Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

1.3.1. ZERGATIK II. GAZTE PLANA?

Gazte Plana, gazteriaren errealitatea ikuspegi globalarekin aztertzeko sortu da, hau da, gazteriaren kolektiboaren errealitatea osatzen duten ikuspegi ezberdinak aztertzeko: lana, heziketa eta prestakuntza, osasuna eta gizarte-ekintza, eta astialdia eta kultura.

Egungo gizartean aldaketak oso bizkor gertatzen ari dira, eta horregatik gazte-multzoaren bizitzaren kalitatea hobetzeko baliagarriak diren estrategiak diseinatzerakoan kontu handiz aritu behar da. Zentzu horretan, Gazte Planaren indarraldia hiru urteko epera mugatzea oso erabaki ona izan da.

Plana erakunde, gizarte-eragile ezberdinek eta gazteek gazteen egoerari buruz (multzo horren eguneroko errealitatea osatzen duten alderdi guztiak barne hartuz) egiten duten diagnostiko bateratu zorrotz batean oinarritzen da. Gizarte-errealitatea, oro har, eta gazteena, bereziki, oso konplexua dela, eta gurutzatzen diren alderdi ezberdinez osatuta dagoela ahaztu gabe, edozein diagnostiko ulergarria izango bada, alderdi horiek bereizi egin behar ditu, arlo bakoitzaren arazo ezberdinak identifikatuz. Horrela, II. Gazte Plana bost arlotan egituratzen da:

-Lana eta laneratzea.
-Hezkuntza eta lanerako prestakuntza.
-Etxebizitza.
-Osasuna eta gizarte-ekintza.
-Gazteen aisia eta kultura.

Diagnostiko horrek plana indarrean egongo den hiru urteetako lehentasunak azpimarratu nahi ditu. Beraz, kasu bakoitzean eskumenak dituzten gizarte- eta erakunde-eragileek garatu behar dituzten esku-hartzeko ildoak eta proposamenak adierazten dira, beti ere proposamenak adostuz eta agente bakoitzaren konpromisoarekin.

Adierazi den bezala, II. Gazte Planaren zirriborro honek aurreko Gazte Planaren ezaugarri berberak ditu: erakunde guztien plana da, diagnostikoa guztion artean egiten da, eta adostutako esku-hartzeko ildoak markatzen ditu. Beraz, erakundeen arteko eta sailen arteko plana da, eta gizarte esku-hartzea onartzen du.

Hala ere, aurreko planaren ildoari jarraitu arren, II. Gazte Planak nortasun berezia ematen dioten alderdi berriak ditu.