte-hartzea aintzat hartzea berme ezin hobea da Plana lantzeko eta garatzeko prozesuan. Orobat, II. Gazte Plana aurreko Plana hobetzen duten elementu batzuk biltzen dituela uste da, eta abian jarri behar diren ekintzak gauza daitezkeela, beti ere ikuspegi errealista batetik abiatuta. Ildo horretan, lehentasunak ezartzea positiboki baloratzen da. Egiturari dagokionez, lehenik eta behin, errealitatea alorretan (lana, etxebizitza, hezkuntza...) zatitzea berez artifiziala dela hartu behar da aintzat, errealitatea betiere konplexua izaten delako. Hori kenduta, Planaren egitura eta ikuspegi orokorra egokiak direla uste da. Azkenik, II. Gazte Plana instituzioen artean eta sailen artean egitea Planaren osoko izaerari zuzen lotzen zaiola uste da. II. Gazte Planean arriskuak saihesteko iradokizun edo gomendioak. Planaren garapenean arriskuak saihesteko orduan, alderdi batzuk nabarmentzen dira. Ildo horretan, elementu hauek hartu behar dira kontuan, II. Gazte Planak ezarritako helburuak beteko baditu: -Dokumentutik errealitatera igarotzea, ahalik eta
zehaztasun handienaz. |