| 1.2.2. I. GAZTE PLANAREN BALANTZEA. Ebaluazioa Gazte Planaren fase guztietan ageri den elementu nagusietakoa izan da. Hala, I. Gazte Plana lantzeko proposamenean, beste abiapuntu batzuen artean, programa zehatzak definitzea biltzen zen, eta horrek ahalbidetu du, aurreko atalean azaldu dugun bezala, ebaluatzeko erraza izatea Planaren ezaugarri nagusietakoa izatea. Ildo horretan, Planaren Antolaketa kudeatzailearen barnean, Zuzendaritza Batzordeari honako eginkizun hauek esleitu zitzaizkion: Planaren garapena koordinatu eta sustatzea, Planean bildutako ekintzen segimendua eta ebaluazioa egitea, egokitzat jotzen diren aldaketak proposatzea, eta Planaren segimenduko urteko txostena aurkeztea. Emaitza-ebaluazioa 2002. urtean zehar burutzen ari da, eta inpaktu-ebaluazioa 2003. urtean burutuko da. Horien barruan, I. Gazte Planaren iraunaldian zehar ekintzen etengabeko ebaluazioa egin da, baita Planaren kudeaketaren balorazioa ere. Horrek bide eman du batzuetan zuzentzeko neurri jakin batzuk sartzen joateko, eta beste batzuetan bigarren Planaren orientazioa ezartzeko.
1.1.- Urteko segimendua Zuzendaritza Batzordeak ezarri zuen, etengabeko ebaluazioko metodologia gisa, erakunde bakoitzak Planean bildutako esku-hartzeko ildoak eta ekintzak ezartzeko hartu beharreko konpromisoak –aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren programazioa osatzen zutenak– urtean behin zehaztea, ekintza bakoitzaren helburuak, hartzaileak, esleitutako aurrekontua eta ebaluazio-adierazleak zehaztuz. Hala, Zuzendaritza Batzordeak urtean behin ebaluatu du, behin aurrekontu-ekitaldia amaitu ondoren, programatutako ekintza bakoitza zenbateraino bete den, eta horrek bide eman du hurrengo ekitaldirako programazioa berrorientatzeko. Hori guztia, Planaren Organizazio kudeatzaileari esleitutako funtzioei dagokienez egin diren jarduerekin batera, urteko segimendu-txostenean bildu da. Txosten hori igorri zaie Gobernuaren Gai Ekonomikoetarako Batzorde Delegatuari eta Parlamentuaren Emakume eta Gazteria Batzordeari. 1.2.- Bitarteko ebaluazioa. a) Ebaluazio kudeatzailea 2.000. urtearen martxoan, I. Gazte Planaren iraunaldiaren erdialdean, Gazte Planaren Batzorde Teknikoak Planaren garapenari buruzko lehen balorazioa egin zuen. Hartan hiru analisi-maila ezarri ziren, Planaren kudeaketa hobetzeko elementu zuzentzaile batzuk sartze aldera: - Plana erakunde bakoitzean nola garatu den baloratzea. Balorazio horretan, aurrerapenak ez ezik, antzemandako alderdi defizitarioak ere azaldu ziren. Hala, azken horien eraginez, Plana abian jartzeko eta gizarteratzeko modua hobetu zitekeen, baita koordinazio-lanak egiteko zailtasunak gainditu ere. - Lehentasunezko ekintzak ezartzea, diagnostikoan antzemandako lehentasunezko beharren arabera, eta ekintza horiek erakundeen esku-hartzeari nola egokitzen zaizkion aztertzea. Hala, alor guztiak zehatz aztertu ondoren, lan- eta etxebizitza-alorrek –oinarrizko lehen eta bigarren lehentasunak, hurrenez, hurren– aurrekontu-ahalegin gehien behar zituztenak zirela ondorioztatu zen. Aitzitik, osasunaren eta bizi-kalitatearen alorrak esfortzu ekonomikorik handiena bereganatzen zuen, gazteei gehien kezkarazten diena ez izanagatik ere. Ildo horretan, zein ekintza mantendu behar ziren, zein aldatu edo berrorientatu eta zein berri erantsi zehaztu zen. - Planean sartu beharreko ekintzak zehazteko garaian irizpideak bateratzea, programatzeko eta ebaluatzeko orduan homogenizatze-zailtasunak galarazteko xedearekin, bereziki