Hezkuntza Saila

II Gazte Plana

1.2.1. I. GAZTE PLANAREN EZAUGARRIAK.

I. Gazte Planak gazte-politika ikuspegi integral batetik heltzeko duen benetako dimentsioa zein den ulertzeko, bere hiru elementurik adierazgarrienak azpimarratu behar dira: konpromiso instituzionala, ekintza positiboko politika bat garatzea eta programa zehatzak diseinatzea.

Instituzioen arteko konpromisoa.

Instituzioen arteko konpromisoari dagokionez, I. Gazte Planak helburu hauek ezarri ditu:

-Erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta Udalak) gazteen mesedetan eginiko lan guztia optimizatzea. I. Gazte Plana lantzean arreta berezia jarri zen instituzioek hainbat eremutan –lana, hezkuntza, etxebizitza, osasuna edo aisia– gazteei zuzendutako jarduera-multzoa abiapuntutzat hartzeko. I. Gazte Planak, beraz, ordurako abian ziren jarduera batzuk sustatu ditu, beste berri batzuekin batera.

-Instituzioen eta sailen arteko ildo bakarra garatzea, agente sozialen parte-hartzea gidatu eta dinamizatzeko. Planaren osoko izaerak behartzen zuen hiru maila instituzionalen jarduera-ildoak bateratzera. Plana osatu duten ekintzak ezartzea erakunde bakoitzaren ardura izan bada ere, Euskal Administrazioen jarduerak orientazio eta mezu komun batzuei erantzunez diseinatu dira. Orobat, Planak lagundu nahi izan die zuzenean ala zeharka gazteen errealitatean eragina duten agente guztiei.

-Instituzioen arteko lankidetza, hainbat alorretan (eskuduntzak, aurrekontuak, giza baliabideak eta ebaluazioa), ahaleginak bikoiztea eta lan eta funtzioak gainjartzea galarazteko, eta jarduera eta etekin sozialak osagarriago eta errentagarriago bihurtzeko.

-Gazteria Plana adostea, politika- eta gizarte-mailan, Euskadiko herritar gehienen laguntzarekin.


Ekintza positiboa

Ildo horretan, I. Gazte Planak honako xede hauek izan ditu:

-Gazteen kolektiboari laguntzea, bestelako egoera batean daudelako beste sektore sozial batzuen aldean.

-Errealitate soziala eraldatzeko gogoa azaltzea, utopiaren (bultzada etikoa, hartu nahi den norabidea) eta errealitatearen (pragmatismoa, eskuragarri dauden baliabideak) arteko tentsio-dinamika positiboa sortzeko, horrela, abian jarritako politikak garatzen jarraitze aldera.

-Plana sortu eta garatzean irekia eta bizia izatea, gizarteratze-prozesu baten bidez. Irekia eta malgua den aldetik, planaren zereginik nagusietakoa euskal gizartera hurbiltzea izan da, hark gazteen inguruan dituen eskakizunei ahalik eta ondoen erantzuteko.

Programa zehatzak:

I. Gazte Planak honako ezaugarri hauek izan ditu:

-Esku-hartzeko ildo gutxi baina adierazgarri batzuk bildu ditu, esku-hartzeko ildo gehiegi dituzten planek ageri ohi dituzten arazoak (esfortzuak barreiatzea eta eraginkortasuna galtzea) galarazteko. Xede horretarako, ekintza garrantzitsuen eta eraginkorrenak zehaztu ziren. Horrek ez zuen ekarri hutsetik abiatzea, ezta toki edo erakunde jakin baten berariazko ezaugarrietara moldatzeko gauza izango ez litzatekeen eskema zurrun bati jarraitzea ere, baizik eta Planari izaera antolatzaile eta gidatzailea ematea; hala, ordurako abian ziren ekimenak koherentzia handiagoa hartzen joan dira plan horren barruan.

-3 urteko aldi zehatz baten menpe egotea. Horrek bide eman du ezarritako politikak gizartean eraginkorrago izateko eta epe ertainerako ikuspegi baten arabera lan egiteko. Ikuspegi horrek ahalbidetu du berrorientatze iraunkorreko modu batzuk abian jartzeko.

-Ebaluatzeko erraza izatea. Izan ere, ekintzak betiere ongi zehaztuta egon dira, eta horrek bide eman du proposamenen benetako eragina neurtzeko eta haiek aldaketa sozialetara etengabean berregokitzeko.