Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

1.3.2. ZER DA II. GAZTE PLANA?

Gazte Plana II. Gazte Planean eraldatzeko, hiru berrikuntza-iturri izan dira oinarri:

o Alde batetik, balioen garrantzia azpimarratzea.
o Bestetik, Planari eman behar zaion bultzada berritua.
o Azkenik, berrorientatzea, diagnostikoa egokitzean, esku-hartzeko ildoetan eta ekintzetan oinarritzen dena.

Balioen garrantzia

Balioen gaiak, II. Gazte Planaren barruan, oso helburu argia dauka: lan-ildo jakin batzuen aldeko hautaketa sustatu eta justifikatzea. Beraz, lehen abiapuntua Planak balio-oinarri sendoa izatea izan da, horrelakorik gabe Planak nekez lortuko lukeelako gazteen egoeraren diagnostiko "neutral" eta deskriptibo hutsa egitetik haratago joatea.

Balioak Planaren funtsezko elementutzat jotzeko ahalegin horrek zenbait traba topatu ditu bidean, eta horiek guztiak gainditu dira, 2. Kapituluan garatu den bezala. Lehenik eta behin, balioa zer den zehaztu behar izan da, balioa ezin delako nahiago denaren eta idealaren mailara mugatu; balio batekin bat egitea hautu bat egitea da, jokatzeko eta portatzeko moduarekin ere zerikusia duena. Bigarrenez, balio jakin batzuk hautatzea zaila ere bada, egungo gizartea murgildurik dagoen aldaketa-prozesu azkarrak etengabean aldatzen baitu balio-eskala, eta egoera horretan mundua interpretatzeko ikuspegi desberdinak sortzen direlako. Horregatik, II. Gazte Plana eutsi duten oinarrizko helburuetako bat jarduera-erreferentziako gutxieneko esparrua osatzen duten balioak sustatzea izan da.

II. Gazte Planak balio jakin batzuekiko konpromisoa hartu behar duela diogunean, balio horiek ikuspegi operatibo batetik identifikatu behar direla esan nahi dugu, hau da, Planaren ekintza gidatu behar dutela gazteen bizi-kalitatea hobetzeko. Eta horretarako hiru informazio-iturri baliatu dira: Europako ildo nagusiak, zenbait profesionalek Planerako landutako berariazko dokumentuak eta, azkenik, alor bakoitzean osatu diren lan-taldeetako ("pentsamendu-ontziak") parte-hartzaileek egindako lana. Prozesu horren ondorioz, alor guztien zeharkako balioak hauek izango direla adostu da: berdintasuna, parte-hartzea eta erantzukizuna. 2. Kapituluan alorren araberako balio horiek gauzatzen dituzten zentzu eta ekintza zehatzak zehazten dira.

Gainera, 2. Kapitulu horretan gazte-indarkeriaren atala ere bildu da, Gazte Planak zeharka heldu behar diolako ezinbestean errealitate horri, balioen dimentsioan eta Euskal Autonomia Erkidegoko testuinguruan.


Bultzada

II. Gazte Plana ekimena sortu da EAEko gazteen bizi-baldintzak eraldatzeko gogo handiarekin. Hala, zuzeneko eta zeharkako eragina izan nahi du gazteen kolektiboa osatzen duten pertsona guztien bizitzan lehentasunezko garrantzia duten alderdietan.

Zeregin hori, ordea, zenbait lan-esparrutan banatzen da, eta horregatik ezinbestekoa da agente guztien parte-hartzea, Plana susta eta bultza dezaten. Ahalegin horri, hain zuzen ere, II. Gazte Planaren "bultzada" deitu diogu.

Zehazkiago, bultzadak aztertu nahi du zein diren beren ahalegin eta ekarpenez II. Gazte Plana sustatu behar duten agenteen abiapuntuak. Ondoren, bultzada horrek agente horien indarrak elkartzeko mekanismoak sortu behar ditu; hala, II. Gazte Plana tresna bizi eta eraginkorra izango da gazteen egoera hobetzeari begira.