erakunde homologoen artean eta lurraldeen artean. Azkenik, gauzatzeko zailtasunak agertzen zituzten ekintzak identifikatu ziren, esaterako, ekintza horiek burutzeko erantzukizuna instituzio batzuen baterako ardura denean. b) Ebaluazio teknikoa. Ebaluazio kudeatzailean azaldutakoen artean konplexutasun-maila handia zuten alderdiak konpontzen sakontzeko asmotan, bi lan-alor handi ezarri ziren, zailtasunak aztertu eta irtenbideak proposatzeko, alde batetik, instituzioen arteko ekintzei, eta bestetik, Plana sustatzeko mekanismoei dagokienez. - Ekintzen garapen-Ereduak lantzeko lan-mahaiak. Erakunde batzuen baterako ardura diren ekintzak abian jartzeko, Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordeak instituzioen arteko 24 ekintza hautatu zituen. Horiek ez ziren inolako planaren barruan ageri, edo abian jarriak izateko ez zioten inolako diseinu espezifikori jarraitzen. 2.000. urteko apirilaren eta ekainaren arteko hiletan zehar, sei alorretan (I. Zerga-pizgarriak, II. Gazteen kontratazioa sustatzera bideratutako neurri administratiboak, III. Hezkuntza, lana eta ingurunera hurbiltzea, IV. Gazteen aisia eta kultura, V. Gazteria eta landa-garapena, eta VI. Osasunerako hezkuntza) banatutako instituzioen arteko hamabost lan-taldek 24 ekintzetako bakoitzaren garapen-eredua adostu zuten. Gainera, ikuspegi orokor batetik, ekintza desberdinen lanerako ildo komunak sistematizatu ziren. Horiek, ikuspegi operatibo batetik, zeharkako hiru ildo hauei dagozkie: egin beharreko diagnostikoak, abian jarri beharreko komunikazio-planak eta Zuzendaritza Batzordeak ebatzi beharreko eskaerak. - Gazte Plana sustatzeko ekintza-dinamikak. Gazte Plana sustatzeko estrategiak diseinatzeko xedearekin, prozesu bat jarri zen abian. Hala, 2000ko urria eta abendua bitartean, zazpi gogoeta-taldek, erakunde desberdinetako teknikariz, eragile sozialez eta gaztez osatuak, I. Gazte Planaren ahultasun nagusiak aztertu zituzten. Hori bereziki baliagarria gertatu da II. Gazte Planari bultzada berri bat emateko, bost esparru hauetan, hain zuzen: I Eragile sozialak, II Komunikazio-plana, III Plan indibidualizatuak, IV Plan-Koordinazioa, eta V Gazteak inplikatzea. Horrela jaso da dokumentu honen 3. kapituluan.
I. Gazte Plana ezartzeko azken fasean zehar, Zuzendaritza Batzordeak balorazio kualitatiboko prozesu bizi eta aberatsa bultzatu zuen. Hala, 2000ko azarotik 2001eko otsaila bitartean, instituzio bakoitzaren sail bakoitzak balorazio orokorra egin zuen Planaren esku-hartzeko ildoen eta ekintzen inguruan, baita bigarren Plana lantzean aintzat hartu beharreko proposamenen aurrerapena ere. Bestetik, eta aldi berean, sail bakoitzak I. Gazte Planaren ekintza guztiak ebaluatu zituen. Honakoak baloratu ziren: ekintzaren garrantzia, gazteen kolektiboan eragindako inpaktua, Planean proposatutako esku-hartzeko ildoa betetzeko egokitasuna, sailaren inplikazio politiko eta teknikoa, eta erabilitako baliabide ekonomikoak. Gainera, arrazoiak eman ditu ekintza horietako bakoitza Planean mantendu edo Planetik kentzeko, baita ekintza edo garapen-modu berri batzuk sartzeko ere. Erakunde bakoitzak I. Gazte Plana gauzatzeari dagokionez
azaldu duen jarrera hori oso erreferentzia orientagarria izan da II. Gazte
Plana lantzeko osatu diren "ontzientzat". "Ontzi"
horiek, ekarpen horiek aztertu ez ezik, I. Gazte Planak alor bakoitzari
ekarri dizkion aurrerapenak ere bildu dituzte. Azken horiek dokumentu
honen 3.1. atalean (Alorren araberako diagnostikoa) laburbiltzen dira.
|