3. Kapituluan II. Gazte Plana sustatzeko eginkizun zehatzak dituzten agenteen abiapuntuaren diagnostikoa egiten da. Agenteak honakoak dira:

-Gazteak.
-Gizarte-eragileak.
-Administrazioa (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta hiriburuetako udalak).
-Udalak.

Orobat, bosgarren elementu bat ere nabarmendu beharrean gaude. Hark, berez agentea ez bada ere, izugarrizko garrantzia du ezarritako helburuak lortze aldera: komunikazioaren tresna.

Gazte Planaren berrorientazioa

I. Gazte Planaren diagnostikoak berrikusi ondoren, esku-hartzeko ildoak eta ekintzak birdefinitu dira. Prozesu horrek eragin du esku-hartzeko edo ildo berri batzuk agertzea, aurrez ere bazeuden beste batzuk berrinterpretatzea, edo, batzuetan, haiek kentzea, 4. kapituluan zehaztu den bezala.

Baina berriz orientatzeko lan hori ez da soilik esku-hartzeko ildo eta ekintzetan islatu. Prozesuan zehar, berrikuntza ugari agertu dira aurreko Planarekiko. Aldaketa horietako batzuk orokorrak dira eta euskal gizartean gertatu diren aldaketekin erlazionatuta daude. Beste batzuk, ordea, azken urteotan gertatu diren aldaketa zehatzagoekin erlazionatuta daude, batez ere arlo bakoitzaren diagnostikoari loturik.

Aldaketa horiek guztiek I. Gazte Planarekin ezberdintasunak markatzen dituzte, euskal gazteriaren azterketari sakontasun handiagoa emanez. Ikuspegi orokor batetik, aldaketarik garrantzitsuenak ondoko hauek dira:

-Arazo berriak daudenez gero, eskaera berriak daude. Gazteriaren egoera aztertzerakoan arazo berriak agertu dira edo lehengo planak azaletik aztertzen zituenak sakondu dira. Arazo horien identifikazio eta ezaugarritzeari, ia beti, II. Gazte Planaren arlo ezberdinetan bultzatu beharreko ekintza zehatzak bultzatu beharra gaineratzen zaio. Inmigrazioak hartu duen garrantzia horren adibide argia da. Etorkin gehiago daudenez gero, batez ere hiriguneetan, erakunde eta gizarte-eragileentzako erronka berria dakar. Pertsona horien bizitza-baldintzak hobetzeko kezka arlo ezberdinetan islatu da, eta esku-hartzeko ildo eta ekintza berrien diseinua ekarri du.

-Informazioaren Teknologia Berrien garrantzi handiagoa. Teknologia berriak gai garrantzitsua izan ziren aurreko planean, batez ere prestakuntzari eta lan-merkatuari loturik. Diagnostiko berrian garrantzi handiagoa dute. Aurrerapen berriak eta horiek ekarriko dituzten abantailen deskribapena sakondu dira, eta II. Plan osoan barne hartuta daude. Teknologia berriek garrantzi handia izaten jarraitzen dute lan-merkatuari eta gaitzeari loturiko alderdi guztietan, baina kulturaren eta aisiaren arloan ere garrantzia hartu dute.

-Europar testuingurua garrantzitsuagoa da. Europar testuinguruaren garrantziak bi maila ditu: alde batetik, batasuneko herrialdeek garrantzi handiagoa dute; eta beraz, hiru erakunde-mailei (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak) Europar maila gaineratzen zaie. Batasuneko beste herrialde batzuetan gauzatzen diren ekintzak diagnostikoetan ere kontuan izan dira. Horrekin batera, europar erakundeetako jarduera politikoa, juridikoa eta ekonomikoa euskal gazteriari loturik dagoela egiaztatu da.

-I. Gazte Planaren proposamenetan aldaketak egin dira. Azkenik, agiri berriaren azterketan jaso diren alderdi berrien barruan, proposamen zehatzek eta ekintzek izan dituzten aldaketak azpimarragarriak dira. Hiru urtetan, lehenengo plana garatu zenez geroztik, ekintzek emaitza positiboak eta negatiboak izan dituzte. Aurreikusitako emaitza izan duten proposamenak aurkitu diren arazo berrientzat irtenbideak ematen dituzten proposamenekin ordezkatu dira. Garatu ez diren ekintzei dagokienez, horren arrazoia aztertu da eta konpondu edo berriz formulatu dira.

II. Gazte Plana egituratzen duten lan-arloei jarraiki, aldaketa zehatzagoak aurkitu dira:

-I. arloa. Lana eta laneratzea. Lan-egoerak, gazteek duten arazorik garrantzitsuena izaten jarraitzen du. Hala ere, gazte-langabeziaren azterketan lan-ezegonkortasunak garrantzi handia hartu du. Euskal gazteriaren lan-egoera kezkagarria da, langabezia-tasa azken urteotan asko jaitsi arren, lan-jarduera garatzeko baldintzak txarragoak direlako. Gainera, elementu berriak aztertzen dira, adibidez: lan-egoerari buruzko informazio zehatzagoa edukitzea, gizarte-eragileek laneratzeko ekimenetan duten parte-hartzea, eta udalen esku-hartze handiagoa ekimen horien kudeaketa eta plangintzan.

-II. arloa. Irakaskuntza eta lanerako prestakuntza. Hezkuntzarekin erlazionatutako gaietan "ingurua" kontzeptuak ez du soilik tokiko dimentsioa barne hartzen; hezkuntza-sistemaren eta Europar ingurunearen artean lotura estutzea baizik. Irakaskuntza globalizatu egin beharra dago Informazioaren Teknologia Berriak aplikatuz. Gainera, Irakaskuntza-lana orientatzen duten balio berrien definizioan zehaztasun handiagoa behar dela ikusten da.

Lanerako prestakuntzaren gaia sakondu egin da. Honela, informazio xehatuagoa eta zehatzagoa behar da, lan-merkatuan titulazioek duten egoeraz jabetzeko, gazteei heziketa-ibilbideak aukeratzeko erraztasunak emateko. Heziketa-kontzeptua bizitza osoan garatzen da, eta hezkuntza-sistemaren malgutasun handiagoa eskatzen da etorkinen lan-baldintzak eta bizi-kalitatea hobetzeko. Azkenik, eleaniztasuna eta Informazioaren Teknologia Berrien erabilpena oinarrizkotzat jotzen dira langile gazteen lehiakortasuna hobetzeko.

-III. arloa. Etxebizitza. Gazteek etxebizitzaren alorrean duten arazoari beste ikuspegi bat eman zaio: etxebizitzaren alogerari garrantzia eman zaio, erosketaren kalterako.

-IV. arloa. Osasuna eta gizarte-ekintza. Gaztearen osasun-arazoak gehiago eta zehatzago deskribatu dira, ondoko kontzeptuak garatuz: trafiko-istripuak, mendekotasunak, sexu-praktikaren arriskuak, eta elikaduraren eta adimenaren nahasteak.

Gizarte-Ekintzari buruzko hausnarketak, Gizartean Esku-hartzeko Programen eta beren tresna nagusiaren, hau da, Gizartean Esku-hartzeko Taldeen garrantzia ekarri du. Gainera, hirietan gazte etorkin gehiago bizitzearen ondoriozko arazoak agertu dira. Azkenik, garrantzia galdu dute Gizarteratzeko Gutxieneko Diru-sarrerak eta Gizarte-larrialdiko Laguntzak.

--V. arloa. Gazteen aisia eta kultura. Gazteen aisia sakontzen da, elkarteratzetik askatuz, lehen ez bezala. Kulturaren diagnostikoan azterketa partzialagoa egin ordez, kultur sorkuntza eta difusioan oinarritua, hausnarketa orokorragoa egin da, ondoko elementuak barne hartuz: prestakuntza, sorkuntza, produkzioa, difusioa/sustapena, banaketa eta kontsumoa. Ikuspegi zabalago honek arlo bakoitzeko arazo nagusiak barne hartzen ditu. Beraz, kulturaren azterketa globala barne hartzen da, sorkuntzatik kontsumora arte.